Uliako Auzo Elkartearen eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen arteko lankidetzari esker, wiki-liburu bat aurkeztu dugu gaur Donostian.  Uliako Mintegietako parkeari buruzkoa da liburua, eta bertako txori, zuhaitz eta landareak jasotzen ditu. Mundu mailako Wikimedia erakundearen laguntzari esker lortu da liburua argitaratzea eta Donostiako udal liburutegiei 14 ale oparitu zaizkie.

Uliako Mintegietako parkea oso aberatsa da: 40 espezie zuhaitz eta 40 espezie txori bizi dira hor. Euskal Wikipediak eta Uliako Auzo-Elkarteak lankidetzan eta 2015eko azaroan hasita parkeko espezie horientzako artikuluak osatu genituen. Gainera parkeko 165 argazki igo ditugu Wikipedian erabili ahal izateko.

Parkeko txori, zuhaitz eta landare guztiak orain erraz kontsultatu daitezke, baita QR kodeen bidez parkean bertan telefonoaren bidez ere (2016ko maiatzetik hori). Egindako ahalegin handi horrek saria jaso du orain: artikulu guztiak liburu batean jaso ditugu, egindako lanaren erakusgarri.

Mundu mailan Wikipedia kudeatzen duen Wikimedia erakundeak diru-laguntza eman du proiektu honetan erabili den metodologia eredugarria gizartean zabaltzeko. Egin dugun lana zabaldu nahi dugu, antzeko egitasmoak sortu daitezen. Wikimediak eman duen diru-laguntzari esker Donostiako 14 liburutegiei oparitzen diegu egindako lana hiritarren artean hobeto zabaltzeko.

Helburu bikoitza lortu dugu proiektu honetan:

  1. Euskarazko Wikipedian 90 artikulu sortu edo osatu ditugu.

  2. Ia 400 orrialde dituen liburu dotore bat argitaratu dugu parkearen natur aberastasuna ondo ilustratzen duena. Ederra da liburua. 89 artikulu biltzen ditu 362 orrialdetan.

Liburuan hutsunerik nabaritzen baduzu… zuzendu edo osatu Wikipediako artikulu horiek. Eta horrela, geroago, liburuaren bertsio berri hobe bat egin ahal izango dugu!

Ezin ditugu aipatu gabe utzi liburua egin ahal izateko parte hartze nabarmena izan duten elkarteak eta pertsonak:

  1. Wikimedia,

  2. Euskal Wikilarien Kultur Elkartea

  3. Uliako Auzo Elkartea,

  4. Donostiako udal liburutegiak, proiektuan sinistu zutelako eta eskaera egin zutelako

  5. Uliako Lorebaratzak, hackathoia antolatzen lagundu zutelako

  6. SEO birds Donostia, pareko hegaztiak zeintzuk ziren aztertu zutelako

  7. Antton Larretxao, parkeko arima eta ur biltegien zaindaria delako.

Liburua ikusi eta pdf-an deskargatuz nahi izanez gero, sakatu hemen.

PediaPress bitartez ale bat(zuk) eskatu nahi izanez gero, hemen.

Liburua argitaratu dugu baina Wikiproiektuak bizirik jarraitzen du, eguneratu eta osatzen lagun dezakezu: Uliako mintegietako Parkea.

Liburuaren azalean Erregetxo txoria jarri dugu (asfalto gainean). SEO-BIrds-Donostiako elkartekoek horrela esaten baitigute: “Aipagarria da Erregetxo bekainzuria, guretzat parkeko enblematzat, parkeko ikurtzat hartu beharko zena; bera txikia, bitxia eta geldiezina baita, Uliako Mintegi/Lorategia den bezalakoxea.”

3 comments