Emakumea eta generoa: borobildu ezinik
Orain bost urte DBHko ikasleek behar dituzten kontzeptuak Wikipedian lantzen buru-belarri jarri ginen, gure Hezkuntza Programaren baitan. Heziberri curriculum dekretua ikusita, bertan zehar-lerro gisa agertzen ziren emakumeari eta generoari buruzko hainbat kontzeptu. Ez dira, berez, ikasgai zehatz baten parte, baina zerrendan baziren. Eremu hau da gehien hazi dena azken bost urteotan, lehen baino 10 aldiz eduki gehiago baitugu… hala ere, borobildu ezinik gabiltza, gai batzuk lantzeko ezinean.
Egindakoa
Hobetu beharreko artikuluak biltzeko prozesuan 70 elementu aurkitu genituen, han-hemenka. Horietatik 46 egin gabe zeuden. Bai, hau zen proiektua hasi genuenean hutsunerik larriena. Artikuluen batezbestekoa 1.647 bytekoa zen, oso txikia. Gaur egun 17.705 byte dituzte artikuluek, eta soilik bederatzi falta zaizkigu egiteko. Baina hortxe gaude, horiei heltzeko zailtasunekin, orain dela bi urte. Falta diren artikuluak hemen daude, kolore gorriz: https://eu.wikipedia.org/wiki/Atari:Hezkuntza/Emakumea_eta_generoa. Artikulu oso orokorrak dira, baina aukera handiekin, emakume asko zerrendatu eta horien inguruko ezagutza handitzeko aukera ematen digutelako.
Falta dena
Goian aipatutako bederatzi artikulu horiez gain, badira beste bi artikulu garrantzitsu, tamaina ertaina dutenak, baina 30.000 bytetik gora beharko genituzkeenak: emakume eta feminismo. Bi artikuluak Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluen zerrendaren parte dira. Horiek ere hedatzea, funtsezkoa da guretzat.