Euskal Wikipediako artikulu guztien artean zenbat dira zortziko txikia neurria duten bertsoenak? Galdera horri erraz erantzuteko modu baten bila ibilita, hasieran Zortziko txikiak kategoria definitu dugu Wikipedian, eta gero bertso eta abesti herrikoien artean joan gara markatzen zortziko txiki direnak. Lehenengo saio bat izan da eta ez da intentsiboa izan, abesti modernoetan ere egongo dira horrelakoak, baina eskuzko markaketa hori bukatutakoan 23 artikulu agertzen dira kategoria honetan. Beheko irudian 25 artikulu daude, baina hor azaltzen diren Bertso eta Zortziko txiki artikuluak ez dira benetako zortziko txikiak.

Zortziko txikiak kategoria

Zortziko txikiak‘ kategoria erabiltzen

Wikipediako kategoria hori definituta, zortziko txikiak lantzeko aukera berriak sortzen dira. Adibidez, Massviews kontsulta bat eginez erraz jakin dezakegu zenbat aldiz bisitatu diren artikulu horiek, eta zein diren bisitatuenak:

Zortziko txiki kontsultatuenak lortzeko Massviews galdera

Hau da kontsulta horren emaitza:

Zortziko txiki kontsultatuenak Wikipedian

Ikusten denez 2022 gabonetako jaietako bisitatuenak hauek izan dira: Behin batean Loiolan, Olentzero joan zaigu, Gernikako arbola, eta Internazionala izan dira.

Berdin oinarrizko beste bertso-neurri batzuekin

Zortziko txikiekin egin den bezala, bertsolaritzako neurri erabilienak diren hauekin ere sortu dira kategoriak:

Neurri txikiaNeurri handia
8 lerro
4 puntu
Zortziko txikiak (4 puntuko txikia)Zortziko handiak (4 puntuko handia)
10 lerro
5 puntu
Hamarreko txikiak (5 puntuko txikia)Hamarreko handiak (5 puntuko handia)
4 lerro
2 puntu
(kopla)
Kopla txikiak (2 puntuko txikia)Kopla handiak (4 puntuko handia)
Neurri erabilienak

Wikidatan ere bai

Wikidatan ere markatu ditugu kategoria horietan sartu diren artikuluak “genero artistikoa” propietatearen bidez. Gainera aipatutako oinarrizko bertso-neurri horiek definitu dira bertso-neurri kontzeptu gisa (Q89522629, poetic form). Bertsoen antolaketa hau, soneto neurriak (hamalaudun) eta ingelesezko hainbat sonetok (esaterako, Shakespeareren Sonnet 57 eta Sonnet 105) Wikidatan duten definizioa aztertu da eta antzeko egitura eman zaie euskarazko bertsolaritzako oinarrizko neurriei.

Definizio horiek eginda, Wikidata kontsulta bakar batekin ikus ditzakegu orain arte Wikidatan dauden bertso guztiak: https://w.wiki/6BuH
kontsulta horretan bertsoaren neurria eta egilea eskatzen dira. Abestien kasuan egilea Noren hitzak propietatearekin definitu ohi denez, balio hori ere erakusten da. Hauek dira kontsultaren emaitzan hasieran azaltzen diren 59 bertsoak:

Wikidatan dauden bertsoak bakoitzaren neurria eta egilearekin

Egitekoak

Listo, bertsoen neurria Wikipedian azaltzeko lehen urratsa (lehen proposamena) eginda dago. Egindako lan hori osatu behar da oraindik, apurka-apurka Wikipedian eta Wikidatan bertso askoren artikuluak gehitu daitezke oraindik. Noski, lan horretan ikaragarrizko laguntza izango da Bertsolaritzaren Datu-basea, zelako ondo egin duten eta zein sakona den sartu duten bertso ezagutza (doinuak, bertsoak, biografiak, saioak, grabazioak…). Itzela. Eskerrik asko!

Gehiago irakurri

Laster ikusiko dugu 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak eskaintzeko duena. Lehen aldiz historian hiru emakumezko izango dira zortzi bertsolarien artean: titulua defendatzera datorren Maialen Lujanbioz gain, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin izango dira oholtzan. Wikipedian 1935ean egin zen lehen Bertso Gerratik orain arte jokatu diren txapelketa nagusi guztien artikuluak ditugu, baina informazioa ez zegoen ondo antolatuta Wikidatan. Azken egunotan datu horiek antolatzen aritu naiz.

Gehiago irakurri

Julio Ruiz de Alda Mikeleitz (Lizarra, Nafarroa, 1897ko urriaren 7a – Madril, Espainia, 1936ko abuztuaren 23a) hegazkinlaria, militarra eta politikari falangista izan zen. 1926an Ozeano Atlantikoa zeharkatu zuen espainiar hidrohegazkin batean, eta hurrengo urtean Nafarroako argazkiak egiteari ekin zion, airetik. Honela, 1927 eta 1931 artean ia Nafarroa Garaia osoa zeharkatu zuen, eta milaka argazki egin zituen. 2019an Nafarroako Gobernuak argazki horiek digitalizatu eta eskuragarri jarri zituen, eta euren bisore espazialarekin ere azter daitezke.

2021ean, Euskarabideak EWKEri emandako diru-laguntzari esker argazki hauek jaitsi, geokokapena eskuratu eta Wikimedia Commonsera igotzeko bidean utzi genituen. Arazo teknikoak izan ziren, ordea, argazkiak masiboki igotzeko erabiltzen den Pattypan tresnak akats bat baitzuen. Baina jada konpondu da arazo hori eta azken egunotan argazki horiek igotzen aritu gara.

1.511 dira igotako argazkiak. Nafarroako gune askotan egindako argazkiak dira, ez baitzuen lortu lurralde osoari argazkiak egitea. Nafarroa Espainiako Bigarren Errepublikaren aurretik nolakoa zen ikusteko aukera ematen digu, Tafalla hegoaldeko Erriberako herri gutxi batzuk izan ezik. Argazkiak kalitate oso handikoak dira, eta ez dago horrelako beste bilduma zaharrik.

Argazkiak geokokaturik daudenez, mapa bidez ere aztertu daitezke, Nafarroako Gobernuaren bisore espazialak eskaintzen duen aukeran bezala. Mapara sar zaitezke helbide honetan: https://wikimap.toolforge.org/?cat=Orthophotos_by_Julio_Ruiz_de_Alda eta bakoitzaren gainean klikatuz argazkia ikusi. Argazki hauek moztu daitezke, eta behar den artikuluetan erabili. Eta, noski, informazioa gehi dakieke, bertan agertzen diren eraikin, etxe eta abarrekin. Honek, argazki horiek hobeto ezagutzeko aukera emango digu, kasu honetan egin dugun bezala:

Iruñea 1927an. Gutxi dira Alde Zaharra eta Lehen Zabalgunearen kanpo dauden eraikinak.

Argazkiak hurbilduz gero, ikus daiteke landa eremuak hartzen zuen hedapena, zenbat larrain zeuden herrietan, edo abere aziendarekin mendira joateko bideak nola agertzen diren.

Larrainak Etxarri Aranazko iparraldean eta hegoaldean.

Gonbidatzen zaitugu, beraz, argazkiak bisitatzera, maparen edo kategoriaren bidez. Eta, zerbait interesgarria aurkitzen baduzu, irudi hori berrerabiltzera. Azken finean, domeinu publikoan dagoen altxorra da hau, guztiok berrerabiltzeko moduan.

Gehiago irakurri

Mundu mailako Wiki Loves Monuments argazki lehiaketa hirugarren aldiz antolatu dugu hemen, Euskal Herrian, eta emaitza ederrak utzi dizkigu: monumentu eta ondareari buruzko 1370 argazki jaso ditugu, inoizko gehien! Argazki horiek guztiak cc-by-sa lizentzia librea daukate eta Wikipedia zein beste edozein lekutan libreki erabili ahal izango ditugu.

EWKE elkarteak izendatutako epaile-taldea aritu da jasotako argazki guztien artean aukeraketa egiten. Horretarako, ondoko irizpideak erabili dituzte: kalitate teknikoa; originaltasuna; eta, argazkiaren erabilgarritasuna Wikipedian. 9 argazki izan dira finalerako hautatuak eta horien artean lehen 3 sailkatuek EWKE elkartearen eskutik sari ederrak jasoko dituzte:

Lehen saria: Theklan lankidearen ‘Mollarri gauez, izarren mugimendua atzean’ argazkia.

Euskal Herriko WLM 2019 lehen saria. Egilea: Theklan
cc-by-sa

Bigarren saria: Igerrak lankidearen ‘Nafarroa – Ibañeta’ argazkia.

Euskal Herriko WLM 2019 bigarren saria. Egilea: Igerrak
cc-by-sa

Hirugarren saria: Ebaki lankidearen ‘Bizkaia zubia – Puente_Bizkaia’ argazkia.

Euskal Herriko WLM 2019 hirugarren saria. Egilea: Ebaki
cc-by-sa

Gainerako argazki finalistak hauek izan dira:

Euskal Herriko WLM 2019 finalista. Egilea: Igerrak
cc-by-sa
Euskal Herriko WLM 2019 finalista. Egilea: Ebaki
cc-by-sa
Euskal Herriko WLM 2019 finalista. Egilea: Igerrak
cc-by-sa
Euskal Herriko WLM 2019 finalista. Egilea: Theklan
cc-by-sa
Euskal Herriko WLM 2019 finalista. Egilea: Theklan
cc-by-sa
Euskal Herriko WLM 2019 finalista. Egilea: Theklan
cc-by-sa

Lehiaketara aurkeztu diren argazki guztiak ikusteko:

https://commons.wikimedia.org/wiki/Category:Images_from_Wiki_Loves_Monuments_2019_in_the_Basque_Country

Amaitzeko, garrantzitsuena: gure ondarearen berri ematen duten argazkia mordoa daukagu eskura orain, Wikipedian edo beste edozein egitasmotan libre erabiltzeko.

Gehiago irakurri

Irailero bezala, badator WikiLovesMonuments, munduko argazki lehiaketarik handiena. Helburua, parte hartzen duten herrialdeetako ondare eraikiaren argazkiak egitea, berau ezagutarazi ahal izateko. Lehiaketa 2010ean antolatu zen lehen aldiz Herbehereetan eta, hurrengo urtean, Europan zehar hedatu zen. Gaur egun kontinente guztietako wikilariek hartzen dute parte eta 200.000 argazki baino gehiago jasotzen dira.

2017an Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak lehen aldiz antolatu zuen lehiaketa hau. Baina arazo larri bat aurkitu genuen gure aurrean: nola definitu zer den ondarea gure herrian? Galdera egitea erraza da, erantzunak aurkitzea ez horren beste. WikiLovesMonuments (WLM) lehiaketak aurreko lan bat eskatzen baitu: zein monumenturen argazkik har dezake parte eta zeinek ez definitzea. Horretarako, estatu bakoitzak lege propioak ditu, eta estatu horren datu irekien arabera errazago edo zailagoa izango da zerrenda bat egitea. Ez da gure kasua. WLM antolatzen hasi ginenean konturatu ginen oso monumentu gutxi zeudela zerrendan: 217 Ipar Euskal Herrian eta 433 Hego Euskal Herrian, 650 guztira.

Iazko argazki irabazleak ikusi.

Ondare zatitu baten erradiografia

Ondare handiko herria da gurea: ondare arkeologiko oparoaz gain, hiribildu zaharrak, erromesen bideak, baserri historiko zein industrializazioari lotutako eraikinez josia dago gure herria. WLM antolatu genuen lehen aldian, ordea, ez zen egoera hau ondo islatzen. Bi legeen pean egindako sailkapenak baino ez genituen.

Ipar Euskal Herrian zerrenda nahiko egonkorra eta publikoa dago, Merimée deituriko datubasea eraikitako ondarerako eta Palissy izenekoa ondare higigarrirako. Lehenengoan biltzen dira “Monument historique” deiturikoak, ondo definitutako elementuak eta lehiaketan parte hartzeko zerrendan oraindik ere ditugunak. Hasiera batean, aurten egin ditugun aurrerapenak izan arte, askoz gehiago ziren Ipar Euskal Herriko ondasun babestuak, biztanleria eta udalerri kopuruari erreparatuz gero.

Hego Euskal Herrian egoera dramatikoagoa zen. Wikilari batzuek, eta parte hartu nahi zuten argazkilari batzuek idatzi zuten galdetuz ea zerrenda labur hori baino ez ote zen ondare. Nola zen posible Iruñea bezalako hiri monumental batean dozena bat ondasun baino ez egotea, eta horietako batzuk, gainera, desagertuta egotea? Erantzuna legedian dago: guk egin genuena zen Bien de Interés Cultural (BIC) bezala Espainiako 1985eko legean jasotakoak zerrendatzea. Eta horiek oso gutxi ziren, 433 baino ez. Ezkerraldea osoan, adibidez, eraikin bakarra agertzen zen: Portugaleteko Andra Maria basilika. Beno, eta Bizkaia Zubia, erdibana zuena Getxorekin. Getxok, bide batez, ez zuen inolako eraikin babesturik zerrenda horretan.

Iruñeko ondasunak, Espainiako Gobernuaren zerrendaren arabera

Arazoa, Espainiako Kultura Ministerioak duen zerrendan dago. Bertan bilaketa eginez gero, 1985ra arte izendatutakoak bakarrik daudela ematen du, eta ez duela inork informazioa berritu, sartu edo partekatu. Gainera, akats batzuk ere baditu: Zubieta eta Iturengo inauteriak Iruñean kokatzen ditu, adibidez. Argi dago zerrenda hori hankamotz dagoela, eta askoz ondare gehiago dugula hor agertzen dena baino.

Zergatik gehitu ondarea?

Zergatik hartu ondare guzti hori bilatu, zerrenda eta igotzearen lana? Wikilari batentzat erantzuna argia da, baina baliteke hortik kanpora ez izatea kasua. Izan ere, instituzio ezberdinetako kideekin afera eztabaidatu dugunean galdera hori ere egin digute: “beno… baina zertarako nahi duzue zerrenda hori?” edo “eta jendeari zer axola dio zeintzuk diren zehazki babestuak dauden etxeak?”. (Albo aipamen gisa, aurrekoan lagun batek esaten zidan arraroa egiten zaiola norbaitek zure lanagatik galdetzea eta zuk garrantzia kentzea, eman beharrean, baina tira, hori beste arazo bat da.)

Ondarearen zerrendak egiteak hainbat helburu ditu, WLM antolatzeaz gain:

  • Alde batetik herri bakoitzean dagoenaren jakitun izan gaitezke horrela. Ze eraikin diren interesgarri, zeintzuk duten historia zati bat edo istorio bat kontatzeko, eta udalerri bakoitzean zer bisitatu erakusten digute.
  • Aurrekoari lotuta, gure “barne turista” ateratzeko aukera ematen digulako. Ondare zerrendak egiten hasi nintzenetik ibilbideak aldatu ditut jada ezagutzen nituen herrietan, beste eraikin bat ikusi nahi dudalako, orain arte fijatu ez naizen xehetasun arkitektoniko bat ikusteko aukera dudalako.
  • Historiarekiko jakinmina pizten duelako: zergatik dago eraikin hori hor? BICen zerrendan agertzen diren elizez gain… ba al dago bestelako eraikin zibilik?
  • Ondarearen zerrendak publiko ez badira, galtzeko aukera dagoelako. Urtero eraisten dira berez babestuta dauden eraikinak, eta hori ez litzateke gertatu behar (izan ere, horretarako babesten dira, inork eraitsi ez ditzan). Ondarea babesteko biderik onena ezagutza dela uste dut.

Baina, arrazoi guzti hauei, WLM lehiaketa ahalik eta kondiziorik onenetan antolatzeko helburua ere badugu. Iraila da epemuga eta, beraz, uda ondarearen zerrendan antolatzen pasa dugu. Ikus dezagun nola.

10.000 puntu gehitu ostean dagoen emaitza

Eusko Jaurlaritzaren ondarea txertatzea

Soilik BIC ziren eraikinak oso gutxi zirela ikusita, Eusko Jaurlaritzaren Ondareari buruzko webgunera jo genuen orain bi urte. Webgune zaila izateaz gain, ezinezkoa zen bertatik informazioa jaistea, eta oso zaila bere kudeaketa. Baina argi zegoen milaka eraikin gehiago zeudela babestuta. 2018an webgunea guztiz aldatu zen, errazago eta erakargarriagoa eginez datuak kontsultatzea. Baina, eta hor zegoen lan honetarako koxkarik handiena, jaistea ezinezkoa zen. Eusko Jaurlaritzak baditu OpenData bidez hainbat datubase, eta webgunearen aplikazioa bera bazegoen, baina ez bertan dauden datuak. Bi bide hartu genituen EWKE elkartetik: alde batetik Kultura Saileko ondare arduradunei eskatu genien datu horiek emateko; bestetik, Scrapper deitzen den teknologia bat erabilita, webgune osoa erauzi genuen. Hackeo horren bidez lortu genuen iaz eraikinen zerrenda luzeago bat eskaintzea, baina muga handi batekin: ez genuen ez loturarik Eusko Jaurlaritzaren webgunera, ez erreferentzia koderik ezta koordenaturik ere. Hala ere, txio kate batean kontatu genuen egindako bidea.

Txio kate hori izan zen ateak ireki zizkiguna. Egun batzuen buruan Ondareaz arduratzen den zuzendariarengana iritsi zen kexa, eta telefono bidez hasi ginen gaiari buruz hitz egiten. Ahalik eta azkarren datu horiek lortzea adostu genuen. Baina ahalik eta azkarren hori luzea izan ohi da administrazioan, eta ia ikasturte osoa behar izan dugu datuen zati bat lortzeko. Gakoa, antza, koordenatuetan zegoen: bi datu base ezberdin ziren, eta aplikazioak bietatik atzitzen ditu datuak, baina ez dute kalkulu-orri bat (Excel bat, ulertzeko) jaisteko aukerarik. Hau da, eraikinak eta euren izenak leku batean zeuden, eta koordenatuak beste batean. Zertarako nahi genuen azaldu eta horren beharra, garrantzia eta konbenientzia behin eta berriro aipatu genuen, eta maiatza amaieran lortu genuen bi gauzak konbinatzen zituen dokumetu bat: basikoki, eraikinen izena gaztelaniaz, euskaraz, udalerria, EJren webgunean duen lotura eta koordenatuak UTM formatoan. Ez zen izan lan erraza, eta hausnartu beharko dugu, guztion artean, datu irekietan eskaintzen denari buruz. Baina hori beste eztabaida bat da.

Kalkulu orria moldatu, landu eta itzulpenak zuzendu ostean (amaieran dagoen atal teknikoan azalduko dut ze tresna erabili ditugun) herriz herri informazioa igotzen hasi ginen. Zuzendu esan dut, izan ere akats ugari ditu zerrendak. Akatsak eta zuzentasun eza konpontzeko aukera da Wikimediak eskaintzen duen gauzetariko bat, noski. Akatsen artean itzulpen automatikoen ajea zegoen. Demagun zerrenda erraldoi batean “Casa Agirre”, “Casa calle Mayor, 24”, “Casa Consistorial” eta “Casa Solar de los Ganboa” dituzula, eta guztiak euskaraz eman nahi dituzula banaka itzuli behar izan gabe. Formula errazak erabilita lor dezakezu “Agirre etxea”, “Mayor (edo Nagusia) 24 kaleko etxea”, “Consistorial etxea” eta “Solar de los Ganboa etxea”. Lehenengo biak ondo daude, azken biak gaizki. Era berean, Euskal Herriko herri askotan dagoen “Iglesia de la Ascensión de Nuestra Señora” izeneko “Ascensión” hori “Igokunde” gisa zegoen itzulita, “Jasokunde” gisa beharrean (akats honek ondorio teologiko garrantzitsuak ditu).

Beste akats batzuk ere bazeuden: eraikin batzuk fonetikoki erregistratu izana, izen generikoegia, edo izen propioa duen etxearen helbidea baino ez jartzea. Horiek guztiak ondoren batuz joan gara azken bi hilabeteotan wikilariok.

Azkenik, kaleetako zenbakiak aldatzen dira, eta hori zuzentzen joan dira wikilari batzuk: “hau jada ez dago Nagusia 24 zenbakian, baizik eta 22 zenbakian”. Txikikeria ematen du, baina ondarea babesteko beharrezko neurria da. Izan ere, 22an bizi denak ez du zertan jakin behar lehen 24an bizi zela eta bere eraikina guztiz babestua dagoela.

Emaitza ikusgarria da, bide batez. Lehen genuen datu eskasiari aurre egin diogu eta orain herriz herriko eraikin guztiak ikus daiteze. Milaka emaitza, ondarea ikustarazteko aukera bikaina.

Donejakue bidea: UNESCOren txostena eta Eusko Jaurlaritzaren zerrenda

Donejakue bidea Gizateriaren Ondarea da. Eta bideari lotuta ehunka eraikin daude. Zeintzuk dira, baina, Euskal Herrian ondare horri lotutako eraikinak? Harrigarria bada ere, erantzun zaila duen galdera da. Bideak marka onak ditu, eta herri asko saiatu dira esaten Donejakuera joateko euren lurretatik pasa behar dela, baina Gizateriaren Ondare horri lotutako eraikinak zeintzuk diren ez du ez Eusko Jaurlaritzak, ez Nafarroako Gobernuak, ez Espainiako Kultura Ministerioak adierazten. Zorionez UNESCOk egiten du, luze eta zabal, Espainiako Gobernuak bidalitako milaka orriko PDF batean oinarrituta.

Sorpresa bat da: UNESCOren arabera Donejakue Bideari lotutako 377 eraikin daude Nafarroan, Gizateriaren Ondarearen zati direnak. Nafarroako Gobernuak ez du horren berri ematen, eta ez dut uste bertan ere jarrita dagoenik. 377 eraikin lehen genituenak baino gehiago dira. Eraikinen zerrenda bat egin, banaka euren koordenatuak aurkitu (katastroaren mapa bat du atxikita eraikin bakoitzak) eta igotzea izan da egindako lehen lana. Baziren hainbat akats, hala ere, UNESCOren txostenean: eraikin gutxi batzuk errepikatuta zeuden (Nafarroako errege-erreginen jauregia, Nafarroako erregordearen jauregia eta Mariskalaren jauregia agertzen ziren, hiruak eraikin bera) eta beste batzuk gaizki zeuden zuzenean (udalerrian eta eskainitako mapan akatsa). Hori guztia konponduta, Nafar bidea, Aragoiko bidea edo Frantses bide batuaren parte ote diren zehaztu eta jada mapa eder batean ikusgai daude:

Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, Donejakue bideko lau ibilbide zehaztu ditu eta bertan dauden ondare guztiari bidearen etiketa jarri dio, bideari berez lotua izan edo ez. Eman ziguten dokumentuan ez da agertzen, baina behin zerrenda osoa lortuta erlatiboki erraza da informazio hori webgunetik kopiatu eta eraikinak identifikatzea. Kostako bidea, Euskal Herriko barneko bidea, Mena Haraneko bidea eta Saiatzeko aldaera erraz ikus daitezke puntu guzti horiek mapa batean kokatzen baditugu. Eta hori egin dugu.

Orain, Bidea ez da zerbait abstraktoa, eta bere inguruan dagoen ondare guztia zerrendatuta dugu, iturri ofizialek diotenaren arabera.

Nafarroa Garaia: herriz herri legeak interpretatzen

Euskal Autonomia Erkidegoan datubasea eskuratuta igoera posible izan bazen, Nafarroa Garaian erronka bestelakoa da. Erregistro bat dago, udal bakoitzak bere babestutako eraikinak bidali ditu, baina, guk dakigula, erregistro hori ez da publiko.

Orain dela gutxi megalitoen zerrenda argitaratu zen, aurretik Hilarriak taldeak egindako lanean oinarrituta. Zerrenda hori igotzea izan da Nafarroan egindako lehen pausoa. Bide batez, EAEn ere existitzen da arkeologia ondasunen zerrenda bat, baina ondarearen zerrendak duen arazo berbera du: ez da datu libre gisa atzigarria.

Nafarroan 2005ean onartutako ondare lege bat dago, eta udalek euren planak egin dituzte eraikinak babesteko. Esan bezala ez dugu aurkitu zerrenda hori modu koherente batean jaisteko aukera, baina bai udalerriz udalerri egindako memoriak, txostenak edo mapak. Guztiak SIUN izeneko webgunean daude jasota. Kasu batzuetan erlatiboki erraza da zerrenda hori hartu, moldatu eta igotzea, beste kasu batzuetan lan handia da eta batzuetan ia ezinezkoa da, eskuz egindako mapa baten gainean lan egin behar delako. Okerrago: eskuz egindako mapa baten eskaner irudi zaharretik.

Hala ere, udalerririk handienetako zerrendak egitea posible izan da, arreta handia jarrita. EAEko zerrenda igo genuenean Bilbo zen eraikin babestu gehien zituen udalerria (teknikoki, Baztanek ditu gehiago, megalito kopuru izugarria dela eta); Iruñea igo ostean hiri buruzagia da babestutako eraikin gehien dituena.

Udalerriz udalerri egin behar izateak denbora gehiegi eskatzen du, eta zerrendarik lortu ezean, baliteke urteak behar izatea udalerri guztiak egin ahal izateko.

Iruñeko eraikin babestuak zerrenda osoa igo ostean

Erronkak eta hutsuneak

Gure erronka nagusia udalerri guztietako informazioa dugula ziurtatzea da, eta argi dago hori ez dela erraza. Instituzioek publikoa izan beharko litzatekeen informazioa gordetzeko politika eraman dute azken hamarkadetan, eta irekitasunaren bidea irekita dagoela ematen badu ere, inertziek pisu handia dute. Lakuako langile batek bide luze honetan esan zidan bezala, askok uste dute artxibatzea giltzaz ixtea dela.

Zorionez, EAEko Ondare Lege berriak objektu bakoitzari kode bat emateko aukera emango du. Gainera, aurreikusita dago udalerriek ere eurek babestutako eraikinen zerrenda egingo dutela. Honek lan asko aurreztuko digu, eta benetan dugun ondarea ikustarazten lagunduko digu. Nafarroa Garaian ere antzeko zerbait lortzea izugarria litzateke, bertan objektu bakoitzak kode bat duela kontuan hartuta balitekeelako norbaitek, nonbait, datu-base bat izatea. Edo agian ez.

Gure hurrengo erronka objektu guztien argazkiak edukitzea da. Horretarako antolatzen da WikiLovesMonuments lehiaketa, finean. Monumentuen argazki libreak lortzea funtsezko ariketa bat da ondarearen preserbazioan eta dibulgazioan. Badakigu urteak beharo ditugula, hala ere.

Azkenik, informazio guztia libre eskaintzearen onuretako bat da hirugarrengoek ere tresnak egin ditzaketela horrekin. Ondarea identifikatzeko aplikazio bat? Zergatik ez! OpenStreetMapekin zuzenean lotzea? Noski baietz! Udalerrietako mapak egiten direnean Wikidatako itemen loturak dituzten QR codeak jartzea, fisikoki zein paperean? Ba ideia ona da!

Ondarea igotzeko baliabide teknikoak

Ondarearen zerrendak egitea lan korapilotsua izan dela aipatu dut lehenago. Teknikoki, herriz herri zer dagoen eta zer ez jakitea da lehenengo pausoa, ondoren kanpoko beste iturri batekin parekatzeko. Tresna bat bereziki baliagarria izan da lan honoetan: OpenRefine. OpenRefine informazio datu kaotikoak ordenatzeko tresna bat da, Wikidatara igotzeko aukera ematen duena.

Nafarroaren kasuan, batzuetan eraikin baten helbidea lortzea posible zen zerrendatan begiratuta. Googleren APIa erabili daiteke helbide horren koordenatuak lortzeko. OpenRefinerekin ere hau automatizatu daiteke. Hala ere, gainbegiratu behar da informazio hau. Era berean, ziur egoteko koordenatuak ondo daudela, Nafarroako katastroa erabil daiteke. Eraikina bilatu eta koordenatuak zeintzuk diren jakingo dugu. Baita helbidea aldatu den edo ez jakin daiteke horrela.

Igotako guztia ikustarazteko Wikipedian Listeria izeneko bot bat erabili dugu. Listeriak zerrendak egiten ditu, eta herriz herri Wikidatako informazioa baliatzea baimentzen digu.

Argazkiak igotzeko Wikimedia Commonsen aplikazioa edo WikiShootMe webgunea dira tresnarik onenak. Zerk behar duen argazki bat erakusten dizu zure mugikorrean, gertuko puntuak non dauden esanez. Honela, mugikorretik igo ditzakezu eraikinen argazkiak, eta deskribapenak zuzentzea ere posible da (adb, “etxe” gisa markatuta badago eta benetan ez bada etxe bat).

Nola lagundu dezaket?

Gure Wikiproiektuan parte hartuz, adibidez.

WikiLovesMonuments lehiaketan parte hartu dezakezu, eta zure herriko argazkiak igo. Hilabete osoa daukazu argazkiak igotzeko, horretarako prestatu dugun webgunean dauden botoietan klik eginez. Garrantzitsua da bertatik egitea, lehiaketan igotakoa kontabilizatu ahal izateko.

Zure herriko zerrenda ikusi eta zerbait gaizki badago zuzentzeko aukera ere badaukazu. Eraikin baten izena gaizki badago, helbidea edo koordenatuak ez badira zehatzak… guztiak dauka soluzioa gurean.

Beste zerrendarik baduzu, bereziki Nafarroan, gurekin jar zaitezke harremanetan eta partekatu. Honela, hurrengo urtean, milaka monumentu gehiago izango ditugu.

Eta, noski, ondareari buruzko artikuluak osa ditzakezu Wikipedian. Oso gutxiri buruzko artikuluak ditugu, eta uste dugu lana ez dela inoiz amaituko.

Gehiago irakurri

Irailean jokatu zen Wiki Loves Monuments argazki lehiaketa eta datu orokor ikaragarriak utzi dizkigu: 64 herrialdek parte hartu dute aurten eta guztien artean 249.683 argazki berri igo dituzte Commons-era. Monumentu eta ondarearen inguruko argazki libreak guztiak, Wikipedia zein beste edozein lekutan libreki erabili ahal izateko. Euskal Herrian bigarren aldiz parte hartu dugu eta aurreko urteko marka hautsiz, 24 argazkilarik bidalitako 859 argazki jaso ditugu. Ekarpen ederra.

EWKE elkarteak izendatutako epaileak lanean aritu dira bidalitako argazkien aukeraketa egiten. Besteak beste, ondoko kriterioak erabili dituzte argazkiak apartatzeko orduan: kalitate teknikoa; originaltasuna; eta, argazkiaren erabilgarritasuna Wikipedian. 10 argazki izan dira finalerako hautatuak, zuzenean nazioarteko sariketara pasako direnak. Horrez gain, Azkue Fundazioak eskainita, ondoko sariak banatu ditugu:

  • Euskal Herriko argazkirik onena: Ebaki lankidearen Gasteizko Bataila birsortzea. Berak eramango du, Parrot Mambo Fly drona.

Euskal Herriko argazkirik onena (2018): Gasteizko bataila birsortzea. Egilea: Ebaki

  • Bizkaiko argazkirik onena: Igerrak lankidearen Itsas Gane Igerrak. Berarentzat izango da Hero Session waterproof Go-proa.

Bizkaiko argazkirik onena (2018): Itsas Gane Igerrak. Egilea: Igerrak

  • Bilboko argazkirik onena: Ebaki lankidearen Grandes Molinos Vascos. Berarentzat Telefonoarekin argazki eta bideoak egiteko produktu sorta.

Bilboko argazkirik onena (2018): Grandes Molinos Vascos. Egilea: Ebaki

Gainerako argazki finalistak, nazioarteko lehiaketara pasako direnak, hauek izan dira:

Bilar – Sorginaren Txabola- . Egilea: TheKlan

 

Narros jauregia eta olatuak -bodyboard. Egilea: TheKlan

 

Gernika – Jai-Alai frontoia. Egilea: Ebaki

 

Azpiegitura hidraulikoa. Egilea: Igerrak

 

Laudio – Ugarte dorretxea. Egilea: Ebaki

 

Abaroa jauregia edurrez. Egilea: Gara2lla

 

Oñati – Sancti Spiritus Unibertsitatea. Egilea: Ondare Lagunak

 

Lehiaketara aurkeztu diren argazki guztiak ikusteko:

https://commons.wikimedia.org/wiki/Category:Images_from_Wiki_Loves_Monuments_2018_in_the_Basque_Country

Amaitzeko, garrantzitsuena: gure ondarearen testigantza jasotzen duten argazki berri mordoa daukagu hemendik aurrera, Wikipedian edo beste edozein egitasmotan erabiltzeko.

 

  • Oharra: Artikuluan txertatu ditugun argazkiak, sariketan parte hartu duten guztiak bezala, CC-BY-SA 4.0 lizentziapean daude.
Gehiago irakurri

Ahotsak.eus proiektuak 346 herritako 5.657 pertsona elkarrizketatu ditu azken hamarkada eta erdian. Guztira 49.883 bideo pasarte ditu jada, ahozko ondarea biltzeko helburua duen proiektu honek. Altxorra da, benetako altxorra: milaka pertsona horiek euren pasarteak aipatzeak garrantzia berezia du etorkizunerako. Alde batetik euskararen aldaerak, esamoldeak eta moduak jasotzen direlako; bestetik, pertsona horien testigantzek herriaren historia eraikitzen laguntzen digutelako. Laster 300 herritako euskarari buruzko bideoak izango ditugu Wikipedian, bi proiektuen arteko lotura handituz.

Gehiago irakurri

722 argazki jaso genituen WikiLovesMonuments lehiaketan. Argazkilari profesional batek eta komunikabide bateko editore batek osatutako epaimahaiak lehenengo galbahea egin zuen, 26 argazki aukeratuz bigarren errondarako. Argazki horiek 1etik 5era arte puntuatu behar izan dituzte, ondoren. Eta baditugu jada argazki irabazleak! Euskal Herriko, Bizkaiko eta Bilboko argazki onenei saria ematen zien Azkue Fundazioak. Argazki asko jaso genituen, eta hiru irabazleak Bizkaikoak dira.

Euskal Herriko onena: Egunsentia Gaztelugatxen.jpg
Egilea: Ebaki
Egunsentia Gaztelugatxen

Bizkaiko onena: Bizkaiko zubia gauez
Egilea: Igerrak Elkartea
Bizkaiko zubia gauez

Bilboko onena: San Anton eliza
Egilea: Igerrak Elkartea
San anton eliza

Argazki hauek eta emaitzarik altuena lortu duten hurrengo 7ak nazioarteko txapelketara joango dira. Hauek dira hurrengo 7ak, berdinketa handi batekin.

Narros Jauregia
Egilea: Theklan
Narros Jauregia 2

Donostiako udaletxea
Egilea: Edorta Subijana
Donostiako udaletxea

Konstituzio plaza 03
Egilea: Edorta Subijana
Konstituzio plaza 03

Bizkaia zubia
Egilea: Ebaki
Bizkaia zubia

Konstituzio plaza 02
Egilea: Edorta Subijana
Konstituzio plaza 02

Zorrozako tailerrak
Egilea: Theklan
Zorrozako tailerrak - 1

Jasokundearen Eliza Errenterian elurtua
Egilea: MerZab
Jaskokundearen Eliza Errenteria Elurra

Gehiago irakurri
Irudia: aherrero. cc-by-2.0

WikiLovesMonuments bukatzear dagoen momentu honetan lehiaketa berria martxan dela iragartzeko unea heldu da. Eusko Ikaskuntza eta Elhuyar Fundazioak bultzatutako Ondarebideak ekimenarekin batera ibaien paisaiari buruzko lehiaketa antolatu dugu. Argazki eta artikulu edizio lehiaketa izango da, eta Euskal Herriko ibaien eta euren inguruan gizakiek sortutako ondare eta jarduerei buruzko artikuluak aberastea da helburua.

Gehiago irakurri