Datu meteorologikoak Wikipedian eta Wikidatan
Paula Ontalvilla*, Xabier Irastorza*, Galder Gonzalez**, Ana Zelaia* eta Kepa Sarasola*

* Informatika Fakultatea. UPV/EHU
** Euskal Wikilarien Kultur Elkartea (EWKE)

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak (EWKE) eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultateko zenbait kidek elkarlanean egindako proiektu baten xehetasunak aurkezten dira artikulu honetan. Helburua Wikipediako artikuluak klimari buruzko edukiarekin aberastea da, erakunde ofizialek egindako behaketa meteorologikoen datuak erabiliz. Informatika Ingeniaritzako Gradua eta Adimen Artifizialeko Gradua egiten ari diren bi ikasle aritu dira lanean, bi irakasleren eta wikilari baten laguntzarekin, 2022/23 ikasturtean zehar. 

Eredu gisa Kanadako Weather_observations Wikiproiektua erabili da. Labur esanda, honakoa egin da: datuak lortu, prozesatu, formatu egokian jarri, Wikimedia Commons-era eta Wikidata-ra igo eta Wikipediako artikuluetan informazioa erakutsi, klima-diagramen, grafikoen eta mapen bidez. Gainera, eskuragarri jarritako datuei esker, bilaketa eta analisi sakonagoak egiteko aukera zabaldu da. 

Artikulu hau lau atal nagusitan banatuta dago. Lehengoan, Euskal Herriko datu meteorologikoak lortzeko iturriak deskribatzen dira. Bigarrenean, informazioa Wikidatara eta Wikimedia Commonsera igotzeko prozeduraren xehetasunak ematen dira. Hirugarrenean, informazioa hori nola erabili dugun eta Wikipediako artikuluetan zelako klimogramak, mapak eta grafikoak gehitu ditugun azaltzen da. Eta, azken atalean, informazio teknikoa ematen da hiru eranskinen bidez: datuekin egin ditugun moldaketak eta kalkuluak, erabili ditugun tresna informatikoak, eta egiteke geratu zaiguna.

Datuak lortzea

Hasteko, estazio meteorologikoei buruzko informazioa (kokapena, batez ere) eta estazioetan erregistratutako datuak lortu behar izan dira. Proiektuaren hasierako helburua Euskal Herri osoko datuak biltzea bazen ere, zaila gertatu da Ipar Euskal Herrikoak lortzea. 

Estazio meteorologikoei buruzko informazioa bildu da eta baita estazio meteorologikoetan erregistratutako datuak ere.

Estazio meteorologikoen kokapena

Estazio meteorologikoei buruzko honako informazioa jaso da: estazioaren kokapen-koordenatuak, noiztik jasotzen diren datuak, ea modu automatikoan edo eskuz erregistratzen diren, etab. 

Euskal Autonomia Erkidegokoak (EAE) Euskalmet-en Open Data ataletik jaitsi dira. Euskadiko estazio meteorologikoen sareari buruzko datuak Open Data Euskadiren datuen katalogoan daude. Hainbat formatutan jaisteko aukera dago (ikus irudian xlxs formatua). Donostian dagoen Santa Clara estazio meteorologikoa, adibidez, 43.3218 latitudean eta -1.99834 longitudean kokatuta dago eta C007 kodea dauka. EAEko 141 estazio meteorologikori buruzko datuak daude eskuragarri.  

Nafarroako estazio meteorologikoei buruzko datuak Nafarroako meteorologia agentziatik deskargatu dira. (ikus estazioen zerrenda). Horietako bat, adibidez, Ablitas estazioa da. 

Ipar Euskal Herriko estazio meteorologikoei buruzko informazioa lortzea ez zen erraza. Meteofrance-ren webgunean zeuden datuak, “Informations sur les stations (métadonnées)” eta banan banan erauzi behar ziren datuak. Kasualitatez, lan hori guk egin gabe Ayack erabiltzaileak Frantziako estazio guztien datuak jarri zituen maiatzean, guk beste datuak lantzen genituen bitartean. Horrela, orain Ipar Euskal Herriko 17 estazioen datuak ere eskuragarri daude.

Estazio meteorologikoetako datuak (tenperatura, euria…)

Bestalde, Hego Euskal Herriko estazioetan erregistratutako datuak jaitsi dira webguneetatik: tenperatura minimoa, maximoa, euria, etab.).  

EAEko datuak bi iturritatik jaitsi direnez, bi formatutan zeuden: 

Nafarroako estazioetan erregistratutako datuak Nafarroako meteorologia agentziatik jaitsi dira. Estazio batzuetan datuak modu automatikoan erregistratzen dira, baina beste batzuetan eskuz. “.csv” formatua duten fitxategietan honako datuak daude erregistratuta: Data-ordua, Tenperatura maximoa ºC, Batezbesteko tenperatura ºC, Tenperatura minimoa. ºC, Batezbesteko hezetasun erlatiboa %, Hezetasun erlatibo maximoa %, Hezetasun erlatibo minimoa %, Metatutako prezipitazioa l/m², Erradiazio globala W/m², Haizearen batezbesteko abiadura 2m-ra m/s, Haizearen norabidea 2m-ra (MODA). 

Informazioa Wikidatara eta Wikimedia Commonsera igotzea 

Estazio meteorologikoen informazioa Wikidatara igo dugu, estazio bakoitzeko item bat sortuz haren ezaugarriekin: estazioaren izena, posizioaren koordenatuak, altuera, etab. Bagotville A (Q42393053) erabili dugu eredu moduan. 

Bereziki interesgarria da item horien “historia meteorologikoa” propietatea (P4150, ingelesez “weather history”), bertan agertzen delako estazio horretan erregistratutako datuen taularako esteka (hilabeteka, Almanac). Adibidez, Euskalmetek Otxandion duen estazioaren Wikidata item-a Q115730646 da, eta bertan erregistratutako datuak .tab fitxategi honetan daude. Horrela, estazio meteorologikoa (Wikidatan) eta bertan erregistratutako datuak (Wikimedia Commons-en) lotuta geratzen dira. 

Estazioetan erregistratutako datuak (tenperatura eta prezipitazioa) Wikimedia Commons-era igo ditugu tauletan horrela antolatuta:

Ondoko irudietan EAEko datu batzuk, Santa Clarako datuak (egunkakoak), eta Otxandiokoak (hilabetekakoak).

Ondoko irudietan Nafarroako datu batzuk:  Etxalar (egunkakoak), eta Bertizko jaurerriko datuak (hilabetekakoak). 

Informazioa Wikipediako artikuluetan erakustea 

Estazio meteorologikoak mapa interaktibo batean

Estazioen kokapen-koordenatuak Wikidatan izanik, haien kokapen-mapak sortu dira Wikidataren Kontsulta Zerbitzua erabiliz. Eredu moduan Kanadako Weather observations wikiproiektua hartu dugu. Horren adibide dira Munduko (ikus kontsulta eta mapa) eta Euskal Herriko (ikus kontsulta eta mapa) estazio meteorologikoen mapak.

Irudiek erakusten dute, Hego Euskal Herriko estazio meteorologikoei buruz Wikidatan dagoen informazioa munduko beste hainbat zonaldeetan dagoena baino handiagoa izatea lortu dela proiektu honi esker.

Mapa horiek Wikipediako zenbait artikulutan txertatu ditugu: Estazio meteorologiko, Euskalmet, Nafarroako Meteorologia agentzia, Meteorologiako Estatu Agentzia (AEMET).Kokapen-mapa horiez gain SPARQL kontsulta zerbitzua erabil daiteke estazioei buruzko bestelako bilaketak egiteko. Kanadako proiektuko kontsultak ikus daitezke adibide gisa. Euskal Herrirako eskuragarri dagoen informazioan oinarrituz, antzeko kontsultak egin daitezke informazio espezifikoagoa lortzeko. Adibidez, taula bat osa daiteke Euskal Herriko estazio meteorologikoen datuekin  (udalerria altuera, kudeatzailea eta koordenatuak). Guztira 436 estazio azaltzen dira taula horretan. Altuera definituta duten estazioen artean altuera handienean dauden batzuk ikusten dira irudi honetan:

Klima-diagramak herrien artikuluetan

Estazioetan erregistratutako datuak Wikimedia Commonsera igo ditugunez, datu horiekin “klimograma” izenez ezagutzen diren grafikoak sor daitezke (ikus Category:Graph Template Collection). Adibidez,”Estella GN“ estazio meteorologikoa Lizarran dagoenez, artikulu horretan estazioari buruzko atala gehitu dugu. Bertan beheko kodea erantsi dugu, Commonsera igotako Estella gn-AUT.tab fitxategiko datuak irakurriz grafikoa modu automatikoan sortzeko eta Wikipedia artikuluan erakusteko. Kode hori estazioetatik gertuen dagoen herri guztiei buruzko Wikipedia artikuluetan jarri dugu. 

{{Graph:Weather monthly history
| width=550
| table=Estella gn-AUT.tab
| title=Lizarrako hilabeteroko eguraldiaren grafikoa
}}

Nafarroako estazioetan erregistratutako datuen “.tab” fitxategiak 2023ko urtarrilean igo genituen Commonsera, eta urtarrilean bertan Enekorga erabiltzaileak 50 grafika txertatu zituen Nafarroako 50 herrietako artikuluetan, kode hori erabiliz (ikus hemen). Proiektua garatzen ari ginen unean, kode horrek modu grafikoan erakusten zituen datuak, irakurleari urtez urteko tenperaturak eta euria bisualki ikusteko aukera emanez. Tamalez, 2023ko apirilean Wikimedian arazo teknikoak detektatu ziren irudi mota horretan eta grafiko horiek sortzeko aukera baztertu zen Wikipedia guztietatik (Graph luzapena desgaitu dute). Une honetan honako mezua erakusten da kode hori txertatu denlekuetan:  “Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko“. Epe laburrean berriro ikusi ahal izango direla espero dugu (ikus berreskuratze prozesuaren egoera). Hala ere, grafikoki ez bada ere, datuak ikus daitezke, Commons-eko .tab tauletarako esteka agertzen delako. 

“Graph:Weather monthly history” motako irudi grafikoak automatikoki sortzerik ez dagoen bitartean sinpleagoa den beste irudi mota bat jarri dugu zenbait herriren artikulutan: Txantiloi:Klima-diagrama.  Momentuz herri hauetan gehitu dugu irudi hori: Donostia, Bilbo, Iruñea, Zarautz, Lizarra, Altsasu, Baztan, Tutera, eta Tafalla.

Gauzak horrela, 2023ko uztailean, euskal Wikipedian Hego Euskal Herriko udalerrien artikuluetan hiru grafiko mota erakus daitezke datu klimatologikoetatik abiatuz: 1) aurretik egon bazegoen Klima txantiloiarena (tenperaturak zenbakiz eta kolorez erakusten ditu taula batean); 2) Klima-diagrama grafikak tenperatura minimoen eta maximoen batezbestekoak erakusten dituena (2021eko hilabetetakoak); eta 3) “Graph:Weather monthly history” grafika, urteetako tenperaturen eboluzioa erakusten duena, baina momentuz desaktibatuta dagoena.

Ikus datu klimatikoak “Bilbo” artikuluan (https://eu.wikipedia.org/wiki/Bilbo#Klima).

ERANSKIN TEKNIKOAK

1. eranskin teknikoa: Datu meteorologikoak prozesatzea

Nahi ditugun datuak

Datu meteorologikoen fitxategiak webgunearen arabera formatu desberdinetan daude. Gainera, ez dira zehazki datu berak gordetzen. Guk honako datuak nahi ditugu: tenperatura maximoa, tenperatura minimoa, horien hileko batezbestekoak, eta prezipitazioa. Egun bakoitzeko maximoa hartuta hileko tenperaturaren maximoen batazbestekoa kalkulatu dugu, minimoekin berdin; horiek json formatuan eta .tab fitxategietan Commons-era igotzeko gero (ikus .tab fitxategiei buruzko laguntza, Help tabular data). 

EAEko datuak bi meteorologia-agentziek eskaintzen dituztenez, Euskalmetek eta AEMETek, bien datuak hartu dira kontuan. Euskalmetek 2003tik aurrera jasotako datuak eskaintzen ditu eta guk 2022ko irailera bitartekoak jaitsi eta erabili ditugu. AEMETek, aldiz, 1970etik hasita 2015era bitarteko datuak eskaintzen ditu eta horiek ere erabili ditugu.

Euskalmeten datuak AEMETenak baino nabarmen zehatzagoak dira, hamar minuturik behin erregistro bat ematen baitu estazio meteorologiko bakoitzak eta neurtutako aldagai kopurua ere nabarmen handiagoa baita: prezipitazioa, altuera ezberdinetan kokatutako neurgailuek neurtutako tenperatura, irradiazioa, hezetasuna, haize boladak, etab. Hori horrela, oraingoz gure lan honetan soilik tenperaturari eta prezipitazioari lotutako datuak hartu ditugu kontuan. 

Nafarroako datuak Nafarroako meteorologia agentziatik lortu dira. Estazio manualen kasuetan datuak 1880tik 2022ra arte joan daitezke, baina estazio guztiek ez dituzte urte tarte guztietan datuak, gerra zibilagatik edota oraindik estaziorik ez zegoelako. Estazio automatikoek, aldiz, 2004 urtetik aurrera jasotako datuak eskaintzen dituzte.

Lau arazo nagusi datuekin

Udalerri batzuetan grafikoak txertatu ditugu, baina arazoak sortzen dira grafiko horiek modu masiboan txertatzean. Adibidez, Euskalmeteko datuak prozesatzerakoan topatu ditugun zailtasunen artean aipagarriak dira hauek: formatu aldrebes samarra (XML fitxategiak), estazio bakoitzak aldagai meteorologiko desberdinak neurtzea, hutsuneak egotea datuetan, eta estazio batek datu-basean izen ezberdinak izatea urtearen arabera. 

Arazoa: fitxategiaren formatua

XML formatuan zeuden fitxategiak CSV formatura ekarri eta aldagai meteorologikoak ordenatu egin ditugu. 

Arazoa: estazio bakoitzak aldagai meteorologiko desberdinak ditu

Estazio batzuk hezetasuna edo prezipitazioa neurtzera bideratuta daude, beste batzuk aldiz, tenperatura neurtzera eta badira informazio orokorra jasotzen dutenak ere. Estazio bakoitzetik interesatzen zaizkigun datuak (tenperatura eta prezipitazioa) erauzi ditugu, posiblea izan den guztietan. Estazio askotan, tenperatura altuera ezberdinetan kokatutako hainbat neurgailuren bidez erregistratzen da. Kasu horietan, 1 eta 1.5 metro artean kokatutako neurgailua hobetsi da, Euskalmeteko aditu batek hala gomendatuta eta tarte horretan kokatutako neurgailurik ez zegoen kasuetan, 1.5 metro baino gehiagora kokatutakoen artean altuera baxuenekoa hartu dugu.

Ez da erraza iturri desberdinetako datuak bateratzea. Elkartzea baino, hobe izan daiteke bat aukeratzea, urte tarte zabalenekoa edo…, eta lotura jarri beste estazioetako datuetara. AEMETeko fitxategiek datu gehiago dituzte, baina Euskalmeteko estazioek datuak urtero erregistratzen segitzen dute, AEMETekoek aldiz ez. 2015az geroztik ez dute datu gehiago erregistratzen… Gainera, AEMETen datuak ordaindu egin behar dira. 1970-2015 bitartekoak EAEn bakarrik daude eskuragarri, Eusko Jaurlaritzak atlas klimatologiko gisa argitaratu zituelako.

Arazoa: hainbat estaziotan hutsuneak daude datuen artean

Estazio batzuetan ez daude datu asko. Adibidez Nafarroako datuetan hutsune hauek nabaritu ditugu:

  • Ablitas 2020 meteo.tab → 2020ko datuak bakarrik
    • Ablitaseko datuekin beste .tab  bat dago, baina,
      • Ablitas mapa-AUT.tab → 2004tik aurrera bakarrik
  • Alli-larraun-MAN.tab → 2010era arte bakarrik. 
  • Amaiur-maya-MAN.tab → 2012ra arte bakarrik →  Arano-MAN.tab→ 2020 eta 2021 urteetako datuak bakarrik. Central arrambide-MAN.tab datuak jarri ditugu ondoan dagoelako, 2018ra arte dauden datuak (ikusi)
  • Azpirotz-MAN.tab → 2018ra arte
  • Belate-MAN.tab → Tenperaturaren inguruko informaziorik ez dago, prezipizazioak bakarrik daude
  • Eltzaburu gn-AUT.tab → 2013tik 2022ra arteko datuak bakarrik 

→ 2018 urtean tenperatura gaizki dago, 90ºC-koa izan zela jartzen du → null jarri dugu

  • Lodosa-MAN.tab→ 2012ra arteko datuak bakarrik daude → gaizki kokatuta (ikusi)
  • Mugiro-MAN.tab → 2011tik aurrerakoak bakarrik
  • Oroz-betelu-MAN.tab → 2020 eta 2021eko datuak daude → gaizki kokatuta (ikusi)
  • Zuazu-MAN.tab → 2003-2014 artean tenperaturari buruzko datuak → kokapena gaizki (ikusi)

Arazoa: estazioen izen-aldaketa

Euskalmeten estazio meteorologikoen sarean, 2009tik aurrera estazio gehienek identifikazio-kodea aldatu zuten eta G letraz hasten ziren kodeak C letrara bihurtu ziren. Adibidez, G036 kodea C036 bihurtu zen. Zenbaki bereko kodeak estazio berekoak direla suposatu dugu. Prozesatzerako orduan, bi identifikazio-kodeen bidez lortutako datuak bildu egin dira CSV fitxategi berri bakar batean.  

Bestalde, badira estazio bat baino gehiago duten herriak, Donostia adibidez. Nola islatu informazio meteorologiko hori guztia grafiko batean? Miramon (Euskalmet 2013-2022), Ategorrieta (AEMET 1970-2015), etab.

Egindako kalkuluak

Behin estazio meteorologiko bakoitzean bildutako datuen CSV bat edukita, hamar minutuero erregistratutako datuetatik egunkako batezbestekoak kalkulatu ditugu eta zenbaki guzti horien artean eguneko tenperatura maximoa eta minimoa bilatu behar izan ditugu.  

Hilabetekako datuak sortzeko aldiz, egunkako datuak erabili ditugu oinarri moduan eta horien batezbestekoak kalkulatu aldagai bakoitzeko. Batezbesteko tenperatura maximoa kalkulatzeko egun bakoitzeko tenperatura maximoa erabili dugu, eta minimoekin berdin.       

EAEko estazio askok aldagai meteorologiko bakar bati buruzko informazioa eman dute urte askotan zehar, baina gero aldagai gehiagori buruzkoa ere ematen hasi dira. Hainbat urtetan falta den informazio hori kodetzeko NULL marka erabili da.

AEMETeko estazioetako datuetan, aldiz, eguneko batezbestekoak dagoeneko kalkulatuta daude, eta gainera, interesatzen zaizkigun beste aldagai hauek ere badaude: tenperatura maximoa, minimoa, batezbestekoa eta prezipitazio metatua. Beraz, datu horien formatua findu baino ez dugu egin almanakak (egunkako datuak) Wikimedia Commons-en argitaratzeko. 

Batzuetan hilabeteko egun bakoitzeko datuak genituen, eta horietan oinarritu dugu batezbestekoaren kalkulua. Beste batzuetan, hilabeteko maximoa eta minimoa bakarrik, horiekin ere hilabeteko batezbestekoa kalkulatu dugu.

Nafarroako estazioetako datuetan ere egunkako batezbestekoak dagoeneko kalkulatuta daude, eta tenperatura maximoa, minimoa, batezbestekoa eta prezipitazio metatua ere gordeta dute fitxategiek, besteak beste. Beraz, datu horiekin hilabeteko batezbestekoa, tenperatura maximoa, minimoa, prezipitazio metatuak eta euria egin duen egun kopurua kalkulatu  eta Wikimedia Commons-en argitaratu ditugu, datuen falta izan den kasuetan NULL marka erabiliz.

Urteei dagokienez, hasteko 2003tik 2015era bitarteko datuak hartu ditugu, Atlas klimatologikokoak, eta ondoren 2015etik 2022ra artekoak gehitu ditugu (Euskalmetek urte bakoitzeko datuak ZIP fitxategi batean biltzen ditu). 2015 urteko datuekin gainezarpena gertatu den kasuetan, 2003tik 2015era bitarteko datuak hobetsi ditugu, atlas klimatologikokoak izanik datuak gainbegiratuta daudelako. 10 minutuero erregistratutako datuetatik abiatuz, batezbestekoa kalkulatu dugu. Hala ere, batzuetan neurketa akatsak daudela konturatu gara. 

2. eranskin teknikoa: Erabili diren tresnak

Proiektu honekin Paula Ontalvilla eta Xabier Irastorza ikasleek Wikidata nola antolatuta dagoen ulertu dute. Gainera, Wikimedia-Commons Wikidatarekin nola lotu daitekeen ikusi dute, baita datuak prozesatzetik lortutako mapak eta grafikoak Wikipedian nola txerta daitezkeen ere.

Horrez gain, script batzuk programatu dituzte, hainbat csv tauletako datuak (Nafarroakoak eta EAEkoak) formatu uniformeko “.tab” fitxategi bakar batean biltzeko. Programatu duten kodea GitHub berean jarri dute: https://github.com/paulaonta/EHeguraldia.

Datuen aurreprozesaketa egitea lan konplexua izan da. Datu asko bildu eta prozesatu behar izan dira (Euskalmeten bakarrik 141 estazio daude), horietako asko arraroak ziren eta hutsuneak eta akatsak agertu dira. Bestalde, zalantza sortu zitzaigun, lurretik distantzia desberdinera zeuden neurgailuek erregistratutako datuak zeudela ikusi genuenean: lurretik metro 1eko altuerara, 1,5 metrora, 10era, 20ra. Ez genekien haien artetik zein neurgailuk erregistratutako datuarekin geratzea komeni zen. Euskalmeteko Jose Antonio Arandarekin kontsulta egin genuen. Berak gomendatutakoari jarraituz, posiblea izan den guztietan lurretik 10 metrora dagoena erabili dugu.

Behin datuen aurreprozesaketa burututa fitxategiak Wikimedia Commonsera igo ditugu. Fitxategi asko ziren, eta igotzeko Pywikibot script-a erabil daiteke pagefromfile aukerarekin (ikus manuala).

Bestalde, Wikidata itemak modu automatizatuan sortzeko OpenRefine tresna erabili dugu. OpenDatan eta Atlas Klimatologikoan estazioen informazioarekin dauden fitxategiak OpenRefinen kargatu ditugu, Wikidatan jada estazio horri buruzko item-a existitzen ez dela ziurtatzeko. Ondoren, OpenRefinerekin modu automatikoan sortu ditugu Wikidata instantziak.

Egindakoak eta egiteke ditugunak koordinatzeko, Informatika wikiproiektua erabili dugu:

https://eu.wikipedia.org/wiki/Wikiproiektu:Informatika

3. eranskin teknikoa: Egiteke geratu zaiguna

Datu meteorologikoei dagokionez, Ipar Euskal Herriko datuak ordainpekoak direnez, ez ditugu lortu. Etorkizunerako lan moduan geratu da datu horiek lortzen saiatzea, EAEko eta Nafarroako datuekin egindako lan bera egin ahal izateko. Mastodon plataformaren bitartez Nicolas Goñi-k (@ng@mastodon.eus) jakin arazi digunez, badaude datu batzuk eskuragarri (ikus haria): 

Lapurdi:
Biarritz https://www.meteociel.com/cartes_obs/climato2v4.php?code=7602&mois=1&annee=1973
Zokoa https://www.meteociel.com/climatologie/obs_villes.php?code2=7600&mois=7&annee=1989
Hendaia https://www.meteociel.com/climatologie/obs_villes.php?code=515&mois=6&annee=2022
Kanbo https://www.meteociel.com/climatologie/obs_villes.php?code=64160001&mois=10&annee=2019

Behe Nafarroa:
Aiziritze https://www.meteociel.com/climatologie/obs_villes.php?code=64010002&mois=9&annee=2019
Banka https://www.meteociel.com/climatologie/obs_villes.php?code=64092002&mois=11&annee=2022
Bidaxune https://www.meteociel.com/climatologie/obs_villes.php?code=64123001&mois=9&annee=2019
Bustintze https://www.meteociel.com/climatologie/obs_villes.php?code=64155001&mois=9&annee=2019
Mendibe https://www.meteociel.com/climatologie/obs_villes.php?code=64379001&mois=9&annee=2019
Urepel https://www.meteociel.com/climatologie/obs_villes.php?code=64543001&mois=9&annee=2019

Xiberoa:
Iruri https://www.meteociel.com/climatologie/obs_villes.php?code=64537001&mois=6&annee=2021
Larraine https://www.meteociel.com/climatologie/obs_villes.php?code=64316001&mois=10&annee=2021
Irati (Organbideko lepoa) https://www.meteociel.com/climatologie/obs_villes.php?code=64316003&mois=9&annee=2019

Bestalde, datuetatik grafikoak sortzeko proiektu honetan aztertu ez ditugun beste aukera batzuk ere existitzen dira. Etorkizunerako zabalik geratzen den arlo interesgarria izan liteke hori. Hauen berri izan dugu:

  • Alde batetik, SPARQL.Anything moduko tresnak existitzen dira, .tab, JSON, CSV eta halako formatua duten taulatan kontsulta egituratuak egiteko aukera ematen dutenak (github). Ikerlana eskatzen du horrek, nola erabiltzen diren ikasteko… Laguntza jasotzeko, eztabaida orriak begira daitezke. 
  • Bestalde, datuak bistaratzeko Vega eta Vega-Lite gramatikak daude. Programazio-lengoaia horiek erabiliz, mapa, grafiko eta irudi ederrak egin daitezke. Horrek ere ikerketa lana eskatzen du nola erabiltzen diren ikasteko (ikus github).
  • Interesgarri izan daitezkeen beste grafiko mota batzuk ere badaude: Warming stripes. Informazio gehiagorako: showyourstripes.info. Climate-visuals

Commons-eko .tab fitxategietatik irakurtzeko gaitasuna duen txantiloi bat Template:NUMBEROF Module:NUMBEROF. Estatistikak egiteko balio du. Lua programazio-lengoaian garatuta dagoen tresna bat da (ikus kontsulta erabilerari buruz).