Gaur, Elkarrizketarako eta Garapenerako Aniztasun Kulturalaren Mundu Egunean, Ikusgelako sail berria aurkeztu dugu: Nondik nora. Zehar-Errefuxiatuekin elkartearekin elkarlanean sortutako sail honetan, aurreiritzi arrazistak, pertsona arrazializatuen estereotipoak eta pertsona zurien pribilegioak lantzen dituzten bideo laburrak argitaratuko ditugu sei astetan zehar, ostegunero.

Leo Bueriberi musikari eta aurkezle gasteiztarra izango da sail honetako aurpegia eta bere gidaritzapean saiatuko gara pertsona arrazializatuen inguruko estereotipoak zalantzan jartzen, pertsona txurien pribilegioetaz ohartzen eta migrazioaren, desplazamenduaren eta arrazismoaren inguruko aurreiritzietan sakontzen. Sail hau osatzeko, Lucía Mbomío kazetaria aholkulari izan da eta Hiru Damatxo ekoiztetxea bidelagun.

Pribilegioa zalantzan jarri, gizarte justuago bat eraikitzeko

Sailaren kapitulu bakoitzak estereotipo zabalduenen inguruko gai bat jorratzen du, eta, era berean, egungo gai eta mugimenduei buruzko azalpenak eta informazioa ere ematen ditu. Helburua kontzientzia sortzea da, batez ere gazteenen artean: hausnarketa kolektiborako gune bat irekitzea, gure gizarteek kanpotik datozen pertsonei bereziki eragiten dieten egiturazko desberdintasunak nola erreproduzitzen dituzten aztertzeko.

Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak bultzatutako Sareginak proposamenaren barnean, istorio isilduen ikusgarritasuna sustatzeko eta kontzeptuek zein errealitatea izendatzeko moduek gizarte‑markoak eta egiturak eraldatzeko duten garrantzia agerian jartzeko duen konpromisoa berresten du, elkarrizketa, lankidetza eta ezagutza irekiko espazioak sortuz, herritar guztien eskura egongo diren guneak eraikitzeko helburuarekin.

Esan bezala, gaur bertan argitaratu da lehen bideoa “Zer da migratzea?” izenburupean, eta hauek izango dira datozen asteetakoak: 2) You too, 3) Pribilegio Zuria, 4) Kultura antiarrazista, 5) Migrazio krisia? Ze krisi eta 6) Harrera.

Gehiago irakurri

Wikikasi proiektuaren baitan, Talaios Kooperatibarekin batera sortutako ikas-egoera berri bat argitaratu dugu: “Mitologia klasikoa”. DBH 3. mailako ikasleei zuzendutako proposamen didaktiko honek kultura klasikoarekin lotutako mito eta kontakizunak lantzea du helburu, Wikimedia tresnak eta ezagutza librea oinarri hartuta. Ikas-egoera honetan kultura klasikoa, euskara eta literatura, eta hezkuntza plastikoa, ikusizkoa eta ikus-entzunezkoa izango dira lanketa-eremu nagusiak.

Ikas-egoeraren helburua mitologia klasikoaren inguruko lanketa sakona egitea da, ikasleak kultura arlo horretako kontakizun, pertsonaia eta sinboloen unibertsoan murgiltzeko. Horretarako, taldeka antolatuta, mito baten inguruko ikerketa-lana egin beharko dute: informazioa bilatu, kontrastatu eta antolatu, eta ondoren, Wikipedian edo Txikipedian, artikuluak sortu edo hobetuko dituzte.

Lanketa, ordea, ez da idatzizko ekarpenetara mugatuko. Ikasleek mito horren inguruko produkzio artistiko bat ere sortu beharko dute, ilustrazio baten bidez, egindako lana Wikimedia Commonsera igo. Horrela, ikasleak ez dira ezagutza-kontsumitzaile huts izango; sortzaile, ilustratzaile eta ezagutza librearen ekarle ere bihurtuko dira.

Ikas-egoeraren argudiaketa kurrikularrak azpimarratzen du mitologiak kultura klasikoaren mundu-ikuskerarekin izan duen lotura estua. Mitoek mendeetan iraun dute eta gaur egungo kulturan, hizkuntzan eta iruditerian arrasto sakona utzi dute, baina, askotan, ez da haien inguruko lanketa sakonik egiten. Proposamen honen bidez, ikasleek mito horien atzeko kontakizunak eta esanahiak ezagutuko dituzte, eta gaur egungo testuinguruan duten eragina hausnartuko dute.

Era berean, ikas-egoerak Wikimedia proiektuen erabilera sustatzen du, ikasleak tresna horien erabiltzaile ez ezik, haien eraikuntzan parte hartzen duten subjektu aktibo ere bihurtzen baitira. Euskarazko ezagutza librearen sorkuntzan ekarpena egiteaz gain, informazioaren fidagarritasuna, iturrien erabilera eta lankidetza digitala ere landuko dituzte.

“Mitologia klasikoa” ikas-egoera hemen dago eskuragarri:

https://eu.wikipedia.org/wiki/Atari:Hezkuntza/Wikikasi/Mitologia_klasikoa

Gehiago irakurri

Tabakalerak beste pauso bat eman du ezagutza irekiaren eta datu irekien aldeko apustuan, Medialab katalogoa Wikidatarekin lotuz. Ekimen honek aukera ematen du katalogoan dauden edukiak ikusgarriagoak eta eskuragarriagoak izateko, Wikipedia bezalako proiektuak elikatzen dituen datu-base libre eta kolaboratiboarekin konektatuta.

Lotura honi esker, Medialab katalogoan dauden autore, sortzaile eta eragileen informazioa aberastu egiten da, eta testuinguru zabalago batean kokatzen da. Erabiltzaileek, gainera, fitxa bakoitzean informazio osatuagoa eskuratu dezakete: datu biografikoak, irudiak, beste iturri batzuetarako estekak edo Wikipediako artikuluetarako sarbideak.

WikiInfo tresna

Proiektu hau WikiInfo tresnaren bidez gauzatu da. Tresna horrek aukera ematen du katalogoko erregistroak automatikoki Wikidatarekin lotzeko eta informazioa modu dinamikoan eguneratzeko. Horrela, Wikidatan egindako hobekuntzak  (datu berriak edo zuzenketak) zuzenean islatzen dira katalogoan, eta sistema itxi bat izan zitekeena ingurune irekia eta kolaboratiboa bihurtzen da.

Gaur egun…

Gaur egun, Medialab Tabakaleraren katalogoak dituen 86.362 autoritate-erregistroetatik, 25.867  dagoeneko Wikidatarekin lotuta daude, eta horrek nabarmen handitzen du eduki horien irismena maila globalean.

Ekimen honek erakusten du nola uztartu daitezkeen tokiko katalogoak eta datu irekien nazioarteko ekosistema, eta nola bihur daitekeen informazio-sistema bat eguneroko erabilerarako tresna bizi eta aberatsago. Era berean, urrats garrantzitsua da kulturaren arloko eraldaketa digitalean, gardentasuna, berrikuntza eta lankidetza sustatuz.

Prozesu honetan, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak ere parte hartu dugu, lankidetza estuan, datu irekien eta ezagutza librearen aldeko apustu bateratuan.

https://katalogoa.tabakalera.eus

Gehiago irakurri

Pello Mari Otaño (1853-1910) euskal poeta aparta izan zen eta 2024an Patxi Bisquertek plazaratu zuen Ombuaren itzala filmak (2024) Otaño handi haren lana zabaldu nahi izan zuen. Hamaika urte eta ahalegin behar izan ziren film hori aurrera ateratzeko, beti ere crowdfundingez, lankidetzaz eta auzolanaz. Auzolan espiritu horri jarraipena emanez apirilean hainbat ekarpen egin ditugu Wikipedian, Pello Mari Otañori buruz, eta Ombuaren itzala filmari buruz.

Wikilariok orain dela hilabete hasi ginen lankidetzan Patxi Bisquert eta Kattalin Nobliarekin. 2026ko Korrika kulturalaren barruan Intxaurrondoko Kultur Etxean “Ombuaren itzala” filma proiektatu zutenean. Proiekzioa bukatuta, eztabaidan komentatu zen filmean agertzen diren bertsoen zerrenda bat gehitu zitekeela Wikipedian, bertso bakoitzaren azalpen txiki batekin. Esan eta egin, hurrengo egunetan hasi ginen eta azkenean bertsoen zerrenda bakarrik ez, beste hainbat xehetasun gehitu ditugu, baita filmeko hainbat irudi eta fotograma ere bai, eskuzabal jokatu baitute “Eguzki Art Zinema” enpresa ekoizleek irudien lizentziekin. Behean dago egin dugun ekarpenen zerrenda. Eta hori ere, filma bezala, AUZOLANEAN egin dugu. 🙂

Oraindik gehitu daitezke gauza batzuk Wikipedian: bertso gehiagorekin artikulu berriak sortzea (esaterako, ikus Alkar —1904), Otañotarren etxeko beste bertsolarien artikulua (osaba Joxe Bernardo, amona, aitona, aita…), filmean azaltzen diren bertsoen zerrenda osoa, filmeko beste pertsonaia eta pasarteren argazkiak igotzea (Uriarteren edo Iguaranen argazkiak…).

Hau izan da lehen bultzadatxo bat. Mesedez, wikilariok…  begiratu, zabaldu, osatu eta txukundu artikulu horiek. 

============================================================

ARTIKULUAK Wikipedian (hobetuta edo sortuta)

  1. Ombuaren itzala

IRUDIAK – Commonseko 30 irudi baino gehiago kategoria hauetan: Ombuaren itzala, Pedro Mari Otaño, eta Patxi Bisquert
======================================================

Webgune interesgarriak

Material asko eta oso ona dago Otañoren lanarekin artikulu gehiago egiteko. Begiratu hemen:

Gehiago irakurri

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak eta MUSEOTIK plataformak lankidetza berri bati ekin diogu, “Euskal Herriko historia 100 objektutan” proiektuaren baitan. Helburua argia da: ondare materiala ikuspegi zabalago batetik kontatzea, formatu anitzak uztartzea eta publiko handiago batengana iristea.

Aurrerantzean, hilean behin, hileko hirugarren astean, aukeratutako objektuak presentzia berezia izango du: objektu horren inguruko bideoa publikatuko da Ikusgelan. Eta aste horretan landutako objektua izango da, aldi berean, MUSEOTIK plataformaren astekoa. 

Ikusgelako bideoa

Esan bezala, lankidetza honen urrats garrantzitsua da objektu bakoitzaren inguruko bideo bat sortzea, Ikusgelaren “Zortziko Txikian” sailean argitaratuko dena. Eduki hori ere MUSEOTIK plataforman egongo da eskuragarri.

http://ikusgela.eus/

Objektu bera, plataforma desberdinetan

“100 objektu” proiektuaren barruan, objektu bakoitza hainbat formatutan lantzen da, jada: Wikipedia artikuluak, testu literarioa, podcasta eta komikia.

Lankidetza honen bidez, eduki horiek guztiak MUSEOTIK plataforman bateratuko dira, erabiltzaileentzat beste sarbide bat eta esperientzia osatuagoa eskaintzeko.

https://museotik.euskadi.eus/hasiera

Laboratoriumeko erakusketa

Lankidetza hau aurkezteko aukeratutakoa wolframa izan da. Testuinguru horretan, bat egiten du Laboratorium Museoan martxan dagoen W74: Boterea, arrazoia eta etorkizuna erakusketarekin. 

Wolframa, Euskal Herrian isolatu den elementu kimiko bakarra, Bergaran aurkitu zuten 1783an Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiek, Ilustrazio garaiko Errege Seminarioan egindako ikerketen baitan. Aurkikuntza honek zientziaren historian mugarri bat ezarri zuen, eta Bergara nazioarteko mapa zientifikoan kokatu zuen.

Gaur egun, ondare hori Laboratorium Museoan ezagutu daiteke, bertako erakusketa iraunkorrean zein une honetan ikusgai dagoen “W74: arrazoia, boterea eta etorkizuna” aldi baterako erakusketan. Azken honek wolframaren historia modu murgiltzaile eta garaikidean aurkezten du, XVIII. mendeko aurkikuntzatik abiatuta gaur egungo erabileretaraino, zientzia, industria eta gizartearen arteko loturak agerian jarriz.

https://laboratorium.eus/erakusketak/w74-boterea-arrazoia-eta-etorkizuna

Gehiago irakurri

Euskal WikiEmakumeok I.Topaketa Beasaingo Igartzako jauregian egin zen 2026ko martxoaren 7an. Topaketa Euskal Herriko 25 txokoetatik hurbildutako emakumeen topagune izan zen. Beasainen Aittu! Euskara Elkarteak sortu berri duen Beasainpedia proiektuaren testuinguruan sortu da WikiEmakumeok taldea eta bere lehen pausoak ematen dabil. Hasiera honetan Euskal WikiEmakumeok sarean elkar ezagutzeko eta elkarlana indartzeko topaketarik inoiz egon ez dela ikusita, lehena antolatzea erabakitzen da Durangoaldeko, Oarso-Bidasoako eta Ondarroako WikiEmakumeokekin elkarlanean.

Gehiago irakurri

Otsailaren 25ean “Digitalizazio librea euskal hezkuntza askatzeko” jardunaldia egin genuen Errenteriako Torrekuan, Talaios Kooperatiba eta Badalabekin elkarlanean. Hezkuntza eragileak eta irakasleak bildu ginen.

Goiza Wikikasi proiektuaren “Erronka Digitalak” ikas-egoeraren aurkezpenarekin abiatu genuen, Badalab eta Talaiosen eskutik. Bertaratu zirenei azaldu zitzaien zer den ikas-egoera hau, zein diren bere helburu pedagogikoak eta zergatik sortu den. Proposamenak ingurune digitala bere osotasunean ulertzea eta ikuspegi kritikotik lantzea du xede, eta gaur egungo paradigma digitalak dituen eraginen aurrean hausnarketa sustatzea. Ikas-egoeraren egitura ere xehetasunez aurkeztu zen: nola dagoen antolatuta, zein atal dituen, zer baliabide eta material eskaintzen dituen eta nola aplikatu daitekeen ikasgelan. Halaber, erabilera praktikorako gidalerroak eta irakasleentzako laguntza-materialak partekatu ziren.

Goiza borobiltzeko, Nora Salbotxen hitzaldia izan genuen: “Wikikas-egoerak: elkarrentzako egiten jakin”. Galdera nagusi bati erantzun zion: zergatik ikas-egoerak bai? Marko teoriko sendo eta interesgarria plazaratu zuen, trebetasunak, jakintza eta ezagutzak ekintza bihurtzen dituen hezkuntza-eredu baten alde eginez. Wikipediatik abiatutako ikas-egoerek edukiak sentitzera, pentsatzera eta egitera gonbidatzen gaituztela azpimarratu zuen.

Jardunaldia galdera-erantzunen tartearekin eta solasaldi aberasgarriarekin amaitu zen. Parte-hartzaileen ekarpenek eta interesak agerian utzi zuten digitalizazio librea eta ikuspegi kritikoa hezkuntzan lantzeko beharra eta gogoa badirela.

Eskerrik asko etorri zineten guztioi. Lanean jarraituko dugu, hezkuntza askatzeko bidean, Wikimedia eta ezagutza librea bidelagun.

Laburpen bideoa: https://youtu.be/PKkCjcniLc0

Gehiago irakurri

2026ko otsailaren 21ean zenbait boluntario elkartu ginen Lekeition. Alde batetik, bertoko Herripedia sortzeko asmoa zegoen eta bestetik Lekeitioko basilika aurrean elorri zuri berri bat landatzeko asmoa.

Bi kontu horiek uztartzea@Oraina wikilariaren ideia izan zen. @Oraina wikilaria, Etor lagunentzat, izan zen bi proiektu horiek pentsatu eta pentsatutakoa gauzatzeko bidean lagun batzuk animatu zituena.

Wikilari batzuen eta Lekeitioko lagun batzuei esker, Lekittopedia jaio zen 2026-02-21 hartan eta gero elorri zuri gazte bat landatu egin zuten Ruiz de Erentxundarrek, Guiller aitak eta Jokin semeak. Auzolana, gehien bat, bi horiekin solas egitea izan zen, aita-semeak ekarri baitzituzten elorri gaztea, landatzeko tresneria eta beharrezko material guztiak eta haiek jarri zuten euren besoen indarra. Hortxe geratu dira biak, udaberriaren zain; elorri zuri gaztea eta Lekittopedia, alegia.

Lekeitioko elorri zuri ihartua. 2010an ihartu eta 2026ko otsailean ordeztu egin zuten EWKEko boluntario batzuen ekimenez eta Atabaka Kultur Elkarteko boluntario batzuen ezinbesteko laguntzaz.
Lekeitioko elorri zuri gaztea, 2026-02-21ean landatua.

Lekittopediaren jaiotza

@Oraina wikilariaren familiarteko batzuk, Atabaka taldeko lagun batzuk, @ksarasola, @GorkaAzk eta @Josi_Sierra wikilariak hurbildu ziren Lekittopediaren jaiotzan eta elorri zuri gaztearen landaketan laguntzera. Topaketa egin genuen Eusebio Erkiaga Kultur Etxean. Zorionez Lekittopedia jaio zen egunean WiFia itzuli zen Lekeitiora, aurreko aste osoa Internetik gabe egon baitziren herrian. Topaketaren ostean Independentziaren plazara joan ginen elorri zuri gaztearen landaketa ikustera.

Saltsa ikusita, edo aurreko egunetan jarritako kartelak ikusita, Lekeitiar espontaneo batzuk elkartu ziren basilika aurrean sortu zen taldearekin, tartean basilikako erretore ondarrutarra… Azkenik lekeitiar batzuek “Elorri zuri ganeko” ereserkia abestu zuten a cappella. Apaizak eta lekeitiar lagun batek egun handirako gordetzen den idazkun handia atera zuten eta elorri zuri gaztearen ondoan paratu zuten, non ereserkiaren hitzetan “ta errukia” falta den. (Baten batek pentsatu zuen ereserkiko hitz horiek idatzi zituenak errukia benetan falta dela erabakiko zuela bere garaian).

@Josi_Sierrak animatu zituen bertaratukoak ‘Elorri zuri ganeko’ ereserkia abestera eta berak grabatu eta geroago editatu zuen eguneko >> bideo-erreportajea <<

>> bideo-erreportajea <<

Aurretik, goizeko 10:30etan Lekeitiopedia > Lekittopedia herripediaren jaiotza ofiziala ospatu genuen.

Bertaratutako guztiok ginen, nolabait, @Oraina wikilariaren ezagunak Eusebio Erkiaga Lekeitioko Kultur Etxean egindako topaketan. Esate baterako, Etorren amaginarrebak ekarri zuen Lekeitioko argazki zaharren liburu bat, (ISBN eta egile eskubide informaziorik gabeko liburua), eta argazki digital batzuk telefonoan. Emakume hau bere lehen wiki-artikulua idazten animatu nahi izan zuen @GorkaAzk wikilariak… Eta animatu zen. Emakumea euskararekin ausartu ez, -ahoz normal egiten badu ere, irakurtzen eta idazten ausartu ez-, eta gaztelaniaz idatzi nahi izan zuen bere lehen artikulua. Pare bat argazki Commonsera kargatu eta gaztelaniazko testu bat argitaratzeraino iritsi zen @Adita2026 wikilari hasiberria. Denbora gutxian: “Hotel Zabalecua” es.wikipedia.org horretan argitaratuta zegoen. Tamalez artikuluari sendotasuna emateko erreferentziarik topatu ez, eta, konturatu orduko, zuhaitza landatzeko ordua iritsia zen. (Dena esan behar: “Hotel Zabalecua” artikulua berehala ezabatu zuten es.wikipedia.org horretatik, baina, hala ere, gaur egun bilatzaileek, eskatu gabe ere, erabiltzen duten AA demonio horiek direla medio, ezabatutako artikulu hura erakusten dute, Hotel Zabalecuaren beste erreferentziarik topatzen ez dutelako edo).

Laburbilduz: egun horretan Lekittopedia jaio zen eta elorri zuri gazte bat landatu zuten Lekeition.

Jokin Ruiz de Erentxun, tutoreari eusten. Hondarretaraino zulatu zuten lurra, Lekeitioko Isuntzako harea aurkitzeraino, tartean ihartutako elorri zaharraren eta plazako ezkien sustrai batzuk topatuz. Elorri zuri gazteak tutore sendoa izango du hurrengo urteetan; Jokinek eta Guillerrek, bere aitak, lan fina egin zuten.

Jokin eta Guiller Ruiz de Erentxun, ihartutako elorri zuriaren enborraren zati bat erakusten.

EWKEk, eguna gogoratzeko, altzairuzko idazkuna erosi zuen eta Lekeitioko udaleko langileek idazkuna metalezko hesira lotu egin zuten hurrengo lanegunean. (QR kodeak Lekeitioko elorri zuria artikulura bideratzen du).

Mila esker egun horretan laguntzera hurbildu ziren guztiei, eta urrutitik ere lagundu zutenei, @Izaskun_Salazar kasu, (Beasainpedia izan da Lekittopediaren eredu nagusia).

Gehiago irakurri

Munduko ezagutza guztia bildu, antolatu eta irakurleei eskaintzea. Hori izan da entziklopedismoak bere hasieratik amestutako ideia. Entziklopediagintza Ilustrazioa baino lehen hasi bazen ere, Frantziako filosofoek ondu zuten Encyclopédiek arrakasta handia izan zuen, belaunaldiz belaunaldi, jakin beharreko guztia antolatzeko lanean. XX. mendean milaka entziklopedia-saltzaile aritu ziren etxez etxe aurrekoa baino nabarmen hobea, osoagoa, berrituagoa, ikasleentzat aproposagoa edo praktikoagoa zen entziklopedia hura saltzen. Euren familiaren hezkuntza eta kulturaz arduratzen zen etxe orok bat eduki behar zuen jabetzan. Aurrekoa baino osoagoa, berriagoa, aproposagoa. 

Gehiago irakurri