Durangoko Azoka dator, urtero kultura eta sorkuntzarekin dugun zita garrantzitsua. Aurten 400 berrikuntza izango dira eskuragarri bertan, baita zuzeneko 200 ekitaldi baino gehiago ere. Tartean, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak abenduaren 8an Wikipedia Eguna antolatu du Kabi@ gunean.
Donostian ospatzen den Literaktum jaialdiak, literaturara hurbiltzeko modu ezberdinak proposatzen ditu: liburuak irakurriz, egileak ezagutuz, eztabaidetan parte hartuz… eta orain, baita Wikipediaren bitartez ere, sortzaileei eta hauen obrei buruzko artikuluak sortuz eta hobetuz. Azaroak 23an, Literaktum jaialdira etorriko diren idazleak Wikipedian sartzeko lantegia antolatuko da: nola egiten den ikasi nahi baduzu, zatoz Wikilantegira!
Literaktum, Donostia Kulturak literaturaren inguruan antolatzen duen jaialdia da. 2005ean izan zen lehen edizioa, beraz, 2017ko hau 13. edizioa izango da. Aurtengo gai nagusiak honakoak izango dira: Nobela eta historiaren arteko harremana, utopiaren indarra -eta haren itzal distopikoak- eta liburu ilustratua. Horien inguruan programa zabala antolatu da. Erronka berriei aurre egiteko asmoz, kolaboratzaile berriak bildu dira jaialdira, eta horien artean, bigarrenez, euskarazko Wikipedia.
Wikipediaren bitartez, Literaktum jaialdira etorriko diren egileak eta hauen idazlanak hobeto ezagutzeko modua proposatu nahi dizuegu. Nola? Artikuluak sortuz, hobetuz eta gaurkotuz.
Azaroak 23an, asteazkena, egingo dugu hori, 17:30-20:00 artean, Donostiako Alde Zaharreko Haur Liburutegian.
Wikilantegiari buruzko informazio zehatza Wikiproiektuan bertan topatuko duzue. Aurrez izena ematea ez da beharrezkoa baina bai komenigarria.
Literatur zalea baldin bazara eta Wikipedian editatzen baldin badakizu edo ikasteko gogoz bazaude, apuntatu ondo hitzordua!
EHUren Arabako Campuseko Errektoreordetzaren laguntzarekin, euskarazko Wikipediarako eta umeentzako euskarazko Vikidia online entziklopediarako artikuluak editatzeko jardunaldi bat antolatu dugu Gasteizko Letren Fakultatean datorren urriaren 25erako.
Aurten, beste urte batzuetan bezala, Wikimania biltzarra egin da, Quebeceko Montrealen. Aurten beste batzuetan ez bezala, baina, euskal wikilariak izan gara bertan gure (gazta) aleak jartzen. Aurreko nazioarteko biltzarra Alemaniako Wikimediak antolatu zuen (aurten, Berlinen). Euskal Herri barruko ekimenetik abiatuta, parada ederra Wikimedia mugimenduan (Wikipediaren gurasoan), gauzak zertan diren ezagutzeko eta, Euskal Wikilarien Elkartearen bitartez, zerbait ere ikasi, beste zerbait irakatsi, eta euskal wikilarion ahotsa entzunarazteko, hainbat aurkezpen eta ekitaldiren bitartez.