Sakanako Garapen Agentziarekin hiru saio antolatu genituen 2019aren amaieran Komunal Digitala garatzeko, Altsasun, Uharte Arakilen eta Urdiainen. Azken bi horietan inoizko wikilaririk txikienak izan ditugu, Txikipedian euren herriko edukiak hobetzen. Urdiainen izandako ikasleak dira inoiz eskolan Wikimedian ariketa bat egin duten gazteenak… mundu osoan.

Komunal Digitala lantzen

Sakanan ederki dakite zer den komunala eta auzolana. Horregatik, Sakanako Garapen Agentziarekin batera hezkuntza komunitateetatik Sakanari buruzko informazioa mundu digitalean hobetzeko proposamena garatu genuenean, ez genuen azalpen luzeegirik eman behar izan: Komunal Digitala garatzen ari ginen.

Honela esaten genuen ekimenaren aurkezpenean:

Ikasleen gaitasun teknologikoa lantzeaz gain, Wikipedia proiektuarekin bat eginda herri-ezagutza  modu partekatu batean sortzea eta ezagutaraztea du helburu ekimenak. Horretarako eragile bakoitzeko talde batek, gai jakin baten inguruko informazioa bildu eta aztertu ondoren, Wikipediak eskaintzen dituen tresna ezberdinen bidez argitaratuko dituzte.  Horrela, Uharte Arakilgo eskola publikoak herriko zerbitzuak landuko ditu eta Urdiaingo eskolak Urdiainek sareetan duen irudia aztertu eta osatzea izango du helburu. Iñigo Aritza ikastolakoek aldiz, mitologiaren gaia landuko dute.

Hasi ginenean ez genekien, ordea, inoiz Wikimediako ariketa batean izandako wikilaririk gazteenak izango genituela, eta hainbeste ikasiko genuela guztiok.

Uharte Arakil

Lehenengo ariketa Uharte Arakilen egin genuen, herri eskolan. 8-9 urteko umeak ziren ikasleak eta helburua garrantzitsua: Uharte Arakilen dauden zerbitzuen zerrenda egin, bakoitzak zer eta noiz eskaintzen duen jakitea eta, gainera, euskaraz egitea.

Pare bat astez euren herria hobeto ezagutu zuten, eta euren ikuspegitik garrantzitsuak ziren zerbitzuak zeintzuk ziren idazteko aukera izan zuten. Emaitza ikusi nahi duenak, hemen dauka aukera: https://eu.wikipedia.org/wiki/Txikipedia:Uharte_Arakil

Txikipedia ikastaroan parte hartu zuten ikasleak, euren artikuluarekin pozik

Altsasu

Altsasuko Iñigo Aritza ikastolarekin egin genuen bigarren saioa. DBHko ikasleak mitologia lantzen ari zirela probestuz, euskal mitologiaren inguruan proiektua garatzea erabaki genuen. Hala ere, EHUko beste ikasle batzuk ere gai berbera lantzen ari zirela ikusita, Sakanako mitologian zentratzea erabaki genuen. Batez ere inauterietako pertsonaiak landu dituzte, Altsasu, Urdiain eta Olaztiko adibide batzuekin.

Bi adibide ekarriko ditugu hona. Lehenengoa Wikipedian ere ez dagoen Mari Arrokarena, Olaztiko inauterietako emakumezko pertsonaia. Bigarrena, momotxorro artikulua, Urdiaingo momoxarroen abestia ere bertan sartu zutelako.

Urdiain

Urdiain izan da inoizko wikilaririk gazteenak izan dituen ariketa: 6-9 urte arteko umeek euren herriari buruzko informazioa ikertu, sortu eta idatzi dute; guk dakigula, mundu osoan horrelako ariketa batean parte hartu duten wikilaririk txikienak dira.

Hiru zatitan antolatu dugu proiektua Urdiainen; lehenengoan Wikipediako artikulua hartu, irakurri eta bertan dagoena eta ez dagoena zer den ulertzen saiatu dira. Zergatik ez dago gaurkotua biztanleria? Zergatik ez da agertzen bertako toponimia? Galdera horietatik abiatuta, hilabete batez (lau ostiral, ikasle batek gogoratu zuen bezala) Txikipediako artikuluaren euren bertsioa egin dute.

Ez hori bakarrik: Wikimedia Commons ere ezagutu dute, eta bertan kategorien arabera eduki libera bila daitekeela ikusi dute. Azkenik, Urdiaingo ikuspegirik onena zein den erabaki eta bertatik argazki bat atera zuten, sarera igotzeko.

Ikasleak Commonsen bilatzen ikasi dute, eduki libreen munduko biltegirik handiena.

Hurrengo hilabetean egingo den azken fasean, toponimiari buruz hilabete hoentan ikasten dutena partekatuko dute. Eta toponimiarekin asko ikasi daiteke: historia, geografia, ekonomia, euskara zaharraren arrastoak… zirraragarria izango da euren ekarpena jasotzea.

Konpetentzia digitalak lantzeko proiektua

Konpetentzia digitalak garatu behar direla esaten da behin eta berriz. Mondragon Unibertsitateak honela definitzen ditu konpetentzia digitalak:

Informazioa, informazio alfabetatzea eta datuen tratamendua: informazio digitala identifikatu, lokalizatu, berreskuratu, biltegiratu, antolatu eta analizatzea, eta informazio horren xedea eta garrantzia ebaluatzea.

Komunikazioa eta lankidetza: ingurune digitaletan komunikatzea, linean baliabideak partekatzea, tresna digitalen bidez beste pertsona batzuekin konektatu eta lankidetzan jardutea, interakzioan aritzea eta komunitate eta sareetan parte hartzea; kulturarteko kontzientzia.

Eduki digitalaren sorkuntza: eduki berriak sortu eta editatzea (testuak, irudiak, bideoak…), ezagutzak integratu eta aurretiko edukiak berrelaboratzea, produkzio artistikoak, multimedia edukiak eta programazio informatikoa egitea, eskubideak aplikatzen jakitea

Segurtasuna: babes pertsonala, datuen eta identitate digitalaren babesa, segurtasunaren erabilera, erabilera seguru eta sostengarria.

Arazoen ebazpena: behar eta baliabide digitalak identifikatzea; beharraren edo xedearen arabera, tresna digital egokiak hautatzeko erabakiak hartzea; bitarteko digitalen bitartez arazo kontzeptual eta teknikoak konpontzea; teknologia sormenez erabiltzea; norberaren eta beste batzuen konpetentzia eguneratzea.

Proiektu honek horri guztiari erantzuten dio, eta ikusi dugu oso gaztetik ere egin daitekeela.

Ikasleek informazioa bilatu dute: Urdiaingo biztanleriaren datu gaurkotua Guaixen aurkitu zuten. Euskarazko Wikipediako artikuluan dagoen euskaldun ehunekoa 2001ekoa dela ikusita, saiatu ziren galdetzen ea datu hori gaurkotua dagoen (ez dago, eta hori ikastea ere oso interesgarria da). Uharte Arakilen hogei lekutara joan ziren galdetzera ea zer eskaintzen zuten eta zein zen euren ordutegia. Altsasuko bi ikaslek Enrike Zelaia elkarrizketatu dute momotxorroen inguruan gehiago jakiteko.

Elkarrekin komunikatu dira: “hau Japoniatik ikus daiteke?” galdetu zuen Urdiaingo ikasle batek. Bai, ikus daiteke. Edo Errusiatik. Horren adibide da egindako lana errusierazko Wikinewsen dagoela. Eta elkarrekin lan egin dute, irudiak bilatu eta igotzeko, leku ezberdinetan galdetzeko, edo, Altsasuko kasuan bezala, elkarrekin artikulu bat osatzeko.

Eduki digitalak sortu dituzte: testuak egin dituzte, audioak bilatu dituzte, kanten letrak jarri dituzte eta argazkiak non bilatu edo nondik egin erabaki dute. Eduki digital horiek, gainera, komunalean utzi dituzte, beste plataforma batzuetan ez bezala.

Segurtasunaz ikasi dute: argazkia igotzerakoan non atera den, noiz atera den eta ze gailurekin igo den ikus daitekeela ikasi dute Urdiaingo ikasleek. Etorkizunean kontuan izateko datu garrantzitsua.

Arazoen ebazpena landu dute: zer egin argazkirik edo audiorik ez badago? nola jakin datu bat ondo dagoen edo ez? Horren inguruan hausnartu dute ikasleek.

Egin daiteke, zuk ere egin dezakezu

Zure ikastetxean ere Txikipedia landu nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan: hezkuntza@wikimedia.eus. Ziur asko ikasiko dugula guztion artean.

1 comments