Orain bost urte Armiarma datu-basea Wikidatarekin bateratu genuela iragarri genuen, Wikidataren urtebetetzea ospatzeko. Bost urte igarota, berriro ere elkarlana abiatu dugu Susa kideekin euskal literaturaren egoera zein den ikusteko. Armiarma datu-basean dauden 1.051 idazleak parekatu ditugu, eta euskarazko literaturan azken bost urteetan idatzi diren liburuak ere igo ditugu. Honek aukera ematen digu aurretik egin genituen grafikoak gaurkotzeko.

Zenbat liburu argitaratu dira urteko genero artistikoaren arabera?

Oharra: 1958tik aurrera. Datubasearen antolaketa dela eta, poesia kaiera guztiak titulu berdinaren pean agertzen dira.

Zein genero dute euskaraz idatzi duten idazleek?

Zein herrialdetan jaio dira euskarazko idazleak?

Ohar teknikoa: Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa kategoriak erakusteko, Frantziar estatuan jaio diren idazleak albo batera utzi behar izan dira.

Zeintzuk dira argitaletxe nagusiak?

Oharra: Liburu oso gutxi dituzten argitaletxe batzuk ez dira sailkatu, batez ere argitaletxe horien jarraipena egiteko arazoak direla eta. Era berean, liburu zahar gehienek ez dute argitaletxerik datuen artean.

Zenbat liburu idazten dituzten emakume eta gizonek?

Gehiago irakurri

Oiartzunen dago Soinuenea, Herri Musikaren Txokoa. Juan Mari Beltranek urteetan pilatutako dokumentazioa, instrumentuak eta ezagutza eskaintzen dituen museo txikia da. Azken hilabeteotan eurekin lanean izan gara euskal musikari lotutako instrumentuen dokumentazioa Txikipedian osatzeko. Emaitza ikusgarria da: 100 musika tresna, euren argazkiekin.

Gehiago irakurri

Txiolari batek mezu pribatua bidali zigun aurrekoan, ohartarazten Pasai Donibaneko traineruak artikuluan agertzen zen 1941eko irudia ez zela Pasai Donibane, Orio baizik. Wikipedian artikulu bat zuzentzea erraza bada ere (dagoeneko jartzen du Orio dela) argazkien kasuan eztabaida handiagoa izan daiteke: izan ere, 1941ean egindako argazki sorta horretan (15 argazki dira, guztira) Pasai Donibanen atera zirela jartzen du, argiki Orio bada ere.

Argazkiak Vicente Martinek egin zituen, 1926an jaio eta 2016an hil zen argazkilari donostiarra. Bere argazki guztiak Car Funtsari eman zizkion eta honek Kutxa Fototekari. Kutxa Fototekak lizentzia librearekin jarri zituen GureGipuzkoa ekimenaren baitan eta Wikimedia Commonsen argazki guzti horiek gurera igo genituen, Wikipedian (eta beste edozei proiektutan) erabili ahal izateko. Vicente Martinen 1.236 argazki daude, eta horietako askok balio dokumental izugarria dute, frankismoaren hasierako Gipuzkoa dokumentatzen baitute.

15 argazki hauek, ordea, akats bat dute. Ez dakigu akatsa digitalizatzerakoan sortu zen, edo Martinek berak gaizki sailkatu ote zituen, baina argiki Orio diren horiek Pasai Donibane gisa agertzen dira. Galdera, ordea, beste bat da: argazkian agertzen diren arraunlariak oriotarrak dira eurek irabazitako bandera bat edo denboraldi ospatzen ala pasaitarrak dira Orion irabazi ostean?

1941ean Oriok ez zuen Kontxako Bandera irabazi (Hondarribia izan zen garaile eta San Juan 2.). 1940an (Amaikak Bati 35 segundo aterata) eta 1942an (San Juani 9 segundo aterata) bai, Orio izan zen irabazle. Hala ere, beste argazki hau ikusita, ematen du hainbat garaipen ari direla ospatzen.

Argazkia: https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Remeros_por_las_calles_de_Pasai_Donibane_con_sus_banderas_y_trofeos_(11_de_15)_-_Fondo_Car-Kutxa_Fototeka.jpg

Wikilariok katalogazioa ahalik eta hoberen egiteko asmoa dugu. Kasu honetan akats bat aurkitu dugu, baina galderak erantzun bat behar du: Orioko arraunlariak dira Orion ospakizunetan edo Pasai Donibanekoak dira… Orion ere ospakizunetan?

Hemen uzten dizuegu argazki guztiei lotura, ea soluzio bat ematen diogun aferari.

Gehiago irakurri

Toki komunikabideek altxor handi bat dute, gordeta. Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak eta Tokikomek elkarlanean Aiurri aldizkariak duen argazki artxiboa digitalizatu eta Wikimedia Commonsera igotzeko proiektu pilotua jarri dugu martxan, 1990eko hamarkadako 2.000 argazki baino gehiago komunalean jarrita.

Irudi guztiak ikusteko lotura: https://commons.wikimedia.org/wiki/Category:Images_from_Aiurri

Gehiago irakurri

Niessen lantegiaren 100 urteko ibilbidea jasotzen duen argazki bilduma eskuragarri daukagu Commons irudi biltegian. Ondarea kudeatzen duten erakundeek lizentzia irekien alde egindako apustuari esker, ohikoak dira azken urteotan honelako ekarpenak. Oraingo honetan ordea, argazkiak igotzeaz gain, itzulpen automatikoari esker argazkien deskripzio-testuak elebitan jarri ahal izan ditugu.

Gehiago irakurri

Euskaraldiaren ospakizunekin bat eginez Idazlezainak egitasmoak ekitaldi berezi bat prestatu du azaroak 26an, 18:30ean Victoria Eugenia Cluben. Donostiako liburuzainek osatutako Literatura unibertsaleko 54 autore liburua aurkeztuko da bertan eta jarraian William Shakespeareren Zeru horren infernuak liburuan oinarritutako errezitaldi musikatua eskainiko dute Joxan Goikoetxea, Olatz Prat eta Iosune Marínek. Errezitatzaile gonbidatu gisa parte hartuko dute baita Juan Garzia, Arantza Urkia eta Aritz Brantonek. Ekitaldia irekia izango eta gonbidapenak antzokiko leihatilan eskuratu ahal izango dira 26an bertan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Gehiago irakurri

Donostiako Literaktum jaialdiaren baitan eta hirugarren urtez jarraian, Wikipedia lantegia egingo dugu aurten ere: jaialdian parte hartzen ari diren sortzaileei eta hauen obrei buruzko artikuluak sortzeko, hobetzeko eta gaurkotzeko. Azaroak 21ean izango da, asteazkena, 17:30-19:30 artean, Donostiako Alde Zaharreko Haur Liburutegian.

Lantegiari buruzko informazio zehatza Wikiproiektuan bertan topatuko duzue. Aurrez izena ematea ez da beharrezkoa baina bai komenigarria (Wikiproiektuan bertan edo kulturekintza@donostia.eus helbidera idatzita). Norbere ordenagailua eramatea komeni da baita.

Literatur zalea baldin bazara eta Wikipedian editatzen baldin badakizu edo ikasteko gogoz bazaude, apuntatu ondo hitzordua!

  • Non? Donostiako Haur Liburutegian
  • Noiz? Azaroak 21, asteazkena, 17:30-19:30 artean
  • Zer? Literaturari buruzko Wikilantegia
Gehiago irakurri

Wikidatak 6 urte bete ditu gaur eta data hau ospatzeko opari eder bat egin diogu Euskal Wikilarien Kultur Elkartetik: Armiarma literaturaren zubitegiaren datubase osoa igo dugu, eta dagoeneko jolasteko prest dago. Ia 4.600 liburu eta 960 idazle baino gehiago jasotzen dira Armiarman, eta orain Wikipediarekin integratu eta elkarlotu dugu altxor hau. Has gaitezen jolasean.

Gehiago irakurri

Astronomia gai garrantzitsua da Wikipedian. Ikasturtean zehar milaka aldiz bisitatzen dira Eguzki-sistema, planeta, galaxiak eta izarrei buruzko artikuluak. Euskaraz ondo azalduta egotea helburu nagusia da guretzat, eta horregatik jarri dugu abian urriko lehiaketa: 300 gai euskaraz Wikipedia zein Txikipedian landu ahal izateko.

Gehiago irakurri

Wikipedia munduko bosgarren webgunerik bisitatuena da eta, dagoeneko, Entziklopediarik ezagunena. Era berean, Euskarazko Wikipedia euskarazko webgunerik bisitatuena da. Egunero milaka pertsonek erabiltzen dute ezagutza eskuratu eta gai askoren inguruan ikasteko. Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen (EWKE) helburua euskarazko Wikipedia sustatzea da, munduko ezagutza guztia guztion esku jarriz, auzolanean, instituzio eta elkarte ezberdinen laguntzarekin.

Gehiago irakurri