Oarsoaldea Wikiproiektua lantzen ari dira Bidasoaldean une honetan, Errenteriako Lekuona Fabrikak ematen dituen erraztasunak baliatuz. Haien zereginaren zati bat da, hain zuzen, eskualdeko ondarea eta oroimena digitalizatu ondoren hura Commonsen denen eskueran jartzea, lizentzia askeaz eta formatu irekian.
Aitzakia paregabea da begiratu bat emateko Wikimedia Commonseko metadatuetan euskarak duen presentziari; metadatuek, izan ere, garrantzi berezia dute multimedia materialaren bilaketa arrakastatsurako, bistatik galdu gabe euskarazko deskribapenak jarriz multimedia fitxategiari buruz ematen den informazioa eta laguntza, fitxategi horien erabiltzaileek eta hezkuntzan ikasleek erdarazko deskribapenen itzultzaile lana egiten amaitu ez dezaten.
Aldaketa bat gertatzen ari da kategorien izendapenetan, orain arte ingelesez ematekoak, baina duela denbora batetik hona tokiko hizkuntzan adieraz daitezkeenak, lekuak tokian tokiko hizkuntzaz izendatzeko. Zirrikituak ireki ditu nabarmenki gaztelaniazko zein frantsesezko kategoriak ikusi ahal izateko, eta bide zein erronka berriak ireki horiek euskaraz eman eta bistaratu ahal izateko.
Gero eta gehiago, bestalde, Commonseko metadatuak Wikidatarekin interakzioan eta estekaturik daude, eta uztarketa hori fitxategien metadatuak betetzeko orduan ere agertuko zaigu, formulario baten bitartez. Azkenean, kategoriek erabiltzailearen hizkuntzan ikusi ahal izateko bidea daramate, Wikidataren bitartez, baina artean ere prozesuan da integrazio hori.
Wikimedia Commons, euskaldunontzako aukerak
Commonsen, munduko 3. multimedia biltegirik handienean, lizentzia askeko multimedia fitxategiak gordetzen dira, behar bezala kategorizatuta. Bitarteko ahaltsua da Commons, askorengana heltzen da, ez da gutxi euskal unibertso digitala aberasten egiten duen lana. Etengabeko garapenean den proiektua da Commons, uneoro berrikuntzak gehituz. Euskal Herriko ondare katalogatua eta ez katalogatua ikusgai eta eskueran jartzeko parada ederra da, bestela ikusgai ez leudekeen euskal erreferentziak, boluntarioen lanez hornituak. Material gehienak boluntarioek kargatu dituzte Commonsera eta CC lizentzia libreenekin partekatu dituzte, eskuzabal.
Monumentuak irudikatu edo ez, hezkuntza komunitateak eta zehazki ikasleek (EU Wikipediaren erabiltzaile gehienak ere badirenak), badute beren ikaslanetarako multimedia bitartekoak eskuratzeko premia: Commonsek argazkiak, bideoak, eskemak, infografiak eta mapak eskaintzen ditu, Euskal Herrikoak zein kanpokoak, wikilarien ahaleginez eta Hezkuntza Programako hitzarmenen bidez igoak (UEU, Berria, Tokikom, etab.), jpg, svg, png, webm, ogg eta bestelako formatuetan.
Multimedia materialaren euskarazko bilaketa eta erabilera hoberendu
Digitalizazioak abiadura aurreikustea ekarri du, belaunaldi berriek ere hori eskatzen (exijitzen) dute, baita euskarari ere. Aldiz, multimedia fitxategi askok EN, ES edo FR testua bakarrik erabiltzen dute, eta horrek oztopatu egiten du nahi den motako edukia euskaraz bilatzea. Hezkuntzaren testuinguruan, abiaduraren premiak eta erraztasunak beste hizkuntzetara lerratzen ditu ikasleak material baliagarriak bilatzeko dituzten interakzioetan: bilaketak errazagoak zaizkie askotan hizkuntza horietan.
Gai orokorretan emaitza gehien eskuratzeko, bilatutakoa ingelesez idazteak du aukera gehien, baita gaztelaniaz/frantsesez ere. Horiek izango dira Euskal Herriko batez besteko erabiltzaile baten lehen hizkuntza aukera, eta horretan errealitate fisikoaren beraren isla dira. Commonsen bilaketak egitean, lortuko ditugun emaitzak hauexen araberakoak izango dira: fitxategi izen, deskribapen eta kategorietako hizkuntzak eta aipatutako Wikidatako sare semantikoa (haren definizioa). Guk, berriz, euskarazko bilaketaren aukerak handitu nahi ditugu.
Commonsek Wikidata datu base askearekin bat egiteko bidea darama, baina horretara heldu bitartean, ez du beti Wikidatako estekarik edo beharrezko Wikidatako euskarazko daturik, horiek etengabe hornitzen ari diren arren. Fitxategi bat igotzean, datu egituratuen formularioaren bidez egiten da Wikidatarekiko erlazioa, baina artean nekeza eta gogaikarria egin daiteke boluntarioak formularioko hainbat datu (ere) bete behar izatea.
Zaleenentzat, Wikidata euskaraz hornitzen joateko aukera erakargarri bat WikiShootMe tresna da, gure geografiako Wikidatako elementuei euskarazko etiketak eta deskribapenak emateko baliagarria (kasu honetan, Baiona). Euskaldun guztion interesekoa izango da elementu edo itemen izendapen arautuak erabiltzea (etiketa), existitzen direnean. Euskaltzaindiak oso eskuraerraz jarri ditu bere erabakiak eta izen zerrendak bere webgune bikainean, horiek lagungarriak dira Wikidatako eremua fin-fin betetzeko. Tokiko forma arautu zehatzik ezean, analogiaz bete daiteke etiketaren eremuko izendapena. Herrietako elizen izenetan, adibidez, haren euskarazko izenaren informazio zehatzik ez badugu, ontzat eman ditzakegu geografikoki hurbilenak diren izendapenak, hala nola “Santa Maria” edo “Andre Maria”, frantsesezko Sainte Marie edo Notre Dame euskaraz emateko, eta berdin gaztelaniatik. Behin-behineko konponbidea da, intuitiboa eta balekoa.
Kategorien eta fitxategien izenak
Commonsen, fitxategiak izendatzeko modua Language policy orrian arautzen da. Ingelesa da kategoria orokorrak izendatzeko lehenetsitako hizkuntza, pluralean, hala nola “1930 births” edo “Castles of the Kingdom of Navarre”, baina orain ontzat eman dira tokian tokiko izendapenak, tokiko errealitateari lotuz. Zenbait wikilarik erabaki dute Hego Euskal Herriko lekuak gaztelaniaz jartzen hastea, hala nola hiri eta herrietako kaleak edo lekuak (ikus Calle Ercilla edo Monumento al poeta Alonso de Ercilla), Commonseko erabiltzailea gaztelaniara behartuz emaitzak nahiko baditu, edo bilaketako elementu oso minimoetara, adibidez “Ercilla” edo “Alonso de Ercilla”, euskarazko izendapenaren ordez, baina kasu horretan ezin saihestu gaztelaniazko ortografia eta elementu morfosintaktikoak.
Fitxategien eta kategorien bilaketa laukiak izendapen iradokizunak eskainiko ditu automatikoki, izendapenak proposatu eta erraztuko ditu, existitzen diren hizkuntza hegemonikoetako kategoriak eta izenak eskainiz, besterik aurkitzen ez badu. Kategoria laukietan, HotCat gadget edo tresnak (lehenetsia) iradokitzen ditu izendapenak. Gainera, multimedia fitxategia dagoeneko Wikidatari loturik edo/eta, gainera, datu base horretan euskaraz definituta ez badago, segur aski gai askotan ez da izango erakargarriena euskarazko bilaketa egitea Commonsen batez besteko erabiltzailearentzat. Premia handia da bilaketetan hizkuntza hegemonikoen alde dagoen erlazio desorekatu hori euskarazko hautuaren alde berdintzeko edo orekatzen saiatzeko.
Kontzeptu geografikoak
Zenbait wikilarik kategorien euskarazko izendapen hutsak gaitzetsi dituzte, oro har kategoriak forma ofizialekin bat etorraraziz. Kategoriaren edo izendapenaren lehen hitza gaztelaniazkoa bada, HotCat tresnak gaztelaniazko aukera proposatzeko joera izango du, eta bigarren mailan utzi izendapeneko bigarren elementua, adibidez Villaba-Atarrabia. Kategorizazio horiek, orain arte jarri diren bezala, ez datoz bat beti izen ofizialekin, euskara lehenestearen kaltetan, hala nola Salvatierra-Agurain, herrian ofizialki “Agurain-Salvatierra”.
Euskarak batere ofizialtasunik ez duen eremuetan (Nafarroa Garaiko hegoaldean eta Ipar Euskal Herrian), euskarazko kategoria geografikoek, elebitan jarrita ere, aukera gutxi izango dituzte irauteko, eta etsigarria gertatuko zaio wikilariari borroka horretan sartzea. Erdaraz jada existitzen den euskarazko kategoria geografiko bat sortu nahi izanez gero, kategoriaren bikoizketa bat eragingo da, Commonseko erabiltzaileentzat lagungarria ez dena. Koherentziaz egokiena izan ez arren, azpikategoriak sor daitezke, adibidez, “1620 Loraldia jardunaldia – Donapaleu” azpikategoria, “Saint-Palais (Pyrénées-Atlantiques)” kategorian. Bilaketa batek kategoriaren izendapen horretako “Donapaleu” forma identifikatuko du.
Nola bete Commonsera igotako fitxategiaren datuak
Bada, eztabaida gogaikarri luze eta antzuetan sartu gabe, Euskal Herriko gaiei (edo gai unibertsalei) buruz ingelesez, gaztelaniaz edo frantsesez egin ohi direnak, wikilari euskaldunak beheko hautua egin dezake ordenagailuan; hartara, Commonsera ekarpenak egiten dituenean, erraztu egingo du Commonseko euskarazko erabilera eraginkorra (eta lagundu egingo du erabiltzaileak zein ikasleak “itzultzailearen sindromean” ez erortzen). Ez doa oharkabean, egun, erabiltzaile digital askok mugikorretik jarduten dutela, eta horretarako Commonsek badu aplikazio bat, mugikorrean instalazio lokala egiteko. Hauexek dira, bada, wikilari euskaldunak eman ditzakeen pausuak:
1. Commonseko erabiltzaile profilaren hizkuntzan, hautatu euskara, Commonseko goiko barran ezkerrean.
2. Jarri izena euskaraz igotzen duzun argazki/bideo/audio/eskema fitxategiari. Ikusita euskarazko morfosintaxi sintetikoa eraginkortasunez irakurtzeko tresna digitalek artean zailtasunak dituztela, adierazi igotzen den fitxategiaren izena kasu nominatiboan eta era deskriptiboan (Language policyaren arabera), aurreikus daitezkeen elementu lexiko minimoekin, hala nola “Bidasoa – Elizondo”, eta ez “Bidasoa ibaiaren Elizondoko ikuspegiak”, “Amaiur – gaztelua”, “Amaiurko gazteluaren hondarrak” baino hobeto. Sortu fitxategien izen serieak beharrezkoa balitz: “Bidasoa – Elizondo 1”, “Bidasoa – Elizondo 2”, “Bidasoa – Elizondo 3”, eta abar. Batzuetan, argipen gisa (desanbiguazioa) interesgarria eta adierazgarria izan daiteke urtea jartzea, hala nola “Bidasoa – Elizondo (2021)”.
3.a Gehitu deskribapena euskaraz. Nahitaezkoa da deskribapen eremua betetzea fitxategi bat Commonsera igotzen denean, egun irudi-oina gehitzeko aukera ere ematen badu ere (motzagoa eta Wikidatarako baliagarria). Deskribapenaren eremuan, xehetasun gehiago zehaztu ditzakegu, eta alderdi morfosintaktiko eta lexikoekin askatasun handiagoz jokatu. Deskribapena zenbat eta zehatzago egin, orduan eta errazago izango zaio Commonseko erabiltzaileari nahi duena aurkitzea.
3.b Deskribapenaren hizkuntza identifikazioa errazteko, onena duzu dagokion deskribapen eremuan hizkuntza txantiloia gehitzea (beharrezkoa ez den arren). Hori erraz jartzen dizu Igoera laguntzaile edo morroiak, nahikoa da deskribapen testua sartzea. Edizio xeheagoa eginez gero, hauxe duzu sintaxia (adibidea): “{{eu|}}”, adibidez, “{{eu|Erge mendiko (mapetan, gehienetan, Cap des Pènes) xehetasunak, [[:eu:Montsérié|Montsérié]], Garona Garaia departamentua, Okzitania.}}”.
4. Euskarazko Wikipediaren erreferentzialtasuna eta fitxategiko edukiaren identifikazioa hobetzeko (beste hizkuntzetako erabiltzaileei ere bai), Wikipediako estekak gehitu ditzakegu. Horretarako, baliatu (adibidez) deskribapeneko testuan “[[:eu:Maule|Maule]]” moduko sintaxia (bigarren “Maule” hitzari atzizkia lasai gehitu dakioke): hartara, deskribapenaren irakurleak EUWPko Maule artikulura heltzeko modua izango du. Artikulu honetako gaia ez den arren, huts-hutsean lokalizazioa gehitu nahi bada, Commonsek badu ezkerreko zutabean Locator-tool delako tresna edo gadget baliagarria.
5. Fitxategien deskribapenari buruzko Commonseko hizkuntza arautegiak (Language policy) eleaniztasuna hobesten du, eta ona da Commonseko beste hizkuntzetako erabiltzaileek, euskaraz gain, fitxategiaren deskribapena beste hizkuntza batean ikusi ahal izatea, era horretan hizkuntzartekotasuna hobetuz. Beraz, artean denbora pixka bat baduzu, jarri otoi fitxategiaren deskribapena beste hizkuntza batean ere. Hizkuntza hori ingelesa, frantsesa edo gaztelania izan ohi da, baina ez bakarrik.
Commonsen behar bezala euskaraz egindako izendapenek eta euskaraz betetako metadatuek ez dute Wikidatako lana kentzen edo kaltetzen; biak dira elkarren osagarri, eta biek laguntzen dute euskararen presentzia eta aukerak Wikimediako proiektuetara eta, oro har, internetera zabaltzen. Dudarik gabe, errealitate analogikoak errealitate digitala islatzen du, eta horretan euskarak bizkor eta zalu behar du. Erakunde publikoek badute lana egiteko euskarazko domeinu digitala sendotzeko, plan anbiziotsuak falta dira, euskara munduko sarean bistaratzeko gai. Bitartean, boluntarioek eta aktibistek, beren/geure eroan, badute/badugu nondik hasi. Oarsoaldea Wikiproiektuak parada ederra eskaintzen du ondarea, oroimena eta euskara uztartuz aurrera egiten jarraitzeko.
* Eskerrik asko Gorka Azkarateri bere iruzkin eta iradokizunengatik