Plazaratu da auzolanean Palestina eta Ekialde Hurbileko krisia (2023-2024) biltzen duen wikiliburua, asaldatu gaituen gatazka baten testigantza eta erradiografia Euskal Wikipedian

Artikulu honetan, wikiliburua sortu eta editatzeko prozesuaren eta hartutako erabakien berri ematen da

Iragan azaroan, ia urtebeteko ernaltze prozesu baten ondotik, argia ikusi du Palestina eta Ekialde Hurbila sutan (2023-2024) wikiliburuak, digitalki zein fisikoki argitaratua eta jada eskueran. Bertan, Euskal Wikipediako 25 artikulu biltzen dira, eta EUWPko artikuluetan zein wikiliburu fisikoan, askotariko irudien zein testuen txukuntze eta zuzenketa lan bat egin da maketatzailearekin batera. Dagoeneko wikiliburuaren bi aurkezpen egin ditugu, Donostiako Kaxilda liburudendan eta Durangoko Azokako Kabian.

EUSKARAZKO WIKILIBURU BAT UMOTZEN

Proiektu hau albisteetan ia egunero izan dugun albiste sortatik sortu da, Euskal Herriko gizartea inarrosi duen, gaituen, Palestinako eta Ekialde Hurbileko gatazka hotz, teknifikatu eta deshumanizatu handi batena. Eraso eta kontraeraso ugari jazo dira eta, segur aski, Israelgo agintariek zuzendu eta gauzatu duten palestinar herriaren genozidioak asaldatu gaitu nabarmenen. Bada, duela jada urtebete inguru, bildutako EUWPko albiste guztiak elkartuz, egitasmo bat jarri genuen abian: artikulu sakabanatu guztiak kontzeptu bakar batean biltzea, wikiliburu batean gorpuztua. Orduz gero, Iñaki Alegria eta biok aritu gara haren sustatzaile.

Palestina eta Ekialde Hurbila sutan (2023-2024) wikiliburua ez dugu lehendabiziko wikiliburua. Euskal Wikipedian, izan dira lehenago beste batzuk. Donostia Europako Kultur Hiriburua 2016 nazioarteko ospakizunaren uberan etorri ziren lehendabizikoak, hala nola Donostiapedia eta Haur eta Gazte literatura wikiproiektua, fisikoki argitaratuak. Luze gabe heldu zen Uliako Lorebaratzak wikiproiektu eta wikiliburua, eta azkenaurrekoa dugu Sukaldaritza Liburua (1) wikiliburua, Wikiliburuak plataforman oinarritua. Hor ditugu atera berriak ere Igeldoko historia eta istorioak wikiliburu kolektiboa (2) eta Matematika Diskretua ikasmaterialen wikiliburua (3), CC-BY-SA lizentziadunak. Wikiliburu hau, bestalde, crowdfunding bidez partzialki finantzatu den lehendabizikoa dugu, Itsulapikoa plataforma baliatuz (4).

Aldiz, hizpidea jarri digun wikiliburua da gertaeren albiste sorta bati buruz Euskal Wikipedian (EUWP) egindako lehena. Wikipedia askotariko ezagutzen topagunea da, eta gaurkotasuna hura elikatu eta emendatzeko iturburu agorrezina dugu: behin eta berriz sortzen diren albisteak. Wikilariek berezko sena izan ohi dugu sortzen den etengabeko emari hori Wikipediara ekartzeko. Nazioarteko gertaeretan, Ingelesezko Wikipedia (ENWP) izaten da lehenengoetakoa edizioari ekiten, berriok Wikipedian islatzen. Ez doa alferrik ENWPk, wikiliburuan aztertu aldian, 334.000 editore zituela batez beste (hileko aldaketa bat edo gehiago egin dituztenak) (5); EUWPk, berriz, 896 (6). Bi datuon arteko zuloa itzela da, bisitetan den bezala.

HAINBAT WIKILARI, EPE MUGATU BAT ETA LURRALDE ZABAL BAT

Wikiliburuan, 25 artikulu bildu ditugu, sei ataletan sailkatuak, edukia era koherente eta ulergarriagoan irakurri ahal izateko. Nola sortzen dira halako artikuluak? Albiste guztiek ez dute lekurik Wikipedian, euskal wikilari boluntarioek ez dugu hainbesteko ahalmenik. Aldiz, 2023ko urriaren 7ko goizeko lehen orduetan, albiste harrigarriak zetozen Ekialde Hurbiletik eta Palestinatik. Hurrengo egunean, Danwasd lankideak artikulua sortu zuen. Euskal Wikipedian gertatu ohi den bezala, ez gutxitan, itzulpen bidez sortu zuen artikulua, ordurako sortua zen ENWPko artikulua euskaratuz. Eduki Itzultzailea eginbidea (7) baliatu zuen horretarako, itzultzaile automatikoa, alegia. Urriaren 10etik, idazten duen honek hartu zuen batez ere artikulu hori eguneratzeko ekimena.

Epe honi buruz eta askotariko artikuluetan, gutxienez zazpi wikilarik egin dituzte ekarpenak, neurri handiagoan edo txikiagoan (Xabier Armendaritz, Danwasd, Oraina, Theklan, Ernestobanpiroa, Gorkaazk, Simba002 lankideek, eta idazten duen honek, Iñaki LLk, wikiliburuaren editore lanera ere sartua). Haiei bezala, esker onak baizik ez ditugu proiektu hau diruz bultzatu eta babestu dutenentzat, Wikiliburuan zerrendatuak (8), eta hainbeste gabe ere, oso baliozko alea jarri duten guztientzat. Hortxe nabarmendu nahi dugu ere Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen ekarpena, proiektu honen babesle nagusia, eta proiektu hau aurrera ateratzeko abian jarri dugun crowdfundinga bideratzeko baliatu dugun plataforma: Itsulapikoa (9). Bildutakoa maketaziora eta inprimatzera bideratu da. Maketazioaren ardura Yolanda Isasik eraman du, eta azalaren diseinua Kote Camachorena da. Eskerrik asko guztiei.

Pentsatu ohi dugu albisteko gertaera batek denbora mugatua iraun ohi duela. Gertaera bat artikulu baten baliokidea izaten da Wikipedian, harekin erlazioa duten beste artikulu batzuetara estekatua. Uneren batean, artikuluak moztu behar izaten dira, lukainka luze baten itxura hartuko ez badu. 200.000 byte baino gehiagoko 39 artikulu daude EUWPn (10), eta ez dira batere motzak. Aldiz, Wikipediako irakurleek lehen paragrafoak besterik ez bide dituzte irakurtzen (11). Bada, urriaren 7ko gertaeren soka, zabalduz eta luzatuz joan zen. Israelek Gazako ofentsiba prestatu zuen eta gatazka zabaltzen joan zen, Zisjordania, Libano, Siria, Yemen, Siria eta Iranera.

Gertaera berrien lorratzean, wikilariek artikulu gehiago sortu zituzten eta, aldi berean, artikulu nagusiko atalak oinarri harturik artikuluak sortu ziren. Artikulu berrietako batzuk itzulpenak dira edo itzulpen zatiak dituzte, sarrien ingelesetik. Beraz, beste haietako datuez gain, euskarazko artikuluek nolabait haietako ikuspegia dakarte. Batzuetan, datuak atera ahala artikulu batean ematen den informazioa behin-behinekoa da. Alegia, 2020ko Beiruteko leherketak artikuluan gertatu zen bezala, datuak eguneratzen zihoazen eta, beraz, egun jakin bateko artikuluko edukiak (suntsipen maila, hildakoen kopurua, autoretzari buruzko hipotesiak) aldatzen ziren. Albiste askok une jakin bateko informazioa islatzen dute (breaking news deitzen duten hori). Dena den, ordu edo egun batzuen buruan aldaketak jazo direnean (”beroan”), datuak eguneratzeko ahalegina egin da.

ESTATISTIKA ETA KOPURU ALDAKORRAK KUDEATZEN

Bada, datuei buruzko desafio handienetako bat etengabeko suntsipenari eta heriotza eta baja kopuruei eta ehunekoei buruzkoa da. Datuak dinamikoak baitira, aldakorrak. Wikiliburu honek 2023ko urriaren 7tik 2024ko urriaren 7rako tartea lantzen du, hori izan baita ikuspegi estruktural batez eta jarraipen estuagoaz landu ahal izan den tartea. Artikuluetan adierazitako estatistikek data dute (bajak, eraikin eta zerbitzuen suntsipen maila), eta artikulu nagusietako baten, 2023-2025eko Israel-Palestina gatazka artikuluaren infotaulak aipatu epe horren azken eguneko datuak adierazten ditu. Epe horri buruzko artikuluez gain, Palestinari buruzko sarrera artikulua gehitu dugu, Palestinako eta Ekialde Hurbileko egungo ataka ulertzeko lagungarria delakoan.

Israelen Gazako inbasioari buruzko EUWPko artikuluaren sarrera 2026ko urtarrilaren 10ean

Edizio lanean, artikulua jada maketatze fasean zela, infotaulako azken kopuru orokorrak aldatu behar izan dira, eta 2024ko urriaren 7ko datuak adierazi, urtebeteko epe horri dagozkionak jarri. Datu estatistiko orokorretarako erabilitako iturriak, Al-Jazeera hedabidearen “Live Trackerweb orriak (12), datu berrienak erakusten ditu. Ondorioz, antzeko datuak eta, segur aski, iturri berdinak darabiltzan Techforpalestine orrira jo da (13), datuen historia eskaintzen baitu. Bertako datuak bat datoz eskalada militar osoan Al-Jazeerak eskaini dituen datuekin, aldi berean hainbat euskal eta nazioarteko iturrik baliatua eta balioetsia. Hedabide horrek parametro jakin batzuetako datuen jarraipen sistematikoa egin du (zaurituak, hildakoak, suntsipena…).

ITURRIAK ETA TERMINOLOGIA EZTABAIDAGAI

Wikipediako iturrien zilegitasunak maiz jartzen du hizpidea. Ingelesezko Wikipediak (ENWP) iturri fidagarrien zerrenda bat du (14), eta FRWPk iturri fidagarriei buruzko eztabaida orri bat (15). Zerrenda horietan, ez da euskal hedabiderik aipatzen. EUWPk ez du halako zerrendarik, beharbada hobe ez egotea ere. Euskal Wikipediak egiaztagarritasunari buruzko politika bat du definitua eta onartua (16), Euskal Herriko eta euskarazko edizioaren errealitateari egokitua. Saihestu egin da, oro har, Israelgo iturriak baliatzea informazioa eskuratzeko. Israel bete-betean dago inplikatuta gatazkan. Israelek krisi honen hasieratik bertatik galarazi egin die kazetariei beren lana egitea eta gertaeren lekuko izatea eta, are, kazetariak jarri ditu jomugan. EUWPk krisi honetako kazetari erailen zerrenda bat du Gazako genozidioan hildako kazetariei buruz Zerrenda:Israelek Gazako genozidioan hildako kazetariak, ia denak Israelen erasopean hilak.

Hala izanik ere, Israelgo eragileek, IDF edo Israelgo Armadak berak, multimedia fitxategiz bete dute Commons plataforma, eta EUWPko artikuluotan haiek baliatu dira, egoki ikusi denean. Guztiz saihestu dira ad hominem kontsidera daitezkeen aipamenak, konnotazio politikoetako edo karga emozional handiko hitz puztuak (17), tipikoki «terrorista» eta «terrorismo». Izendapen hori arbuiatua da, oro har, erreferentziazko ENWPko estilo liburuan. Saihestekoa da, halaber, FRWPren arabera, etsaiei aplikatzen zaiolakoan eta ikuspuntu bat adierazten dutelakoan («POV»); ESWPk, berriz, ez du hitz hori esplizituki eragozten (Wikipedia:Manual_of_Style/Words_to_watch, Wikipédia:Termes_à_utiliser_avec_précaution Wikipedia:Palabras_a_evitar). Ekibokoa da, lausoa, edo instrumentalizatua (18)(19). Hala ere, ESWPk baliatzen du hala ekintzak nola pertsonak kalifikatzeko. EUWPk ez du era horretako hitz zerrenden orririk. Wikipedia funtzio denotatiboan oinarritzen da (ikus Euskaltzaindiaren definizioa (20), ez konnotazioan. Iturri batek edo albisteko norbaitek hitz hori baliatu badu, esplizituki ohartarazi da. Halaber, eztabaidagarriak diren baieztapen eta aipuei esaldi barneko atribuzioa gehitu zaie.

Genozidio izendapena eztabaidagai zabala izan da Wikipedia osoko hizkuntz proiektuetan. Krisi honen hasieran, Israeli berehala leporatu zitzaion genozidioa Euskal Herriko kale protestetan. Testigantza hori Wikipediako artikuluetan eta Commonsen bertan islaturik dago (21)(22). Wikiliburu honetan, gatazka eta hondamendi honek Euskal Herrian eragin dituen mobilizazio eta protesten jarraipen bat egin da, dudarik gabe biziki asaldatu baikaitu, eta Palestinarekin etengabeko elkartasun adierazpenak piztu dira. Albiste eta sinesmen irmo guztiengatik ere, artikuluak ez dira autore liburu batean bezala moldatu, Wikipedia ez baita horretarako lekua. Wikipediakoa objektibotasun ariketa bihurri bat baita. Zuhurtasunez jokatu da eta, luzaz, saihestu egin da esaldi barneko atribuziorik gabe genozidio hitza baliatzea. Argitaratutako iturrien arabera jokatu da: hobeto edo okerrago, genozidio terminoaren ikuspegi juridikoari eta nazioarteko ebazpenei itxaron zaie.

Dena den, edizioan, bilakaera kronologiko bat egon da. Egunez eguneko albiste eta irudi gordinen irmotasunaz gain, artikuluotan genozidio hitza balio osoz erabiltzeko mugarria NBEren eta Nazioarteko Justizia Auzitegiaren ekintzak izan dira, hala nola Francesca Albanese NBEren kontalari bereziaren txostena (23) eta aipatu Auzitegiaren ondorioak eta aginduak (2024ko urtarrilean, 24). Gerra hitza bera zalantzan jarri da gatazka honi buruzko Euskal Herriko argitalpenetan, eta, ondorioz, maketazio fasera arte egin behar izan dira aldaketak (Yolanda Isasi maketatzailearen lan onaren bidez) terminologia albait homogeneoena lortzeko: ”gatazka”, ”krisi” edo ”eskalada militar” hobetsi dira.

HIZKUNTZA ZUZENKETARI BURUZKO OHARRAK

Edizioan, artikuluetako terminologia aztertu da, hala nola errefuxiatuen ”kanpamentua, kanpalekua, esparrua” eta ”eremua” izenen arteko hautua. Gauza bera ote dira? Sinonimotzat erabil ote daitezke? Esparruek hesirik ote dute? Bestalde, testuetan, «suziri» eta «kohete» hitzak agertzen ziren. Lehena Euskaltzaindiaren Hiztegian aipatzen da, baina beste esanahi batekin (25). Berria egunkariaren estilo liburuak 3. adieran aipatzen du arma bat dela (26), koheteren sinonimo (27). Euskararen Erreferentziazko Corpusak ez du estatistikoki arma adiera lehenesten; izan ere, dudarik gabe, zerrenda estatistiko horretan, Berriak darabil gehien esanahi horrekin. Bestela, etxafuego esanahia gailentzen da, eta espaziontzi ere zenbaitetan (28). Wikiliburuan, ”kohete” lehenetsi da komunikatiboagoa delakoan, baina ”suziria” ere agertuko da.

Artikuluetako alde komunikatiboa ontzat jotzeko, hainbat orrazketa egin dira artikuluen gainean, lehendabizi EUWPn bertan, geroago maketazio fasean, pdf fitxategiaren gainean. Lehendabiziko orrazketan, ortografia akatsak zuzentzen dira, arakatzailearen ortografia-zuzentzaileak berak detektatuak (gehienetan). Zuzenketa ohikoenetako bat ulermena zailtzen duten alderdiei buruzkoa izan da: aditzaren atzerakarga konpontzea eta esaldi luzeak moztea. Hala ere, beldur naiz ez garela heldu denari erreparatzera. Erreparatu behar izan zaie, halaber, aditzen denborari: EUWPn, maizenean, artikuluak idazteko unean, gertaerak fresko daude, eta aditz partizipioa + orainaldiko aditz laguntzailea formulaz adierazi ohi dira («egin dituzte»). Denbora pasa ahala, ordea, aditzaren denbora iraganera pasa behar izaten da («egin zituzten»). Alderdi horiek irakurketa fasean atzeman ohi dira.

Ortografiari buruzko azken erabakia arabierazko izenen grafiari buruzkoa izan da. Hala Euskaltzaindiak (29, 30) nola Berriak (31) transkripziorako ortografia arauak eta jarraibideak zehaztu dituzte. Formalki, erraz identifikatzen dira jatorrizko testuetako “sh” letra multzoak ingelesez edo espainieraz transkribatuak direnean, euskaraz “x” jartzekoak, baita “ee” bokal multzoak ere, gure inguruko erdaretan oro har “i” letraz adieraziak, baita euskaraz ere. Bada, aintzat hartu dira arabierazko izenak euskaraz transkribatzeko ereduak eta, jada maketazio fasean ginela, arabierazko izenak euskaraz ematea. Gazako administrazio unitateen mapako izen nagusiak euskaratu dira (32), denak itzuli ez badira ere, asko baitira, eta formatua (png) ez da egokiena lan hori egiteko. Balio beza artikulu honexek dei egiteko mapa hori eta Ekialde Hurbileko beste batzuk osorik euskaratzeko!

ERREFERENTZIAK ETA INTERAKTIBITATEA

Wikiliburuaren edizio prozesuan, erreferentziak nola adierazi erabaki behar izan dugu. Iturriek ematen diote testuari egiazkotasuna. Gainera, EUWPko artikuluen helburuetako bat, baita proiektu honena ere, euskal iturriei bigarren bizitza bat ematea izan da. Izan ere, EUWP ez da autore lana edo ikerlan pertsonalen argitalpena, baizik eta jada argitaratuta dauden iturrien isla izatea, jatorrizko testua kopiatu gabe, non eta ez den hori berariaz baimentzen, CC-BY-SA lizentziaz. Hala izanik ere, artikulu bakoitzeko lehen hamar erreferentziak soilik atxiki dira, bestela neurrigabe luzatuko bailitzateke wikiliburuaren orri kopurua.

Bada, wikiliburuko artikuluen hasieran, QR kode bana adierazi da irakurleak zuzenean EUWPko artikulua kontsulta dezan. Artikuluen QRa erraz eskuratzen da, hura deskargatuz, WP artikulu bakoitzaren eskuineko zutabetik. Haren bidez, bai, irakurleak erreferentzia guztiak ikusi ahal izango ditu, baita artikuluaren kalitate balorazioak (bozkatuak zein automatikoak) eta wikiliburua janzten duten irudiak, bideoak zein mapak jatorrizko kalitatean, eta beste hainbat eginbide. Maketazioaren azken fasean, esteka bat gehitu dugu liburuaren 4. orrialdean, nahi duenak Commonsetik wikiliburua bera deskargatu eta erabil dezan (33).

BEHARREZKO LIBURUA

Wikipedia ezagutzaren bitarteko prekarioa da, ez da denetara heltzen, etengabeko bilakaeran da, dinamikoa da, aldakorra, interaktiboa, 2.0. Wikiliburu honek ihes egiten dio definizio horri, paperean finkatua den neurrian, baina premiazko testigantza zintzo bat biltzen du, atari bat da, ez soilik gertaera batzuena, baita iturri batzuena ere, garai baten erakusgarri. Aldaketak, hobekuntzak, espero daitezke EUWPko artikuluetan, jada erregistraturik dauden albiste eta informazioak denboraren joanean biribiltzeko eta fintzeko (hala izango ahal da!). Hala ere, gure hiztun komunitatea txikia da, eta EUWPkoa txikiagoa. Batez ere, wikiliburu honek (eta edozeinek) irakurlearen jarrera kritikoa eskatzen du.

Egin dira krisi lazgarri honi beste liburu batzuk, beste zoom eskala batzuetan, beste ikuspegi batzuekin, eta batez ere, kopuruari dagokionez, erdaraz. Alde horretatik, liburu hau tresna bat gehiago da urrun eta, aldi berean, hain gertu bizi dugun geopolitikaren kapitulu lazgarri honi buruzko dibulgazio, hezkuntza eta ikertze lanari bidea zabaltzeko, wikitua, euskal begiz eta Euskal Herritik.



20 urte igaro dira 2021eko abenduan Euskarazko Wikipedian lehendabiziko edizioa egin zenetik. Harrezkero bide luzea egin du, eta ez dira gutxi boluntarioen lanaz eta Hezkuntza Programaren bitartez EUWPk izan duen hazkundea urte hauetan guztietan. Munduko hizkuntza komunitate guztietatik 283 hizkuntzak dituzte 100 artikulu baino gehiagoko Wikipediak, ia hizkuntza digitalak dauden beste. Eta nolakoa osasun digitala du euskarak? Nola eragiten dio Wikipediari?

Artikulu honetan saiatuko naiz euskararen erabilera Wikipedian nolakoa den aztertzen. Zein hizkuntzatan irakurtzen dute euskaldunek Wikipedia? Ehunekoak? Ehuneko horien zergatia?

EKIMEN HANDIKOA, TXIKITASUNEAN

Sortutako artikuluen kopuruetan, EUWP munduko 33. dago Wikipediako hizkuntza guztien zerrendan, eta martxan dira Wikipedia guztiek eduki beharreko artikuluak sortu eta lantzeko deialdiak. Emakumeen biografia artikuluak sortu eta handitzen EUWP bereziki aktiboa izan da, generoen arteko presentzia orekatzeari begira. Haurrentzako bertsioa ere badugu, Txikipedia, bizi-bizi. 2016an sortu zen Euskal Wikilarien Elkartea, elkarren berri izan, EUWP dinamizatu eta sinergiak josteko. Izan ere, datuek erakutsi dute EUWPko komunitatea munduko guztien artean bigarren aktiboena dela Estonierazko Wikipediaren atzetik, hiztun kopuruaren aldean (2018ko datuak). Pozteko moduko datuak dira, dudarik gabe.

Garrantzitsua da hori gogoan izatea, baina ez da EUWPren errealitateari begiratzeko faktore bakarra. Interneteko bilatzaileetan askotariko kontzeptuak bilatzean, batzuetan Wikipediako emaitzak eskuratzen dira eta, are seguruago, wikipedia hitza sartuz gero, jakina. EUWP euskarazko webgune bisitatuenetako bat da. Euskal Herrian diren herritar digitalizatuek Wikipedia bisitatzen dute, bai, baina hainbat hizkuntza aukera dituzte, eta edozein produktutan, merkatu jakin bateko kontsumoa da funtsezko faktorea.



WIKIPEDIEN ARTEKO DANTZA. NON DAGO EUWP?

Bada, Euskal Herrian Internet nabigatzen duten pertsonek ez dute beti Euskarazko Wikipedia bilatzen, beste Wikipedia aukera batzuk ere baitituzte. Horraino ondo. Wikipedia horiek bisitatuagoak dira Euskarazko Wikipedia baino, askoz ere. Euskararen Adierazle Sistemak eman ditu duela gutxi Wikipedien gaineko hizkuntzen araberako datu orokorrak, lehen aldiz sistema horretan Wikipedia kontuan hartzen (2020). EUWPk 72.000 bisita ditu Frantziako estatu osorako 2021eko urrian (1.000.000 Espainian). Europako estatukako estatistika horrek agerian uzten du Ipar Euskal Herritik ez direla asko EUWPrako bisitak; Alemaniatik bisita gehiago ditu, kasu baterako, Frantzia osotik baino. Jakina, ez dago faktore bakarra horretarako: egoera soziolinguistikoa, euskarazko hezkuntzaren hedadura mugatua, Hego Euskal Herriko estandarretik urruntzen den mintzatu eta idazteko manera edo, are, beste Wikipediek informazio gehiago ekartzea, Nabarralden Eneko Bidegainek aipatu bezala, hobea ere ez gutxitan, umiltasunez esateko, artikuluaren arabera.

Hego Euskal Herrirako datuak zehatzagoak dira. Konparazioan, baina, Euskarazko Wikipedia hirugarren Wikipedia bisitatuena da Hego Euskal Herrian, Espainierazko Wikipediaren eta Ingelesezko Wikipediaren atzetik, eta aldea ez da txikia. EUWPk 2.800.000 bisita izan zituen 2021eko azaro arte, Wikimediako proiektuen bisita guztietako % 5,08; Ingelesezko Wikipediak 8.100.000 bisita, % 14,70; bukatzeko, Espainierazko Wikipediak 41.100.000 bisita, % 74,41. Beste erdaretan, % 6 (iturria: Wikimedia Fundazioa).

Irudi honek alt atributua hutsik dauka; bere fitxategi izena EHWP-datuak.png da
Irudi honek alt atributua hutsik dauka; bere fitxategi izena NAFWP-datuak.png da
Irudi honek alt atributua hutsik dauka; bere fitxategi izena EAEWP-datuak.png da



Hemen ere faktore askok eragiten dute bisitetan. Bistan da lehena egoera soziolinguistikoa dela. Ingelesezko Wikipediari erreparatuz, ingelesa ez da jende askoren ohiko hizkuntza, baina bai nazioarteko hizkuntza nagusia eta munduko lehendabiziko Wikipedia. Euskaldunek (elebidunak edo hirueledunak) beste Wikipedia batzuk ere kontsultatzen dituzte, eta horretarako arrazoi bat bada formaz zein edukiz beste Wikipedia horiek aberatsagoak edo fidagarriagoak edo irakurterrazagoak direla sinestea.

Hala ere, hezkuntzako eta soziolinguistikako datuetatik arrunt urruntzen da. Argi dago badagoela beste faktore bat. “Euskal Rock Erradikala” dokumentalak ematen digu pista bat. Azaroaren 25ean ETB1en eman zuten; bada, 23an, pertsona batek bisitatu zuen izen bereko artikulua EUWPn, 24an bik, eta 25ean 13raino igo zen “Euskal Rock Erradikala” artikuluko bisitarien kopurua. Azaroaren 26an, biharamunean, gutxiago ziren jada bisitariak, 10, baina ohikoa baino nahikoa gorago. ESWPko estatistikari erreparatuz gero, berriz, ohartzen gara ETB1en programa eman eta hurrengo egunean, 26an, ia bikoiztu egin zela azaroaren 25eko bisitari kopurua (48) “Rock Radical Vasco” artikuluan, 93raino helduz. Euskaldunek espainierazko artikulua bisitatzen dute, barra-barra. Egungo euskaldunek joera handiagoa dute erdaraz irakurtzera euskaraz baino, baina badago besterik ere.

Irudi honek alt atributua hutsik dauka; bere fitxategi izena Hizl-eta-hezk-grafikoak-1024x675.png da

Hego Euskal Herrian heren bat baino gutxiago omen da euskaldun aktibo eta bost biztanletik bat euskaldun pasibo. Behintzat, 2021ko estatistiken arabera, EAEko (“Euskadiko”) ikasle gehienak, % 64, D ereduan matrikulatu ziren, eta % 17 B ereduan. Erdiak baino gehiago, euskaraz. Nafarroako Foru Erkidegoan, nabarmen gutxiago dira D ereduan matrikulatuak: unibertsitate aurreko hezkuntzako % 24,2 (2020/2021). Bada, wikilariok baditugu datuak pentsatzeko euskarazko Wikipediara egiten diren bisita asko ikastetxeetatik, eskola orduetan, egiten direla. Eskolako oporraldietan eta asteburuetan bisita kopurua zeharo jaisten da. Nondik dator, bada, halako aldea Wikipedietako bisitetan?

WEB POSIZIONAMENDUA

Ezaguna zaigu: nolako hizkuntza konfigurazioak gailuan halako emaitzak Interneten. Algoritmoak agintzen du: guk (gure nabigatzaileak, bederen) ziberespaziora zer datu bidali, hori eskainiko zaigu itzuleran, eta hizkuntza konfigurazioak badu hor zeresana. Gailu asko (mugikor, eramangarri, tableta eta mahaigaineko ordenagailu) erdaraz konfiguratuta erosten ditugu, eta maiz ez dute euskarazko aukerarik ematen interfazean gure hizkuntza ezartzeko, baina nabigatzailea euskaraz jar dezakegu, bederen. Zorionez, gailu batzuek badute sistema eragilearen euskarazko aukera konfigurazioan, baina erabiltzaileek ez dakite askotan euskaraz jar dezaketela ere, edo ez daude motibatuta euskaraz jartzeko. Ipar Euskal Herrirako daturik ez dugu une honetan, baina ez gara oso baikorrak. Hasteko, euskarazko konfiguraziorako hautuetan, euskara Espainiari loturik agertzen da ez gutxitan (hizkuntza autonomiko hori). Gailuek, mugaz bi aldeetan, nabigatzailea gaztelaniaz/frantsesez/ingelesez ekartzen dute, eta bide beretik dator lehenetsita bilatzailea.

Gure ikerketa txiki batek agerian utzi du funtsezkoa dela bilatzailearen interfazea euskaraz ezartzea bilaketa emaitzek euskara lehenesteko. Ez dugu pribatutasunaren lagun batere, baina Google da, zalantzarik gabe, bilatzaile erabiliena gure artean, eta aukera ematen du interfazea euskaraz jartzeko. Konpainia horren laiotzean, hauxe da kezkagarria: Chromek ez du euskarazko konfiguraziorik ordenagailuetan, Firefoxek eta beste nabigatzaile batzuek ez bezala. Ez du, bada, euskaldunaren esperientzia digitala bermatzen; erdaren morroi agertzen da, mugikorretan behintzat eskaintzen duen arren. Hargatik, gabezi horrek ez die bilaketen azken emaitzei asko eragiten, baldin eta bilatzailea euskaraz konfiguratzen bada. Hona atera ditugun datu batzuk “wikipedia Donostia” bilaketarako, emaitzen zerrendan lortzen duen postuaren arabera (goitik hasi eta beherantz):

Irudi honek alt atributua hutsik dauka; bere fitxategi izena Bilatzaile-emaitzen-datuak-1-1024x749.png da

Alde handiak daude emaitzetan, nabigatzailearen arabera. Gogoan izan behar da, bestalde, emaitzen zerrenda orriak 5 eta 10 artekoak izan ohi direla, eta gero bigarren orria hasten dela. Duckduckgo bilatzaileak, pribatutasuna gehien babesten duenak, ez du emaitza oso onik ingelesezkoak ez diren bilaketetarako, eta ez da gure artean asko erabiltzen. Oro har, emaitzak okerragoak izan zitezkeen, baldin eta nabigatzailearen erabiltzaileak beti erdarazko bilaketak egin ohi baditu, esaterako, edo geolokalizazioaren arabera (Interneti buruz zein kokapen geografikotan agertzen zaren; Googleren azalpena ingelesez): ez dago kasuistika bakarra.

Hala ere, taula argigarria da: modu proaktiboan jokatu ezean, erdarazko gure hautua igortzen dugu beti Internetera, nahi eta nahi ez, gure IP helbideak berretsia (estatuaren identifikazioa: Espainia, Frantzia). Trukean, Internetek (cookiek, bilatzaileek) gure hizkuntza hautua eta estatuaren kokapena itzuliko digu, gure euskarazko bilaketen kalterako. Dudarik gabe, galtzailea euskarazko aukera, bitarteko eta plataformen web posizionamendua da. Euskarazko emaitzak itzalean geratzen dira, eta itxi egiten da euskarazko produktuen Interneteko desabantaila edo/eta bazterketaren zirkulua. Kontzientzia handieneko erabiltzaileek ahalegina egingo dugu bilaketako emaitzen zerrendan behera euskarazko emaitzen bila irristatzeko. Erabiltzaile arruntek? Baietz errazenera eta lasterrenera joan.

Kementsua eta ekimenera lerratua da Euskarazko Wikipedia, baina erabiltzaileetan Euskarazko Wikipedia dugu hizkuntza konfigurazioaren gabezia horren biktimetako bat. Bisita urriak ditu, euskaldun aktiboen eta hezkuntzako euskarazko matrikulazioen ehunekoetatik oso behera. Nahitaezkoa dirudi eremu digitalaren erronkei aurrez aurre heltzea, lan eginez hardware eta nabigazio/bilaketa konpainiek gailuetan euskarazko interfazea eskain dezaten eta sendo apustu eginez euskarazko konfigurazioaren alde, norbanakoen zein erakunde publikoen (zein pribatuen) gailu digitaletan. Alegia, zeharkako planteamendu proaktiboa eta estrategikoa. Bien bitartean, euskaldunok Interneteko erdarazko produktuen eta eskaintzaren web posizionamendua elikatzen jarraituko dugu.

Kontsultatutako informazio iturri batzuk:

Eskerrik asko Gorka Azkarateri bere ekarpenengatik eta grafikoetan emandako laguntzagatik!

Oarsoaldea Wikiproiektua lantzen ari dira Bidasoaldean une honetan, Errenteriako Lekuona Fabrikak ematen dituen erraztasunak baliatuz. Haien zereginaren zati bat da, hain zuzen, eskualdeko ondarea eta oroimena digitalizatu ondoren hura Commonsen denen eskueran jartzea, lizentzia askeaz eta formatu irekian.

Aitzakia paregabea da begiratu bat emateko Wikimedia Commonseko metadatuetan euskarak duen presentziari; metadatuek, izan ere, garrantzi berezia dute multimedia materialaren bilaketa arrakastatsurako, bistatik galdu gabe euskarazko deskribapenak jarriz multimedia fitxategiari buruz ematen den informazioa eta laguntza, fitxategi horien erabiltzaileek eta hezkuntzan ikasleek erdarazko deskribapenen itzultzaile lana egiten amaitu ez dezaten.

Aldaketa bat gertatzen ari da kategorien izendapenetan, orain arte ingelesez ematekoak, baina duela denbora batetik hona tokiko hizkuntzan adieraz daitezkeenak, lekuak tokian tokiko hizkuntzaz izendatzeko. Zirrikituak ireki ditu nabarmenki gaztelaniazko zein frantsesezko kategoriak ikusi ahal izateko, eta bide zein erronka berriak ireki horiek euskaraz eman eta bistaratu ahal izateko.

Gero eta gehiago, bestalde, Commonseko metadatuak Wikidatarekin interakzioan eta estekaturik daude, eta uztarketa hori fitxategien metadatuak betetzeko orduan ere agertuko zaigu, formulario baten bitartez. Azkenean, kategoriek erabiltzailearen hizkuntzan ikusi ahal izateko bidea daramate, Wikidataren bitartez, baina artean ere prozesuan da integrazio hori.

Wikimedia Commons, euskaldunontzako aukerak

Commonsen, munduko 3. multimedia biltegirik handienean, lizentzia askeko multimedia fitxategiak gordetzen dira, behar bezala kategorizatuta. Bitarteko ahaltsua da Commons, askorengana heltzen da, ez da gutxi euskal unibertso digitala aberasten egiten duen lana. Etengabeko garapenean den proiektua da Commons, uneoro berrikuntzak gehituz. Euskal Herriko ondare katalogatua eta ez katalogatua ikusgai eta eskueran jartzeko parada ederra da, bestela ikusgai ez leudekeen euskal erreferentziak, boluntarioen lanez hornituak. Material gehienak boluntarioek kargatu dituzte Commonsera eta CC lizentzia libreenekin partekatu dituzte, eskuzabal.

Monumentuak irudikatu edo ez, hezkuntza komunitateak eta zehazki ikasleek (EU Wikipediaren erabiltzaile gehienak ere badirenak), badute beren ikaslanetarako multimedia bitartekoak eskuratzeko premia: Commonsek argazkiak, bideoak, eskemak, infografiak eta mapak eskaintzen ditu, Euskal Herrikoak zein kanpokoak, wikilarien ahaleginez eta Hezkuntza Programako hitzarmenen bidez igoak (UEU, Berria, Tokikom, etab.), jpg, svg, png, webm, ogg eta bestelako formatuetan.

Multimedia materialaren euskarazko bilaketa eta erabilera hoberendu

Digitalizazioak abiadura aurreikustea ekarri du, belaunaldi berriek ere hori eskatzen (exijitzen) dute, baita euskarari ere. Aldiz, multimedia fitxategi askok EN, ES edo FR testua bakarrik erabiltzen dute, eta horrek oztopatu egiten du nahi den motako edukia euskaraz bilatzea. Hezkuntzaren testuinguruan, abiaduraren premiak eta erraztasunak beste hizkuntzetara lerratzen ditu ikasleak material baliagarriak bilatzeko dituzten interakzioetan: bilaketak errazagoak zaizkie askotan hizkuntza horietan.

Gai orokorretan emaitza gehien eskuratzeko, bilatutakoa ingelesez idazteak du aukera gehien, baita gaztelaniaz/frantsesez ere. Horiek izango dira Euskal Herriko batez besteko erabiltzaile baten lehen hizkuntza aukera, eta horretan errealitate fisikoaren beraren isla dira. Commonsen bilaketak egitean, lortuko ditugun emaitzak hauexen araberakoak izango dira: fitxategi izen, deskribapen eta kategorietako hizkuntzak eta aipatutako Wikidatako sare semantikoa (haren definizioa). Guk, berriz, euskarazko bilaketaren aukerak handitu nahi ditugu.

Commonsek Wikidata datu base askearekin bat egiteko bidea darama, baina horretara heldu bitartean, ez du beti Wikidatako estekarik edo beharrezko Wikidatako euskarazko daturik, horiek etengabe hornitzen ari diren arren. Fitxategi bat igotzean, datu egituratuen formularioaren bidez egiten da Wikidatarekiko erlazioa, baina artean nekeza eta gogaikarria egin daiteke boluntarioak formularioko hainbat datu (ere) bete behar izatea.

Zaleenentzat, Wikidata euskaraz hornitzen joateko aukera erakargarri bat WikiShootMe tresna da, gure geografiako Wikidatako elementuei euskarazko etiketak eta deskribapenak emateko baliagarria (kasu honetan, Baiona). Euskaldun guztion interesekoa izango da elementu edo itemen izendapen arautuak erabiltzea (etiketa), existitzen direnean. Euskaltzaindiak oso eskuraerraz jarri ditu bere erabakiak eta izen zerrendak bere webgune bikainean, horiek lagungarriak dira Wikidatako eremua fin-fin betetzeko. Tokiko forma arautu zehatzik ezean, analogiaz bete daiteke etiketaren eremuko izendapena. Herrietako elizen izenetan, adibidez, haren euskarazko izenaren informazio zehatzik ez badugu, ontzat eman ditzakegu geografikoki hurbilenak diren izendapenak, hala nola “Santa Maria” edo “Andre Maria”, frantsesezko Sainte Marie edo Notre Dame euskaraz emateko, eta berdin gaztelaniatik. Behin-behineko konponbidea da, intuitiboa eta balekoa.

Kategorien eta fitxategien izenak

Commonsen, fitxategiak izendatzeko modua Language policy orrian arautzen da. Ingelesa da kategoria orokorrak izendatzeko lehenetsitako hizkuntza, pluralean, hala nola “1930 births” edo “Castles of the Kingdom of Navarre”, baina orain ontzat eman dira tokian tokiko izendapenak, tokiko errealitateari lotuz. Zenbait wikilarik erabaki dute Hego Euskal Herriko lekuak gaztelaniaz jartzen hastea, hala nola hiri eta herrietako kaleak edo lekuak (ikus Calle Ercilla edo Monumento al poeta Alonso de Ercilla), Commonseko erabiltzailea gaztelaniara behartuz emaitzak nahiko baditu, edo bilaketako elementu oso minimoetara, adibidez “Ercilla” edo “Alonso de Ercilla”, euskarazko izendapenaren ordez, baina kasu horretan ezin saihestu gaztelaniazko ortografia eta elementu morfosintaktikoak.

Fitxategien eta kategorien bilaketa laukiak izendapen iradokizunak eskainiko ditu automatikoki, izendapenak proposatu eta erraztuko ditu, existitzen diren hizkuntza hegemonikoetako kategoriak eta izenak eskainiz, besterik aurkitzen ez badu. Kategoria laukietan, HotCat gadget edo tresnak (lehenetsia) iradokitzen ditu izendapenak. Gainera, multimedia fitxategia dagoeneko Wikidatari loturik edo/eta, gainera, datu base horretan euskaraz definituta ez badago, segur aski gai askotan ez da izango erakargarriena euskarazko bilaketa egitea Commonsen batez besteko erabiltzailearentzat. Premia handia da bilaketetan hizkuntza hegemonikoen alde dagoen erlazio desorekatu hori euskarazko hautuaren alde berdintzeko edo orekatzen saiatzeko.

Kontzeptu geografikoak

Zenbait wikilarik kategorien euskarazko izendapen hutsak gaitzetsi dituzte, oro har kategoriak forma ofizialekin bat etorraraziz. Kategoriaren edo izendapenaren lehen hitza gaztelaniazkoa bada, HotCat tresnak gaztelaniazko aukera proposatzeko joera izango du, eta bigarren mailan utzi izendapeneko bigarren elementua, adibidez Villaba-Atarrabia. Kategorizazio horiek, orain arte jarri diren bezala, ez datoz bat beti izen ofizialekin, euskara lehenestearen kaltetan, hala nola Salvatierra-Agurain, herrian ofizialki “Agurain-Salvatierra”.

Euskarak batere ofizialtasunik ez duen eremuetan (Nafarroa Garaiko hegoaldean eta Ipar Euskal Herrian), euskarazko kategoria geografikoek, elebitan jarrita ere, aukera gutxi izango dituzte irauteko, eta etsigarria gertatuko zaio wikilariari borroka horretan sartzea. Erdaraz jada existitzen den euskarazko kategoria geografiko bat sortu nahi izanez gero, kategoriaren bikoizketa bat eragingo da, Commonseko erabiltzaileentzat lagungarria ez dena. Koherentziaz egokiena izan ez arren, azpikategoriak sor daitezke, adibidez, “1620 Loraldia jardunaldia – Donapaleu” azpikategoria, “Saint-Palais (Pyrénées-Atlantiques)” kategorian. Bilaketa batek kategoriaren izendapen horretako “Donapaleu” forma identifikatuko du.

Nola bete Commonsera igotako fitxategiaren datuak

Bada, eztabaida gogaikarri luze eta antzuetan sartu gabe, Euskal Herriko gaiei (edo gai unibertsalei) buruz ingelesez, gaztelaniaz edo frantsesez egin ohi direnak, wikilari euskaldunak beheko hautua egin dezake ordenagailuan; hartara, Commonsera ekarpenak egiten dituenean, erraztu egingo du Commonseko euskarazko erabilera eraginkorra (eta lagundu egingo du erabiltzaileak zein ikasleak “itzultzailearen sindromean” ez erortzen). Ez doa oharkabean, egun, erabiltzaile digital askok mugikorretik jarduten dutela, eta horretarako Commonsek badu aplikazio bat, mugikorrean instalazio lokala egiteko. Hauexek dira, bada, wikilari euskaldunak eman ditzakeen pausuak:

1. Commonseko erabiltzaile profilaren hizkuntzan, hautatu euskara, Commonseko goiko barran ezkerrean.

2. Jarri izena euskaraz igotzen duzun argazki/bideo/audio/eskema fitxategiari. Ikusita euskarazko morfosintaxi sintetikoa eraginkortasunez irakurtzeko tresna digitalek artean zailtasunak dituztela, adierazi igotzen den fitxategiaren izena kasu nominatiboan eta era deskriptiboan (Language policyaren arabera), aurreikus daitezkeen elementu lexiko minimoekin, hala nola “Bidasoa – Elizondo”, eta ez “Bidasoa ibaiaren Elizondoko ikuspegiak”, “Amaiur – gaztelua”, “Amaiurko gazteluaren hondarrak” baino hobeto. Sortu fitxategien izen serieak beharrezkoa balitz: “Bidasoa – Elizondo 1”, “Bidasoa – Elizondo 2”, “Bidasoa – Elizondo 3”, eta abar. Batzuetan, argipen gisa (desanbiguazioa) interesgarria eta adierazgarria izan daiteke urtea jartzea, hala nola “Bidasoa – Elizondo (2021)”.

Irudiak Commonsera igotzean, Igoera Laguntzaileak gidatuko gaitu erraz, baina dagoeneko igo dugun fitxategi bateko metadatuak berriz editatu nahi izanez gero errazagoa izan daiteke “Aldatu iturburu kodea” fitxa irekitzea (wikitestua).

3.a Gehitu deskribapena euskaraz. Nahitaezkoa da deskribapen eremua betetzea fitxategi bat Commonsera igotzen denean, egun irudi-oina gehitzeko aukera ere ematen badu ere (motzagoa eta Wikidatarako baliagarria). Deskribapenaren eremuan, xehetasun gehiago zehaztu ditzakegu, eta alderdi morfosintaktiko eta lexikoekin askatasun handiagoz jokatu. Deskribapena zenbat eta zehatzago egin, orduan eta errazago izango zaio Commonseko erabiltzaileari nahi duena aurkitzea.

3.b Deskribapenaren hizkuntza identifikazioa errazteko, onena duzu dagokion deskribapen eremuan hizkuntza txantiloia gehitzea (beharrezkoa ez den arren). Hori erraz jartzen dizu Igoera laguntzaile edo morroiak, nahikoa da deskribapen testua sartzea. Edizio xeheagoa eginez gero, hauxe duzu sintaxia (adibidea): “{{eu|}}”, adibidez, “{{eu|Erge mendiko (mapetan, gehienetan, Cap des Pènes) xehetasunak, [[:eu:Montsérié|Montsérié]], Garona Garaia departamentua, Okzitania.}}”.

4. Euskarazko Wikipediaren erreferentzialtasuna eta fitxategiko edukiaren identifikazioa hobetzeko (beste hizkuntzetako erabiltzaileei ere bai), Wikipediako estekak gehitu ditzakegu. Horretarako, baliatu (adibidez) deskribapeneko testuan “[[:eu:Maule|Maule]]” moduko sintaxia (bigarren “Maule” hitzari atzizkia lasai gehitu dakioke): hartara, deskribapenaren irakurleak EUWPko Maule artikulura heltzeko modua izango du. Artikulu honetako gaia ez den arren, huts-hutsean lokalizazioa gehitu nahi bada, Commonsek badu ezkerreko zutabean Locator-tool delako tresna edo gadget baliagarria.

5. Fitxategien deskribapenari buruzko Commonseko hizkuntza arautegiak (Language policy) eleaniztasuna hobesten du, eta ona da Commonseko beste hizkuntzetako erabiltzaileek, euskaraz gain, fitxategiaren deskribapena beste hizkuntza batean ikusi ahal izatea, era horretan hizkuntzartekotasuna hobetuz. Beraz, artean denbora pixka bat baduzu, jarri otoi fitxategiaren deskribapena beste hizkuntza batean ere. Hizkuntza hori ingelesa, frantsesa edo gaztelania izan ohi da, baina ez bakarrik.

Commonsen behar bezala euskaraz egindako izendapenek eta euskaraz betetako metadatuek ez dute Wikidatako lana kentzen edo kaltetzen; biak dira elkarren osagarri, eta biek laguntzen dute euskararen presentzia eta aukerak Wikimediako proiektuetara eta, oro har, internetera zabaltzen. Dudarik gabe, errealitate analogikoak errealitate digitala islatzen du, eta horretan euskarak bizkor eta zalu behar du. Erakunde publikoek badute lana egiteko euskarazko domeinu digitala sendotzeko, plan anbiziotsuak falta dira, euskara munduko sarean bistaratzeko gai. Bitartean, boluntarioek eta aktibistek, beren/geure eroan, badute/badugu nondik hasi. Oarsoaldea Wikiproiektuak parada ederra eskaintzen du ondarea, oroimena eta euskara uztartuz aurrera egiten jarraitzeko.

* Eskerrik asko Gorka Azkarateri bere iruzkin eta iradokizunengatik

Bukatu da 2019-2020ko neguko Txikipediaren lehiaketa, Txikipedian orain arte antolatutako lehena, eta aurrea ere hartu genion Covid-19ari, Durangoko Azokan abian jarritako lehiaketari martxoaren erdialdera amaiera emanez. Zailagoa izan zaigu, ordea, alarma egoerak eragindako muga batzuk gainditzea, baina hor ere moldatu egin gara. Aurtengo Txikipedia lehiaketaren emaitzak eta saridunak Txikipediaren azaleko orrian daude ikusgai.

Gure lehen aldi honetan, bi ikastetxetako 48 ikaslek parte hartu dute, batzuek bakarka eta beste batzuek, berriz, binaka. Artikulu guztiak DBH 3 eta 4 eta Batxilergoko ikasleek egin dituzte, eta epaimahaiak erabaki du lehen eta bigarren postuak saritzea.

IKASLEAK

Lehen saridunak Zumaiako Institutuaren DBH4ko Izaro Sasiain eta Malen Garcia izan dira, Alai Arantzamendi irakasle arduradun zutela, Istingor arrunta artikulua ontzen hartutako lanarengatik. Bigarren saria, berriz, Berako Toki Ona Ikastetxearen DBH 3Fko Naroa Otamendi eta Ihintza Udaeta ikasleek eraman dute, Medusa artikuluarengatik, Aintzane Galardi irakasle arduradun zutela.

Digitalki eta tokian bertan haiekin mintzatu gara, sarien epelean. Zumaiako Izarok eta Malenek ez zuten Istingorra Zumaian ezagutzen, baina irakasleek proposatutako zerrenda batetik hautatu zuten. Berako Ihintza eta Naroak, berriz, azaldu digute kultura klasikoa lantzen ari zirela klasean, eta lehiaketaren berri entzutean, jainko-jainkosen inguruko artikuluak egitea erabaki zutela: “Medusa jainkosa aukeratu genuen, bi partaideei haren historia izugarria iruditzen zaigulako”.

Toki Ona ikastetxeko Ihintza eta Naroa saridunak, Beran

Izarok eta Malenek aitortu digute Wikipediatik zer-edo-zer eta gehiago edan dutela, “zailena beharbada informazio hori haurrek ulertzeko moduan idaztea” izan dela diote, eta “gustukoena txorien soinuak aukeratzea”. Wikipedia eta Wikimedia Commonsera jo dute multimedia materialen bila. Haren irudiak ere aurkitu dituzte. Beran, Naroa eta Ihintza oso gustura aritu dira informazioa bilatzen, “anitz dagoelako”: idazkiak, argazkiak, bideoak…, baina informazioa antolatzea ez zen horren erraza, eta “zailena ondoren etorri zen. Informazio askotik, haurrentzako artikulu bat idatzi behar genuen (…), dena sinplifikatzea eta ulergarria izatea”. Horretarako, Berako bikoteak irakasle arduraduna izan dute lagun, Aintzane Galardik, eta berak lagundu die idazkera fintzen. 

Alai Arantzamendi eta Mikel Arroiabe, Zumaiako lehiaketaren dinamizatzaileak

Hurrengo lehiaketetan parte hartzen duten ikasleentzat, hagitz garrantzitsua ikusten dute gustuko duten gaiari buruzko artikulua prestatzea, eta gogoratzea testu sinplea eta haurrentzako aproposa egitea. Haien antzera, Izarok eta Malenek hurrengo lehiakideei aholkatzen diete gustuko gaia aukeratzea!

IRAKASLEAK

Mikel Arroiabe wikilariak eta EWKEkideak bere aletxoa eta gehiago jarri du Zumaiako BHIko Txikipedia programa dinamizatzen. Gogoz heldu zion Txikipediari hura hasi zenean. Iaz hasi ziren txoriei buruzko artikuluak sortzen, lehen batxilergoko ikasleekin. DBH1ean txoriak lantzen dituzte, eta erabaki zuten haiek ulertzeko moduko artikuluak egitea, ezin aproposago Txikipediaren bitartez. Alai Arantzamendi irakasleak gidatu du  ikasleen lana.

Kontatu digu ikasleak ohituta daudela ingurune digitalean aritzen eta, ondorioz, Txikipedia berria zutelako bidean oztopoak aurkitu arren, erraz moldatu dira. Hasieran, “artikuluak nola editatu ikasteko azalpen orokorra eman dugu. Gela guztiak batera artikulu bat sortu dugu”, eta gero ikasleek bikoteka lan egin dutela kontatu digu. Beran, Aintzane Galardi irakasleak argitu digu ikasleek ikusi zutela lehiaketarako deialdia eta haiek egin zutela proposamena.

Wiki ingurunean moldatzen ez zaie asko kostatu: “Oso talde langilea eta arduratsua izan da aurtengoa eta primeran moldatu dira”. Gaiari gogotsu heldu diotela azaldu digu (saria irabazteak areago piztu die gogoa!). Alde horretatik, jarraipena eta ebaluatzea erraza egin zaio Galardiri, areago kontuan hartuz 7 ikasle izan dituela talde horretan. Galardik egiten duten eguneroko lana hartu du kontuan ebaluaziorako. Zalantzak agertu ditu 30eko ikasgela bat eduki izan balu gauzak nola joango ziren, baina bere kasuan eroso aritu da.

Zumaiako Alai Arantzamendi bat dator Berako ikasleek agertutako gogoarekin. Bestalde, Alaik eta Mikelek adierazi digute metodologian garrantzizkoa dela “artikulua nola egiten den argitzeko lehen egunean ikasgelako talde osoarekin tailer moduko bat egitea”: bannerrak, soinua, estekak… nola jarri. Bikoteka, Txikipediako proba orrietan egin dute lan lehendabizi, eta gero Txikipediako artikulu gisa argitaratu.

TXIKIPEDIA ESKOLAKO PROGRAMAZIOAN?

Mikel Arroiabek, Txikipediarekin izandako esperientzian oinarrituz, pauso berritzaile bat iragarri digu Zumaiako BHIn hurrengo urterako: DBH2n, Txikipedia tailer gisa sartzea, lau hileko ikasgai bihurtzea, astean bi orduz. “Txikipediaz gain, Wikimediako beste bitartekoak ere lantzeko asmoa dugu, Commons multimedia biltegi birtuala elikatzea, eta abar”. Zalantzarik gabe, ahalegin eder eta ausarta. Onena opa diegu ibilaldi horretan ere! Zorionak Berako eta Zumaiako lehiakideei, eutsi lan onari!

Joan da Wikimania 2019, abuztuaren 14tik 18ra Stockholm Suedian egindakoa. Wikimediako proiektuko talde eta pertsonen urteroko topagunea dugu, parada ederra Wikimediako beste proiektuen berri izan, geurea zertxobait erakutsi, eta proiektu arteko harremanak abantzarazteko zein lankidetzarako aukerak identifikatzeko. Aurten biko talde bat abiatu gara euskal wikilarietatik, bertatik zerbait (eta gehiago) probetxugarri ekarri eta han zerbait ere uzteko asmoz.

Gehiago irakurri

(Argazkiaren egilea: Wikimedia Foundation, CC-BY-SA 3.0)

Informazioa barra-barra dabilkigu mundu analogikoan/errealean eta, bereziki, mundu digitalean/(erdi)errealitatean, the Internet side of things. Gure izana badugu munduan, baina on-line aztarna ere uzten goaz gure bizitza paralelo horretan, pertsonek bezala, gauzek, eta gauzek bezala,  taldeek. Informazio hori, baina, sakabanatuta geratzen da bitarteko digital desberdinetan. Zabalkundera bideratutakoan, pertsonek eta elkarteek badituzte beren blogak, badira askotariko giza taldeek, politika, kultura, zientziakoek, erreferentziatzat dauzkaten web lekuak, baina ez ditugu besteenak irakurtzen, gure arlokoak, interesekoak edo aldekoak baizik.

 

Oinarrizko datuak kontsultatzeko leku bat, lankidetzaz

 

Euskarazko Wikipediak (Wikipediak, oro har) bitarteko bat sortu du ezagutze entziklopediko hori bideratzeko: kanal mainstream bat da eta, beraz, irakurle multzo zabalekoa, erreferentzia komun bat, oinarrizko datuak emango dituena, modu ahal den neutralenean eta lizentzia askeaz. Edonork sor dezake, edonork aldatu; gida labur polita argitaratu du Kepa Sarasolak oraindik orain wikimedia.eus gure webgunean, Wikipedian aritzearen argiak eta ez hain argiak nabarmenduz (lizentziek kaka ematen dute batzuetan, bai!), eta editatzera irakurleak xaxatuz.

 

Adierazpen politikoa?

 

Wikipedia munduko seigarren webgune bisitatuena da, nola ez da izango ba hor egotea garrantzitsua? Bertako informazioa zabal-zabaldu egiten da, egin kontu, artikulu esanguratsu bat hartzeko: Basques artikuluak, mundu osoan irakurriak, 1,164 bisita izan ditu egunero, 307.178 bisita 2018 osoan; History of the Basques, antzera, 349 bisita izan ditu egunero batez beste 2018an. Ildo beretik beste batzuk, eta ingelesezkoa da, gustuko edo ez, azpiko maila guztiak, hizkuntzak, bustitzen dituen iturria, itzulpenaren bitartez: ezagutza eman (isur) eta zabal, barrurantz eta kanporantz. Hori adierazpen politiko bat da? Bai, esan gabe doa, eta ez da doakoa: EN Wikipedia bereziki dago korporazioen eta gobernuen jopuntuan.

Oroimena eta ondarea, multimedian eta dizplinartekotasunean

EN WPz landa, berta-bertako apustu sendoa dugu Euskarazko Wikipedia, topikotik tira eginez, izana izen bihur dadin. Ez dator gaizki gogora ekartzea EU WPk 31. postua duela nazioarteko hizkuntzetan artikulu kopuruari erreparatuz, eta munduan 300 hizkuntzak dute Wikipedia proiektu bat (6000+ hizkuntza ditugu munduan, gero eta gutxiago…). Bere txikian bada marka, eta beste hizkuntza gutxitu askoren begirune (katalanek barka…). Wikipedia duenak, teknologia duenak bezala, aurrera egiteko aukerak izango ditu.

 

Berriaren Oroiteria jardunaldiek gogorarazi egin zuten memoriaren garrantzia, eta ez alferrik. Non kokatu oroimena eta ondarea guztion eskueran (eta guztion partaidetzaz), datu objektiboen oinarri bat izan dezaten? Ez arloko/alderdiko web espezializatu batean edo museo/liburutegi zoko batean itzalduta, edo egunero aldatzen den egunkari batean sakabanatuta, baizik etengabe aurkitu eta eguneratzeko moduan. Horretarako lotu dute EU Wikipediak eta EWKEk hitzarmena hainbat erakunderekin, tartean Berria dela: multimedia fitxategi eta testu ugari jarri du eskueran Wikipedia elikatzeko, nork egoki ikusi bezala Oroiteria Wikipedian erabili eta oroimena dinamizatzeko, tokatu zaigun inter, multi eta trans aroan. Ondarearekin bada artean lanik egiteko, hura Euskarazko Wikiteka (.eu) berrira eta Wikipediara zein Wikimedia Commonsera igotzeko, multimedia fitxategi askeen munduko biltegi handienera.

 

Martxan da artean irailean WikiLovesMonuments (argazkia atera eta parte hartu!), eta EU Wikipediak bere tartea du bertan, edonork gure ondarearen argazkiak igo ditzan. Ondarearen sailkapen irizpide hori murritza da? EHko memoria lekuak, esaterako, sailkatuta daude? Gauzak daude landu eta aurreratzeko Euskal Herriko oroimen eta ondareari buruz, uneko Hezkuntza Programan ekinez eta gai horietan diharduten elkarteekin harremanak josiz, multimediaz eta diziplinartekotasunez. Horretan, Wikidata dugu azken dema, lankidetza bidezko munduko datu basea, hazten, hazten, hazten. Wikimediako proiektuetan, arrotzen ezagutzak betetzen du hor ez dagoen bertako ezagutzaren hutsunea. Hor egotea, ezin bestekoa.

 

(*Artikulu hau Berrian agertu zen irailaren 28an)

Aurten ere Celtic Knot egin da bigarren aldiz, zelta kulturako Wikipedien topagunea, uztailaren 5etik 6ra, oraingoan Galesko Aberystwyth kostaldeko herri ederrean izandakoa, non zehazki eta Galeseko Liburutegi Nazionalean. Ez, Euskal Wikipedia ez da zelta, ezta EWKE Euskal Wikilarien Elkartea ere, baina Celtic Knot Europako hizkuntza gutxituetako Wikipediak elkartzeko puntua bilakatzen ari da antza, gero eta gehiago.

Antolakuntzak euskal ordezkaritza gonbidatu du galesez mintzo den herrira (gurean antzera, ingelesa bolo-bolo dabil, ikus Iñaki Larrañagaren artikulua ZuZeun), eta plazera dugu euskal wikilariok hitzordua han jartzea. Zalantzarik gabe, topaketak euskal-gales harremanak sendotu ditu hurrengo hilabeteetara eta urtera begira: hizkuntza gutxituen ardatz berri bat?

Gehiago irakurri

Gauzak mugitzen ari dira Euskarazko Wikipedian, eta hurrengo ostiralean, hilak 20, 5:30ean Euskal Wikilariok Udaberriko Topaketa & Tailerrean elkartuko gara: hiruhileko honetan Donostian egingo dugu (tokiz aldatzen joango gara). Deialdi irekia egingo dugu hala nahi duten wikilari guztiak, EWKEko kideez gain, bertaratu daitezen, patxadaz zerbait ikasi, nork bere ekarpena egin eta beste wikilari batzuekin egoteko.

Elkarren berri izateaz gain, bilkuraren helburua da bi orduz wiki komunitatean artikulugintzan sumatzen diren ohiko duda-muda praktiko eta teknikoak argitzea. Wi-Fi eskueran noski. Laguntza orri berritua aurkeztuko dugu, Ikusizko Editorearen garapenari lotuta. Ohiko zalantza batzuk argitu eta, gero, elkarrekin arituko gara nor bere artikulua lantzen eta elkarri laguntzen.

 

Erraza duzu gurekin bat egitea: eramazu laptopa,

gustu baduzu elkarrekin hor egingo dugu topa.

Eramazu artikulua lantzean aurkitu duzun zalantza,

hor emango dizu norbaitek argitzeko eskaintza.

5:30ean ikusiko gara Koldo Mitxelena atzealdean

Errege Katolikoen Komikigunean

Eskoziako Gaelerazko Wikipedia (GD WP) urruti geratzen zaigu: Europa iparraldeko bazter bateko itsasarte eta mendixka malkarretako zoko-mokoetan galdurik begitantzen zaigu. GD WPk, baina, ordekara eta hirira nahi, gaelerak bezala, eta, ahalegin horretan, txalotzekoa da Michael Bauer, besteak beste, egiten ari den lana.

Michael Bauer, “Akerbeltz”, luze eta zabal aritu da Wikipedia horretan, eta hari egin diogu elkarrizketa. Ondo ezagutzen ditu Wikipedia txikien ajeak, baina gainera, euskalduna da, euskara duena, baita beste hainbat hizkuntzaduna ere. Euskaraz eskaini digu elkarrizketa. Celtic Knot tradizio zeltako Wikipedia proiektuen topagunean egon ginen elkarrekin Edinburgon, eta orain berarekin solas egiteko parada paregabea eskaini digu. Atsegina zaigu harekin EU Wikipediaz, Wikimediaz, EN WPz eta WPko hizkuntz gutxituen gorabeherez hitz egitea.

1. Eskozian bizi zara, baina ez zara jatorriz Eskoziakoa, bai ordea eleaniztuna. Nola erabaki zenuen gaelera ikastea, bertako hizkuntza gutxitu bat?

Egia da, jatorriz Alemaniakoa naiz, erdi alemaniarra eta erdi txinatarra, gure ama Hong Kongekoa baita. Nahiko istorio korapilatsua da baina hitz gutxitan, eskolan nintzelarik, Irlandako gaelera ikasten hasi nintzen klase batean. Gero euskara ikasi nuen eta Eskoziako nire “hirugarren” hizkuntza zen. Interneten bidez, Eskozian bizi zen gizon batekin topo egin nuen eta, geroxeago, Municheko LMU Unibertsitatetik Edinburgeko Unibertsitatera aldatu nintzen eta, hemen bainengoen, oso gauza normala zen niretzat hemengo gaelera ikastea. Hor egon nintzen 4 urtez, eta gero hemen Glasgowen beste ikastaro bat egin nuen, ze unibertsitatean jaso nuen gaelera nahiko akademikoa zen eta konfiantza falta zitzaidan kafe bat eskatzeko!

2. Hizkuntza gutxituetako Wikipedien artean alde handiak daude: katalanen WP mundu osoko hemeretzigarren postuan da artikuluen kopuruan; euskarazko WP, berriz, hogeita hamaikagarrena, 285.182 artikulurekin. gaelerazko WP ehun eta hamazazpigarren postuan da, 14.607 artikulu ditu, ez da asko…

Ez, baina demografiari begiratuz, ez da arraroa. 60.000 hiztun baino gutxiago ditugu eta haien artean, askok ez dakite gaelera irakurtzen edo idazten. 1872eko Ley del Vascuence bezalako lege batez gaelerazko hezkuntza debekatu zen, eta lege horren oztopoak oraindik sufritzen ari gara. Eta oso berandu hasi zen berriz gaelerazko hezkuntza, 1980an, eta gaur ere %1ek baino gutxiagok ikasten du Eskozian gaeleraz. Hiztun gutxi, artikulu gutxi. Gainera, denetatik dago, zirriborroak nagusiki, eta askok oso gaelera txarra erabiltzen dute, batzuetan ulertezina. Wikipediako lankide gehienek gaelera ikasi dute, eta batzuek oso gaelera ona dute eta beste batzuek okerragoa.

3. Wikipediako estatistiketan, beste parametro garrantzitsu bat editore aktiboena izaten da. Zuek 35 dauzkazue, estatistiken zerrendan dioenez: nola handitu daiteke kopuru hori? Elkar ezagutzen duzue?

Batzuk ezagutzen ditut, beste asko ez. Zaila da, handitzea bakarrik ez da konponbidea: demagun ekintza baten bidez hogei lankide berri agertzen direla; bermerik ez gaelera nahiko ona izango dutela, eta lauzpabost administrari ditugu. Orduan, haien lanak zuzendu behar badituzte, lehen baino okerrago izango dira gauzak. Nire ustez, hizkuntza horren gutxitua baldin bada, gauza onena izango da lankide batzuk kontratatzea. Irakasle jubilatuak, adibidez, normalean alfabetatuak dira, eta gai ezberdinak ondo ezagutzen dituzte. Ez litzateke diru handi-handia gastatuko. Horrela, behar ditugun gauzak izango ditugu: artikulu on eta luzeak eta, kasu onenetan, ingelesezko artikuluetan ez dagoen informazioarekin. Zirriborroak baino ez baldin badituzu Wikipedia batean, naturalki erdarazko WP batera joko du jendeak, baita nik ere, informazioaren bila banabil.

4. Hizkuntza gutxituetako Wikipediek, guztiak gutxituak izanagatik ere, erronka desberdinak dauzkate; berbereak, adibidez, ez dira ados jartzen erabili beharreko alfabetoari buruz, beste batzuen erronka nagusia WP jakin hori berrikuntza teknologikoetara egokitzea da, eta beste batzuek, berriz, GLAM eta Hezkuntza programak garatu ditugu. Zein aurreikuspen dituzu une honetan GD WPrako? Zer eragozpen ditu?

Alde hartatik ez dugu eragozpen handirik, egia esan, agian lankide gutxi garelako… Alfabeto aldetik, bai, ortografia ezberdinak ditugu, baina haien arteko ezberdintasunak nahiko txikiak dira. Gainera, oso historia luzea du gaeleraren idazkerak: erromatarren aroa bukatu eta gero, gaelera zaharra izan zen idatzitako lehen herri-hizkuntza, VI. mendetik aurrera. Horregatik oso ohituta dago jendea idazkera ezberdinak ikusten.

5. Hizkuntza gutxituetako WPek zerbait egin dezakegu elkarri laguntzeko?

Ba… bai, zerrenda luzea dut 🙂 Baina zerrendan goi-goian bi gauza daude:

  • Txantiloiak itzultzea errazagoa izango balitz, askoz errazagoa izango litzateke WPko tresna “bereziak” kopiatzea. Lankide gutxi baldin badituzu eta, are eta gutxiago, kodea menperatzen dutenak, oso zaila gertatzen da artikulu politak idaztea.
  • Bigarrena Wikidatarekin lotuta dago. Celtic Knot biltzarrean Euskal Herriko taldeak lagundu egin zigun biografia txantiloiak automatizatzeko Wikidata erabiltzen. Oso tresna erabilgarria da. Adibidez, behin “Arrantzalea” itzuli eta gero, ehun artikulutan agertuko da automatikoki eta, datuak aldatzen badira, adibidez, norbait hiltzen bada, automatikoki berritzen da.

Denbora asko salbatzen dute horrelako tresnek. Hala ere, ez dira oso user-friendly, developer bat ez baldin bazara. Etxean saiatu nintzen “Eraikin” txantiloia egiten, baina ezin nuen. Horrelako tresnak agertzen direnean, gu bezalako WP txikiek asko lagunduko genioke elkarri tresna horiek erabilerrazak egingo balituzte, informatikako diploma bat behar izan gabe ere.

6. Euskaraz zu entzutea pozgarria da! Zure izena ere euskal izena da. Nolatan?

Akerbeltz hori? Ba… Mikel dut izena ta Interneten ibiltzen hasi nintzenean, txat geletan beti ehun eta bat “Mikel” zeuden ia. Izen bitxi baten beharrean nengoen, eta une hartan euskara ikasten ari nintzen, eta bururatu zitzaidan “Akerbeltz”ekin saiatzea. Eta noski, Interneten Akerbeltz gutxiago zeuden Mikel baino. Gero, lehen webgunea egiteko asmotan nenbilelarik, izen bat behar nuen, eta Akerbeltz aukeratu nuen.

7. Ingelesezko WPra etorriz, hor ere aritu zara, nahiz eta egun nahiko utzita duzun. Luze eta zabal landu dituzu euskal gaiei buruzko artikuluak…

Bai, hasieran lan atsegina zen baina Ingelesezko WPa aldatzen ari da. Bandalo asko, Wiki-abokatu asko, eta administratzaileek ez dute asko laguntzen. Azkenean, egoerak nazkatuta utzi ninduen, eta nahiz eta orri batzuk oraindik zaintzen ditudan, lan egiteko une bat dudanean, Gaelerazko WPan egiten dut lan. Bandalo eta abokatu gutxi!

8. Bukatzeko, azken urteotan Wikimedia mugimendua asko indartu eta garatu da. Nola lagundu diezaiokete hizkuntza gutxituetako proiektuek Wikimediari, eta alderantziz?

Gure munduko berriekin WP handituz, uste dut. Bereziki Ingelesezko WPan artikulu nahiko on bat idazten baduzu, askotan zabaltzen da beste WPetara. Adibidez, 2009an erromintxelari buruzko artikulua hasi nuen, eta segitu egin nuen Good Article mailara iritsi arte, eta idatzi nuena gaur gutxienez beste 3 WPtan agertzen da. Truke ona, esango nuke.

Eskerrik asko zure jardunagatik, Michael, eta zorte on Gaelerazko WPn!

 

Egilea: VGrigas;  (WMF) CC-BY-SA

Victor Suarez da Asturierazko Wikipediako arima, edo haren erdia gutxienez. Aurten, Asturierazko Wikipedia 50.000 artikulutara heldu da, aitzakia polita Asturiasko Bimenesen beste proiektu batzuetako wikilari batzuekin ospatzeko. Hil batzuk geroago, harekin elkarrizketatu gara, AST WPz hizkuntza gutxituez, Wikipediaz, Wikimediaz eta abarrez.

1.      Azken urteotan, Wikipediak oihartzun handia hartu du Internet barruan informazioa eskuratzeko bitarteko gisa. Ezagutzen ditugu hizkuntza gutxituetako Wikipedia batzuk, katalana, adibidez, baina asturierazkoa nahiko ezezaguna zaigu… Nola definituko zenuke?

Asturierazko Wikipedia definitzeko orduan, garrantzitsuena boluntariotza da. Wikimediako proiektuetan boluntarioak garrantzitsuak diren bezala, are gehiago gure proiektuan: lagun talde txiki bat eta, 2006tik etengabe lanean ibili gabe, proiektua hilik zegokeen. Hori guztia erabiltzaile talderik eduki gabe, ezta erakunde publikoen babesik ere.

2.      Beti dugu aldamenean hizkuntza handi bat eta haren Wikipedia, espainierazkoa edo frantsesa adibidez, eta irudiko luke itzal egiten digutela, eta horietan editatzera gonbidatzen. Aldiz, zuk asturieraz egitea erabaki zenuen, zergatik?

Gaztea naizen arren, duela hiru urtetik hizkuntz aldarrikapenerako mugimenduko kide izan naiz eta, beraz, hasierako nire interesa hizkuntzari buruzkoa izan zen. Banuen blog bat ere eta Youtube kanal bat, eta dibulgazioan interesa nuen. Wikipediak bi gai horiek uztartzen zituen: Interneten eremuan asturierari ikusgaitasuna ematea, ez baitzegoen oso presente, eta ezagutza hedatzea, eta horrek eragina izan zuen gero nire etorkizuna irakaskuntzara bideratzeko.

3.      Hizkuntza gutxituen artean, hala izanik ere, alde handiak daude Wikipediako proiektuen artean. Katalana hemezortzigarren kokatzen da munduan artikulu kopuruaren aldetik, euskalduna hogeita hamaikagarren 286.989 artikulurekin.  Asturierazkoak 54.498, ez da asko

Asturierazko Wikipedian dugun ikuspegia oso baikorra da, gutxi irudi dezake, baina asturierak oso egoera bihurria bizi du: UNESCOko Hizkuntzen Atlasak arriskuan kokatzen du gure hizkuntza, ta

Egilea: Rodelar Iturria: WM Commons CC-BY-SA

malez aragoiera eta euskara bezala. Gure Estatutuan hala aitortua den arren eta hizkuntzaren babeserako neurriak ezartzen dituen Erabilera Lege bat dugun arren, baita Asturieraren Hizkuntza Akademia, Hizkuntza Plangintza eta Normalizaziorako Zuzendaritza Nagusi bat, eta asturieraz mintzatzen den Kultura eta Hezkuntzako Sailburu bat, familia transmisioko hiztunen kopuruak behera jarraitzen du, eta ofiziala ere ez da, eta horrek eragina du hizkuntzaz gizartean dagoen iritzian. Hezkuntzan hautazko ikasgaia izan arren, asturierazko alfabetizazioa ez dago zabalduta, ezta gutxiago ere. Erlijio kontutan sartu gabe, esan dezakegu “mirari” bat dela kopuru horretara heltzea.

4.Wikipediari buruzko beste parametro adierazgarri bat lankide aktiboena da. Estatistika taularen arabera, 4 ari zarete hileko 100dik gora aldaketa egiten, eta 17 hori baino zerbait gutxiago. Elkar ezagutzen duzue? Nola handitu daiteke kopuru hori?

Editore aktiboen kopurua, diodan bezala, oso txikia da eta aurrez aurre denok ezagutzen dugu elkar, nahiz eta erabiltzaile bat edo beste anonimo geratzea erabaki duen, ni bat ez natorren zerbait, baina errespetatzekoa. Artikulu kopurua handitzeko, ezin bestekoa da editoreen oinarria zabaltzea.

Ahalegin bat egin behar dugu edizio tailerrak egiten, jendea Wikipediako lengoaia eta arauei buruz hezteko eta komunitate erreal bat sortzeko, orain tamalez ez baitago. Nik badut asmo pertsonal bat 2014tik gai horiek lantzeko, baina zaila da eta batzuetan lan bakartia da.

5.      Hizkuntza familia handiagoetako hizkuntza gutxituetako WP proiektuetako prozedura oso oparo bat itzulpen automatikoz sortutako bot edo artikuluetara jotzea da. Erabiltzen duzue? Zeintzuk dira horren abantailak eta kalteak?

Bai, zuzenketako eta itzulpeneko botak erabiltzen ditugu. Proiektu txikietan, nire ustez, ezin bestekoak dira, lanordu pila bat aurrezten baitigute benetan eta, batez ere, atseginak ez diren zeregin errepikakorrak kentzeko modua ematen digute. Alde horretatik, abantaila dira. Bestetik, itzulpenari dagokionez, denok ezagutzen ditugu itzulpen automatikoen gabeziak eta, gero, zuzendu egin behar direla. Hori, hain esku gutxirekin, nahiko zaila egiten da artikuluen bolumena handia denean. Onena izango zen oreka bat egotea, bot zuzentzaile eta itzultzaileen eta oinarri bat ematen duen komunitate bizi baten artean. Horretarantz joan nahi dugu.

6.       Dibertsitatearen gaia oso uztartuta doa ezagutzarekin, hori geratzen da agerian Wikimediako estrategian. Hizkuntza gutxituek indar handiagoa hartu dute halaber mugimendu barruan. Nola lagundu diezaiokegu elkarri? Zer eskain diezaiokete Wikimediari?

Uste dut oso garrantzitsuak direla komunitateen arteko topaketak; izan ere, hizkuntzen egoerak oso desberdinak izan arren, beste gauza asko ditugu komunean, baita antzeko problematikak ere. Wikimedia Indigenous Languages, Wikimanian oraindik orain sortutako lantalde bat, tresna ona izan daiteke etorkizunera begira, eta Asturierazko Wikipediatik horretan saiatuko gara.

Hizkuntz dibertsitatea Wikimediako proiektuen zutarrietako bat da, eta ez lirateke ulertuko Interneteko “berezitasun” hau gabe. Ez da ohikoa Interneteko handiek hizkuntz minorizatuak errespetatzea, eta eskertu eta bultzatu beharreko zerbait da…; munduan 6.000 hizkuntza bizi egonik, Wikipediak 300 eskas edukitzea gutxi da benetan eta, beraz, sustatu beharreko zerbait da, horren alde lan egin behar dugu. Munduko kultura zabaldu nahi badugu, ezin ditugu ahaztu munduko hizkuntzak.

7.      Zer egitasmo duzue AST WPn aurrera begira?

Une honetan barrutik lanean jarraitzen dugu txantiloiak Wikidatako datuekin lotuz, eta hori oso erabilgarria da gurea bezalako komunitateentzat, eta hori eskertu egin behar diogu Euskal Wikilarien Elkarteari, bitarteko teknikoak erakutsi baitzizkigun. Gainera, birkategorizazio sakon bat egiten ari gara, eta hura errazten, gure proiektuaren tamainari egokitzeko. Artikulu kopurua handitzen jarraitu nahi dugu, eta Wiktcionariu proiektua suspertu, pixka bat utzita baitago, eta ez dugu galtzerik nahi.

Bestalde, esan bezala, badut nahi pertsonal bat ekintzak eta edizio tailerrak egiteko eta, beraz, elkarrizketetan nabil erakunde publikoekin eta kultur elkarteekin, 2018 honetan zer egin dezakegun ikusteko. Genero zuloa zelaitzea gustatuko litzaidake, emakumeen biografia gehiago eginez, eta Wikimedia proiektuak landa ingurunera hurbilduz, txikitu egin behar dugun beste zulo bat baita. Espero dut luze gabe egitasmo horien fruituak partekatu ahal izatea.

Eskerrik asko eta laster arte Victor!