Nor gara
Euskal Wikilarien Kultur Elkartea 2016an sortutako taldea da. Gure helburua Wikipedia eta bere inguruan dauden Wikimedia Fundazioak babestutako proiektuak garatzea da, euskaraz. Jakintza eta eduki libreak maite ditugu, eta ekimenak egiten ditugu instituzioekin zein herritarrekin babesten ditugun proiektuak ezagutarazi, hedatu eta erabilgarri egiteko.
Wikipedia hezkuntzan erabiltzeko tresna dela uste dugu, parte-hartzea, eduki libreak zein jakintza hedatzen duelako. Ildo horretan lanean ari gara, hezkuntza proiektuak garatzen han hemenka.
Galeriak, liburutegiak, artxibategiak eta museoak (GLAM) maite ditugu. Horregatik liburuzainekin egiten dugu lan, eta idazleen ahotsak grabatzeko lana egiten dugu, haur literatura edo helduena ezagutarazteko.
Hizkuntza txiki bat erabiltzen dugu. Ez gara bakarrak. Wikimedia mugimenduan 300 hizkuntza inguru erabiltzen dira, eta guk hizkuntza txiki horiek laguntzen ditugu, saretzen ditugu, mundu guztiak ez duelako ingelesa hitz egiten.
Ondarea zaintzeko helburua dugu, gure herrietan dauden ondasunak dokumentatu eta artikuluak eginez. Sarean zein instituzioekin lan egiten dugu ondarea ezagutarazteko.
Herrietan dagoen jakintza guztia antolatu, idatzi eta hedatu nahi dugu. Horretarako “herripediak” jartzen ditugu martxan, herriz herri, auzoz auzo, jakintza librea zabalduz.
Historian zehar emakume zein gizonek izan dituzten paper ezberdinak ezagutzen ditugu. Horregatik WikiEmakumeak ekimena babesten dugu, emakumeen inguruko biografiak sortzera animatuz zein emakume wikilari gehiago izateko pausoak emanez.
Gurekin bat egiten baduzu, EWKEren bazkide izan zaitezke. Orain arte egindakoaren berri izan nahi baduzu, Wikimedian dugun orrialde berezia ere ikus dezakezu.
Zatoz eta lagundu munduko jakintza guztia herritar guztien esku jartzen, euskaraz.