Urte amaiera aukera bikaina da atzera begiratu, datak eta gertakariak berrikusi, eta ezagutza pixka bat gehiago txukuntzeko. Horregatik, euskarazko Wikipedian erronka berezi bat jarri da martxan: 26 zenbakiarekin amaitzen diren urteetako efemerideak hobetzea.

Helburua sinplea da, baina esanguratsua: 2026. urteari ongietorria ematea eta iraganeko urte horietan gertatutakoa hobeto dokumentatzea. 26, 626, 1326, 1726 edo 1826 bezalako urteak lantzea proposatzen da, bakoitzean gertatutako jaiotzak, heriotzak edo bestelako gertaera aipagarriak osatzeko edo aberasteko.

Erronkan parte hartzeko, efemerideen artikuluak lantzeaz gain, horiekin lotutako biografiak edo bestelako artikuluak hobetu edo gehitu ahal dira. Gakoa loturak ondo jartzea da: gertakariak dagokion urtean eta egunean agertu behar du, testuingurua osatzeko.

Parte-hartzaile guztiek mezu berezi bat jasoko dute euren eztabaida-orrian. Gainera, lehen hiru sailkatuek postal berezia izango dute.

Erronka 2025eko abenduaren 16tik 31ra egongo da zabalik. Ekarpen handiak zein txikiak ongie torriak izango dira: efemeride bakar batek ere balio du ezagutza partekatzeko eta euskarazko Wikipedia elikatzen jarraitzeko.

Animatu parte hartzera eta denon artean eman diezaiogun 2026. urteari harrera ezin hobea Wikipedian! 

Gehiago irakurri

Donostiako Informatika fakultateko irakasle talde batek oinarrizko irakasgai baterako ikasmateriala wikiliburu formatuan argitaratu du. Erabaki hori euskarazko Wikiliburuak plataforma (https://eu.wikibooks.org/) indartzeko asmoz egin dute. 

Liburuak Matematika Diskretuari buruzko gaiak jorratzen ditu. Informatika Fakultatean bai “Informatikaren Ingeniaritzako Graduan” eta bai “Adimen Artifizialeko Graduan” ere irakasgai batean landu egiten den alorra da. Informatikaz haratago, beste hainbat arlotan beharrezkoa den oinarrizko ezagutza matematikoa jasotzeko ere garrantzitsua da.

EHUko irakasle diren aldetik, euskarazko irakaskuntzarako testu hau landu eta argitaratu dute, ikasleari eskola-saioetan emandako azalpenetan sakontzeko lagungarri izango zaiolakoan.

Bi formatutan jarri dute eskuragarri: wiki formatuan eta PDF formatuan. Horrela, dinamikoagoa izan daitekeen wiki formatuarekin batera, wikiliburuak 2025ean duen bertsio zainduaren argazki finko bat bertan geratuko da.

Urtez urte, lan handia egiten da euskarazko liburugintzan bai EHUn, bai UEUn, bai Elhuyar-en, eta bai beste hainbat erakundetan ere; horien osagarri izan daiteke wikiliburuen aukera. Bide horrek euskarazko ikasmaterialgintza dinamizatzeko aukera berriak irekitzen ditu eta egileek bide berri hori bultzatu nahi izan dute.

Gehiago irakurri

Dokumentuaren milurtekoa ospatzeko, EWKEk horma-irudi bat argitaratu du.

Asmoa da dokumentuaren garrantzia azpimarratzea eta ikastetxeetan, leku publikoetako pasabideetan, bulegoetan, horma-irudi hori eskegita ikustea. Kopia bat eska dezakezu EAEko liburutegietan. (Interesatuek kopia bana doan eramateko argitaratu dira horma-irudiak).

2025. urte honetan mila urte bete dira ipuscoa lehen aldiz dokumentatu zenetik, San Juan de la Peña monasterioan topatutako dokumentu batean. Euskal wikilariok parte hartu genuen, edizio lehiaketa bat antolatuz, ospakizun hori hauspotzerakoan.

Kasualitatez, 2025. urte honetan ere, mila urte bete dira Gastehiz eta Arabako beste hainbat herriren izenak lehen aldiz dokumentatu zirenetik.

Aurreko 2025eko abenduaren 2an, EWKEk, , Gasteizko Letren fakultateko EHUko irakasle batzuen laguntzarekin, (mila esker, bereziki, Gorka Elordieta eta Julen Manterola irakasleei), euskararen historiografian gehien aipatzen den dokumentuetako baten milurtekoa ospatzeko horma-irudi bat aurkeztu zuen.

Aurkezpenean, Julen Manterola irakasleak dokumentu horren garrantziaz hitz egin zuen.

Dokumentu horren jatorrizko bertsioa 1025. urtean idatzi zen, eta gero, “garbira pasatu” zuten XII. mendearen amaieran, (c. 1196. urtean), Donemiliaga Kukulako monasterioko monje batzuek. (Kopiatzaile bat baino gehiago egon zela pentsatzen dute David Peterson bezalako adituek). Letra molde galikanoa erabiliz horrelako dokumentu batzuk batu zituzten kodex batean, eta horregatik kodex horri Kodex galikanoa edo Becerro galicano deitzen zaio. Gaztelaniazko Becerro izendapen hori, kodexa behi edo zekor larruz egina dagoelako erabiltzen da. Monasterioan bazegoen antzeko beste kodex bat, letra gotikoz idatzia, baina, Fidel Fitak eskura izan bazuen ere, gero galdu egin zen.

2025. urteko urrian, Kodex galikanoa Arabako Artxiboan ikusgai egon zen. Arabako golde-muturra erakusten duten erdiko folioak ikusgai. (Ezkerrean Gastehiz ikus daiteke)

Donemiliagako goldea, Donemiliagako golde-muturra edo Arabako nabarra, (jatorriz, latinez, De ferro de Alava) Kodex galikanoa edo Becerro galicano horretan jasotzen diren dokumentuen artean bigarren luzeena da. Arabako historia eta euskararen historia ikertzen dutenentzat altxor preziatua. Munduan kultura oso gutxik daukate pareko dokumenturik beren iragana ikertzeko. Latinez idatzitako testu batean, hirurehun leku-izen baino gehiago aipatzen dira, 1025. urteko itxurarekin, garai hartako herrien eta garai hartako barrutien izenak.

Koldo Mitxelenak, esate baterako, dokumentu osoa kopiatu zuen bere Textos Arcaicos Vascos (1964) obran eta iruzkin baliotsu batzuk egin zituen.

No hay probablemente ningún documento medieval en
el que los nombres vascos tengan un aspecto tan arcaico
como en éste. Su valor se acrecienta además por el hecho
de que el área cubierta por los nombres se repaite en dos
territorios lingüísticos claros, vasco y romance, con una
zona intermedia que podemos presumir bilingüe en dis-
tintos grados.
El arcaísmo se manifiesta en el mismo cuerpo de los
nombres, mucho más largos en general que los modernos:
Bahaheztu, ya en 1257 Maeztu, Uhulla, mod. Ula (en 1257
Uula), suf. –zaha… Mitxelena. TAV. (1964)

Koldo Mitxelenaren osteko euskalari eta historialari askok arreta handiz aztertu dute Kodex galikanoa eta bereziki bertan agertzen den Donemiliagako goldea, Donemiliagako golde-muturra edo Arabako nabarra delako dokumentua. Erdi Aroko Arabako historia eta Erdi Aroko Arabako hizkuntzak ezagutzeko dokumentu oso baliotsua da. EHUko lan talde batek, duela urte batzuk, Kodex galikanoaren edizio digital bat argitaratu zuen. (2025-12-02an, Julen Manterolak, Letren fakultatean egindako aurkezpenean, besteak beste esan zuen edizio digital horrek, Wikipediak bezala, ekarpen berriak eta eguneratzeak onartzen dituela).

EWKEk, dokumentuaren milurtekoaren aitzakia aprobetxatuz,dokumentu horren ezagutza zabaldu nahi izan du. Wikipediako artikuluak hobetzeaz gain, Donemiliagako goldea artikulua eta bertan aipatzen diren herrien zerrenda hobetzeaz gain, horma-irudi bat sortzeko eta jendaurreko aurkezpen bat antolatzeko lan pixka bat egin da aurten wikilarien elkartean… Letren fakultateko aurkezpenean Galder Gonzalez @theklan wikilariaren hutsunea nabaritu genuen, baina une horretan São Paulon lanean zegoen. Galderrek azaldu zezakeen, besteak beste, nola sortu eta maketatu duen horma-irudia, Wikidata-eta erabiliz (eta magia pixka bat, eta ematen duena baino lan gehiago eginez…). Galderren hutsunea nolabait betetzeko @gorkaazk wikilariak artikuluak idazteko erabili diren iturri batzuk-eta aipatu zituen.

Mila esker Koldo Biguri wikilariari EHUko irakasleekin harremanetan jartzeko zubia eraikitzeagatik. (Gorago aipatu ditugun Gorka Elordieta eta Julen Manterola irakasleek eskuzabal oparitu ziguten beren denboraren eta jakinduriaren puska bat).

Mila esker @Oraina, @protoeuskaldun eta Garbiñe wikilariei eta aurkezpenera etorri ziren guztiei.

Arabako hedabide bakar batek eman zuen jendaurreko aurkezpenaren berri, argazkilari bat bidaliz eta EWKEk bidalitako prentsa-oharra itzultzaile automatiko batekin, edo, itzuliz.

Mila esker, baita, Estibaliz Zubiaur Etcheverry liburuzainari EAEko liburutegien babesa kudeatzeagatik horma-irudia banatze lanetarako. Mila esker EAEko liburuzain guztiei horma-irudiak banatzen hartuko duten aparteko lanagatik… Ea noraino betetzen den gure hasierako asmoa. Ea laster horma-irudiaren kopiak ikastetxeetan eta eraikuntza publiko askotan eskegita ikusten ditugun.

Arabar hori: zure herriak, zure auzoak, zure abizenak ez ditu, bada, aurten beteko mila urte?

Wikilari bat horma-irudi sorta bat liburutegi batera eramaten. Proiektu honen azken-aurreko lana: horma-irudien banaketa. EAEko liburutegien laguntzaz egin zen. Batez ere eskerrak eman behar Ignacio Aldecoa eta Ibaiondo liburutegiei, eta Gasteizko Arkeologia Museoari.
Ea azkenik horma-irudiak leku publikoetan ikusgai geratzen diren. Horretarako, ahoz ahoko transmisioa eta zure laguntza eskatzen dizuegu.

P.S.1 Lakuako funtzionario askok beren bulegoetako hormetako zartatuak disimulatzeko horma-irudiak erabiltzen hasi dira. Lakuako liburutegian utzitako kartel guztiek hegaz egin dute.

P.S.2 Jakin dugu Manuel Iradier Txango-elkartekoek kartelaren ale batzuk eraman dituztela 2025-12-02 – 2026-01-31 datetan antolatu duten erakusketarako.

Horma irudi bat, behintzat, helmugaraino iritsi zen: ikastetxe bateraino. Arabako Foru Aldundiak argitaraturiko liburuxka batekin erakusgarri bigarren hezkuntzako ikastetxe batean.
Gehiago irakurri

Euskarazko Wikipediak urte berezia ospatzen du aurten. Abenduaren 6an 24 urte bete ditu, eta urteurrena ez da nolanahikoa izan: azken hilabeteko neurketaren arabera, euskara da mundu osoan “Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluak” sakontasun handiz beteta dituen hizkuntza bakarra.

Hau da, gaur-gaurkoz, ez dago beste hizkuntzarik zerrendako artikulu guztiak 30.000 byte baino gehiagoko luzerarekin eguneratuta dituenik. Wikilariek urteetan zehar egindako auzolanaren fruitu zuzena da lorpena.

Zer da “Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluen zerrenda”?

Wikipedian bada zerrenda estrategikoa: “Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluak”. Helburua da hizkuntza guztiek oinarrizko ezagutza orokorra osatzen duten artikuluak izatea: geografia, historia, zientzia, artea, giza eskubideak, pertsonaia esanguratsuak…

Horrez gain, zerrenda ez da edukien presentzia hutsa neurtzeko: zenbateraino dauden landuta ere kontuan hartzen da. Horretarako, hizkuntza bakoitzera egokitutako byte kopuruaren bidez, artikuluen luzera eta sakontasuna aztertzen dira, Oro har, 30.000 bytetik gorako artikuluak jotzen dira sarrera “luzetzat” eta “sakontzat”.

Munduan dauden 340 Wikipedietatik, soilik 23 hizkuntzek dute zerrendako 1.000 artikuluak osorik; baina euskarazkoa da bakarra artikulu horiek guztiak 30.000 byteko sakontasun-muga gaindituta dituen hizkuntza.

Nola lortu da lorpen hau?

Azken hiru urteetan, Euskal wikilariek modu antolatuan jardun dute zerrendako artikuluak berritzen, luzatzen, eguneratzen eta sakontzen. 

Horretarako, sortu zen lankidetza egituratua: Wikiproiektu: Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluen zerrenda”.

Hainbat wikilari aritu dira lanean: testuak berridazten, bibliografia fidagarria txertatzen, artikulu estandarrak bateratzen eta nazioarteko irizpideetara egokitzen. Auzolan horrek eraman gaitu gaurko egoerara: euskarazko Wikipedia da munduko estaldura sakonenekoa 1.000 artikuluko zerrenda horretan.

Hurrengo erronka: 10.000 artikulu nagusien zerrenda

Etapa hau gaindituta, komunitateak erronka handiago bati helduko dio: “Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluak” egiteari, hain zuzen ere.

Zerrenda zabalago horretan euskara 17. postuan dago une honetan, eta hurrengo urteetako lehentasuna izango da zerrenda horretako artikuluak sakontzea.


Gehiago irakurri

Wikipediako Asiaren Hilabetea nazioarteko proiektua da, urtero azaroan ospatzen dena. 2015ean abiatu zenetik, milaka artikulu sortu eta hobetu dira, helburua izanda Asiako herrialdeei buruzko ezagutza zabaltzea. 2025ean, EWKEk eta euskal wikilariok India hartu genuen ardatz; aniztasun kulturala, gastronomia, geografia eta historiaren altxorra bateratzen baititu. 

Azaroaren amaierarekin batera bukatu da Wikipediako Asiaren Hilabetea, eta atzean utziko dugu parte-hartze handiko hilabete aberatsa.

Emaitza ikusgarriak: 700 artikulu baino gehiago

500 artikulu baino gehiago zeuden proposamen-zerrendan, baina komunitateak hori gainditu du, eta asko eta asko beste interes propioetatik sortutakoak izan dira. 

Euskarazko Wikipedian 700 artikulu baino gehiago sortu, hobetu edo eguneratu dira, komunitatearen ahaleginari esker. Gainera, orain, Indiari buruzko 187.597 hitz gehiago, 5.783 erreferentzia bibliografiko eta 621 irudi daude. 

Hil bakarrean kopuru hori lortzea, euskal komunitatearen borondate eta lan kolektiboaren isla da. Indiarekin lotutako gai guztietan aritu gara lanean: Historia eta geografia, herri eta hiri nagusiak, erlijioak eta mitologiak, ekonomia, zinema, kultura, hizkuntzak, kirola, gastronomia eta biografiak


Hilabete oparoa izan da, eta egindako lan guztia hemen geratuko da, ezagutza librearen bidez etorkizuneko erabiltzaileei ere laguntzeko.

Zorionak parte hartu duzuen guztioi, eta jarrai dezagun elkarrekin Wikipedia euskaraz handitzen eta aberasten.

Datorren erronkan ikusiko dugu elkar! 

Gehiago irakurri

Azaroan hasiko da Asiaren Hilabetea Wikipedian, eta aurten gure begirada India aldera doa. Hilabete honetan, euskal wikilariek bat egingo dute mundu osoko komunitateekin, Asiari buruzko euskarazko ezagutza zabaltzeko helburuarekin.

Wikipediako Asiaren Hilabetea nazioarteko ekimena da, eta urtero azaroan ospatzen da. 2015ean abiatu zenetik, Wikipediako komunitateek milaka artikulu sortu eta hobetu dituzte Asiako herrialdeei buruz. Ordutik, 28.000 artikulu baino gehiago gehitu dira 60 hizkuntzatan, eta 2.000 wikilarik baino gehiagok hartu dute parte.

2025ean: India izango da ardatza

2025ean, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak Indiari buruzko edizio kolektibo bat antolatu du. Helburua: euskarazko Wikipedian herrialde horren inguruko ezagutza zabaltzea eta aberastea.

India munduko herrialderik populatuenetakoa da eta Hegoaldeko Asiako handiena. Bere mugetan aurki ditzakegu mendirik altuenak, biztanle gehien dituzten hiri handienetako batzuk eta ibai luze eta oparoenak. Herrialdeak historia aberatsa, kultura aniztasun zabala, eta erlijio, mitologia eta praktika bilduma erraldoia ditu. Gainera, gastronomia ospetsua dauka, 68.000 kilometro trenbide baino gehiago, eta mundu mailako film industriarik handiena, Bollywood. Indiak tradizio eta modernitatearen arteko oreka berezia eskaintzen du, eta horrek aukera ugari ematen ditu Wikipedian haren inguruko edukiak sortzeko eta hobetzeko.

Nola parte hartu

Parte hartzea erraza da:

500 artikulu baino gehiago proposatu dira abiapuntu gisa, baina bakoitzak bere intereseko gaiak landu ditzake askatasunez, eta proiektu horretan gehitu.

Sariak

Parte-hartzaileen artean sariak banatuko dira:

  • 1. saria: 100 €-ko kultura bonua
  • 2. saria: 50 €-ko kultura bonua
  • 3. saria: 50 €-ko kultura bonua

Batu zaitez ekimenera

Azaroa hilabete aproposa da Indiari buruzko euskarazko edukiak zabaltzeko eta euskal wikilarien komunitatea indartzeko. Egin zure ekarpena, eta lagun dezagun elkarrekin Asia eta India hobeto ezagutzen euskaraz.

Gehiago irakurri

Neima Paz (Wayuerazko Wikipedia)
Anabel Arraiza, Mentxu Ramilo eta Kepa Sarasola (Euskal Wikipedia).

Latinoamerikako hizkuntza indigenek wikipedian duten presentzia ez da oso handia. Zein da egoera hori? Zelan hobetu daiteke egoera hori? Wikimedia Argentinak eta Wikimedia Mexikok Buenos Airesen antolatu duten biltzarrean (Encuentros de la Comunidad Hispanoparlante) egin dugun aurkezpenaren laburpena egin dugu hemen. Wikipedia hizkuntza arteko lankidetzarako bideak eskaintzen dituen tresna partekatua da. Aberastasun hori azaleratzen lagundu dezakegu.

Amerika kontinente aberatsa da hizkuntzei dagokienez. Munduan 6.700 edo 7.000 hizkuntza inguru badaude, horietako 900 inguru Amerikako hizkuntza indigenak dira. Horrek esan nahi du planeta osoko hizkuntzen %12,8 direla.

Baina aberastasun hori ez da islatzen Wikipedian duten presentzian. Gaur egun, 2025eko urrian, 13 hizkuntza indigena amerikarrek baino ez dute beren bertsioa Wikipedian, hau da, 354 hizkuntzen artean %3,7k. Portzentajea ia lau aldiz txikiagoa da: %3,7, %12,8ren aldean. Hau ikusita, kultur komunitateak erronka honi aurre egiteko zeregin zabala duela ondoriozta dezakegu.

Hausnarketa lan honen egileok bi helburu jarri genituen gure lanari. Lehena, datu eguneratuak biltzea, eta, bigarrena, erronka horri ekiteko proposamenak jasotzea.

Zein da Ameriketako hizkuntza indigenen egoera Wikipedian?

Datuak Wikidatan eguneratu ditugu eta horri esker Wikipedia duten hamahiru hizkuntzen taula eskura dezakegu, baita gaur egun sortze prozesuan dauden 40 hizkuntzen taula ere (“inkubagailuan” daude).

Gainera, Wikimediak 354 wikipedien tamainari buruz eskaintzen dituen datu estatistiko orokorretatik atera ditugu azterketa honetako hizkuntzei dagozkien datuak. Bost minutu hauetan ezin gara xehetasunetan sartu, baina tailerreko orri batean dauden taula hauek azter ditzakezue. Taulak Wikidatako datuekin sortu direnez, ez da oso zaila horien bertsioak beste edozein hizkuntzatan sortzea (portugesa, Wayuera, aimara…)

Dauden hamahiru wikipediak hiztun kopuruaren arabera edo daukaten artikulu kopuruaren arabera ordenatzen baditugu, oso argi dago batetik lehenengo bostak Iberoamerikakoak direla (kitxua, guaraniera, aymara, nahuati eta wayú), eta gainerako hizkuntzak Ipar Amerikakoak direla, non hizkuntza horiek askoz hiztun gutxiago dituzten. Ipar Amerikako komunitateak proiektu dezente garatu ditu azken aldian Wikipedian bere hizkuntza-aniztasuna jasotzeko.

Wikipediak artikulu kopuruaren arabera ordenatzen dituen taulan Iberiar Penintsulako beste hizkuntza indigenak ere sartu ditugu (katalana, galegoa, euskara…) eta ikus daiteke horiek guztiek amerikarretako edozeinek baino artikulu gehiago dituztela.

Beraz, taula hori ikusita, ondoriozta dezakegu Wikipedian Iberian askoz hizkuntza gehiago daudela Iberoamerikan baino eta handiagoak direla. Azken 10-20 urteetan Iberiar hizkuntzekin egin den antzera eta Ipar Amerikan egin den lana ikusita, non Wikipedia asko sortu diren, lan ildo hori Ertamerika eta Hego Amerikara ere zabal daitekeela uste dugu.

Zer egin daiteke hizkuntza horien presentzia sustatzeko?

Gure azterketaren bigarren helburua proposamenak jasotzea izan da, epe ertainean emaitza esanguratsuak lortu ahal izateko. Oso argi dugu inportanteena dela komunitateak sortzea hizkuntza indigenen inguruan, eta gainera, komunitate horien arteko elkarlana sustatzea. Helburu hori lortzeko, hona hemen proposamen zehatz batzuk:

  1. Bide-orri bat, urratsez urratseko gida definitzea, hizkuntza-komunitate batek bere wikipedia bat aktibatzeko kontuan izan behar duena.
  2. Wikipediako kapituluetatik abiatuta, eskura dituzten baliabide eta jardueren berri ematea hizkuntza-komunitateei. Egin beharreko jarduerak (presentzialak eta birtualak)
    komunitatea sortzeko aukera ematea. Adibidez, motibagarria izango litzateke udako ikastaro moduko bat antolatzea, 10-20 wikipedista indigenen artean elkartzeko aukera emango lukeena, haiek trebatzeko. Horrelako lantegi batean Wikipedia batzuek inkubagailua utzita Wikipedia ofizialetan sartu ahal izateko, eta beste hizkuntza batzuek inkubagailuan lehen urratsak emateko.
  3. Hizkuntza-komunitate bakoitzeko pertsona bat, gutxienez, prestatzea.
  4. “Amerikako hizkuntza indigenen ataria” eguneratu da
  5. Hizkuntza-komunitateen arteko lankidetza, artikuluen sorkuntza erdiautomatikoan laguntzeko. Adibidez: hiriak, herriak, ibaiak, mendiak… tokikoak zein globalak.
  6. Hizkuntzaren estandar bat sortzen joatearen garrantzia. Wikipedia oso tresna erabilgarria izan daiteke euskalki ezberdinak bateratzen joateko.

Wikipedian aurkitu ditugun hiru mapa hauek argi eta garbi erakusten dute dagoen aberastasuna eta aniztasuna.
Wikipedia hizkuntza arteko lankidetzarako bideak eskaintzen dituen tresna partekatua da. Aberastasun hori azaleratzen lagundu dezakegu.

Gehiago irakurri

Euskal Herrian wikilariak dauden bezala, munduko txoko askotan daude ezagutza librearen aldeko ekintzaile eta entziklopedistak. Horiek biltzeko helburua du Wikimaniak, urtero munduko txokoren batean egiten den lau eguneko bilkurak. Hitzaldiak, tailerrak, konferentziak, eztabaidak eta bestelako ekimenak antolatzen dira, eta 2025ean Nairobin ospatu da, Kenyako hiriburuan.

Gehiago irakurri

Portugalgo Oporto eta Miranda do Douro hirietan Wikimedia Portugalek antolatutako meeting hau maiatzaren 21etik 25era bitartean egin da, Iberiar penintsulako hizkuntza gutxiagotu batzuetako ordezkariekin eta Portugalgo mirandes hizkuntza gutxiagotu ofizialari buruzko aditu eta hizkuntzalarien parte hartzearekin.

Batzarrean, maiatzaren 23an, Oporton, Txikipedia proiektua aurkeztu eta hizkuntza gutxiagotuei buruzko mahainguru batean parte hartu nuen, beste wikipedietako ordezkari eta unibertsitate-aditu batzuekin, “Zerk darama hizkuntza bat minorizazio egoerara?” gaiaren inguruan, euskararen kasua aurkezteko. Txikipediaren kasuan, bildutako guztiei asko gustatu zitzaien proiektua eta, bereziki, Zumaiako Eskolako ikasleek egindako lana; baina, beharbada entzuleen artean lehen eta bigarren hezkuntzako irakaslerik ez zegoenez, ez dirudi inor animatu zenik beren hizkuntzan antzeko zerbait egiten saiatzera. Beharbada, irakaskuntza munduarekin lotuago dauden Wiki-bileretan izan liteke aproposagoa Txikipediako esperientzia aurkeztea, baina, hala ere, nire iritziz ondo dago proiektuaren berri zabaltzea nazioarte mailan.

Ondoko egunean, maiatzaren 24an, Miranda do Douron, Iberiar penintsulako hizkuntza gutxiagotuetako wikipedia-elkarte batzuen arteko lan-saio bat egin zen, bakoitzaren egoera elkarri ezagutzera emateko eta lankidetza-aukerak aztertzeko asmoz, baina azken puntu hau ezin izan zen asko garatu, denbora faltagatik, eta ez zen inolako konpromisorik hartu, gaia lantzeko asmoz kontaktuan jarraitzeaz gain.

Gehiago irakurri

Gaurdanik eta hilaren 31 bitartean, edizio lehiaketa berria abiatzen da euskarazko Wikipedian: Hitzak Opari. Zenbait eragileren elkarlanaren emaitza da hau, eta ekitalditxo bat ere izango du ekimenak datorren astean, hilaren 21ean, performance eta topaketatxoa Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatearen Aretxabaletako campusean, 11.00etan.

Gehiago irakurri