Plazaratu da auzolanean Palestina eta Ekialde Hurbileko krisia (2023-2024) biltzen duen wikiliburua, asaldatu gaituen gatazka baten testigantza eta erradiografia Euskal Wikipedian

Artikulu honetan, wikiliburua sortu eta editatzeko prozesuaren eta hartutako erabakien berri ematen da

Iragan azaroan, ia urtebeteko ernaltze prozesu baten ondotik, argia ikusi du Palestina eta Ekialde Hurbila sutan (2023-2024) wikiliburuak, digitalki zein fisikoki argitaratua eta jada eskueran. Bertan, Euskal Wikipediako 25 artikulu biltzen dira, eta EUWPko artikuluetan zein wikiliburu fisikoan, askotariko irudien zein testuen txukuntze eta zuzenketa lan bat egin da maketatzailearekin batera. Dagoeneko wikiliburuaren bi aurkezpen egin ditugu, Donostiako Kaxilda liburudendan eta Durangoko Azokako Kabian.

EUSKARAZKO WIKILIBURU BAT UMOTZEN

Proiektu hau albisteetan ia egunero izan dugun albiste sortatik sortu da, Euskal Herriko gizartea inarrosi duen, gaituen, Palestinako eta Ekialde Hurbileko gatazka hotz, teknifikatu eta deshumanizatu handi batena. Eraso eta kontraeraso ugari jazo dira eta, segur aski, Israelgo agintariek zuzendu eta gauzatu duten palestinar herriaren genozidioak asaldatu gaitu nabarmenen. Bada, duela jada urtebete inguru, bildutako EUWPko albiste guztiak elkartuz, egitasmo bat jarri genuen abian: artikulu sakabanatu guztiak kontzeptu bakar batean biltzea, wikiliburu batean gorpuztua. Orduz gero, Iñaki Alegria eta biok aritu gara haren sustatzaile.

Palestina eta Ekialde Hurbila sutan (2023-2024) wikiliburua ez dugu lehendabiziko wikiliburua. Euskal Wikipedian, izan dira lehenago beste batzuk. Donostia Europako Kultur Hiriburua 2016 nazioarteko ospakizunaren uberan etorri ziren lehendabizikoak, hala nola Donostiapedia eta Haur eta Gazte literatura wikiproiektua, fisikoki argitaratuak. Luze gabe heldu zen Uliako Lorebaratzak wikiproiektu eta wikiliburua, eta azkenaurrekoa dugu Sukaldaritza Liburua (1) wikiliburua, Wikiliburuak plataforman oinarritua. Hor ditugu atera berriak ere Igeldoko historia eta istorioak wikiliburu kolektiboa (2) eta Matematika Diskretua ikasmaterialen wikiliburua (3), CC-BY-SA lizentziadunak. Wikiliburu hau, bestalde, crowdfunding bidez partzialki finantzatu den lehendabizikoa dugu, Itsulapikoa plataforma baliatuz (4).

Aldiz, hizpidea jarri digun wikiliburua da gertaeren albiste sorta bati buruz Euskal Wikipedian (EUWP) egindako lehena. Wikipedia askotariko ezagutzen topagunea da, eta gaurkotasuna hura elikatu eta emendatzeko iturburu agorrezina dugu: behin eta berriz sortzen diren albisteak. Wikilariek berezko sena izan ohi dugu sortzen den etengabeko emari hori Wikipediara ekartzeko. Nazioarteko gertaeretan, Ingelesezko Wikipedia (ENWP) izaten da lehenengoetakoa edizioari ekiten, berriok Wikipedian islatzen. Ez doa alferrik ENWPk, wikiliburuan aztertu aldian, 334.000 editore zituela batez beste (hileko aldaketa bat edo gehiago egin dituztenak) (5); EUWPk, berriz, 896 (6). Bi datuon arteko zuloa itzela da, bisitetan den bezala.

HAINBAT WIKILARI, EPE MUGATU BAT ETA LURRALDE ZABAL BAT

Wikiliburuan, 25 artikulu bildu ditugu, sei ataletan sailkatuak, edukia era koherente eta ulergarriagoan irakurri ahal izateko. Nola sortzen dira halako artikuluak? Albiste guztiek ez dute lekurik Wikipedian, euskal wikilari boluntarioek ez dugu hainbesteko ahalmenik. Aldiz, 2023ko urriaren 7ko goizeko lehen orduetan, albiste harrigarriak zetozen Ekialde Hurbiletik eta Palestinatik. Hurrengo egunean, Danwasd lankideak artikulua sortu zuen. Euskal Wikipedian gertatu ohi den bezala, ez gutxitan, itzulpen bidez sortu zuen artikulua, ordurako sortua zen ENWPko artikulua euskaratuz. Eduki Itzultzailea eginbidea (7) baliatu zuen horretarako, itzultzaile automatikoa, alegia. Urriaren 10etik, idazten duen honek hartu zuen batez ere artikulu hori eguneratzeko ekimena.

Epe honi buruz eta askotariko artikuluetan, gutxienez zazpi wikilarik egin dituzte ekarpenak, neurri handiagoan edo txikiagoan (Xabier Armendaritz, Danwasd, Oraina, Theklan, Ernestobanpiroa, Gorkaazk, Simba002 lankideek, eta idazten duen honek, Iñaki LLk, wikiliburuaren editore lanera ere sartua). Haiei bezala, esker onak baizik ez ditugu proiektu hau diruz bultzatu eta babestu dutenentzat, Wikiliburuan zerrendatuak (8), eta hainbeste gabe ere, oso baliozko alea jarri duten guztientzat. Hortxe nabarmendu nahi dugu ere Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen ekarpena, proiektu honen babesle nagusia, eta proiektu hau aurrera ateratzeko abian jarri dugun crowdfundinga bideratzeko baliatu dugun plataforma: Itsulapikoa (9). Bildutakoa maketaziora eta inprimatzera bideratu da. Maketazioaren ardura Yolanda Isasik eraman du, eta azalaren diseinua Kote Camachorena da. Eskerrik asko guztiei.

Pentsatu ohi dugu albisteko gertaera batek denbora mugatua iraun ohi duela. Gertaera bat artikulu baten baliokidea izaten da Wikipedian, harekin erlazioa duten beste artikulu batzuetara estekatua. Uneren batean, artikuluak moztu behar izaten dira, lukainka luze baten itxura hartuko ez badu. 200.000 byte baino gehiagoko 39 artikulu daude EUWPn (10), eta ez dira batere motzak. Aldiz, Wikipediako irakurleek lehen paragrafoak besterik ez bide dituzte irakurtzen (11). Bada, urriaren 7ko gertaeren soka, zabalduz eta luzatuz joan zen. Israelek Gazako ofentsiba prestatu zuen eta gatazka zabaltzen joan zen, Zisjordania, Libano, Siria, Yemen, Siria eta Iranera.

Gertaera berrien lorratzean, wikilariek artikulu gehiago sortu zituzten eta, aldi berean, artikulu nagusiko atalak oinarri harturik artikuluak sortu ziren. Artikulu berrietako batzuk itzulpenak dira edo itzulpen zatiak dituzte, sarrien ingelesetik. Beraz, beste haietako datuez gain, euskarazko artikuluek nolabait haietako ikuspegia dakarte. Batzuetan, datuak atera ahala artikulu batean ematen den informazioa behin-behinekoa da. Alegia, 2020ko Beiruteko leherketak artikuluan gertatu zen bezala, datuak eguneratzen zihoazen eta, beraz, egun jakin bateko artikuluko edukiak (suntsipen maila, hildakoen kopurua, autoretzari buruzko hipotesiak) aldatzen ziren. Albiste askok une jakin bateko informazioa islatzen dute (breaking news deitzen duten hori). Dena den, ordu edo egun batzuen buruan aldaketak jazo direnean (”beroan”), datuak eguneratzeko ahalegina egin da.

ESTATISTIKA ETA KOPURU ALDAKORRAK KUDEATZEN

Bada, datuei buruzko desafio handienetako bat etengabeko suntsipenari eta heriotza eta baja kopuruei eta ehunekoei buruzkoa da. Datuak dinamikoak baitira, aldakorrak. Wikiliburu honek 2023ko urriaren 7tik 2024ko urriaren 7rako tartea lantzen du, hori izan baita ikuspegi estruktural batez eta jarraipen estuagoaz landu ahal izan den tartea. Artikuluetan adierazitako estatistikek data dute (bajak, eraikin eta zerbitzuen suntsipen maila), eta artikulu nagusietako baten, 2023-2025eko Israel-Palestina gatazka artikuluaren infotaulak aipatu epe horren azken eguneko datuak adierazten ditu. Epe horri buruzko artikuluez gain, Palestinari buruzko sarrera artikulua gehitu dugu, Palestinako eta Ekialde Hurbileko egungo ataka ulertzeko lagungarria delakoan.

Israelen Gazako inbasioari buruzko EUWPko artikuluaren sarrera 2026ko urtarrilaren 10ean

Edizio lanean, artikulua jada maketatze fasean zela, infotaulako azken kopuru orokorrak aldatu behar izan dira, eta 2024ko urriaren 7ko datuak adierazi, urtebeteko epe horri dagozkionak jarri. Datu estatistiko orokorretarako erabilitako iturriak, Al-Jazeera hedabidearen “Live Trackerweb orriak (12), datu berrienak erakusten ditu. Ondorioz, antzeko datuak eta, segur aski, iturri berdinak darabiltzan Techforpalestine orrira jo da (13), datuen historia eskaintzen baitu. Bertako datuak bat datoz eskalada militar osoan Al-Jazeerak eskaini dituen datuekin, aldi berean hainbat euskal eta nazioarteko iturrik baliatua eta balioetsia. Hedabide horrek parametro jakin batzuetako datuen jarraipen sistematikoa egin du (zaurituak, hildakoak, suntsipena…).

ITURRIAK ETA TERMINOLOGIA EZTABAIDAGAI

Wikipediako iturrien zilegitasunak maiz jartzen du hizpidea. Ingelesezko Wikipediak (ENWP) iturri fidagarrien zerrenda bat du (14), eta FRWPk iturri fidagarriei buruzko eztabaida orri bat (15). Zerrenda horietan, ez da euskal hedabiderik aipatzen. EUWPk ez du halako zerrendarik, beharbada hobe ez egotea ere. Euskal Wikipediak egiaztagarritasunari buruzko politika bat du definitua eta onartua (16), Euskal Herriko eta euskarazko edizioaren errealitateari egokitua. Saihestu egin da, oro har, Israelgo iturriak baliatzea informazioa eskuratzeko. Israel bete-betean dago inplikatuta gatazkan. Israelek krisi honen hasieratik bertatik galarazi egin die kazetariei beren lana egitea eta gertaeren lekuko izatea eta, are, kazetariak jarri ditu jomugan. EUWPk krisi honetako kazetari erailen zerrenda bat du Gazako genozidioan hildako kazetariei buruz Zerrenda:Israelek Gazako genozidioan hildako kazetariak, ia denak Israelen erasopean hilak.

Hala izanik ere, Israelgo eragileek, IDF edo Israelgo Armadak berak, multimedia fitxategiz bete dute Commons plataforma, eta EUWPko artikuluotan haiek baliatu dira, egoki ikusi denean. Guztiz saihestu dira ad hominem kontsidera daitezkeen aipamenak, konnotazio politikoetako edo karga emozional handiko hitz puztuak (17), tipikoki «terrorista» eta «terrorismo». Izendapen hori arbuiatua da, oro har, erreferentziazko ENWPko estilo liburuan. Saihestekoa da, halaber, FRWPren arabera, etsaiei aplikatzen zaiolakoan eta ikuspuntu bat adierazten dutelakoan («POV»); ESWPk, berriz, ez du hitz hori esplizituki eragozten (Wikipedia:Manual_of_Style/Words_to_watch, Wikipédia:Termes_à_utiliser_avec_précaution Wikipedia:Palabras_a_evitar). Ekibokoa da, lausoa, edo instrumentalizatua (18)(19). Hala ere, ESWPk baliatzen du hala ekintzak nola pertsonak kalifikatzeko. EUWPk ez du era horretako hitz zerrenden orririk. Wikipedia funtzio denotatiboan oinarritzen da (ikus Euskaltzaindiaren definizioa (20), ez konnotazioan. Iturri batek edo albisteko norbaitek hitz hori baliatu badu, esplizituki ohartarazi da. Halaber, eztabaidagarriak diren baieztapen eta aipuei esaldi barneko atribuzioa gehitu zaie.

Genozidio izendapena eztabaidagai zabala izan da Wikipedia osoko hizkuntz proiektuetan. Krisi honen hasieran, Israeli berehala leporatu zitzaion genozidioa Euskal Herriko kale protestetan. Testigantza hori Wikipediako artikuluetan eta Commonsen bertan islaturik dago (21)(22). Wikiliburu honetan, gatazka eta hondamendi honek Euskal Herrian eragin dituen mobilizazio eta protesten jarraipen bat egin da, dudarik gabe biziki asaldatu baikaitu, eta Palestinarekin etengabeko elkartasun adierazpenak piztu dira. Albiste eta sinesmen irmo guztiengatik ere, artikuluak ez dira autore liburu batean bezala moldatu, Wikipedia ez baita horretarako lekua. Wikipediakoa objektibotasun ariketa bihurri bat baita. Zuhurtasunez jokatu da eta, luzaz, saihestu egin da esaldi barneko atribuziorik gabe genozidio hitza baliatzea. Argitaratutako iturrien arabera jokatu da: hobeto edo okerrago, genozidio terminoaren ikuspegi juridikoari eta nazioarteko ebazpenei itxaron zaie.

Dena den, edizioan, bilakaera kronologiko bat egon da. Egunez eguneko albiste eta irudi gordinen irmotasunaz gain, artikuluotan genozidio hitza balio osoz erabiltzeko mugarria NBEren eta Nazioarteko Justizia Auzitegiaren ekintzak izan dira, hala nola Francesca Albanese NBEren kontalari bereziaren txostena (23) eta aipatu Auzitegiaren ondorioak eta aginduak (2024ko urtarrilean, 24). Gerra hitza bera zalantzan jarri da gatazka honi buruzko Euskal Herriko argitalpenetan, eta, ondorioz, maketazio fasera arte egin behar izan dira aldaketak (Yolanda Isasi maketatzailearen lan onaren bidez) terminologia albait homogeneoena lortzeko: ”gatazka”, ”krisi” edo ”eskalada militar” hobetsi dira.

HIZKUNTZA ZUZENKETARI BURUZKO OHARRAK

Edizioan, artikuluetako terminologia aztertu da, hala nola errefuxiatuen ”kanpamentua, kanpalekua, esparrua” eta ”eremua” izenen arteko hautua. Gauza bera ote dira? Sinonimotzat erabil ote daitezke? Esparruek hesirik ote dute? Bestalde, testuetan, «suziri» eta «kohete» hitzak agertzen ziren. Lehena Euskaltzaindiaren Hiztegian aipatzen da, baina beste esanahi batekin (25). Berria egunkariaren estilo liburuak 3. adieran aipatzen du arma bat dela (26), koheteren sinonimo (27). Euskararen Erreferentziazko Corpusak ez du estatistikoki arma adiera lehenesten; izan ere, dudarik gabe, zerrenda estatistiko horretan, Berriak darabil gehien esanahi horrekin. Bestela, etxafuego esanahia gailentzen da, eta espaziontzi ere zenbaitetan (28). Wikiliburuan, ”kohete” lehenetsi da komunikatiboagoa delakoan, baina ”suziria” ere agertuko da.

Artikuluetako alde komunikatiboa ontzat jotzeko, hainbat orrazketa egin dira artikuluen gainean, lehendabizi EUWPn bertan, geroago maketazio fasean, pdf fitxategiaren gainean. Lehendabiziko orrazketan, ortografia akatsak zuzentzen dira, arakatzailearen ortografia-zuzentzaileak berak detektatuak (gehienetan). Zuzenketa ohikoenetako bat ulermena zailtzen duten alderdiei buruzkoa izan da: aditzaren atzerakarga konpontzea eta esaldi luzeak moztea. Hala ere, beldur naiz ez garela heldu denari erreparatzera. Erreparatu behar izan zaie, halaber, aditzen denborari: EUWPn, maizenean, artikuluak idazteko unean, gertaerak fresko daude, eta aditz partizipioa + orainaldiko aditz laguntzailea formulaz adierazi ohi dira («egin dituzte»). Denbora pasa ahala, ordea, aditzaren denbora iraganera pasa behar izaten da («egin zituzten»). Alderdi horiek irakurketa fasean atzeman ohi dira.

Ortografiari buruzko azken erabakia arabierazko izenen grafiari buruzkoa izan da. Hala Euskaltzaindiak (29, 30) nola Berriak (31) transkripziorako ortografia arauak eta jarraibideak zehaztu dituzte. Formalki, erraz identifikatzen dira jatorrizko testuetako “sh” letra multzoak ingelesez edo espainieraz transkribatuak direnean, euskaraz “x” jartzekoak, baita “ee” bokal multzoak ere, gure inguruko erdaretan oro har “i” letraz adieraziak, baita euskaraz ere. Bada, aintzat hartu dira arabierazko izenak euskaraz transkribatzeko ereduak eta, jada maketazio fasean ginela, arabierazko izenak euskaraz ematea. Gazako administrazio unitateen mapako izen nagusiak euskaratu dira (32), denak itzuli ez badira ere, asko baitira, eta formatua (png) ez da egokiena lan hori egiteko. Balio beza artikulu honexek dei egiteko mapa hori eta Ekialde Hurbileko beste batzuk osorik euskaratzeko!

ERREFERENTZIAK ETA INTERAKTIBITATEA

Wikiliburuaren edizio prozesuan, erreferentziak nola adierazi erabaki behar izan dugu. Iturriek ematen diote testuari egiazkotasuna. Gainera, EUWPko artikuluen helburuetako bat, baita proiektu honena ere, euskal iturriei bigarren bizitza bat ematea izan da. Izan ere, EUWP ez da autore lana edo ikerlan pertsonalen argitalpena, baizik eta jada argitaratuta dauden iturrien isla izatea, jatorrizko testua kopiatu gabe, non eta ez den hori berariaz baimentzen, CC-BY-SA lizentziaz. Hala izanik ere, artikulu bakoitzeko lehen hamar erreferentziak soilik atxiki dira, bestela neurrigabe luzatuko bailitzateke wikiliburuaren orri kopurua.

Bada, wikiliburuko artikuluen hasieran, QR kode bana adierazi da irakurleak zuzenean EUWPko artikulua kontsulta dezan. Artikuluen QRa erraz eskuratzen da, hura deskargatuz, WP artikulu bakoitzaren eskuineko zutabetik. Haren bidez, bai, irakurleak erreferentzia guztiak ikusi ahal izango ditu, baita artikuluaren kalitate balorazioak (bozkatuak zein automatikoak) eta wikiliburua janzten duten irudiak, bideoak zein mapak jatorrizko kalitatean, eta beste hainbat eginbide. Maketazioaren azken fasean, esteka bat gehitu dugu liburuaren 4. orrialdean, nahi duenak Commonsetik wikiliburua bera deskargatu eta erabil dezan (33).

BEHARREZKO LIBURUA

Wikipedia ezagutzaren bitarteko prekarioa da, ez da denetara heltzen, etengabeko bilakaeran da, dinamikoa da, aldakorra, interaktiboa, 2.0. Wikiliburu honek ihes egiten dio definizio horri, paperean finkatua den neurrian, baina premiazko testigantza zintzo bat biltzen du, atari bat da, ez soilik gertaera batzuena, baita iturri batzuena ere, garai baten erakusgarri. Aldaketak, hobekuntzak, espero daitezke EUWPko artikuluetan, jada erregistraturik dauden albiste eta informazioak denboraren joanean biribiltzeko eta fintzeko (hala izango ahal da!). Hala ere, gure hiztun komunitatea txikia da, eta EUWPkoa txikiagoa. Batez ere, wikiliburu honek (eta edozeinek) irakurlearen jarrera kritikoa eskatzen du.

Egin dira krisi lazgarri honi beste liburu batzuk, beste zoom eskala batzuetan, beste ikuspegi batzuekin, eta batez ere, kopuruari dagokionez, erdaraz. Alde horretatik, liburu hau tresna bat gehiago da urrun eta, aldi berean, hain gertu bizi dugun geopolitikaren kapitulu lazgarri honi buruzko dibulgazio, hezkuntza eta ikertze lanari bidea zabaltzeko, wikitua, euskal begiz eta Euskal Herritik.

2023an argitaraturiko “Igeldoko historia eta istorioak” liburuak ehundaka argazki eta hamaika kontakizun jasotzen ditu. Ahozko ondarean oinarrituta dago, igeldoarrek kontatutako bizipen eta istorioak baitira argitalpenaren ardatza. Liburu hau irabazi asmorik gabeko egitasmoa izan da, herritik herriarentzat egindakoa.

Gehiago irakurri

Donostiako Informatika fakultateko irakasle talde batek oinarrizko irakasgai baterako ikasmateriala wikiliburu formatuan argitaratu du. Erabaki hori euskarazko Wikiliburuak plataforma (https://eu.wikibooks.org/) indartzeko asmoz egin dute. 

Liburuak Matematika Diskretuari buruzko gaiak jorratzen ditu. Informatika Fakultatean bai “Informatikaren Ingeniaritzako Graduan” eta bai “Adimen Artifizialeko Graduan” ere irakasgai batean landu egiten den alorra da. Informatikaz haratago, beste hainbat arlotan beharrezkoa den oinarrizko ezagutza matematikoa jasotzeko ere garrantzitsua da.

EHUko irakasle diren aldetik, euskarazko irakaskuntzarako testu hau landu eta argitaratu dute, ikasleari eskola-saioetan emandako azalpenetan sakontzeko lagungarri izango zaiolakoan.

Bi formatutan jarri dute eskuragarri: wiki formatuan eta PDF formatuan. Horrela, dinamikoagoa izan daitekeen wiki formatuarekin batera, wikiliburuak 2025ean duen bertsio zainduaren argazki finko bat bertan geratuko da.

Urtez urte, lan handia egiten da euskarazko liburugintzan bai EHUn, bai UEUn, bai Elhuyar-en, eta bai beste hainbat erakundetan ere; horien osagarri izan daiteke wikiliburuen aukera. Bide horrek euskarazko ikasmaterialgintza dinamizatzeko aukera berriak irekitzen ditu eta egileek bide berri hori bultzatu nahi izan dute.