Ikasturte honen hasieran Igeldoko Herri Eskolarekin izan gara lanean, Txikipedian Igeldo herriari buruzko informazio gehiago sartzeko. Hiri baten auzoa izan arren, pertsonalitate propioa du, eta herri eskola txikia da, bertako ikasleen topaleku.
“Surflariak” gelarekin proiektua abiatu genuen Igeldo Txikipediara eramateko, handienetik (Unibertsoa) txikienera (Igeldo) doan sekuentzia baten barnean. Proiektua “Gure Mundua Ezagutzen” deitzen da, euren blogean azaltzen duten bezala.
Ikasleek, gainera, “Gaur Igeldon” bideoa egin dute, ikasturte osoan egiten dituzten gauzak aipatzeko. Elkarrizketa bat egin zidaten, Txikipediari buruz ikertzen atera ziren dudekin: nork egiten du lan Txikipedian? Nola lortzen da informazioa? Ezabatu daiteke zerbait?
Bukatu da 2019-2020ko neguko Txikipediaren lehiaketa, Txikipedian orain arte antolatutako lehena, eta aurrea ere hartu genion Covid-19ari, Durangoko Azokan abian jarritako lehiaketari martxoaren erdialdera amaiera emanez. Zailagoa izan zaigu, ordea, alarma egoerak eragindako muga batzuk gainditzea, baina hor ere moldatu egin gara. Aurtengo Txikipedia lehiaketaren emaitzak eta saridunak Txikipediaren azaleko orrian daude ikusgai.
Gure lehen aldi honetan, bi ikastetxetako 48 ikaslek parte hartu dute, batzuek bakarka eta beste batzuek, berriz, binaka. Artikulu guztiak DBH 3 eta 4 eta Batxilergoko ikasleek egin dituzte, eta epaimahaiak erabaki du lehen eta bigarren postuak saritzea.
IKASLEAK
Lehen saridunak Zumaiako Institutuaren DBH4ko Izaro Sasiain eta Malen Garcia izan dira, Alai Arantzamendi irakasle arduradun zutela, Istingor arruntaartikulua ontzen hartutako lanarengatik. Bigarren saria, berriz, Berako Toki Ona Ikastetxearen DBH 3Fko Naroa Otamendi eta Ihintza Udaeta ikasleek eraman dute, Medusa artikuluarengatik, Aintzane Galardi irakasle arduradun zutela.
Digitalki eta tokian bertan haiekin mintzatu gara, sarien epelean. Zumaiako Izarok eta Malenek ez zuten Istingorra Zumaian ezagutzen, baina irakasleek proposatutako zerrenda batetik hautatu zuten. Berako Ihintza eta Naroak, berriz, azaldu digute kultura klasikoa lantzen ari zirela klasean, eta lehiaketaren berri entzutean, jainko-jainkosen inguruko artikuluak egitea erabaki zutela: “Medusa jainkosa aukeratu genuen, bi partaideei haren historia izugarria iruditzen zaigulako”.
Izarok eta Malenek aitortu digute Wikipediatik zer-edo-zer eta gehiago edan dutela, “zailena beharbada informazio hori haurrek ulertzeko moduan idaztea” izan dela diote, eta “gustukoena txorien soinuak aukeratzea”. Wikipedia eta Wikimedia Commonsera jo dute multimedia materialen bila. Haren irudiak ere aurkitu dituzte. Beran, Naroa eta Ihintza oso gustura aritu dira informazioa bilatzen, “anitz dagoelako”: idazkiak, argazkiak, bideoak…, baina informazioa antolatzea ez zen horren erraza, eta “zailena ondoren etorri zen. Informazio askotik, haurrentzako artikulu bat idatzi behar genuen (…), dena sinplifikatzea eta ulergarria izatea”. Horretarako, Berako bikoteak irakasle arduraduna izan dute lagun, Aintzane Galardik, eta berak lagundu die idazkera fintzen.
Hurrengo lehiaketetan parte hartzen duten ikasleentzat, hagitz garrantzitsua ikusten dute gustuko duten gaiari buruzko artikulua prestatzea, eta gogoratzea testu sinplea eta haurrentzako aproposa egitea. Haien antzera, Izarok eta Malenek hurrengo lehiakideei aholkatzen diete gustuko gaia aukeratzea!
IRAKASLEAK
Mikel Arroiabe wikilariak eta EWKEkideak bere aletxoa eta gehiago jarri du Zumaiako BHIko Txikipedia programa dinamizatzen. Gogoz heldu zion Txikipediari hura hasi zenean. Iaz hasi ziren txoriei buruzko artikuluak sortzen, lehen batxilergoko ikasleekin. DBH1ean txoriak lantzen dituzte, eta erabaki zuten haiek ulertzeko moduko artikuluak egitea, ezin aproposago Txikipediaren bitartez. Alai Arantzamendi irakasleak gidatu du ikasleen lana.
Kontatu digu ikasleak ohituta daudela ingurune digitalean aritzen eta, ondorioz, Txikipedia berria zutelako bidean oztopoak aurkitu arren, erraz moldatu dira. Hasieran, “artikuluak nola editatu ikasteko azalpen orokorra eman dugu. Gela guztiak batera artikulu bat sortu dugu”, eta gero ikasleek bikoteka lan egin dutela kontatu digu. Beran, Aintzane Galardi irakasleak argitu digu ikasleek ikusi zutela lehiaketarako deialdia eta haiek egin zutela proposamena.
Wiki ingurunean moldatzen ez zaie asko kostatu: “Oso talde langilea eta arduratsua izan da aurtengoa eta primeran moldatu dira”. Gaiari gogotsu heldu diotela azaldu digu (saria irabazteak areago piztu die gogoa!). Alde horretatik, jarraipena eta ebaluatzea erraza egin zaio Galardiri, areago kontuan hartuz 7 ikasle izan dituela talde horretan. Galardik egiten duten eguneroko lana hartu du kontuan ebaluaziorako. Zalantzak agertu ditu 30eko ikasgela bat eduki izan balu gauzak nola joango ziren, baina bere kasuan eroso aritu da.
Zumaiako Alai Arantzamendi bat dator Berako ikasleek agertutako gogoarekin. Bestalde, Alaik eta Mikelek adierazi digute metodologian garrantzizkoa dela “artikulua nola egiten den argitzeko lehen egunean ikasgelako talde osoarekin tailer moduko bat egitea”: bannerrak, soinua, estekak… nola jarri. Bikoteka, Txikipediako proba orrietan egin dute lan lehendabizi, eta gero Txikipediako artikulu gisa argitaratu.
TXIKIPEDIA ESKOLAKO PROGRAMAZIOAN?
Mikel Arroiabek, Txikipediarekin izandako esperientzian oinarrituz, pauso berritzaile bat iragarri digu Zumaiako BHIn hurrengo urterako: DBH2n, Txikipedia tailer gisa sartzea, lau hileko ikasgai bihurtzea, astean bi orduz. “Txikipediaz gain, Wikimediako beste bitartekoak ere lantzeko asmoa dugu, Commons multimedia biltegi birtuala elikatzea, eta abar”. Zalantzarik gabe, ahalegin eder eta ausarta. Onena opa diegu ibilaldi horretan ere! Zorionak Berako eta Zumaiako lehiakideei, eutsi lan onari!