Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak, boluntario katalanen laguntzarekin, filosofoei buruzko sei bideo jarriko ditu Viquipèdiaren eskura, WikiCred bekaren baitan.

Orain urtebete, Ikusgela proiektua jarri genuen abian, hezkuntza-ingurunean erabil daitezkeen bideo libreak sortzeko. Proiektuaren zati handi bat Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak finantzatu du, eta orain arte filosofiari, euskal literaturari, ekonomiari eta ekologiari buruzko bideoak sortu ditugu, bai eta sare sozialetarako diseinatutako bideo laburrak ere, datuak eta bitxikeriak biltzen dituztenak. Bideo guztiak Wikipediako dagokion orrian eta bideoak lotura duen artikuluetan ikus daitezke, YouTube bezalako plataformetan edo sare sozialetan, adibidez Twitterren. Helburua begi-bistakoa da: ikus-entzunezkoen kontsumora gero eta gehiago bideratuta dagoen gizarte batean, euskara bezalako hizkuntza ez-hegemonikoetan dagoen edukia txikiagoa da, eta, gainera, konplexua da kalitatezko eduki pedagogiko libre eta berrerabilgarria aurkitzea.

Orain, WikiCred bekaren laguntzarekin (Kanadan oinarritutako plataforma da, sinesgarritasuna areagotzeko proiektuei laguntzeko sortua), azpititulua lortu dugu eta EBAU azterketan sartzen diren filosofoei buruzko bideoak katalanez ere ekoitzi ditugu. Halaber, bideoek azpitituluak dituzte Hausan, Afrika Erdiko Hizkuntza batean, eta azpititulu berriak lortzeko lanean ari gara.

https://www.youtube.com/watch?v=oOD0m9YNINk

Gaur argitaratuko ditugun lehen bi bideoak Friedrich Nietzscheri buruzkoa, Marc Gómez Domenechek bikoiztua, eta Simone de Beauvoirri buruzkoa dira, Ricard Solerrek bikoiztuta. Datozen asteetan, Immanuel Kanti, Descartesi, Hanna Arendti eta Platoni buruzko bideoak argitaratuko ditugu. Horiek osatzen dute filosofiari buruzko bideoen lehen denboraldia. Bideoak itzuli eta bikoizteko Viquipèdiako editoreen laguntza izan dugu, bideoen edukia itzuli eta egokitu baitute, bikoiztaile-talde baten profesionaltasunarekin batera. Hiru Damatxo kooperatibak moldatu ditu bideoak katalanera. Edukiak, bestalde, UPV/EHUko filosofia-irakasleek landu dituzte eta Agora filosofia-irakasleen elkarteak gainbegiratu ditu.

https://www.youtube.com/watch?v=wc_-CvBVaPo
Gehiago irakurri

Wikipedia proiektuen artean, badago bat bereziki interesgarria dena: Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluak zeintzuk diren erabakitzea. Zerrendak baditu bere arazoak, bereziki Mendebaldean oinarritutakoa delako, baina urteen poderioz munduko beste txoko askotan interesgarriak diren gaiak sartu dira. 10.000 gai, hizkuntza guztietan irakurtzeko modukoak. Wikilari asko erronka horri heldu izan diote, baina orain arte hiru proiektuk baino ez zuten lortu guztiak euren hizkuntzan izatea: ingelesak, serbierak eta katalanak. 2022ko abenduaren 27an laugarrena gehitu zaie: euskara.

Gaika antolatuta dago zerrenda: 2.000 biografia, geografiako 1.000 artikulu edo zientzia fisikoetako 1.350 artikulu. Eztabaidaren bidez erabakitzen da zer sartu eta zer atera, maiz konplexua den erabakia. Hala ere, Wikipedien arteko alderaketa egiteko balio du zerrenda honek. Existitzen den artikulu bakoitzagatik 2 puntu ematen dira; 8.000 bytetik gorako artikulu bakoitzagatik beste puntu bat; eta 16.000 bytetik gorako artikuluak laugarren puntua lortzen du. Guztira, beraz, 40.000 puntu lortu daitezke. Wikipedia bakoitzak lortutako puntuekin egiten da hilabetero sailkapen bat. Orain urtebete erronkari heldu genion: posible al da euskaraz artikulu guztiak edukitzea, ahal bada luze? 2021eko abenduan 33. postuan zegoen euskara hizkuntza guztien artean, eta 1.324 artikulu falta zitzaizkigun osatzeko.

Lehiaketaren bidetik ekin genion erronkari. Hilabetero gaietako bat hartu genuen (historia urtarrilean, artea otsailean…) eta saiatu ginen hor zeuden hutsuneak betetzen. Uda osoan zehar biografiak osatzeari ekin genion, bi hilabetez. Urrian eta azaroan unibertsitateko ikasleak batzen saiatu ginen, eta abenduan falta zitzaizkigun artikuluei bigarren aukera eman genien. Ez ziren gutxi, izan ere abenduaren 1ean 378 artikulu genituen egiteke. Eta, zailena, horietako asko matematika eta fisikako gai aurreratuak, itzultzen zailagoak direnak.

Baina lortu dugu. LORTU DUGU! Elkarlanean, bakoitza bere aldetik, baina guztiok batera. Eliak eskaintzen digun itzulpen sistema bikaina baliatuz, askok. Hilabete mugitua izan dugu, baina erronkari heldu genion eta orain arte honakoa lortu duen laugarren hizkuntza gara.

Postuetan gora

Postuetan gora egin dugu, noski. 33. hizkuntza ginen urte hasieran, 23. hizkuntza gara 2022ko abenduaren 16ko neurketan. Azken egunetako sprint honek ere eragina izango du, eta ziurrenik 20. hizkuntza izango gara 2023ko urtarrilaren 16an rankinga gaurkotzen denean. Laburrean, urte batean hazkuntzarik handiena izan duen Wikipedia gara, hamar postu gora, %10,37ko igoera puntu kopuruan. Grafiko honetan ikus daiteke hizkuntza bakoitzaren eboluzioa, urte osoan zehar (gorriz, euskara).

Laburrak luzatzeko erronka

Artikulu guztiak izatearen erronka lortu dugu, baina badugu beste erronka bat: artikulurik laburrenak luzatzea. Artikuluen artean bi heren, 8.000 byte baino laburragoak dira. Eta (hau idazterakoan), 881 artikuluk 1.000 byte baino gutxiago dute. Gure hurrengo erronka izango da horiek luzatzea, pixkanaka, elkarrekin, auzolanean.

Gaiaren arabera ikusten da batezbestekoa batzuetan luzea bada ere, mediana ez dela hain luzea. Artikulu laburrek pisu handia dute. Badugu, beraz, nondik hasi hobetzen. Hurrengo grafikoan ikusten da xeheago artikuluen luzeraren banaketa nolakoa den.

Zuk ere lagundu dezakezu

Zuk ere lagundu dezakezu helburu honetan. Zerrenda honetan dauden artikuluak luzatzen, adibidez. Artikulu hauek rankingean “labur” gisa hartzen diren guztiak dira. Hau idazterakoan 6.574 artikulu daude kategoria horretan. Zenbat izango ditugu 2023aren amaieran? Baietz 5.000tik behera izan!

Gehiago irakurri

Frisia, Irlanda eta Euskal Herriko wikilari eta irakasleak batuko dituen Erasmus+ proiektuaren formakuntza saioak egin ditugu egunotan Donostian. Hurrengo bi urteotan, Antiguako Luberri BHIko ikasleek Monaghan eta Leeuwardeneko ikasleekin batera gure herrietako emakumeen inguruan idatziko dute.

Frisiako Mercator European Research Centre, Algemiene Fryske Ûnderrjocht Kommisje (AFÛK) eta Learning Hub Friesland taldeen laguntzarekin, Erasmus+ proiektua abiatu dugu Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak eta Antigua-Luberri BHIk. Gurekin batera arituko dira Wikimedia Community Ireland eta Coláiste Oiriall irlandarrak. Helburua herrialde bakoitzeko emakumeen biografiak Wikipediara igotzea izango da, eta prozesu hori nola egin dugun azaltzen duen material pedagogikoa sortzea, Europako gainontzeko eskolatan erabili ahal izateko.

Lehen urratsak aurten Leeuwardenen eman bagenituen ere, irakasleen formazioaren txanda izan da 2022ko ekaineko azken astean, eta horretarako bildu gara Gipuzkoan lau egunez. Irakasle eta antolatzaileekin batera eztabaidatu dugu nola sortu artikuluak Wikipedian, zein den Copyrightaren garrantzia, emakumeen biografiekin egon ohi den desoreka edo hizkuntza batean ahots grabazioak egiteko erabili daitekeen softwarea. Gainera, mundu mailako beste proiektu batzuen ingurukoak entzun ditugu eta Zumaia BHIko Txikipedia proiektua azaldu diegu.

Irakasle eta antolatzaileekin inguruan egin daitezkeen beste kultura-jarduera batzuk ere antolatu ditugu. Erasmus+ proiektuaren helburuen artean museo eta artxiboekin lan egiteko aukera ere aztertu behar da. Horretarako Albaolan izan ginen, Hondalea bisitatu genuen eta Zumaian flyscharen inguruko argibideak izan genituen.

2023 eta 2024 urteetan hiru truke antolatuko ditugu hiru eskolen artean. Bakoitzean trukean doazen ikasleek beste herrietako emakumeen artikuluak sortu beharko dituzte, hala nola euren kulturari buruz ikasi. Lehenengo trukea 2023ko martxoan izango da, Monaghanera.

Gehiago irakurri

Kaixo Eniisi Lisika. Askotan ikusten zaitugu euskarazko Wikipedian editatzen, baina ez zara Euskal Herrian jaioa. Nor da Eniisi Lisika eta zer du gogoko?

Kaixo euskaldun guztiei. Bai, zuzen zaudete, euskarazko Wikipedia askotan irakurtzen dut eta artikuluetan akatsak ikustean beti zuzentzen ditut. Errusian bizi naiz eta nire egiazko izena Vitali (Виталий, Vitalij errusieraz) da, baina gaur egun Eniisi Lisika izena hobesten dut. Zer esan nahi du izen honek eta nondik eratorri den? Izen hau nik «eskuz» sortutako hizkuntzatik eratorri zen eta «Arrano Hilezkorra» esan nahi du. Hizkuntza hori krutxiera da (berezko izena Baazdul Krotol’, «espirituen hizkuntza», duena; ingelesez «Crootch» da hizkuntzaren izena); krutxiera nik neuk osoki sortu nuen eta oso hizkuntza zaila da; 25 kasu gramatikal eta 15 denbora gramatikal gutxi-gorabehera dituelako. Hizkuntzak 2.500 hitz ditu gutxi-gorabehera eta garatzen jarraitzen dut. Euskaratik hartutako hitz batzuk ere ditu (baina krutxierazko hitzen 90% ez dira maileguak eta neuk sortu nituen hitz horiek): euskarazko maileguak dituen hizkuntza ez da oraindik izan Lurrean, beraz, gogoeta hori atsegingarri iruditu zitzaidan.

Igarri duzue jadanik hizkuntzak oso gogoko ditudala eta egia da: hizkuntzen mundua harrigarria da eta ni osoki bizi naiz mundu honetan; «arrain bat uretan bezala» esango genuke errusieraz. Nolanahi ere, euskara Lurreko hizkuntza atsegingarriena da niretzat eta, beraz, euskara ikasten hasi nintzen 2018an. Beste hizkuntzak ere ikasten ditut: alemaniera, poloniera, bepsaera (nire errepublikako oso hizkuntza txikia) eta, noski, ingelesa. Horrez gain, abestea gogoko dut, krutxieraz eta euskaraz bereziki, eta batzuetan euskara eta krutxierara abestiak itzultzen ditut.



Nolatan hasi zinen euskaraz idazten?

Lehenago esan bezala, euskara Lurreko hizkuntza ederrena da niretzat. Eta Wikipedia ere aspalditik atsegingarria dut proiektu hau hizkuntzekin lotuta baitago. Errusierazko Wikipedian aritzen nintzen bakarrik lehenago, baina gaur egun euskarazko Wikipedian ere aritzen naiz. Nire jakintza jadanik nahikoa denez, artikuluak itzultzen hasi naiz eta hizkuntzei buruzko artikuluak hobetu nahi dut.

Zergatik euskara atsegin duzu zehazki?

Hizkuntzak soinuaren arabera nagusiki epaitzen ditut. Gramatika ere garrantzitsua da zalantzarik gabe, baina soinuak lehenengo zirrara egiten du eta euskara lehen aldiz entzun nuenean, bere soinua zirraragarri iruditu zitzaidan: oso ederra! Gaur egun oraindik ere txundigarri iruditzen zait euskararen soinua (200 hizkuntza baino gehiago entzun nituela kontuan hartuz). Eta bigarren gauza: euskara hizkuntza bakartua da, guztiok dakigunez. Horrelako hizkuntzak interesgarrienak eta oso misteriotsuak dira. «Zein hizkuntza ederra, euskera guria! Inun ez det arkitzen beste bat hobia!».

Wikimediako zein proiektutan zara aktibo?

Errusierazko eta euskarazko Wikipediaz gain, bepsaerazko Wikipedian ere aritzen hasi nintzen, baina bepsaeraren jakintza oraindik txarra dut, beraz, ezin dut asko egin, artikulu txikiak idatzi bakarrik. Errusierazko Wikipedian hainbat artikulu on eta nabarmenak idatzi nituen, baita euskarari buruzko artikulua hutsunetik nahiko luze izatera garatu ere. Horrez gain, errusierazko Wikiversity proiektan euskararen ikasgai batzuk idatzi nituen. Sarritan Wiktionary (Wikimediako hiztegia) irakurtzen dut, bereziki hitzen jatorriei buruz jakiteko, baina ez ditut bertako artikuluak aldatzen. Batzuetan Wikipediaren beste ataletako artikuluak aldatzen ditut, ohitura bitxia da: beste hizkuntzetan idatzitako testuak irakurri gogoko dut, hizkuntza horiek oraindik ez jakin arren. Hitzak oso gogoko ditut!

Zergatik da zuretzat garrantzitsua euskara bezalako hizkuntza txikiek Wikipedian indartsu egotea?

Egia tristea da, baina gaurko munduan ia guztiek ingelesa jakin nahi dute, beste hizkuntzak ahaztuz. Hizkuntza txikiak suntsitzen dituzten hizkuntza indartsu batzuk ditugu eta urte berri bakoitzarekin egoera txarrago bihurtzen da. Nik hizkuntza indartsu hauek inoiz ez nituen atsegin, hizkuntza txikiak baizik. Noski, ingelesa ere ikasi behar nuen eta oso hizkuntza erabilgarria da gaur egun, baina ez da inoiz atsegina izango niretzat. Eta Wikipedia, uste dut, hizkuntza txikiak gordetzen laguntzen digula. Ingeles eta besteek indar handia dute, baina ez dut itxaropena galtzen. Oso pozik nago euskarazko Wikipedia indartsu dagoelako.

Zure Wikipediako profilean diozu euskaraz bizi nahi duzula. Euskaraz bizi zaitezke Errusian? 

Egia esanda, askok ez dakite euskara zer den errusiarren artean. Nire lagun guztiek ere, ezagutu nituenean, ez zekiten, baita nire irakasleak (alemaniera edo latinera irakasten dutenak, adibidez) ere. Hemengo jendeari sarritan azaldu behar dut euskara zer den eta zergatik harrigarria den, baina ez nago triste euskaraz bizitzea lortzen dudalako nolanahi ere, Internetari esker.

Gehiago irakurri

Egunean Behin aplikazio arrakastatsuan letra-zopak sartu dituzte berrikuntza gisa. Galderetako asko, orain arte, Wikipediatik (zein Wikidatako query zerbitzutik) sortu dira, baina hau zerbait berria da. Sustatun argitaratutako mezu honetan letra-zopen atzeko teknologia zein den azaltzen dute, eta atal berezia eskaintzen diote ausazko letren sarrerari.

Gehiago irakurri

Aurten ere Celtic Knot egin da bigarren aldiz, zelta kulturako Wikipedien topagunea, uztailaren 5etik 6ra, oraingoan Galesko Aberystwyth kostaldeko herri ederrean izandakoa, non zehazki eta Galeseko Liburutegi Nazionalean. Ez, Euskal Wikipedia ez da zelta, ezta EWKE Euskal Wikilarien Elkartea ere, baina Celtic Knot Europako hizkuntza gutxituetako Wikipediak elkartzeko puntua bilakatzen ari da antza, gero eta gehiago.

Antolakuntzak euskal ordezkaritza gonbidatu du galesez mintzo den herrira (gurean antzera, ingelesa bolo-bolo dabil, ikus Iñaki Larrañagaren artikulua ZuZeun), eta plazera dugu euskal wikilariok hitzordua han jartzea. Zalantzarik gabe, topaketak euskal-gales harremanak sendotu ditu hurrengo hilabeteetara eta urtera begira: hizkuntza gutxituen ardatz berri bat?

Gehiago irakurri

Eskoziako Gaelerazko Wikipedia (GD WP) urruti geratzen zaigu: Europa iparraldeko bazter bateko itsasarte eta mendixka malkarretako zoko-mokoetan galdurik begitantzen zaigu. GD WPk, baina, ordekara eta hirira nahi, gaelerak bezala, eta, ahalegin horretan, txalotzekoa da Michael Bauer, besteak beste, egiten ari den lana.

Michael Bauer, “Akerbeltz”, luze eta zabal aritu da Wikipedia horretan, eta hari egin diogu elkarrizketa. Ondo ezagutzen ditu Wikipedia txikien ajeak, baina gainera, euskalduna da, euskara duena, baita beste hainbat hizkuntzaduna ere. Euskaraz eskaini digu elkarrizketa. Celtic Knot tradizio zeltako Wikipedia proiektuen topagunean egon ginen elkarrekin Edinburgon, eta orain berarekin solas egiteko parada paregabea eskaini digu. Atsegina zaigu harekin EU Wikipediaz, Wikimediaz, EN WPz eta WPko hizkuntz gutxituen gorabeherez hitz egitea.

1. Eskozian bizi zara, baina ez zara jatorriz Eskoziakoa, bai ordea eleaniztuna. Nola erabaki zenuen gaelera ikastea, bertako hizkuntza gutxitu bat?

Egia da, jatorriz Alemaniakoa naiz, erdi alemaniarra eta erdi txinatarra, gure ama Hong Kongekoa baita. Nahiko istorio korapilatsua da baina hitz gutxitan, eskolan nintzelarik, Irlandako gaelera ikasten hasi nintzen klase batean. Gero euskara ikasi nuen eta Eskoziako nire “hirugarren” hizkuntza zen. Interneten bidez, Eskozian bizi zen gizon batekin topo egin nuen eta, geroxeago, Municheko LMU Unibertsitatetik Edinburgeko Unibertsitatera aldatu nintzen eta, hemen bainengoen, oso gauza normala zen niretzat hemengo gaelera ikastea. Hor egon nintzen 4 urtez, eta gero hemen Glasgowen beste ikastaro bat egin nuen, ze unibertsitatean jaso nuen gaelera nahiko akademikoa zen eta konfiantza falta zitzaidan kafe bat eskatzeko!

2. Hizkuntza gutxituetako Wikipedien artean alde handiak daude: katalanen WP mundu osoko hemeretzigarren postuan da artikuluen kopuruan; euskarazko WP, berriz, hogeita hamaikagarrena, 285.182 artikulurekin. gaelerazko WP ehun eta hamazazpigarren postuan da, 14.607 artikulu ditu, ez da asko…

Ez, baina demografiari begiratuz, ez da arraroa. 60.000 hiztun baino gutxiago ditugu eta haien artean, askok ez dakite gaelera irakurtzen edo idazten. 1872eko Ley del Vascuence bezalako lege batez gaelerazko hezkuntza debekatu zen, eta lege horren oztopoak oraindik sufritzen ari gara. Eta oso berandu hasi zen berriz gaelerazko hezkuntza, 1980an, eta gaur ere %1ek baino gutxiagok ikasten du Eskozian gaeleraz. Hiztun gutxi, artikulu gutxi. Gainera, denetatik dago, zirriborroak nagusiki, eta askok oso gaelera txarra erabiltzen dute, batzuetan ulertezina. Wikipediako lankide gehienek gaelera ikasi dute, eta batzuek oso gaelera ona dute eta beste batzuek okerragoa.

3. Wikipediako estatistiketan, beste parametro garrantzitsu bat editore aktiboena izaten da. Zuek 35 dauzkazue, estatistiken zerrendan dioenez: nola handitu daiteke kopuru hori? Elkar ezagutzen duzue?

Batzuk ezagutzen ditut, beste asko ez. Zaila da, handitzea bakarrik ez da konponbidea: demagun ekintza baten bidez hogei lankide berri agertzen direla; bermerik ez gaelera nahiko ona izango dutela, eta lauzpabost administrari ditugu. Orduan, haien lanak zuzendu behar badituzte, lehen baino okerrago izango dira gauzak. Nire ustez, hizkuntza horren gutxitua baldin bada, gauza onena izango da lankide batzuk kontratatzea. Irakasle jubilatuak, adibidez, normalean alfabetatuak dira, eta gai ezberdinak ondo ezagutzen dituzte. Ez litzateke diru handi-handia gastatuko. Horrela, behar ditugun gauzak izango ditugu: artikulu on eta luzeak eta, kasu onenetan, ingelesezko artikuluetan ez dagoen informazioarekin. Zirriborroak baino ez baldin badituzu Wikipedia batean, naturalki erdarazko WP batera joko du jendeak, baita nik ere, informazioaren bila banabil.

4. Hizkuntza gutxituetako Wikipediek, guztiak gutxituak izanagatik ere, erronka desberdinak dauzkate; berbereak, adibidez, ez dira ados jartzen erabili beharreko alfabetoari buruz, beste batzuen erronka nagusia WP jakin hori berrikuntza teknologikoetara egokitzea da, eta beste batzuek, berriz, GLAM eta Hezkuntza programak garatu ditugu. Zein aurreikuspen dituzu une honetan GD WPrako? Zer eragozpen ditu?

Alde hartatik ez dugu eragozpen handirik, egia esan, agian lankide gutxi garelako… Alfabeto aldetik, bai, ortografia ezberdinak ditugu, baina haien arteko ezberdintasunak nahiko txikiak dira. Gainera, oso historia luzea du gaeleraren idazkerak: erromatarren aroa bukatu eta gero, gaelera zaharra izan zen idatzitako lehen herri-hizkuntza, VI. mendetik aurrera. Horregatik oso ohituta dago jendea idazkera ezberdinak ikusten.

5. Hizkuntza gutxituetako WPek zerbait egin dezakegu elkarri laguntzeko?

Ba… bai, zerrenda luzea dut 🙂 Baina zerrendan goi-goian bi gauza daude:

  • Txantiloiak itzultzea errazagoa izango balitz, askoz errazagoa izango litzateke WPko tresna “bereziak” kopiatzea. Lankide gutxi baldin badituzu eta, are eta gutxiago, kodea menperatzen dutenak, oso zaila gertatzen da artikulu politak idaztea.
  • Bigarrena Wikidatarekin lotuta dago. Celtic Knot biltzarrean Euskal Herriko taldeak lagundu egin zigun biografia txantiloiak automatizatzeko Wikidata erabiltzen. Oso tresna erabilgarria da. Adibidez, behin “Arrantzalea” itzuli eta gero, ehun artikulutan agertuko da automatikoki eta, datuak aldatzen badira, adibidez, norbait hiltzen bada, automatikoki berritzen da.

Denbora asko salbatzen dute horrelako tresnek. Hala ere, ez dira oso user-friendly, developer bat ez baldin bazara. Etxean saiatu nintzen “Eraikin” txantiloia egiten, baina ezin nuen. Horrelako tresnak agertzen direnean, gu bezalako WP txikiek asko lagunduko genioke elkarri tresna horiek erabilerrazak egingo balituzte, informatikako diploma bat behar izan gabe ere.

6. Euskaraz zu entzutea pozgarria da! Zure izena ere euskal izena da. Nolatan?

Akerbeltz hori? Ba… Mikel dut izena ta Interneten ibiltzen hasi nintzenean, txat geletan beti ehun eta bat “Mikel” zeuden ia. Izen bitxi baten beharrean nengoen, eta une hartan euskara ikasten ari nintzen, eta bururatu zitzaidan “Akerbeltz”ekin saiatzea. Eta noski, Interneten Akerbeltz gutxiago zeuden Mikel baino. Gero, lehen webgunea egiteko asmotan nenbilelarik, izen bat behar nuen, eta Akerbeltz aukeratu nuen.

7. Ingelesezko WPra etorriz, hor ere aritu zara, nahiz eta egun nahiko utzita duzun. Luze eta zabal landu dituzu euskal gaiei buruzko artikuluak…

Bai, hasieran lan atsegina zen baina Ingelesezko WPa aldatzen ari da. Bandalo asko, Wiki-abokatu asko, eta administratzaileek ez dute asko laguntzen. Azkenean, egoerak nazkatuta utzi ninduen, eta nahiz eta orri batzuk oraindik zaintzen ditudan, lan egiteko une bat dudanean, Gaelerazko WPan egiten dut lan. Bandalo eta abokatu gutxi!

8. Bukatzeko, azken urteotan Wikimedia mugimendua asko indartu eta garatu da. Nola lagundu diezaiokete hizkuntza gutxituetako proiektuek Wikimediari, eta alderantziz?

Gure munduko berriekin WP handituz, uste dut. Bereziki Ingelesezko WPan artikulu nahiko on bat idazten baduzu, askotan zabaltzen da beste WPetara. Adibidez, 2009an erromintxelari buruzko artikulua hasi nuen, eta segitu egin nuen Good Article mailara iritsi arte, eta idatzi nuena gaur gutxienez beste 3 WPtan agertzen da. Truke ona, esango nuke.

Eskerrik asko zure jardunagatik, Michael, eta zorte on Gaelerazko WPn!

Gehiago irakurri

 

Egilea: VGrigas;  (WMF) CC-BY-SA

Victor Suarez da Asturierazko Wikipediako arima, edo haren erdia gutxienez. Aurten, Asturierazko Wikipedia 50.000 artikulutara heldu da, aitzakia polita Asturiasko Bimenesen beste proiektu batzuetako wikilari batzuekin ospatzeko. Hil batzuk geroago, harekin elkarrizketatu gara, AST WPz hizkuntza gutxituez, Wikipediaz, Wikimediaz eta abarrez.

1.      Azken urteotan, Wikipediak oihartzun handia hartu du Internet barruan informazioa eskuratzeko bitarteko gisa. Ezagutzen ditugu hizkuntza gutxituetako Wikipedia batzuk, katalana, adibidez, baina asturierazkoa nahiko ezezaguna zaigu… Nola definituko zenuke?

Asturierazko Wikipedia definitzeko orduan, garrantzitsuena boluntariotza da. Wikimediako proiektuetan boluntarioak garrantzitsuak diren bezala, are gehiago gure proiektuan: lagun talde txiki bat eta, 2006tik etengabe lanean ibili gabe, proiektua hilik zegokeen. Hori guztia erabiltzaile talderik eduki gabe, ezta erakunde publikoen babesik ere.

2.      Beti dugu aldamenean hizkuntza handi bat eta haren Wikipedia, espainierazkoa edo frantsesa adibidez, eta irudiko luke itzal egiten digutela, eta horietan editatzera gonbidatzen. Aldiz, zuk asturieraz egitea erabaki zenuen, zergatik?

Gaztea naizen arren, duela hiru urtetik hizkuntz aldarrikapenerako mugimenduko kide izan naiz eta, beraz, hasierako nire interesa hizkuntzari buruzkoa izan zen. Banuen blog bat ere eta Youtube kanal bat, eta dibulgazioan interesa nuen. Wikipediak bi gai horiek uztartzen zituen: Interneten eremuan asturierari ikusgaitasuna ematea, ez baitzegoen oso presente, eta ezagutza hedatzea, eta horrek eragina izan zuen gero nire etorkizuna irakaskuntzara bideratzeko.

3.      Hizkuntza gutxituen artean, hala izanik ere, alde handiak daude Wikipediako proiektuen artean. Katalana hemezortzigarren kokatzen da munduan artikulu kopuruaren aldetik, euskalduna hogeita hamaikagarren 286.989 artikulurekin.  Asturierazkoak 54.498, ez da asko

Asturierazko Wikipedian dugun ikuspegia oso baikorra da, gutxi irudi dezake, baina asturierak oso egoera bihurria bizi du: UNESCOko Hizkuntzen Atlasak arriskuan kokatzen du gure hizkuntza, ta

Egilea: Rodelar Iturria: WM Commons CC-BY-SA

malez aragoiera eta euskara bezala. Gure Estatutuan hala aitortua den arren eta hizkuntzaren babeserako neurriak ezartzen dituen Erabilera Lege bat dugun arren, baita Asturieraren Hizkuntza Akademia, Hizkuntza Plangintza eta Normalizaziorako Zuzendaritza Nagusi bat, eta asturieraz mintzatzen den Kultura eta Hezkuntzako Sailburu bat, familia transmisioko hiztunen kopuruak behera jarraitzen du, eta ofiziala ere ez da, eta horrek eragina du hizkuntzaz gizartean dagoen iritzian. Hezkuntzan hautazko ikasgaia izan arren, asturierazko alfabetizazioa ez dago zabalduta, ezta gutxiago ere. Erlijio kontutan sartu gabe, esan dezakegu “mirari” bat dela kopuru horretara heltzea.

4.Wikipediari buruzko beste parametro adierazgarri bat lankide aktiboena da. Estatistika taularen arabera, 4 ari zarete hileko 100dik gora aldaketa egiten, eta 17 hori baino zerbait gutxiago. Elkar ezagutzen duzue? Nola handitu daiteke kopuru hori?

Editore aktiboen kopurua, diodan bezala, oso txikia da eta aurrez aurre denok ezagutzen dugu elkar, nahiz eta erabiltzaile bat edo beste anonimo geratzea erabaki duen, ni bat ez natorren zerbait, baina errespetatzekoa. Artikulu kopurua handitzeko, ezin bestekoa da editoreen oinarria zabaltzea.

Ahalegin bat egin behar dugu edizio tailerrak egiten, jendea Wikipediako lengoaia eta arauei buruz hezteko eta komunitate erreal bat sortzeko, orain tamalez ez baitago. Nik badut asmo pertsonal bat 2014tik gai horiek lantzeko, baina zaila da eta batzuetan lan bakartia da.

5.      Hizkuntza familia handiagoetako hizkuntza gutxituetako WP proiektuetako prozedura oso oparo bat itzulpen automatikoz sortutako bot edo artikuluetara jotzea da. Erabiltzen duzue? Zeintzuk dira horren abantailak eta kalteak?

Bai, zuzenketako eta itzulpeneko botak erabiltzen ditugu. Proiektu txikietan, nire ustez, ezin bestekoak dira, lanordu pila bat aurrezten baitigute benetan eta, batez ere, atseginak ez diren zeregin errepikakorrak kentzeko modua ematen digute. Alde horretatik, abantaila dira. Bestetik, itzulpenari dagokionez, denok ezagutzen ditugu itzulpen automatikoen gabeziak eta, gero, zuzendu egin behar direla. Hori, hain esku gutxirekin, nahiko zaila egiten da artikuluen bolumena handia denean. Onena izango zen oreka bat egotea, bot zuzentzaile eta itzultzaileen eta oinarri bat ematen duen komunitate bizi baten artean. Horretarantz joan nahi dugu.

6.       Dibertsitatearen gaia oso uztartuta doa ezagutzarekin, hori geratzen da agerian Wikimediako estrategian. Hizkuntza gutxituek indar handiagoa hartu dute halaber mugimendu barruan. Nola lagundu diezaiokegu elkarri? Zer eskain diezaiokete Wikimediari?

Uste dut oso garrantzitsuak direla komunitateen arteko topaketak; izan ere, hizkuntzen egoerak oso desberdinak izan arren, beste gauza asko ditugu komunean, baita antzeko problematikak ere. Wikimedia Indigenous Languages, Wikimanian oraindik orain sortutako lantalde bat, tresna ona izan daiteke etorkizunera begira, eta Asturierazko Wikipediatik horretan saiatuko gara.

Hizkuntz dibertsitatea Wikimediako proiektuen zutarrietako bat da, eta ez lirateke ulertuko Interneteko “berezitasun” hau gabe. Ez da ohikoa Interneteko handiek hizkuntz minorizatuak errespetatzea, eta eskertu eta bultzatu beharreko zerbait da…; munduan 6.000 hizkuntza bizi egonik, Wikipediak 300 eskas edukitzea gutxi da benetan eta, beraz, sustatu beharreko zerbait da, horren alde lan egin behar dugu. Munduko kultura zabaldu nahi badugu, ezin ditugu ahaztu munduko hizkuntzak.

7.      Zer egitasmo duzue AST WPn aurrera begira?

Une honetan barrutik lanean jarraitzen dugu txantiloiak Wikidatako datuekin lotuz, eta hori oso erabilgarria da gurea bezalako komunitateentzat, eta hori eskertu egin behar diogu Euskal Wikilarien Elkarteari, bitarteko teknikoak erakutsi baitzizkigun. Gainera, birkategorizazio sakon bat egiten ari gara, eta hura errazten, gure proiektuaren tamainari egokitzeko. Artikulu kopurua handitzen jarraitu nahi dugu, eta Wiktcionariu proiektua suspertu, pixka bat utzita baitago, eta ez dugu galtzerik nahi.

Bestalde, esan bezala, badut nahi pertsonal bat ekintzak eta edizio tailerrak egiteko eta, beraz, elkarrizketetan nabil erakunde publikoekin eta kultur elkarteekin, 2018 honetan zer egin dezakegun ikusteko. Genero zuloa zelaitzea gustatuko litzaidake, emakumeen biografia gehiago eginez, eta Wikimedia proiektuak landa ingurunera hurbilduz, txikitu egin behar dugun beste zulo bat baita. Espero dut luze gabe egitasmo horien fruituak partekatu ahal izatea.

Eskerrik asko eta laster arte Victor!

Gehiago irakurri

Wikimedia mugimendua bere burua antolatzen ari da, handitzen-handitzen, hasi da handitzen. Horretarako helburuak finkatu ditu lehenik eta behin, horretan aritu gara hainbat wikilari, hala nahi izan dutenek bederen. Horretarako, Wikimediaren Estrategia 2030 prozesua jarraitzen ari gara, guztiontzako ezagutza libreaz gain, dibertsitatea balioztatu duena, gero eta gehiago gainera. Apiril hasieran Berlinen egindako Wikimedia Konferentzian dibertsitatearen aldeko apustuan hizkuntza gutxituen pisua sentiarazi genuen, eta euskal wikilariok protagonismo berezia izan genuen.

Gehiago irakurri