2026ko otsailaren 21ean zenbait boluntario elkartu ginen Lekeition. Alde batetik, bertoko Herripedia sortzeko asmoa zegoen eta bestetik Lekeitioko basilika aurrean elorri zuri berri bat landatzeko asmoa.

Bi kontu horiek uztartzea@Oraina wikilariaren ideia izan zen. @Oraina wikilaria, Etor lagunentzat, izan zen bi proiektu horiek pentsatu eta pentsatutakoa gauzatzeko bidean lagun batzuk animatu zituena.

Wikilari batzuen eta Lekeitioko lagun batzuei esker, Lekittopedia jaio zen 2026-02-21 hartan eta gero elorri zuri gazte bat landatu egin zuten Ruiz de Erentxundarrek, Guiller aitak eta Jokin semeak. Auzolana, gehien bat, bi horiekin solas egitea izan zen, aita-semeak ekarri baitzituzten elorri gaztea, landatzeko tresneria eta beharrezko material guztiak eta haiek jarri zuten euren besoen indarra. Hortxe geratu dira biak, udaberriaren zain; elorri zuri gaztea eta Lekittopedia, alegia.

Lekeitioko elorri zuri ihartua. 2010an ihartu eta 2026ko otsailean ordeztu egin zuten EWKEko boluntario batzuen ekimenez eta Atabaka Kultur Elkarteko boluntario batzuen ezinbesteko laguntzaz.
Lekeitioko elorri zuri gaztea, 2026-02-21ean landatua.

Lekittopediaren jaiotza

@Oraina wikilariaren familiarteko batzuk, Atabaka taldeko lagun batzuk, @ksarasola, @GorkaAzk eta @Josi_Sierra wikilariak hurbildu ziren Lekittopediaren jaiotzan eta elorri zuri gaztearen landaketan laguntzera. Topaketa egin genuen Eusebio Erkiaga Kultur Etxean. Zorionez Lekittopedia jaio zen egunean WiFia itzuli zen Lekeitiora, aurreko aste osoa Internetik gabe egon baitziren herrian. Topaketaren ostean Independentziaren plazara joan ginen elorri zuri gaztearen landaketa ikustera.

Saltsa ikusita, edo aurreko egunetan jarritako kartelak ikusita, Lekeitiar espontaneo batzuk elkartu ziren basilika aurrean sortu zen taldearekin, tartean basilikako erretore ondarrutarra… Azkenik lekeitiar batzuek “Elorri zuri ganeko” ereserkia abestu zuten a cappella. Apaizak eta lekeitiar lagun batek egun handirako gordetzen den idazkun handia atera zuten eta elorri zuri gaztearen ondoan paratu zuten, non ereserkiaren hitzetan “ta errukia” falta den. (Baten batek pentsatu zuen ereserkiko hitz horiek idatzi zituenak errukia benetan falta dela erabakiko zuela bere garaian).

@Josi_Sierrak animatu zituen bertaratukoak ‘Elorri zuri ganeko’ ereserkia abestera eta berak grabatu eta geroago editatu zuen eguneko >> bideo-erreportajea <<

>> bideo-erreportajea <<

Aurretik, goizeko 10:30etan Lekeitiopedia > Lekittopedia herripediaren jaiotza ofiziala ospatu genuen.

Bertaratutako guztiok ginen, nolabait, @Oraina wikilariaren ezagunak Eusebio Erkiaga Lekeitioko Kultur Etxean egindako topaketan. Esate baterako, Etorren amaginarrebak ekarri zuen Lekeitioko argazki zaharren liburu bat, (ISBN eta egile eskubide informaziorik gabeko liburua), eta argazki digital batzuk telefonoan. Emakume hau bere lehen wiki-artikulua idazten animatu nahi izan zuen @GorkaAzk wikilariak… Eta animatu zen. Emakumea euskararekin ausartu ez, -ahoz normal egiten badu ere, irakurtzen eta idazten ausartu ez-, eta gaztelaniaz idatzi nahi izan zuen bere lehen artikulua. Pare bat argazki Commonsera kargatu eta gaztelaniazko testu bat argitaratzeraino iritsi zen @Adita2026 wikilari hasiberria. Denbora gutxian: “Hotel Zabalecua” es.wikipedia.org horretan argitaratuta zegoen. Tamalez artikuluari sendotasuna emateko erreferentziarik topatu ez, eta, konturatu orduko, zuhaitza landatzeko ordua iritsia zen. (Dena esan behar: “Hotel Zabalecua” artikulua berehala ezabatu zuten es.wikipedia.org horretatik, baina, hala ere, gaur egun bilatzaileek, eskatu gabe ere, erabiltzen duten AA demonio horiek direla medio, ezabatutako artikulu hura erakusten dute, Hotel Zabalecuaren beste erreferentziarik topatzen ez dutelako edo).

Laburbilduz: egun horretan Lekittopedia jaio zen eta elorri zuri gazte bat landatu zuten Lekeition.

Jokin Ruiz de Erentxun, tutoreari eusten. Hondarretaraino zulatu zuten lurra, Lekeitioko Isuntzako harea aurkitzeraino, tartean ihartutako elorri zaharraren eta plazako ezkien sustrai batzuk topatuz. Elorri zuri gazteak tutore sendoa izango du hurrengo urteetan; Jokinek eta Guillerrek, bere aitak, lan fina egin zuten.

Jokin eta Guiller Ruiz de Erentxun, ihartutako elorri zuriaren enborraren zati bat erakusten.

EWKEk, eguna gogoratzeko, altzairuzko idazkuna erosi zuen eta Lekeitioko udaleko langileek idazkuna metalezko hesira lotu egin zuten hurrengo lanegunean. (QR kodeak Lekeitioko elorri zuria artikulura bideratzen du).

Mila esker egun horretan laguntzera hurbildu ziren guztiei, eta urrutitik ere lagundu zutenei, @Izaskun_Salazar kasu, (Beasainpedia izan da Lekittopediaren eredu nagusia).