Orain egun batzuk kontatu zuen @ksarasola wikilariak nola aritu garen uda honetan munduko hainbat denbora-serie estatistiko Wikipedian eskuragarri jartzen. Ez da lan makala EHUko Imanol Egaña eta Shalva Jokhadze ikasleek bertako irakasleekin batera egindakoa, eta egunotan Wikimanian ikusi ahal izan dugunez, punta-puntako galdera bati erantzun diogu: nola gorde eta erakutsi denbora-serie luzeak Wikimedian? Orain arte Wikidata izan da serie batzuk, bereziki biztanleriarena, gordetzeko lekua, baina Wikidatak baditu muga nabarmen batzuk, tartean serie luzeak gordetzeko ez zela diseinatu, eta biztanleriaz gain badirela beste indikadore demografiko, ekonomiko eta kultural ugari modelatzen zailak direnak. Horregatik, munduko herrialdeetako demografia lantzen aritu garen bitartean, beste lan baten lehen oinarriak jarri ditugu egunotan: euskal herrietako datu demografiak erakusteko azpiegitura diseinatzen hastea.