Otsailaren 25ean “Digitalizazio librea euskal hezkuntza askatzeko” jardunaldia egin genuen Errenteriako Torrekuan, Talaios Kooperatiba eta Badalabekin elkarlanean. Hezkuntza eragileak eta irakasleak bildu ginen.

Goiza Wikikasi proiektuaren “Erronka Digitalak” ikas-egoeraren aurkezpenarekin abiatu genuen, Badalab eta Talaiosen eskutik. Bertaratu zirenei azaldu zitzaien zer den ikas-egoera hau, zein diren bere helburu pedagogikoak eta zergatik sortu den. Proposamenak ingurune digitala bere osotasunean ulertzea eta ikuspegi kritikotik lantzea du xede, eta gaur egungo paradigma digitalak dituen eraginen aurrean hausnarketa sustatzea. Ikas-egoeraren egitura ere xehetasunez aurkeztu zen: nola dagoen antolatuta, zein atal dituen, zer baliabide eta material eskaintzen dituen eta nola aplikatu daitekeen ikasgelan. Halaber, erabilera praktikorako gidalerroak eta irakasleentzako laguntza-materialak partekatu ziren.

Goiza borobiltzeko, Nora Salbotxen hitzaldia izan genuen: “Wikikas-egoerak: elkarrentzako egiten jakin”. Galdera nagusi bati erantzun zion: zergatik ikas-egoerak bai? Marko teoriko sendo eta interesgarria plazaratu zuen, trebetasunak, jakintza eta ezagutzak ekintza bihurtzen dituen hezkuntza-eredu baten alde eginez. Wikipediatik abiatutako ikas-egoerek edukiak sentitzera, pentsatzera eta egitera gonbidatzen gaituztela azpimarratu zuen.

Jardunaldia galdera-erantzunen tartearekin eta solasaldi aberasgarriarekin amaitu zen. Parte-hartzaileen ekarpenek eta interesak agerian utzi zuten digitalizazio librea eta ikuspegi kritikoa hezkuntzan lantzeko beharra eta gogoa badirela.

Eskerrik asko etorri zineten guztioi. Lanean jarraituko dugu, hezkuntza askatzeko bidean, Wikimedia eta ezagutza librea bidelagun.

Laburpen bideoa: https://youtu.be/PKkCjcniLc0

Gehiago irakurri

Azken urteotan egindako lanaren emaitza bateratu eta ikusgarri egin dugu: “Wikipediatik ikasgelara” hezkuntza baliabide irekien katalogoa prest dago, eta zabaltzen hasi gara.

Katalogo honek ez du soilik sortutako proiektuen zerrenda eskaintzen; gure hezkuntza-ikuspegia sistematizatzen du. Ikusgela, WikIkasi, Txikipedia, Ikasi Otsorekin eta bestelako egitasmoen bidez, landutako baliabideak egituratuta aurkezten dira, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eta Batxilergorako egokituak eta curriculumarekin koherentziaz lerrokatuak. Dokumentua, hortaz, tresna praktikoa izateaz gain, azken urteotako lan pedagogikoaren isla ere bada.

Gure jardunaren oinarrian ideia bat dago: ezagutza ez da kontsumitzeko objektu hutsa, eraikitzeko prozesua baizik. Hezkuntzak ikaslea subjektu aktibo bihurtu behar du, informazioa bildu, kontrastatu, egituratu eta berridazteko gai izango dena. Horregatik, gure proposamenek Wikimedia proiektuetan dute euskarri nagusia. Ikasgelan sortutako lana espazio publiko eta kolaboratibo batean kokatzen da, eta horrek ikaskuntzari zentzu sozial eta partekatua ematen dio.

Katalogoan jasotako baliabideek askotariko formatuak biltzen dituzte: bideo pedagogikoak, ikas-egoerak, komikiak, artikuluak eta bestelako euskarriak. Proiektu bakoitza elkarlanean garatu da, hezkuntza-eragile, aditu eta sortzaileekin batera, edukiaren zehaztasuna eta egokitasun didaktikoa bermatzeko. Dokumentua, beraz, baliabideen aurkezpena ez ezik, atzean dagoen lan kolektiboaren adierazpena ere bada.

Zabalkunde fase berri bati ekin diogu oraingoan. Katalogoa ikastetxe eta institutuetan aurkezten hasiko gara, bilera eta topaketa zuzenen bidez. Helburua ez da dokumentua hedatzea soilik: elkarrizketa sustatu nahi dugu. Nola erabili baliabide hauek? Nola egokitu ikasgelako errealitatera?

Elkarteko kideek eta hezkuntza-komunitateak zeregin erabakigarria dute prozesu honetan. Ezagutza librearen aldeko apustua kolektiboa da, eta hezkuntza-eremuan sakontzea funtsezkoa zaigu. Katalogo hau ez da helmuga bat, baizik eta beste urrats bat ibilbide partekatu batean.

Katalogoaren zabalkundearekin batera, Wiki Irakasleak izeneko Instagram kontua ere jarri dugu martxan. Irakasleei zuzendutako espazio digitala da, non proiektu hauen eguneraketak, ikasgelan erabiltzeko jarduera-proposamenak eta baliabide praktikoak partekatuko ditugun. Katalogoan jasotakoa osatzeko eta eguneroko jardunean lagungarri izango den komunitate-sare bat eraikitzea da asmoa.

Katalogoa deskargatu nahi baduzu, Commonsen dago eskuragarri: https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Wikipediatik_ikasgelara.pdf

“Wiki irakasleak” instagram kontua: https://www.instagram.com/wikirakasleak?igsh=MWR6Mjl4a3R1aHJkMg%3D%3D&utm_source=qr

Gehiago irakurri

Otsailaren 25ean, goizeko 10:00etatik 13:00etara, Torrekuan digitalizazio librearen inguruko jardunaldia egingo da. Topaketa honetan hezkuntzaren digitalizazioa beste ikuspegi batetik aztertuko da.

Jardunaldian zehar, Wikikasi proiektua aurkeztuko dugu, baita azken hilabeteetan Talaios Kooperatiba eta Badalabekin landu dugun “Erronka digitala” ikas-egoera ere. Gainera, Nora Salbotxen hitzaldiaz gozatzeko aukera izango dugu, jakintza eta ekintza lotzen dituen hezkuntza-ereduaz hausnartzeko.

Wikikasi: Wikimedia bidezko ikas-egoera libreak

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak, Talaiosen laguntzarekin, bigarren hezkuntzarako bideratutako Wikikasi ikas-egoerak sortu ditu. Wikimedia tresnak darabiltzaten proposamen pedagogiko libreak dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko legearen markoan kokatzen dira.

Helburua bederatzi ikas-egoera sortzea da; gaur egun, sei daude argitaratuta. Jardunaldian, proiektuaren oinarriak eta ikasgeletan aplikatzeko moduak azalduko ditugu.

Erronka digitala: ingurune digitala ikuspegi kritikotik lantzeko

Badalab eta Talaiosen elkarlanean sortutako azken ikas-egoera ere, “Erronka digitala”, aurkeztuko dugu otsailaren 25eko jardunaldian. Proposamen honek ingurune digitala bere osotasunean ulertu eta ikuspegi kritikotik lantzea du helburu.

Paradigma digitalak aldaketa sakonak eragin ditu hezkuntzan eta gizartean; hortaz, ezinbestekoa da ikasleekin hausnarketa hori modu egituratuan eta pedagogikoan lantzea. Jardunaldian, ikas-egoera hau martxan jartzeko gidalerro praktikoak eskainiko ditugu.

Nora Salbotx: jakintzatik ekintzara

Goiza biribiltzeko, 11:45etik aurrera, Nora Salbotxek “Wikikas-egoerak: elkarrentzako egiten jakin” hitzaldia eskainiko du. Bertan, trebetasunak, jakintza eta ezagutzak ekintza bihurtzen dituen hezkuntzaz hausnartuko dugu, Wikipediak proposatutako ikas-egoeren bidetik. Curriculumeko edukiak sentitzera, pentsatzera eta egitera gonbidatzen gaituen ikuspegia landuko da.

Egitaraua:

10:00 – 10:15 → Aurkezpena Wikikasi

10:15 – 11:00 → Erronka digitala Ikas-egoera

11:00 – 11:15 → Galdera erronda

11:15 – 11:45 → Atsedenaldia

11:45 – 12:30 → “Wikikas-egoerak: elkarrentzako egiten jakin” Nora Salbotx

12:30 – 12:45 → Galderak

Parte hartu nahi baduzu, izena eman dezakezu hemen:

https://torrekua.eus/agenda/ekitaldiak/wikikasi-2026-02-25

Gehiago irakurri

Txikipedia elikatzeko eta haurren ezagutza librea euskaraz indartzeko urrats berri bat eman dugu Diximed pediatriarako proiektuaren bidez. Lankidetza honi esker, Txikipediako ehun artikulu baino gehiagotan audioak egongo dira.

Testuinguru horretan, gaur Diximed pediatriarako sare-hiztegiaren aurkezpenean izan da. Eta aukera izan dugu ikusteko nola batzen diren osasuna, hizkuntza, hezkuntza eta ezagutza librea ekimen berean.

Diximed pediatriarako 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako sare-hiztegi eleaniztuna da, medikuntzako oinarrizko kontzeptuak modu ulergarrian azaltzeko sortua. Ataria orain arte katalanez, gaztelaniaz, galegoz eta ingelesez zegoen erabilgarri; orain, euskarazko bertsioa ere eskuragarri dago.

Web atarian eduki ugari daude eskuragarri: 300 termino baino gehiagoko medikuntzako hiztegi orokorra, COVID-19ari lotutako hiztegi osagarria, giza gorputzaren atlasa, infografiak eta jolas interaktiboak, baita haurren marrazkiak eta audioak ere, terminoak azaltzeko.

Jatorria eta bidea

Proiektua jatorriz Rosa Estopàk sortu eta zuzendu zuen, Universitat Pompeu Fabrako IULATERM ikerketa-taldearen baitan. Denboran zehar, eskoletako milaka ikaslek, eta aditu desberdinek, hala nola, hizkuntzalari eta terminologoek, hartu dute parte, eta emaitza haurrei zuzendutako baliabide digital sendo eta fidagarria izan da. 

Euskal Herrian, lankidetza zabal baten bidez

Euskarazko bertsioa EHUko Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako Errektoreordetzak bultzatu du. Testuen itzulpena Elhuyarrek egin du, EHUko Hizkuntza Zerbitzuarekin eta Terminologia Plangintzarako arduradunekin lankidetzan. 

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak, Orokieta Herri Eskolako ikasleekin hiztegiaren terminoen euskarazko audioak grabatu ditugu. Horrela, definizioak testu hutsetik harago doaz, eta haurren hizkuntza-errealitatera are gehiago hurbiltzen dira. 

Ezagutza librea eta hezkuntza, eskutik

Esan bezala, ekimen honek jarraipena ematen dio Txikipedia bezalako proiektuekin hasitako bideari. Helburua argia da: zientzietako eta osasuneko oinarrizko ezagutza euskaraz, libre eta haurrek ulertzeko moduan eskaintzea. 

Aurkezpenean bertan ikusi dugu nola bihurtzen diren ikasleak ezagutza-hartzaile izatetik ezagutza-sortzaile izatera, euren ahotsa eta irudimena proiektuaren oinarri eginez.

Diximed pediatriarako euskarazko web ataria hemen dago eskuragarri:

Gehiago irakurri

Euskarazko bideo pedagogiko libreen atariak 2022ko maiatzean hasi zuen bidea eta, pixkanaka pixkanaka ari da katalogo sendoa osatzen. 2026 urteari ekitearekin batera, Ikusgelako 200. bideoa argitaratu dugu.

Zehazki, Zergatik gertatzen dira gauzak? saileko bideo bat izan da urteari hasiera eman eta argitaratze kopurua 200era igo duena. 2025ean aurkeztutako sail berria da honakoa; Gure arbasoak sailarekin batera, pasa den urteko berrikuntza nabarmenena. Aurrez martxan zeuden Filosofia, Ekonomia, Euskal kultura, Erronka digitalak, Ingurumena, Literatura unibertsala, Historia eta Zortziko Txikian sailekin batera, guztira hamar bilduma ditugu momentu honetan Ikusgelaren baitan.

Hainbat datu

Argitaratutako bideo guztiak batuz gero, 16 ordu eduki baino gehiago sortu dugu dagoeneko; euskaraz eta libre diren 16 ordu, denetariko gaiak modu pedagogikoan landuz.

Eduki guzti honek Wikipedia bera ere aberasten du. Gaur gaurkoz, 566 artikuluk daukate Ikusgelako bideoren bat.

Oraingoz behintzat bideoak ikusteko gune zentrala Youtube dela kontuan hartuz, plataforma honetan bideoek 195.000 ikustaldi baino gehiago izan dituzte, 9.400 orduko erreprodukzio errealekin. Gainera, jakin badakigu bideoetako asko ikasgelan erabiltzen dizutela irakasleek eta, beraz, ikustaldi horietako askoren atzean ikasle multzo bat dagoela.

Aurrera begira

Aurrera begira jarrita, Ikusgelak ehunka bideo izan beharko lituzke, gero eta sail gehiago eta ezberdinagotan banatuta. Euskarazko ikus-entzunezko pedagogiko libreen erreferente bilakatu da dagoeneko, baina beharrei begira jartzean dena egiteko dagoela ikusten dugu.

Euskarak leiho hori ere merezi du, segi dezagun horretan.

Gehiago irakurri

Dokumentuaren milurtekoa ospatzeko, EWKEk horma-irudi bat argitaratu du.

Asmoa da dokumentuaren garrantzia azpimarratzea eta ikastetxeetan, leku publikoetako pasabideetan, bulegoetan, horma-irudi hori eskegita ikustea. Kopia bat eska dezakezu EAEko liburutegietan. (Interesatuek kopia bana doan eramateko argitaratu dira horma-irudiak).

2025. urte honetan mila urte bete dira ipuscoa lehen aldiz dokumentatu zenetik, San Juan de la Peña monasterioan topatutako dokumentu batean. Euskal wikilariok parte hartu genuen, edizio lehiaketa bat antolatuz, ospakizun hori hauspotzerakoan.

Kasualitatez, 2025. urte honetan ere, mila urte bete dira Gastehiz eta Arabako beste hainbat herriren izenak lehen aldiz dokumentatu zirenetik.

Aurreko 2025eko abenduaren 2an, EWKEk, , Gasteizko Letren fakultateko EHUko irakasle batzuen laguntzarekin, (mila esker, bereziki, Gorka Elordieta eta Julen Manterola irakasleei), euskararen historiografian gehien aipatzen den dokumentuetako baten milurtekoa ospatzeko horma-irudi bat aurkeztu zuen.

Aurkezpenean, Julen Manterola irakasleak dokumentu horren garrantziaz hitz egin zuen.

Dokumentu horren jatorrizko bertsioa 1025. urtean idatzi zen, eta gero, “garbira pasatu” zuten XII. mendearen amaieran, (c. 1196. urtean), Donemiliaga Kukulako monasterioko monje batzuek. (Kopiatzaile bat baino gehiago egon zela pentsatzen dute David Peterson bezalako adituek). Letra molde galikanoa erabiliz horrelako dokumentu batzuk batu zituzten kodex batean, eta horregatik kodex horri Kodex galikanoa edo Becerro galicano deitzen zaio. Gaztelaniazko Becerro izendapen hori, kodexa behi edo zekor larruz egina dagoelako erabiltzen da. Monasterioan bazegoen antzeko beste kodex bat, letra gotikoz idatzia, baina, Fidel Fitak eskura izan bazuen ere, gero galdu egin zen.

2025. urteko urrian, Kodex galikanoa Arabako Artxiboan ikusgai egon zen. Arabako golde-muturra erakusten duten erdiko folioak ikusgai. (Ezkerrean Gastehiz ikus daiteke)

Donemiliagako goldea, Donemiliagako golde-muturra edo Arabako nabarra, (jatorriz, latinez, De ferro de Alava) Kodex galikanoa edo Becerro galicano horretan jasotzen diren dokumentuen artean bigarren luzeena da. Arabako historia eta euskararen historia ikertzen dutenentzat altxor preziatua. Munduan kultura oso gutxik daukate pareko dokumenturik beren iragana ikertzeko. Latinez idatzitako testu batean, hirurehun leku-izen baino gehiago aipatzen dira, 1025. urteko itxurarekin, garai hartako herrien eta garai hartako barrutien izenak.

Koldo Mitxelenak, esate baterako, dokumentu osoa kopiatu zuen bere Textos Arcaicos Vascos (1964) obran eta iruzkin baliotsu batzuk egin zituen.

No hay probablemente ningún documento medieval en
el que los nombres vascos tengan un aspecto tan arcaico
como en éste. Su valor se acrecienta además por el hecho
de que el área cubierta por los nombres se repaite en dos
territorios lingüísticos claros, vasco y romance, con una
zona intermedia que podemos presumir bilingüe en dis-
tintos grados.
El arcaísmo se manifiesta en el mismo cuerpo de los
nombres, mucho más largos en general que los modernos:
Bahaheztu, ya en 1257 Maeztu, Uhulla, mod. Ula (en 1257
Uula), suf. –zaha… Mitxelena. TAV. (1964)

Koldo Mitxelenaren osteko euskalari eta historialari askok arreta handiz aztertu dute Kodex galikanoa eta bereziki bertan agertzen den Donemiliagako goldea, Donemiliagako golde-muturra edo Arabako nabarra delako dokumentua. Erdi Aroko Arabako historia eta Erdi Aroko Arabako hizkuntzak ezagutzeko dokumentu oso baliotsua da. EHUko lan talde batek, duela urte batzuk, Kodex galikanoaren edizio digital bat argitaratu zuen. (2025-12-02an, Julen Manterolak, Letren fakultatean egindako aurkezpenean, besteak beste esan zuen edizio digital horrek, Wikipediak bezala, ekarpen berriak eta eguneratzeak onartzen dituela).

EWKEk, dokumentuaren milurtekoaren aitzakia aprobetxatuz,dokumentu horren ezagutza zabaldu nahi izan du. Wikipediako artikuluak hobetzeaz gain, Donemiliagako goldea artikulua eta bertan aipatzen diren herrien zerrenda hobetzeaz gain, horma-irudi bat sortzeko eta jendaurreko aurkezpen bat antolatzeko lan pixka bat egin da aurten wikilarien elkartean… Letren fakultateko aurkezpenean Galder Gonzalez @theklan wikilariaren hutsunea nabaritu genuen, baina une horretan São Paulon lanean zegoen. Galderrek azaldu zezakeen, besteak beste, nola sortu eta maketatu duen horma-irudia, Wikidata-eta erabiliz (eta magia pixka bat, eta ematen duena baino lan gehiago eginez…). Galderren hutsunea nolabait betetzeko @gorkaazk wikilariak artikuluak idazteko erabili diren iturri batzuk-eta aipatu zituen.

Mila esker Koldo Biguri wikilariari EHUko irakasleekin harremanetan jartzeko zubia eraikitzeagatik. (Gorago aipatu ditugun Gorka Elordieta eta Julen Manterola irakasleek eskuzabal oparitu ziguten beren denboraren eta jakinduriaren puska bat).

Mila esker @Oraina, @protoeuskaldun eta Garbiñe wikilariei eta aurkezpenera etorri ziren guztiei.

Arabako hedabide bakar batek eman zuen jendaurreko aurkezpenaren berri, argazkilari bat bidaliz eta EWKEk bidalitako prentsa-oharra itzultzaile automatiko batekin, edo, itzuliz.

Mila esker, baita, Estibaliz Zubiaur Etcheverry liburuzainari EAEko liburutegien babesa kudeatzeagatik horma-irudia banatze lanetarako. Mila esker EAEko liburuzain guztiei horma-irudiak banatzen hartuko duten aparteko lanagatik… Ea noraino betetzen den gure hasierako asmoa. Ea laster horma-irudiaren kopiak ikastetxeetan eta eraikuntza publiko askotan eskegita ikusten ditugun.

Arabar hori: zure herriak, zure auzoak, zure abizenak ez ditu, bada, aurten beteko mila urte?

Wikilari bat horma-irudi sorta bat liburutegi batera eramaten. Proiektu honen azken-aurreko lana: horma-irudien banaketa. EAEko liburutegien laguntzaz egin zen. Batez ere eskerrak eman behar Ignacio Aldecoa eta Ibaiondo liburutegiei, eta Gasteizko Arkeologia Museoari.
Ea azkenik horma-irudiak leku publikoetan ikusgai geratzen diren. Horretarako, ahoz ahoko transmisioa eta zure laguntza eskatzen dizuegu.

P.S.1 Lakuako funtzionario askok beren bulegoetako hormetako zartatuak disimulatzeko horma-irudiak erabiltzen hasi dira. Lakuako liburutegian utzitako kartel guztiek hegaz egin dute.

P.S.2 Jakin dugu Manuel Iradier Txango-elkartekoek kartelaren ale batzuk eraman dituztela 2025-12-02 – 2026-01-31 datetan antolatu duten erakusketarako.

Horma irudi bat, behintzat, helmugaraino iritsi zen: ikastetxe bateraino. Arabako Foru Aldundiak argitaraturiko liburuxka batekin erakusgarri bigarren hezkuntzako ikastetxe batean.
Gehiago irakurri

2024an Wikikasi izeneko ekimena abiatu genuen, Wikimedia darabilten ikas-egoera libreak egiteko, Talaios Kooperatibarekin batera. 2024an HUHEZI ere bidaide izan genuen. Oraingoan 6. ikas-egoera aurkeztu nahi dizuegu, Badalabekin batera egin duguna: Erronka digitalak. Ikas-egoera guztiz modularra da, digitalizazioak sortzen dituen eztabaida eta arazoen inguruan ikasi eta pertsonen, naturaren eta herrien errespetuan oinarritutako zerbitzu bat sortzea helburu duena. Bidean, Ikusgelako “Erronka Digitalak” bideoekin ikasteko gonbidapena egiten da.

Gehiago irakurri

Euskal Herriko historia 100 objektutan lantzeko proiektua abiatu genuen euskarazko Wikipedian, eta dagoeneko martxa bizian da proiektua. Museoekin lanean ari gara argazkiak lortzeko, artikuluak lantzen eta hobetzen ari gara, eta laster aurkeztuko ditugun multimedia proiektu batzuk ere bidean dira. Baina bagenuen hutsune handi bat: objektu horien inguruan hitz egitea Txikipedian. Joan zen astean Zarauzko Oteitza Lizeo Politeknikoko Batxilergoko ikasleek 100 objektu horiek hartu eta, goiz osoko saioan, 48 artikulu landu zituzten, euren irakasleen eta Ikastoletako bideratzaileen laguntzarekin.

Gehiago irakurri

Azken urteotan milaka ikaslek lan nabarmena egin dute Txikipedian ia 9.000 artikulu izan ditzagun. Euren irakasleen gidaritzapean, milaka artikulu sortu dituzte, gertuko zein urruneko gaiak azalduz. Zorionez, Txikipedia hezkuntzarako tresna da gaur egun.

Baina ikasleek idatzitako testu horietako askok akatsak dituzte, gramatikan, ortografian edo azalpenari dagokionez. Horregatik Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak Txikipediako artikuluak zuzentzeko lehiaketa abiatu du 2025eko udan, ekainaren 24tik abuztuaren 31ra bitarte.

Txikipediako artikuluak zuzendu, puntuak lortu eta sari ederrak lortu nahi badituzu, hemen duzu lotura: https://eu.wikipedia.org/wiki/Atari:Hezkuntza/Lehiaketak/Txikipedia_zuzendu. Txikipediako irakurleek eskertuko dizute!

Gehiago irakurri

Amaitu da Gure arbasoak eboluzioaren gaineko Ikusgelaren bideo-sortaren lehen denboraldia. Galder Gonzalez wikilaria izan da sortako gidoilaria eta aurkezlea.

Eboluzioa, maiz, zelulatik gizakirako norabidean azaltzen da, eskaileraren metaforarekin ikuspegi faltsu bat emanez (gizakia da eboluzioaren helburua).  Sail honetan eskailera albo batera utzi da, eta beste metafora hobe bat bilatu da: zuhaitza. Pentsa hosto bat espezie bat dela. Izan daiteke gizaki bat, sagu bat, onddo bat edo kaktus bat. Hosto horretatik izaki bizidun guztien zuhaitzera bidaia bat abiatu du lehen denboraldiak. Hau da, eboluzioa orainalditik iraganera ikusten joan gara sail honetan, gizakian hasi, eta atzeraka, gero eta bidaide gehiago aurkituz.

Bideo guztiak: Wikipedia / Youtube / Peertube

Hau da giza eboluzioa ulertzeko bildumaren lehen denboraldiak proposatutako bidea, eta bideo bakoitzean aipatzen diren Wikipediako artikuluak: 

Eduki aholkularitzan EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako adituen laguntza izan dugu eta bideoak Hiru Damatxo ekoiztetxeak egin ditu.

Orain, bigarren denboraldia martxan jartzeko unea heldu da.

Gehiago irakurri