2024an, hainbat lagunen artean, lan handia egin da Wikipedian aspaldiko Begoñako errepublikari buruz. Bi artikulu nagusi garatu dira: Begoñako errepublika eta Zerrenda: Mahatsorri ospetsuak. Baina oraindik badago zer gehitu, wikiproiektu bat sortu daiteke horretan lan egiteko, paperezko liburu bat argitaratu daiteke egindakoarekin eta Wikipedian editatzeko hackatoiak antolatu daitezke Santutxun, Uribarrin edota Otxarkoagan.

Lehen erronka bat bete da 2024an: 100 mahatsorri Wikipedian

100 urte beteko dira orain urte bukaeran. 1925eko urtarrilaren lehenengoan-edo anexionatu zituen Bilbo hiriak Begoña eta Deustu errepublikak (elizateak). Urteurrena dela eta hainbat ekinbide antolatu dira gertakari horretaz historia apur bat gogoratu eta zabaltzeko. Ekinbide horietako bat Euskal Wikipedian landu da; martxoan abiatu zen Uriola.eus atarian erronka bat bota zenean mezu batean: Begoñako Errepublikako 100 “mahats-zorri” baietz Wikipedian urteurrenerako!
‘Begoñako Errepublika’ zenak 2024an 125.000tik gora biztanle ditu, baina martxoan bakarrik ziren 42 artikulu Mahatsorriak kategorian zeudenak (“begoñaztarrak” kategorian).

Martxoaz geroztik hobekuntza nabarmena egin du Wikipediako Mahatsorriak kategoria horrek:

  • Martxoaren 12an: mahatsorriak 42 bakarrik ziren eta horien artean 3 besterik ez ziren emakume
    (Eulalia Abaitua, Oihana Bartra eta Aiora Renteria).
  • Ekainaren 18an:  105 mahatsorri eta horien artean 30 emakume.
  • Azaroaren 7an: 133 mahatsorri eta horien artean 37 emakume.

Listo! Lortu da martxoan jarritako helburua!
Begoña Errepublikaren 100. urteurrenean badira Euskal Wikipedian Begoñako 100 pertsona!
Martxoan hori lortzea gaitza izango zela zirudien, baina azkenean 133 ere lortu dira!

  • Mahatsorriak kategorian 37 emakume eta 96 gizon azaltzen dira, baita 17 elkarte ere.
  • Zerrenda: Mahatsori ospetsuak artikuluan azaltzen dira multzoka: artistak, musikariak, irakasleak, kirolariak…
  • Wikiliburu bat osatu da artikulu guzti horiekin, ia 600 orri ditu. PediaPress argitaletxekoek formatu-akats batzuk dituzte, baina azaroan zehar konpondu ditzaketela agindu dute.

Orain arte lan hau batez ere bost lagun hauen artean egin dugu: Esteban Kadarso, Alex Urkaregi, Jose Ramon Etxebarria, Joseba Sarasola eta Kepa Sarasola.
Baina aholkulari kolaboratzaile batzuk ere izan ditugu alboan:  Adur Larrea, Ainhoa Latatu, Ander Gabiola, Andoni Olibares, Bagabiltza Sestao, GrafiazKar – Arantza Prieto, Hektor Ortega, Ima Aramendia, Irati Calvo, Jabier Gutierrez, Joseba Pinilla, Juanan Olmo, Kepa Zarraga, Maribe Sarasola, Nekane Aramendia, eta Txus Sarasola.

Baina oraindik gehiago egin daiteke (‘Begoñako errepublika’ wikiproiektua)

Baina hau ez da bukaera, hasiera baizik. Konturatu gara, oraindik mahatsorri asko geratzen dira Wikipedian sartzeko. Wikipedian editatzeko saio batzuk antolatu ditzakegu eta horietan hauek izan daitezke lantzeko hurrengo urrats batzuk:

  • Berton aldizkarian mahatsorri asko azaldu ziren 1996-2016 urteetan, hortik eraman daitezke batzuk Wikipediara. Tamalez Berton aldizkariko bertsio digitala txukun egon zen oraind ela gutxi arte, baina ez dabil aurten. ea konpontzen den, mesedez!
  • Sortu ditugun hainbat artikulutan ez dago argazkirik. Edozein argazki ezin da jarri Wikipedian, CC-BY-SA lizentzia eduki behar da. Pena da, Santutxu Zaharra atarian argazki asko dago, baina lizentziari buruz ez da ezer esaten, eta horrela ezin dira jarri Wikipedian.
    Noizbait “gazte-kuadrila” batek hori hobetu edo horrelako beste argazki-bilduma bat egin beharko luke, baina… euskaraz, eta lizentziarena ondo adierazita, ahal den guztietan CC-BY-SA lizentzia librearekin (Ikus eredu gisa Donostiako Egia auzoan sortu duten ataria: GORDEGIA.EUS)
  • Wikipedian Begoñako Errepublika artikulua handitzen dabil apurka-apurka. Batzuen artean hobetzen ari gara. Santutxu, Otxarkoaga, Txurdinaga, eta Uribarri artikuluetan ere hobekuntza handia egin da azken hilabete hauetan, eta horretan ere oraindik badago zer hobetu.

Lagundu mesedez, zuk ere parte hartu ezazu.

Zerrenda: Mahatsorri ospetsuak artikulua:

Begoñako errepublika artikulua:

133 begoñaztarren wikipediako artikuluak (Kategoria:Mahatsorriak):

-S.E.: Ei, aspaldiko! Zer moduz? Zertan zabiltza? Hemen lan egiten duzu?, galdetu zidan, atzo, Haur Liburutegian, topatu nuen lagun batek. Aspaldi ikusi gabe eta… bi hitzetan azaldu nahi izan nion egiten ari naizena.
-L.C.: Baaa… bai. Tira, autonomoa naiz, baina, besteak beste, hemen nabil, Haur Liburuaren Dokumentaziogunean, wikilari egoiliar gisa.
-S.E.: Wiki… zer? Neska, neska… Konturatzen zara gauza arraroetan ibiltzen zarela beti, ezta?, esan zidan lagunak.
Barre egin genuen, eta neurri batean arrazoi zuela aitortu behar izan nion. Nola esan… Batzuek zortea dute. Zertan lan egiten duten galdetzen dietenean, “Filosofiako irakasle”, edo “zirujau” edo “musikari” edo “abokatu” edo “lorezain” edo “arotz” edo “futbolari”, erantzutearekin aski dute (azken horiek, bereziki, zorte handia dute). Eta ados, lanbide horietako bakoitzaren atzean hamaika xehetasun ezkutatzen dira, baina abantaila hori dute, behintzat: euren lanbideaz galdetzen zaienean, ez dituzte 5 min. behar izaten azalpenak emateko.

Horregatik, blogeko sarrera hau baliatuko dut, gaurkoan, Liburutegien Eguna ospatzen dugun honetan, hain zuzen ere, wikilari egoiliarraren figuraren atzean dagoena zer den azaltzeko. Nolanahi ere, wikilari egoiliarrak eta wikilari egoiliarrak daude. Horrekin esan nahi dudana da, ez dela gauza bera Bartzelonako Museu Picasso-n edo Londresko British Museum-en edo… haur liburutegi batean egoiliar izatea; bakoitzak bere zereginak dituela, alegia. Hortaz, hemen -Donostiako Haur Liburuaren Dokumentaziogunean- egiten dudan lanaren berri emango dizuet jarraian.

Aurreko sarrera batean, WikiLiburutegiak egitasmoaren berri eman nizuen, eta baita WikiLiburutegiak egitasmoaren aterkipean martxan jarritako Idazlezainak izeneko ekimenaren berri ere. Donostiako liburuzainek (erakunde ezberdinetako 15 bat lagunek), Wikipediaren inguruko lantalde bat osatu dutela aipatu nizuen. Euskal idazleen eta ilustratzaileen artikuluak sortu, osatu eta eguneratzeko lantaldea da, eta neu ere zeregin horietan nabilela esan dezaket. Baina proiektuaren iturburura joko dut, nire egunerokoaren nondik norakoak azaltzeko.

Iaz, Donostia 2016 Fundazioaren eta Euskal Idazleen Elkartearen arteko hitzarmen bati esker, Haur eta Gazte Literaturaren inguruko proiektu bat jarri zen abian. Eta Donostiako Haur Liburutegia izan zen proiektu horretan aitzindaritza hartu zuena.
Iazkoa mugarri bat izan zen. 2016an, lehen euskal wikilari egoiliarra egon zen hemen, Donostiako Haur Liburuaren Dokumentaziogunean; Lore Agirrezabal izan zen, eta aurten nik hartu diot lekukoa. Euskarazko Wikipedian Haur eta Gazte Literaturarekin lotutako artikuluak sortzea, editatzea, osatzea eta eguneratzea izan da gure egitekoa. Horretarako, Haur Liburutegian bertan dagoen materiala erabili dugu: aldizkari espezializatuak, DVDak… eta baita liburuak ere, azken batean, hemen topatzen baitugu gure lan-tresna nagusia.

Zer egiten du wikilari egoiliar batek?
Wikilaria jakin-mina duen pertsona bat da; ikerlari edo kazetari moduko bat, informazioa bilatzen duena -iturri ezberdinak erabiliz-, artikuluak idatzi edo osatuko dituena, eta ondoren, ezagutza hori partekatzeko helburua duena. Nik, adibidez, kontaktuak egiten ditut: Euskal Idazleen Elkartearekin, Galtzagorri Elkartearekin, argitaletxeekin… jartzen naiz harremanetan, edo egileekin zuzenean. Zertarako? liburuen azalak, argazkiak eta ilustrazioak lizentzia askean utz ditzaten. Argitaletxe, idazle eta ilustratzaileengana jotzen dut, eta gero eta gehiago dira alderantzizko bidea egiten dutenak ere. Esan nahi dut, idazle batek, adibidez, bere Wikipediako artikulua irakurri eta zuzena ez den zerbait topatzen badu, adierazi egiten digula. Nolanahi ere, Wikipedia zer den eta nola funtzionatzen duen azaltzea garrantzitsua da. Wikipedia, komunitatean eraikitzen den entziklopedia bat da, eta ez norbere curriculuma zintzilikatzeko erakusleiho bat. Artikuluek erreferentziak behar dituzte, eta irudien baimenak ere arretaz kudeatu behar izaten dira.

Nobedade gisa, aurten, euskal idazleen ahotsen bildumatxo bat egiten ari gara. Hainbat euskal idazlerekin jarri gara harremanetan, eta hona, Donostiako Haur Liburutegira, etortzeko eskatzen zaie. Lan batzuk aukeratu zaizkie, eta lan horietako pasarteak irakurri dituzte Liburutegian. Pasarte horiek grabatu, editatu eta euskal Wikipediara igo ditugu, ondoren. Egileak bere burua aurkezten du, lehenik (minutu bat baino gutxiagoko iraupena dute audio hauek), eta aukeratutako liburuaren edo liburuen pasarteak irakurtzen dituzte, segidan. Azken hauek, minutu 1 eta 4 minutu arteko iraupena dute.
Apirilean hasi ginen grabaketekin, eta 22 euskal idazleren ahotsak jaso ditugu dagoeneko. Lotura honetan topatuko duzue orain arte grabatutako ahotsen bilduma: https://eu.wikipedia.org/wiki/Wikiproiektu:Haur_eta_Gazte_Literatura/Ekimenak

22 egileren ahotsak jaso ditugu, esan bezala: Juan Kruz Igerabide, Pako Aristi, Mariasun Landa, Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Yolanda Arrieta, Pello Añorga, Tere Irastortza, Ana Malagon, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Uxue Alberdi, Xabier Olaso, Arantxa Iturbe, Iban Zaldua, Paddy Rekalde, Beatriz Chivite, Jon Iñaki Lasa, Jesus Mari Olaizola ‘Txiliku’, Martin Bidaur eta Felipe Juaristi idazleenak, eta baita Enkarni Genua antzezlearena ere. Eta aste honetan bertan, beste bi idazleren bisita jasoko dugu: Unai Elorriaga eta Miren Agur Meabe bizkaitarrak etorriko dira gurera.

Hasieran, ez genekien zer-nolako harrera izango zuen ekimenak, baina nik uste dut idazleak, oro har, gustura daudela emaitzarekin. Gero eta multimediagoak garen honetan, euskal idazleen lanak ezagutzera emateko beste aukera bat eskaintzen dugu honela, eta ‘pilula’ moduan zintzilikatzen ditugun audio labur horiek erakargarriak direla iruditzen zait.

Honela, Wikipediako edukiak osatzeaz gain, wikilari egoiliarrak Liburutegiko baliabideak hedatzen laguntzen du, Liburutegia bera ezagutzera emanez. Horrez gain, egileen eta erakundearen arteko harremanak sendotzen ditu, eta gauza bera gertatzen da argitaletxeekin ere. Honek guztiak, azken finean, euskal Haur eta Gazte Literaturari beste proiekzio bat ematen dio; euskaraz argitaratutako liburuak eta euskal kultura, oro har, munduko plazan jartzen laguntzen du Wikipediak. Eta are gehiago, kontuan izanik, mundu mailan bisita gehien jasotzen dituzten atarien artean dagoela Wikipedia.
Horregatik, interesgarria izango litzateke beste GLAM erakunde batzuk ere -hau da, beste Galeria, Liburutegi, Artxibo edo Museo batzuk ere- gisa honetako egitasmoetan parte hartzea eta euren azpiegituretan edo egoitzetan wikilari egoiliarrak hartzea.

Adar askoko zuhaitza da Wikipedia. Konturatuko zineten honezkero. Horregatik, gaurkoan, WikiLiburutegiak egitasmoaren berri emango dizuegu. 2015eko udazkenean sortu zen, eta Donostiako Udal Liburutegiko Haur Liburuaren Dokumentaziogunearen, Donostia 2016 Fundazioaren, Euskal Idazleen ElkartearenEuskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen (oh.: EWKE, elkarte gisa, 2016ko urtarrilean sortu zen) eskutik abiarazitako egitasmoa da. Proiektuaren helburuen artean daude euskal idazleen artikuluak sortu, osatu eta eguneratzea; Haur eta Gazte Literaturaren edukiak zabaltzea; Donostiako Haur Liburuaren Dokumentaziogunearen bilduma ezagutzera ematea eta alfabetizazio digitala sustatzea; eta Wikipedia ikasleen artean zabaltzea eta ikasle horiek edukien sortzaile bihurtzea. Izan ere, Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle Eskolako ikasleek ere proiektuan parte hartzen dute. Baina… goazen banan-banan.

Gehiago irakurri