Urteak dira Informatika Fakultatean lehen mailan programazioa irakasten dudala. Ariketak eta ariketak egin behar ditu ikasleak konputagailu-programak nola idatzi behar diren ikasteko; ehun baino gehiago dira irailetik abendura bitarte egiten dituena.
Erabil dezakegu Wikidata programazio-ariketak egiteko? Esaterako… datu asko dago udalerriei buruz. Saia gaitzen horiek erabiltzen!
Artikulu honetan aurtengo gure ikasleek landu dituzten ariketa eder batzuk erakutsiko ditut.

Ikaslee batek egindako programa baten zati bat
Euskal Herriko udalerrien datu batzuk eskuragarri daude Wikidatan,
EHko udalerrien biztanleria mapa batean

Beti ari gara ariketa abstraktuekin

Gehienetan programazioko ariketetako datuak zenbaki eta testu sinpleak izaten dira, testuingururik gabe eta maila abstraktukoak. Adibidez, ikusi enuntziatu orokor bi hauek:

Ariketa. Batezbestekoa
Zero zenbakiaz amaitzen den eta gutxienez beste zenbaki bat duen zenbaki osozko sekuentzia bat irakurrita, kalkula ezazu sekuentziako zenbaki positiboen batezbesteko aritmetikoa.

Ariketa. Zenbakia bilatu zenbaki ­osozko bektore batean
B oso­ bektore ez ordenatu batean zenbaki bat bilatzeko algoritmoa espezifikatu eta egin. Zenbakia bektorean badago, lehenengo agerpenaren posizioa itzuli beharko da; eta bestela, zero itzuli beharko da. Azpiprograma modura inplementatu.

Enuntziatu orokor horiek ondo daude, balio dute pedagogikoki abstrakzioa lantzeko, baina azken bi urtetan ikusi dut ariketa horietako batzuk datu errealekin egin daitezkeela, eta horrela ikasleak estimu handiagoa hartzen diola ariketari. Kasu horretan, egin duen programa errealitatearekin lotuago dagoela ikusten du ikasleak, ikusten du programatzen jakiteak ate berriak irekitzen dizkiola eguneroko bizitzan aritzeko. Ikusten du ikasgelan egin duen programa horrek, gero koadrilako lagunekin komentatzeko ere balio duela, baita txantxa batzuk egiteko ere, agian.

Ariketarik datu errealekin?

Ildo horretatik aurten urrian, ikastaro erdian ariketa pare hau proposatu diegu ikasleei:

Ariketa.
Gipuzkoako udalerrien batezbesteko biztanleria
Hainbat zenbakiren batezbestekoa kalkulatzen ikasi dugu gaur. Hemen dauzkazue Gipuzkoako udalerrien biztanleria eta azalera: https://w.wiki/ddj
Ea nork esaten didan zein den Gipuzkoako udalerrien batezbesteko azalera eta batezbesteko biztanleria.
Nafarroan? Bizkaian?

Alex Diez, Miren Samaniego, Leire Hernandez, Xabier Irastorza eta Juan Alagonek primeran asmatu zuten 🙂
Gipuzkoako udalerrien biztanle kopuruaren batez bestekoa 8.253 da.

Ariketa.
Zenbat herrikide dituzu Wikipedian?

Zenbat lanbide bakoitzean?
Zure herriko zenbat neska/mutil daude Wikipedian? Zenbat dira jarduera bakoitzean (futbolariak, politikariak, idazleak…) ?
Nondik lortu datuak?  Hemendik: https://w.wiki/BNp

  1. Wikidatako galdera honetan (https://w.wiki/BNp) Agurainen ordez jarri nahi duzun herria
  2. Emaitza esportatu ezazu ‘query.csv’ fitxategira.
  3. Eskuinaldeko ‘Jaitsi’ menuan hartu ezazu ‘CSV fitxategia’ aukera.
  4. Sortu den ‘query.csv’ fitxategia ekarri direktorio honetara.

Tamalez, azken ariketa hori ez zuen inork egin, lanpetuegi-edo egon ziren urriko aste hartan.

Hiru ikasleren programa txukunak Wikidatako datu errealekin

Baina geroago, bukaeran, abenduan, ikasle batzuek trebetasun minimo bat lortuta zutelarik, azken ariketa luze hau proposatu nien, ea inork ekiten zion erronkari:

Ariketa.
EHko udalerri honen antzekoena zein da beste probintzietan? 
Bizilagunen dentsitatea kontuan hartuta (biztanlea/zabalera) Datuak Wikidatatik jaso ditzakegu: EHko udalerrien azalera, biztanleria eta lurraldea (Ipar eta Hegoaldea)
Hortik datuak hartuta… Sartu dena bektore batean (edo probintzia bakoitzerako bektore bat). Kalkulatu dentsitateak eta orduan: Herri bat emanda bilatu beste probintzietako herrien artean zeintzuk diren dentsitate berdintsuak dituztenak

Besterik ez nien esan, beste laguntzarik ez. Ez zen erronka makala, eta irakasgaian landutako kontzeptu gehienak lantzeko balioko zuela uste genuen.
Eta hara! Hiru ikaslek programa zoragarri egin dituzte! Ederto landu dute ariketa eta ebazpen ederrak lortu ere gero. Horietako bik sortutako kodea eta dokumentazioa zuk ere ikus dezakezu, Githuben jarri baitituzte :

Irastorzaren emaitza batzuk. Biztanle dentsitateko herriak lerro bakoitzean.

Adibidez, zein dira biztanle-dentsitatean Gipuzkoako Lezo-rekin antza handiena duten herriak? Irastorzaren programak argi azaltzen du, hauek dira:

Laudio (Araban), Bermeo (Bizkaia), Basusarri (Lapurdi),
Eguesibar (Nafarroa Garaian), Donibane Garazi (Nafarroa_Beherean)
eta Maule-Lextarre (Zuberoan).

Euskal Herriko udalerrien datu batzuk eskuragarri daude Wikidatan,

Mundu osoko datuak, 300 hizkuntzatan

Baina Wikidatako datuak ez dira Euskal Herrikoak bakarrik, mundu osoko datuak dira. Eta gainera emaitzak hainbat hizkuntzatan eskuratu daitezke.
Hori dela-eta… azken ariketa pare bat proposatu diet ikasle horiei, ea baten batek egiten duen, EHkoa eginda edukiz gero beste hau askoz errazagoa da gero. Ezetz asmatu zure programa moldatzen gauza bera egiteko Espainiako udalerri (eta probintziekin) jolasten.

Ariketa.
Antzeko hiriak Amerikako Estatu Batuetan
.
Eta era berean… Estatu Batuetako hiriekin (probintzien ordez estatuak hartuta)?
(https://w.wiki/ufc Ameriketako Estatu Batuetako 10.000 hiri, bakoitza bere probintzia, biztanleria eta azalera)

Ariketa.
Espainiako antzeko udalerriak beste probintziatan
Egin berriro udalerriko ariketa baina esate baterako, Espainiako udalerri eta probintziekin
(https://w.wiki/ufM, Espainiako 6730 udalerri, bakoitza bere probintzia, biztanleria eta azalerarekin)
Edo Frantzian (https://w.wiki/ufJ, Frantziako 10.000 udalerri, bakoitza bere probintzia, biztanleria eta azalerarekin)
Oso aldaketa gutxirekin lortu ahal izango duzu.

Programatzen irakasteko jolastoki berriak

Oso pozik nago ikasle horiek egin dutenarekin, baina oraindik orain ez nago guztiz pozik. Nik proposatzen dizkiedan gaiak nahiko “formalak” edo “aspergarriak” direlako (biztanle kopuruak, azalerak eta halakoak). Oraindik ez dut lortu, baina erne, laster ikasleek eurek aukeratuko dituzte gustuko gaia (filmak? Bideo-jokoak? Kirolariak? Musika taldeak? edo dena delakoa) Eta gai horiei buruzko datuak Wikidatatik hartuta… programak gai horiekin ere erabiliko dituzte. 🙂

Eta koadrilako lagunei erakutsiko diete zer programatu duten.
Laster baietz! 😉

Gora datu irekiak! Gora Wikidata!
Programatzen ikasteko ariketa erakargarriak sortzeko aukera dira eta!