Beste wikilari batzuek Wikimania 2026ko esperientziak eta ekarpenak azaldu dituzten bezala blog honetako azken artikuluetan, neure ekarpena egingo dut hemen. Parisko biltzarraren bezperan jada jarduna egon zen Wikimanian, zenbait “aurre-konferentzia” eta bilkura espezifiko antolatu ziren, eta horietako batean egom nintzen, Commonseko Argazkilarien Aurre-Konferentzian, uztailaren 21ean. Wikimedia Commons delarik Wikipediako multimedia-fitxategien bilduma, bertako material ohikoenaren inguruan (argazkiak) sortutako argazkilari taldearen biltzarra izan zen, egiten duten lehena.

Aurrekonferentzian ikusitako tresna batzuen aipuan zentratuko naiz beraz.

Commons.Gallery

Commons Gallery da Wikimedia Commonseko kategorizaziotik aparteko bilduma ikusgarriak edo gogoangarriak sortzeko tresna bat. Commons-en kategoriak eta galeriak badaude, baina baliabide honekin erabiltzaile batek galbahe batekin aukera zehatz interesgarriak sor ditzake. Taldean egin daiteke gainera, galeria-sortzaileak beste erabiltzaile batzuk gonbidatu baititzake edizioan laguntzera.

Probatzeko, adibide gisa, EWKEren galeria sortzera ausartu naiz, eta bertan jada beste euskal wikilari bat gonbidatu bat. Beste editorerik animatzen bada, esan @Luistxori. Horren barruan, bilduma desberdinak sor daitezke, eta lehena egin dut: eguzki eklipse totalarena. Kategoria ere badugu horretarako, eta oraingoz Commons Gallerykoan bertan sartutako bi irudiak daude soilik, baina agian abuztuaren 12tik aurrera, edukiz ber-hornitu dezakegu. Sortzen diren irudi guztiak, kategoriara; eta haien artean ikusgarrienak, Commons Galleryra.

Galleryko bildumak pertsonalki ere erabil daitezke, eta bertako edukia orri jakin batean modu desberdinetan erakusteko aukera ematen du, kopipegatuz kode lerro batzuk, argazki aukeraketa batekin ilustratzeko edozein gai. Kasu honetan, neure Commons orrian itsatsi dut diapo-pase itxurako bildumatxoa, adibiderako.

Sightglass

Wikimedia Commonsen dauden argazkien irismen estatistikak lortzeko Glamtools izeneko tresna sortan badira erraminta interesgarriak hala nola Glamorous. Baina Sightglass horien aldean irismen handiagokoa dela azaldu zuten konferentzian, eta konputazionalki efikazagoa ere bai.

Sightglassek egiten dizuna, nik ikusi dizkiodan bi funtzio nagusietan laburbilduta, honakoa da:

  • Argazki jakin batek epe jakin batean zenbat ikustaldi dituen erakutsi. Irudian, urtebetean Nafarroako kateen irudi honek izandako eraginarena. 4.648 ikustaldi.
  • Kategoria jakin bateko argazkien analisia. Berriz ere, urtebeko epean Ttipi-Ttapa tokiko hedabidearen bidez wikipediatu ziren argazkien bilduma analisatu dugu, Images from Ttipi-Ttapa kategoriakoak. Hemen duzue emaitza, urtebetean 122.000 ikustaldi pasa, eta argazki ikusienen zerrenda ere bai.

Aipatzekoa da honaino aipaturiko bi tresna hauek, Sightglass eta Commons Gallery, nagusiki garatzaile baten ekarpena direla: Kevin Payravi, tipo azkar eta sortzailea. Bi tresnei zukua ateratzeko, zure wikipedia erabiltzailearen bidezko OAuth logina egizu.

Beste tresna batzuk

Cammello karga masiboetarako tresna bat da, interesatu zait nola egiten duen kategoria sujerentzia automatikoki

Templ-a-lot argazki askori template jakin berdinak jartzeko. Hala nola Cat-a-lot-ekin kategoria asignazioak taldean egin daitezkeen Commons-en, ba honekin argazki mordoxka bat etiketatu daitezke era gehigarri batean.

Commons Assessment Checker aurkitzeko kategoria jakin batean kalitatezko argazkiak

Tresna eta aldi berean proiektua, Commons DB, eduki libre eta berrerabilgarriak identifikatzeko tresna bat. Commons-en dauden edukiekin entrenatua, eta aldi berean karga berriak egitean haien identifikazio eta balioztapenerako balio dezakeen tresna bat. Babes instituzionala eta lantaldea dituen proiektu bat da, gehiago ikasi behar dut haien inguruan.

Aurrekonferentzian ez, baina Wikimaniako beste saio batean wiki-lagun batek (Izaskun Salazar) aurkitu zuen tresna ere ekarri nahi nuke hona: Depictor. Wikimedia Commonseko edukiei datu egituratuak gehitzeko tresna, gamifikazio elementuak dituena. Hona Piotr Gackowskik egin zuen aurkezpena.

Argazkilaritzaren etorkizuna Commons-en

Honaino, tresnen inguruan hartutako apunteak. Biltzarrari buruz zerbait gehiago esateko, antolatzaileak aipatuko ditut: Commons Photographers User Group delakoa (CPUG), “user group” edo “erabiltzaile talde” bat da Wikipedia mugimenduaren egituraketan hala nola EWKE ere Basque Wikimedians User Group garen.

Hala ere, user group biok maila desberdineko gauzak gara: hemen EWKEk euskarazko Wikipediaren gobernantzan ardura eta erantzukizun zuzenak ditu, eta CPUG-ek ez nonbait Commonsekoan. EWKEk erakundeekin hitzarmenak eta langileak ditu proiektu zehatzetara zuzenduak, eta CPUG gehiago da zaletu talde bat, non orri batean erabiltzaile-izena emanda partaide bilakatzen zaren nonbait. Bestalde, ez nago seguru barne-komunikaziorako zein tresna dituzten CPUGen, kontraste nabaria EWKErekin non webgune hau, elkarteko egiturak, eta Whatsapp eta e-posta kanalak ditugun.

Guztiarekin, boluntario talde sendo bat dira CPUG, argazkilari adituz osatuak (pixkat lekuz kanpo ni, kameratzat telefonoa duen turista) eta euren artean hacker eta garatzaileak ere badira, maila teknikoarekin tresna interesgarriak sortzen ari direnak, eta goiko tresna adibideak horren froga dira.

Eskertzekoa da argazkilari artista eta adituen ekarpena, baina uste dut “argazkilaritza arruntak” edo, neure buruaren kasuan “turistikoa” esango nukeenak, baduela tokia Commonsen ere. Wikipedia erabiltzaile guztien ekarpenekin osatzen da, bakoitzak bere apurra emanez, eta Wikimedia Commons ere bai. Beste post batean kontatu dudana, Tagzania jokoko partehartzaileak eduki-emaile bihurtu ditugula, ekarpen onuragarria izango delakoan nago, adibidez.

Aurrekonferentzian solas tarte bat ere izan zen, nola irudikatu nahi dugun Commons 10 urte barru. Batek ideia interesgarri bat bota zuen: gazteek orain Instagram darabilten bezala erabali dezatela Commons ere. Ez influentzerraren erabilpen propagandistiko hori, baina bai askok egiten duten bestea, norberaren une eta tokien jario sentimentala, memoristikoa eta dokumentala bildumatzeko tokia izan dadila Commons, plataforma libre eta ireki hau. Argazki bildumaren funtzio memoristiko / dokumental hori Flickr batek bete zuen akaso 21. mende hasieran, eta gero Twitter, Facebook, Instagram eta horiek irentsi, liseritu, ordezkatu eta monetizatu dute guztiz. Pentsatu gabe ematen diegu gure argazkien bilduma munstro horiei (Meta, Musk…). Zergatik ez Wikimedia Commonsek hartu funtzio hori?

Jokoa eta aplikazio mugikorra da Tagzania, CodeSyntax euskal enpresak garatua, eta beste hainbat proiektu bezala, Wikipedia eta Wikimedia Commonseko (Wikipediako irudi biltegiko) edukia berrerabiltzeko aukerari esker dabil martxan. Kasu honetan, 2025eko abendutik. Hau sinatzen duena, EWKEko wikipedista eta CodeSyntaxekoa izanda, harro dago orain komunikatzeko Tagzaniatik bertatik mesedea itzultzen hari garela: jokalariek Tagzaniaren bidez proposatzen dituzten tokien argazkiak Wikipedian kargatu ditugu. Oraingoz 4.000 argazki dira, eta jokoa martxan den bitartean, ekarpenak gehitzen jarraituko dugu.

Abendutik funtzioa gehitu genion aplikazioari jokalariek beraiek tokiak proposatu zitzaten, toki jakin batetik in-situ lau argazki geokokatu igoz egin dezaketena. Hori baimentzeko urratsetan, erabiltzaileek CC-BY-SA 4.0 lizentzia onartzen dute esplizituki, eta baldintzetan zehazten da gainera Wikipediara igoko dela edukia. 

Harrezkero, ekarpen horiek pilatzen egon dira, baina apurka-apurka garapena egin dugu, EWKEren laguntza tarteko, bot bat sortzeko eduki hori Wikimedia Commonsekin partekatzeko. Horra emaitza, une honetan, 4.000 argazki pasatxo. Urtarrila-uztaila tarteko karga batzuk falta dira oraindik, baina hemendik aurrera kopurua igoko da jokoa martxan den bitartean jendearen ekarpenekin. Tokiak proposatzeko aukera pixkat ezkutuan dago aplikazioan, baina 300 erabiltzailek aurkitu eta baliatu dute. Horietarik gehienak, dozena bat kenduta, aldez aurretik Wikipediara ekarpenik egin ez duten euskaldunak direla uste dugu. 

Jokalarien toki proposamen bakoitzarentzat web orri bat sortu da Commonsek eta komunitateak jakin dezan nondik sortu diren irudiak, ez direla xisteratik ateratakoak. Adibidez, erabiltzaile hau Alsaziako herri honetan egon zenekoak, edo Akordako sorta (tartean dela Bizkaiko auzo-ikastola zaharra), artikulu honetan ilustraziorako erabili duguna. Ekarpen bakoitza lau argazkikoa da, jokoaren mekanikak hori eskatzen duelako, argazki/ikuspegi aniztasuna pistak emateko jokalariari tokia mapan kokatzeko. Horixe baita Tagzania, Geoguessr moduko bat euskaraz, egunero dosi txikian jokatzeko, toki bat Euskal Herrikoa eta bestea mundukoa.

Munduko ekarpenen geografia hauxe dugu orain artean, mila ekarpenen artean erdiek edo osatua:

Zoom egiten badugu ikusten da mundu hau oso “gertukoa” da, euskal erabiltzaileen ikuspegitik, baina tira, Ushuaian edo Kyoton ere ibili da jendea.

Euskal Herrikoei dagokienez… 

Toki horien artean daude orain arte Wikipedian agerpenik ez duten gauzak, hala nola Antso III.a Handiari monumentua Hondarribian, Neberondo elurzuloa Durangon, Aginaga eta Hoki auzoak Zumarragan eta Sohütan, Tuterako zezen plaza

Commons-en zerbait falta eta Wikipediako atal horrekin moldatzen ez denarentzat, gonbidapena ere hortxe: jokatu Tagzanian eta aplikaziotik bertatik igo tokiak.

Esploratzeko igotakoak, hemengo barne bilatzailea baliatu dezakezue eta igual agertuko da zuen herria edo…

Euskal Herriko ekarpenen kontzentrazioa akaso beste herrialde batzuekin osa daiteke etorkizun hurbilean, internazionalizazioa baitugu jomugan orain: Tagzania Deutschland, Tagzania Països Catalans, Tagzania USA, batek daki. Puntu honetan, berriz EWKEren laguntza eskertu behar dut, beste wikilari batzuekin Wikimania 2026ra egindako bidaian lagundu zidalako, agian bertsio horiek garatzeko balio dezakeen aurkezpen bat egin ahal izan nuelako panel honetan (bertan aurkezpenaren PDFa ere).




Gaurdanik eta hilaren 31 bitartean, edizio lehiaketa berria abiatzen da euskarazko Wikipedian: Hitzak Opari. Zenbait eragileren elkarlanaren emaitza da hau, eta ekitalditxo bat ere izango du ekimenak datorren astean, hilaren 21ean, performance eta topaketatxoa Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatearen Aretxabaletako campusean, 11.00etan.

Gehiago irakurri

Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen ekimen nagusietako batzuk babes ofizialarekin dabiltza martxan: Hezkuntza programa, noski, Eusko Jaurlaritzak bultzatua, edo Nafarroako Gobernuaren hitzarmenarekin bultzatutakoak. Horiez aparte. funts batzuk eskura zeudela ikusirik, 2021ean ekimen jakin batzuk bultza zitezkeela-eta, elkartekideen artean ideiak arakatu ziren 2020 amaieran, eta proiektu jakin batzuek finantziazioa eta bultzada jaso dute.

Ideiak azterturik bost proiektu abiatzea erabaki zuen urtarrilean EWKE-k, eta hiru martxan dira jada. Beste bietan, detaileak harilkatzen ari gara eragile batzuekin, eta espero dugu laster berri eman ahal izatea.

Martxan jarritakoak hauek dira:

Tolosaldepedia. Tolosari eta Tolosaldeari buruzko ezagutza handitzeko eta zabaltzeko proiektua. Dauden artikuluak hobetu, eta berriak sortzea da koxka, eta premia batzuk identifikatu dira. Lantegiak ere antolatzen ari dira, herritarrak edizioan inplikatzeko.

Wikikunde. Euskal Herriko populamendu unitate txikiak (auzuneak, kontzejuak) hobeto dokumentatzeko ahalegin bat. Errealitate aberats bat, hutsune triste bezain harritzekoa duena Wikipedian: hainbeste tokitan falta da informazioa, non proiektu honek, eskualde jakin batzuetan ahalegina kontzentratuz, kalibratu nahi duen zenbat kostatuko zen Euskal Herrian osoan zabaltzea dokumentazio-lana. Tokian tokiko pertsonekin harreman eta informazio sarea osatzea, “wikikunde” bat egitea (Joxe Aranzabali bere blogetik mailegatuz hitza), da proiektuaren funtsetako bat.

Sukaldaritza liburua. Wikipedista talde bat sukaldaritzaren inguruko liburu bat wikitzen ari dira Wikiliburuetan eta, materiala antolatuz, liburu bat argitaratuko urtearen amaieran. Agian, euskaraz dagoen sukaldaritza liburu zabalena izan liteke. Atalak izango dira: teknikak, osagaiak, prestaketak, gozogintza, hiztegia, trukoak eta aholkuak eta errezetak. Jada Wikiliburuetan lanean ari dira, eta Commons biltegian edukia gehitzen ere bai.

Egunean Behin mugikorreko joko-aplikazioan euskarazko Wikipediako datu eta irudi askoren galderak agertzen direla badakite erabiltzaileek. Erantzun asmatuen zerrenda ematerakoan ere, galdera askoren argipena ikusteko Wikipediako esteka klikatzen ahal da. Jokoaren gakoetako bat izanik milaka galdera behar direla, Wikipediako datuak erabili ahal izatea funtsezkoa zaio aplikazioaren sortzaileei, CodeSyntax enpresari. Euskarazko Wikipedia ez balego, askoz zailagoa izango zen Egunean Behin programatu ahal izatea eta, dudarik gabe, askoz tristeagoa izango zen jokatzea ere. Pertsonalki, hau sinatzen duena wikipedista intermitentea da, EWKE elkarte honetako bazkide, eta CodeSyntaxeko lankidea, eta hortaz, pozik dago komunitateari azalpen batzuk emateko aukerarekin.

CodeSyntax-etik zenbait metodorekin ustiatu dugu Wikipediako informazioa, baina, Euskal Wikilarien Elkarteko Galder Gonzalez lagunaren pista batzuk tarteko, batez ere Wikidataren ustiaketan ari gara zentratzen azken aldian.

Wikidata baliatzeko, https://query.wikidata.org zerbitzua erabiltzen dugu. Bertan adibide batzuk agertzen dira, eta askoz gehiago ingelesez osatutako biltegi honetan. https://www.wikidata.org/wiki/Wikidata:Request_a_query

Bilaketa bat egindakoan, gainera, helbide labur bat eraiki dezakezu, eta horrek gogoratzeko balio dizu, bilaketa gordeta izateaz gain haren gainean beste batzuk bilatzeko. Hona adibide bat, https://w.wiki/4SB zeinak ematen dizkigun Euskal Herrian kokatutako udaletxeen irudiak (aldi berean berezko artikulua dutenak). Egin klik URL horretan, eta eman Play botoi urdinari. Ondoren, emaitzak agertzen dira, eta funtzio barra bat.

Barra honetan ezkerreko begian klikaturik, emaitzen bista desberdinak lortzen dira. Download emanik, jaitsi daitezke emaitzak, eta horra, erraz-erraz, Egunean Behin-erako galdera sorta bat: “Nongoa da udaletxe hau? <irudia> | Herria”. Galde-erantzun zuzenak behintzat, bertan leudeke; hori bai, programazio pixkat gehiago gehitu behar da erantzun okerrak sortzeko.

Udaletxeen eskaera horri begiratu diezaiogun apur bat:

Batetik, lerro luze batean Euskal Herriko eremu geografikoa definitzen da, formula baten bidez (zazpi herrialdetako estatu independente bat ez garen artean, hala beharko du), eta azpimarratu dut halaber Udaletxe bat (eraikin mota) definitzen duen Wikidata elementua. Q543654 beste elementu batzuekin ordezkatu, eta beste hainbat argazki-artikulu lortuko dituzu. Adibidez, Q16970 elementua idatziz gero, dozenaka eliza. Q199451 idatziz gero, seguruenik batere ez, pagoda bat definitzen duen wikidata elementua baita.

Beste bilaketa bat, https://w.wiki/4TT.

Kasu honetan, pertsonen gaineko bilaketa bat da, epe jakin baten artean jaioak (1960ko hamarkadan), genero propietatean (P21) emakumezko direnak (Q6651072 aldagaia) eta hiztun propietatean (P1412) euskara (Q8752) dakitenak. Era berean, emaitzak ordena jakin batean ordenatzeko irizpide bat eskatzen da. Bilaketa zehatz honen antzekoak erabili ditugu pertsonaien adinak galdetzeko Egunean Behin jokoan. Euskaldunekin egin dugu batik bat, eta bilaketa bereiziak egin ditugu gizonezko eta emakumezkoetan, kopuru berdinak izateko, 100 gizon, 100 emakumezko, berdintasunean saiatzeko.

Hortaz, horrela arakatzen dugu Wikidata, Query zerbitzuaren bidez… Esplorazioa, esan dezagun. Izatez, query horietako eskaerak Wikidatatik zuzenean ateratzeko Pywikibot Python programa erabiltzen dute nire lankide informatikariek. Hemen adibide bat dokumentatuta (honetan utziko dut hau, beste azalpen teknikoago baterako gaia da).

Wikidata arakatzea ez da Egunean Behin-eko galderak sortzeko metodo bakarra, baina bai interesgarrienetako bat. Egun hauetan lehiaketa abiatu dugu (martxoaren 15a arte) programazio bidez galde-erantzun sortak egiteko, eta azalpenak eman ditugu ideia eta adibideekin, parte-hartzaileak animatzeko: horietan bereziki aipatu dugu Wikidata eta Euskarazko Wikipedia. Inor animatzekotan:

Bestalde, kontuan izan beti: Wikidata ez dago betea berez, airetik datozen datuekin. Batzuetan kargatu dira datubase osoak beste iturri batzuetakoak, baina Wikipedia bezala, Wikidata osatzen da erabiltzaileok ezagutza dokumentatua kargatzen dugularik. Wikipedia bisitatzen duzuelarik, adi aldameneko ikono hauei:

Pagodaren artikulua hemen duzu euskaraz, baina ikonoan klikatuz iritsiko zara Wikidatako Q199451 elementura, zeinak definitzen duen zer den pagoda bat.

Hemen duzue beste orri bat, Karmele Jaio idazlearena. Berak ere badu Wikidata lotura, eta betea du hiztun propietatean (P1412) euskara dakiela… baina, adibidez, ez ote daki beste hizkuntzarik? bat edo beste susmatzen dugu baietz… Dakienak Jaiori buruz gehiago, bete beza https://www.wikidata.org/wiki/Q12261321 orri hori datuarekin! Eskerrik asko.