Wikipedia multimedia entziklopedia bat da. Irudi eta diagramaz beteta dago, baita gero eta bideo eta audio gehiagoz ere. Euskarazko Wikipedian lizentzia libreko euskarazko hainbat bideo sorta txertatu ditugu azken urteotan: Teknopolis-ekoak, Jakindun-enak, tokiko hedabideenak… eta banaka igo izan direnak.
Sortu ere sortu ditugu bideoak azken urteotan: Bertsomate bildumakoak, Zientzia astekoak, wiki-kantak, tutorialak, drone bidezko irudiak… Eta azken aldian indar berezia jartzen ari gara Ikusgela ekimenaren bidez ehundik gora azalpen bideo sortuz modu natiboan Wikipedia irudiztatzeko, kontsumo ohitura berrietara ere eramateko eta, batez ere, euskarazko ezagutza librea sustatzeko.
Wikimedia Commons-eko irudi bat hizkuntza askotako entziklopedietan txertatua egon ohi da. Bideoek argazkiek normalean izaten ez duten ezaugarri bat ere badute: audioa edo errotuluak dituztenetan, hizkuntza bati atxikita izaten dira, eta beraz, ohikoena hizkuntza horren bueltan gelditzea da. Bideoa eleanitza izateko modu merke, sinple eta ohikoa azpidatziak izatea da.
Azpidatzien egoera Wikimedian
Ikusgelako bideoak euskaraz dira, baina hasieratik saiatu gara horiek hizkuntza gehiagotara eramateko, hainbat azpidatzi sortzen, itzultzen. Gaur gaurkoz, 146 bideo ditugu argitaratuta, eta horiek guztiek 418 azpidatzi batzen dituzte.
20 hizkuntza daude gutxienez azpidatzi bat dutenak. Hauek dira zenbakiak une honetan: euskara (147), gaztelania (73), ingelesa (58), bengalera (47), arabiera (26), errusiera (19), katalana (15), esloveniera (15), hausa (6), frantsesa (2), greziera (2), galesa (2), mapudunguna (1), wolofera (1), italiera (1), japoniera (1), portugesa (1), turkiera (1), txinera (1) eta tarifit (1).
Wikimedia Commonsen galesezko azpitituluak dituzten 18 bideoetatik 2k euskarazko audioa dute. Katalanez azpitituluak dituzten 49 bideoetatik 15 euskaraz dira. Commons-en ageri den woloferazko azpidatziak dituen bideo bakarra gure Korrikaren gaineko Zortziko txikian da. Bideo horrek 15 azpidatzi ditu.
Wikimedia Commons-en guztira 24.604 azpidatzi daude, bilaketa egiten, euskarazkoak 257 dira, guztien %1. Kopuru absolutoari dagokionez, 17. postuan dago euskara. Kategoria honetan ikus daitezke hizkuntza bakoitzeko azpidatzi gehienak.

Artikulu kopuruari begira, 40 Wikipedia handienak hartzen baditugu, eta horiek azpidatzi / artikulu kopuru indizearen arabera ordenatu, ranking hau ateratzen da.

Euskara 6. postuan dago, aurretik ingelesa, portugesa, gaztelania, txinera eta arabiera bakarrik daude. Atzetik alemana, errusiera, koreera, frantsesa… moduko hizkuntzak. 100 azpidatzi gehiago izango bagenitu, zerrendan bigarrenak izango ginateke, ingelesaren ondoren.
Azpidatziak gehitzen
Wiki teknologiaren eta auzolanaren bidez, edonork gehitu ditzake azpidatziak edo zuzendu dagoeneko sortuta daudenak. Horrela, euskarazko ikus-entzunezkoei erdaretako azpidatziak gehitzeko aukera daukagu; eta baita, erdaretako bideoei euskarazkok jarri, eta bideo hori gure Wikipedian gehitzeko ere. Biltegi eleanitzak eta edizio irekikoak aukera hori ematen digu.
Euskaratik mundura: nola itzuli euskarazko bideoak
Har dezagun adibide moduan Ikusgelako bideo bat. Lan hori koordinatzeko, taula eder bat daukagu Commons:WikiProject Subtitling Ikusgela atarian.

Demagun Historia saileko “Euskal baleazaleak” bideoa itzuli nahi dugula ingelesera. Horretarako bide asko daude, errazena, euskarazkoa oinarri moduan hartu, eta hori itzuliz egitea da. Horretarako, egin klik eu zutabeko gelaxkan eta TimedText:Ikusgela-Euskal_baleazaleak.webm.eu.srt-ra helduko zara.

SRT fitxategi bat da. Testu laukoa, denborak eta esanak batzen dituena. Programa asko daude horrelakoak moldatzeko, editatzeko, doitzeko. Wikimedia Commons-eko testu editorean bertan egin daiteke lan, edo fitxategia lokalean gordetzea nahiago baduzu, ordenagailuko oharren aplikazio sinple batekin bestela. Nire gomendioa Subtitle Edit erabiltzea da, baina ez da behar-beharrezkoa.
Kopiatu testu hori, gorde .srt fitxategi batean, eta hasi itzulpena egiten. Itzulpen hori itzultzaile neuronalekin ere egin dezakezu, eta gero ondo errepasatu, doitu. Hor bakoitzaren erabakiak eta lan ohiturak sartzen dira.

Behin amaitutakoan, komeni da denbora / testu luzera orraztu bat ere egitea. Hor sartzen da Subtitle Edit programa. Oso modu errazean automatikoki testuak bi lerrotan doitzen ditu (Auto br), eta testurako denbora gutxiegi duela igartzen badu, gorriz agertuko zaizu lerroa.
Azken bertsioa dugunean, hartu hori, eta itzuli lehengo taulara. Bertan Euskal baleazaleen bideoko en zutabean klikatuko dugu. Gorriz dago, eta lehengo fitxategiaren antzeko esteka batean azpidatzia sortzea proposatu digu: TimedText:Ikusgela-Euskal_baleazaleak.webm.en.srt hor itsatsi SRT berriko kodea, eta gordetzearekin nahikoa da, bideoa txertatuta dagoen leku guztietan hizkuntza hori ere gehituko da, eta horrez gain, Ikusgelako taula automatikoki eguneratuko da.
Euskarazko bideo batzuek ez dituzte azpidatziak. Beste aukera bat zerotik azpidatziak sortzea da, prozesua antzekoa da, eta hor, eleaniztasunaz gain irisgarritasuna ere sartzen da. Aditu.eus tresnarekin lehen zirriborroa lortzea aukera ona da.
Mundutik euskarara: nola ekarri euskarara bideoak
Itzuli nahi duzun bideoa identifikatuta baduzu, errazena lehen azaldu dugun bidearen kontrakoa egitea da. Commons-eko fitxategi batean zaudenean, bideo kutxan “azpitituluak sortu” botoian klikatuta, eu aukeratu eta euskarazkoa gehitzeko leihora helduko zara. Beste aukera bat, beste hizkuntza bateko esteka hartu, eta hizkuntza kodearen zatian eu jartzea da. Hemen adibidez https://commons.wikimedia.org/wiki/TimedText:Viquip%C3%A8dia_750mil.webm.ca.srt ca kendu eta eu jarrita nahikoa da.
Nola identifikatu euskarara ekartzeko interesgarriak diren bideoak? Commons:Featured media atarian bideo esanguratsuenak aurkitzen dira, hor nabigatuta bideo interesgarri bat aurkitu eta hori itzultzea aukera polita da. Eguneko multimedian ere arrantzatu ditzakezu gauza politak. Beste modu bat, azpidatzien kategorian bilatzea da. Azken aukera, Wikimedia Commons-etik kanpoko lizentzia libreko bideo bat aukeratzea da, igo eta horri azpidatzia sortzea.
Kasu horietan, azpidatzia gehitu ondoren, bideoa Wikipedian txertatzeko prest izango duzu.
Hezkuntzarako aukera
Hemengo ariketa hau ikasleekin egiteko oso aproposa da. Hizkuntza konpetentziak eta gaitasun digitala lantzeko aukera ematen du, gainbegiratzeko erraza da, eta asebetetze maila handiko ekarpenak egin daitezke.
Gaztelaniazko Wikipedia atariko Adimen Artifiziala artikuluan, euskarazko audioa duen Ikusgelako bideo bat dago, gaztelerazko azpidatziak dituena (eta beste bost hizkuntzatakoak). Modako hitzaren, hizkuntza nagusienetakoaren, entziklopedia bisitatuenean euskarazko bideo bat. Azken urtean 1.354.048 bisita jaso ditu artikuluak, egunero 3.690.
Eduki libreek muga asko apurtzen dituzte. Benetan hizkuntza aniztasunean sinesten badugu, hizkuntzak entzun egin behar ditugu, ukipena bidirekzionala bilakatu. Horretarako aukera polita da euskarazko bideoen itzulpenak egitea, eta beste Wikipediatan txertatzea bideoak. Animatzen?