Portugalgo Oporto eta Miranda do Douro hirietan Wikimedia Portugalek antolatutako meeting hau maiatzaren 21etik 25era bitartean egin da, Iberiar penintsulako hizkuntza gutxiagotu batzuetako ordezkariekin eta Portugalgo mirandes hizkuntza gutxiagotu ofizialari buruzko aditu eta hizkuntzalarien parte hartzearekin.

Batzarrean, maiatzaren 23an, Oporton, Txikipedia proiektua aurkeztu eta hizkuntza gutxiagotuei buruzko mahainguru batean parte hartu nuen, beste wikipedietako ordezkari eta unibertsitate-aditu batzuekin, “Zerk darama hizkuntza bat minorizazio egoerara?” gaiaren inguruan, euskararen kasua aurkezteko. Txikipediaren kasuan, bildutako guztiei asko gustatu zitzaien proiektua eta, bereziki, Zumaiako Eskolako ikasleek egindako lana; baina, beharbada entzuleen artean lehen eta bigarren hezkuntzako irakaslerik ez zegoenez, ez dirudi inor animatu zenik beren hizkuntzan antzeko zerbait egiten saiatzera. Beharbada, irakaskuntza munduarekin lotuago dauden Wiki-bileretan izan liteke aproposagoa Txikipediako esperientzia aurkeztea, baina, hala ere, nire iritziz ondo dago proiektuaren berri zabaltzea nazioarte mailan.

Ondoko egunean, maiatzaren 24an, Miranda do Douron, Iberiar penintsulako hizkuntza gutxiagotuetako wikipedia-elkarte batzuen arteko lan-saio bat egin zen, bakoitzaren egoera elkarri ezagutzera emateko eta lankidetza-aukerak aztertzeko asmoz, baina azken puntu hau ezin izan zen asko garatu, denbora faltagatik, eta ez zen inolako konpromisorik hartu, gaia lantzeko asmoz kontaktuan jarraitzeaz gain.

Ikasturte honen hasieran Igeldoko Herri Eskolarekin izan gara lanean, Txikipedian Igeldo herriari buruzko informazio gehiago sartzeko. Hiri baten auzoa izan arren, pertsonalitate propioa du, eta herri eskola txikia da, bertako ikasleen topaleku.

“Surflariak” gelarekin proiektua abiatu genuen Igeldo Txikipediara eramateko, handienetik (Unibertsoa) txikienera (Igeldo) doan sekuentzia baten barnean. Proiektua “Gure Mundua Ezagutzen” deitzen da, euren blogean azaltzen duten bezala.

Ikasleek, gainera, “Gaur Igeldon” bideoa egin dute, ikasturte osoan egiten dituzten gauzak aipatzeko. Elkarrizketa bat egin zidaten, Txikipediari buruz ikertzen atera ziren dudekin: nork egiten du lan Txikipedian? Nola lortzen da informazioa? Ezabatu daiteke zerbait?

Bideoa ikus dezakezu informazio gehiagorako: