Hezkuntza Programa garrantzitsua egiten ari gara euskal wikilariok, mundu osoan zehar egiten diren programetan aitzindaria: ikasleek ikasleentzat idazten dute, irakasle eta unibertsitateekin egiten dugun lankidetzari esker. 2019ko apirilean aurrerapauso berria emango dugu: mundu osoko hezkuntza programei buruz entzuteko aukera izango dugu, Donostian, asteburu batez.

Gehiago irakurri

Azaroaren 6an eta 7an, Iruñeko Baluarte Batzar Jauregia Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia berrien gune garrantzitsua izango da, bertan egingo baitira Nafarroako Gobernuak IKTen eremuan eta kultura digitalean euskararen erabilera sustatzeko xedez Euskarabidearekin antolatu dituen jardunaldiak: Sarean Euskaraz. Aurten, nobedade moduan, Wikipedian artikuluak sortzeko ikastaroa emango da, eta hitzaldi irekiak emango dira, nahi duenarentzat, arratsaldeko ordutegian.

Goizeko saioak DBHko 4. mailako eta D ereduko Batxilergoko 1. mailako ikasleei zuzenduta daude. Ikasleek eurek egindako Wikipedia artikuluak igoko dituzte sarera. Bigarren Hezkuntzako zortzi institutuk hartuko dute parte tailer horietan. Ondoren, azaroaren 6etan eta 7an egingo diren Jardunaldietan, 13 ikastetxetako 1.000 ikaslek hartuko dute parte. Arratsaldeko saioetara edonor bertara daiteke.

Wikilari izateko ikastaroak ikastetxeetan

Urrian, aurretiazko prestakuntza emango zaie Nafarroako DBHko 4. mailako eta D ereduko Batxilergoko 1. mailako ikasleei. Wikipedian Nafarroarekin zerikusia duten euskarazko artikuluak sortzea edo hobetzea lortu nahi da. Ikastaro horietan 8 ikastetxetako 400 ikasle inskribatu dira.

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko kideek emango dute prestakuntza, ikastetxean bertan. Gero, artikulurik onenek saria jasoko dute.

Gehiago irakurri

Pasa den ekainean Jose Ramon Etxebarriaren omenezko liburuan artikulu bat idatzi nuen. Abiapuntua galdera hau zen: Zelan sortzen da Wikipedian pertsona baten artikulua? Pista batzuk ematen nituen hori egiteko , eta gainera, aitzakia horrekin, adibideetan Joserraren artikuluko osagai batzuk erabili nituen. Joserra izan zen nire irakasle handienetako bat, Fisika irakatsi zidan eta euskaraz idazten irakatsi zidan. Eskerrik asko Joserra! Liburuan idatzi nuena wikilarien blogean ere baliagarria izan daitekeenez… apur bat moldatu… eta blog honetara ekarri dut.
ftxi

Motibazioa

Heroi ugari ezezagunak dira gure inguruan, pozgarria da horrelakoak deskubritzea eta gizarteari eredu moduan aurkeztea. Jarduera horretan hasi nintzen ni orain dela hiru urte, Donostiapedia bultzatzen hasi ginenean konturatu nintzen ni Wikipediako biografietan zegoen hutsuneaz. Adibidez, donostiarren artean 2016ko udan 392 gizonezko zeuden, baina emakumezkoak 100 baino ez ziren. Zelako hutsune! Eta antzeko panorama zegoen ofizioetan ere; pertsona gehien biltzen zituztenak lanbide hauek ziren: idazle (112), politikari (59), futbolari (56), aktore (44), kazetari (25), arraunlari (19) edo kirolari (16). Meritu handikoak dira ofizio horiek guztiak, zalantzarik ez dago, baina ziur ados zaudela nirekin: kirolari gehiegi, telebistako pertsonaia gehiegi zeuden hor. Edo hobeto esanda, barkatu, horiek ez daude soberaz baina hutsune nabarmenak daude hor; esaterako, unibertsitatearen mundutik inor gutxi zegoen; ematen zuen Wikipediako mundu honetan unibertsitateko gaiak ez zirela ez aipagarri, ez eta erakargarri ere. Zuek bezalaxe egoera horrekin ez nago ados; ea 40 urtean zerbait erakutsi badit UEUk, hori da gero, zientziaz eta jakintzaz aritzen garenean gozatu ere egiten dela.

Wikipediako hutsune hori oso nabarmena zen, bai; eta zer egin behar zen horren aurrean? Oihukatu? Ernegatu? Bai, apur bat bai; baina garrantzitsuago zen hutsuneak betetzen hastea. Eta horixe da oraindik dugun erronka: gozagarri zaizkigun zientzia eta jakintza horietako eragile eta sortzaileak azalera ekartzea, plazara ateratzea. Ados? Wikipedian lan egiteko prest? Ongi etorri! Hona hemen ‘wiki-lanerako’ pista batzuk.

1. pista. Batu informazioa: liburutan, Interneten…

Pertsona baten artikulua sortzea edo osatzea erabakitzen duzunean lehenengo urratsa datuak batzea da. Zuk dakizuna abiapuntua izan daiteke baina erreferentziak behar dituzu idatziko duzuna egiazkoa dela erakusteko. Ziur Google-k lagunduko dizula horretan, komunikabideek ere bai (berria, argia, eitb…). Argazki kontutan sarean aurkituko duzun edozein argazkik ez du balio, kontuz.

Webgune horretan behealdean CC-BY-SA lizentziaren iruditxo hori agertzen bada… primeran; bestela bilatu webgune hauetako batean: CC Search, Flickr (Aitortu eta Konpartitu), Google Advanced Image Search, edo Wikimedia Commons advance search.

2. pista. Moldatu Wikipedian dagoen antzeko beste pertsona baten eskema.

Zeintzuk dira lortu dituzun datuak? Zeintzuk dira printzipalak? Zeintzuk bigarren mailakoak? Nola antolatu zenbait ataletan? Osa dezakezu artikuluaren eskema bat?

Hasiberria bazara edo galduta sentitzen bazara bilatu Wikipedian antzeko soslaia duen beste pertsona bat. Gustatzen zaizu? Baliagarria da bere eskema? Atalak? Kategoriak? Horrela bada kopiatu beste pertsona horren artikulua, eta hartu ezazu abiapuntu modura artikulu berri bat osatzeko, eta noski, ondo egokitu zure pertsona berri horren datuekin.

Adibidez, Joserra Etxebarriaren artikuluan hainbat paragrafo zeuden pasa den urrian, denak jarraian eta egiturarik gabe, ataletan bereizi gabe. Zaila zen Joserra polifazetikoaren informazioa antolatzea. Nola egin? Itxaron, Txillardegi ere nahiko polifazetikoa zen eta antzekotasuna bazuen Joserrarekin. Txillardegiren artikulua ikusi eta bere antolaketa erabilgarria iruditu zitzaigunez, Joserraren artikuluari antzeko egitura ematea erabaki genion.

Zein kategoriatan jarri Joserraren artikulua? Horretan ere Txillardegirenak kontuan izatea lagungarri izan zan.

3. pista. Lortzeko irudi errazenak Commons-ekoak edo zuk egindakoak dira.

Artikulu batean txertatzeko, argazki errazenak Wikimedia Commons zerbitzu barruan sartuta daudenak dira, noski.

Argazki berri bat sartu behar bada, orduan errazena norberak egin dituenak sartzea da. Horrelakoetan Commons-era joan ‘Fitxategia igo’ aukeratu eta esan argazkia zurea dela eta CC-BY-SA lizentzia bat ematen diozula. Berehala sartu ahal izango duzu artikuluan goian esan bezala.

Bestela, argazki kontutan kontuz, ezin duzu igo sarean aurkituko duzun edozein argazki. Webgune horretan behealdean CC-BY-SA lizentziaren iruditxoa agertzen bada primeran; argazkia zeure konputagailura jaitsi, igo gero Commonsera eta adierazi nondik jaso duzun eta CC-BY-SA lizentzia hori duela. Adibidez Joserraren argazki bat aikor.eus aldizkaritik hartuta dago.

Hala ere, buruhausteak izan ditzakezu. Kartel pribatu bati argazki bat egiten badiozu, atzera botako dizute argazkia. Jabetza izan dezakeen aztarna txikiena baldin badago, ondo defenditu beharko duzu argazki hori argitaratzeko baimena duzula. Adibidez, ez da ohikoa baina asko sufritu dut nik azken bi urteotan zehar Joserraren kartel mitikoa, Suarezi erantzuteko modua izan zena, Wikipedian argitaratzeko nahian; eta oraindik ez dut lortu. Hainbat gestio eginda lortu nuen aurrezki kutxak Flickr-en argitaratzea CC-BY-SA lizentzia egokiarekin.

Baina Commons-eko gainbegiratzaile batek kartelean behean erdialdean zeuden inprimategiko letra txiki batzuk ikusi zituenean hor balizko jabetza intelektuala egon daitekeelakoan argazkia ezabatu zuen berriro.

Ondorioz, ezin da jarri Wikipedian kartel hori. Pena da, Joserraren izaera eta ekarpena kartel horrek ezin hobeto islatzen du eta. Irakurle hori, baldin badakizu zein zen inprimategi hori (E??E ELEXPURU HNOS. S. A. -BILBAO D. L. ??-???? -1978), lagunduko bazenigu haiekin kontaktuan jartzen… beste saio bat egin genezake kartela Wikipediara ekartzeko.

4. pista. Erreferentziak erraz-erraz txertatuko dituzu URLa edo ISBNa ezagutuz gero

Komeni da artikuluan erreferentziak gehitzea, testuan esaten dena egiaztatzeko aukera eman ahal izateko, edo edukietan sakontzeko. Erreferentzia horietako bat eskuz sartzea minutu batzuetako lana izan daiteke. Baina sartu behar duzun erreferentzia bat webean badago segundo gutxi batzuetan egin dezakezu automatikoki ‘ikusizko‘ edizioan ‘Aipatu’ botoia eta ‘Automatikoa’ aukeratuta sartu webgunearen helbidea (URLa) eta listo. Beti ez du harrapatzen informazio guztia (jai duzu webguneak metadatu horiek definituta ez baditu, noski), baina sarritan bai, eta oso txukun geratzen da. Berdin gertatzen da erreferentzietako bat liburu bat bada, ISBNa emanda automatikoki lortuko dizkizu liburuaren datu guztiak.

A! Erreferentziak direla-eta, pertsona hori unibertsitatekoa bada ez ahaztu Ingumako erreferentzia gehitzen. Ingumaren informazioa ematea oso aberasgarria izaten da. Horrelako esalditxo bat gehitu:

Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-baseak, guztira berak sorturiko 170 lan baino gehiago erakusten ditu.[22]

22 Jose Ramon Etxebarriaren produkzioa Inguma datu-basean (>170 produktu).

Azken pistatxo batzuk, miszelanea.

Birzuzendu

Jose Ramon Etxebarria da artikuluaren izenburua, baina hainbatek Joserra Etxebarria bilatuko dute. Zer egin horiei erantzun egokia emateko? Definitu beste artikulu bat Joserra Etxebarria izenburuarekin eta hor testutxo hau bakarrik jarri:

#BIRZUZENDU [[Jose Ramon Etxebarria]]

Idazlan guztien zerrenda luzea bada aparte jarri, beste artikulu batean

Joserraren kasuan idazlan kopurua oso luzea denez, eta artikulu nagusiaren irakurterrezago izan dadin, aparte beste artikulu batera atera dira. Artikulu nagusian garrantzitsuenak bakarrik azaltzen dira, azalpen batekin kasu gehienetan.

Ezin duzu testuak literalki kopiatu

Nahiz eta erreferentzia bat gehitu, ez badaukazu hori egiteko baimenik, nonbaitetik jaso duzun esaldi oso horiek ezin dituzu berdin-berdin kopiatu. Beste modu batera moldatu beharko duzu hori.

Artikulua modu inkrementalean osa dezakezu

Hasieran artikuluaren bertsio minimo bat argitaratu dezakezu: paragrafo zehatz bat edukiaren ideia nagusia ondo azaltzen duena (pertsonaren ezaugarri nagusiak) erreferentzia bat eta kategoria(k). Geroxeago joan zaitezke zatika oinarrizko artikulu hori osatzen: paragrafo berriak, argazkiak, Wikipediako beste artikulu batzuetarako estekak… Zatika egin dezakezu, bai, baina kontuz, argitaratzen duzun bitarteko bertsio bakoitza egoera koherente eta irakurgarrian utzi behar duzu.

Zirriborroa

Noizbait egoera ez-koherente batean edo osatugabean utzi behar baduzu artikulu bat, adierazi beharko zenuke artikulua zirriborroa dela (artikuluko hasieran gehitu hau: {{Zirriborro}}).

Norberaren proba orria

Artikulu bat argitaratu baino lehen esperimentatu dezakezu Wikipediako zeure proba orri propioan, oraindik publiko orokorrerako argitaratu gabe; noski, kontu bat zabaldu baduzu. Eta hori lehenbailehen egin behar duzu Wikipedian parte hartu nahi baduzu. Nik probak egiteko orri hau daukat: https://eu.wikipedia.org/wiki/Lankide:Ksarasola/proba

Zure proba orriaren helbidea oso antzekoa izango da, noski.

Zuk ere idatzi Wikipedian

Bukatzeko eskaera bat: lagundu, mesedez, Wikipediako hutsuneak betetzen. Artikulu berriak sortu edo Joserraren artikulua bera ere osa dezakezu. Ez da artikulu laburra, baina badira hainbat puntu oraindik osa daitezkeenak. Gehitu dezakezu, esate baterako, behin Gernikako Juntetxean atxilotu zutela, edo Joserraren iniziatibari esker ingeniaritzako bere ikasleek aurten 40 bat artikulu sortzen ari direla Wikipedian, ‘1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat’ proiektuaren barruan.

Gehiago irakurri

Ikasturte honetan abiatu dugun Hezkuntza Programaren baitan Gradu Bukaerako Lan bat egitea proposatu genien HUHEZIko multimedia komunikazio ikasleei. Bi ikaslek, Leire Marimon eta Amaia Fuertesek, proiektuari heldu eta multimedia eta Wikipedia bigarren hezkuntzako ikasleengan duen pertzepzioa ikertzeari ekin zioten. Gure hasierako helburua bideogintzan kokatzen bazen ere, laster konturatu ginen ikertu beharreko esparrua bideogintza bera zela, eta amaierako produktuak ez zela ikerketa horren ondorioa baizik. Horregatik blog sarrera honetan hasieratik egingo dugu kontakizuna, eta ez amaierako produktutik.

Gehiago irakurri


Blog sarrera honetan ikasturte honetan Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak egindako Hezkuntza Programako lanak laburbildu nahi ditugu. Orrialde honek zehaztasun handia izan badezake ere datu orokorretan zentratu nahi izan dugu, ondo uler dadin egindako lanaren neurria zein den.

Atal bakoitzean balorazio txikiak ere sartu ditugu, egindako lana hobeto uler dadin, izandako zailtasunak edo praktika onak hobeto identifikatzen saiatzeko. Sistematikoak izan gabe, argibide batzuk eman nahi ditugu modu honetan.

Jakina denez, proiektu honen helburua anizkoitza da: alde batetik erronka bat jarri diogu gure buruari, kalitatezko 1.000 artikulu lantzea 12-16 urteko ikasleentzat. Horretarako ere metodologia bat jarri dugu: Unibertsitateko irakasle eta ikasleekin lankidetza, urtero egiten diren lan teoriko horiek probestu ahal izateko. EWKEren helburua Wikipedia indartzea zein wikilari berriak lortzea da, beraz, eta proiektu honetan jarri dugun erronka horretarako bideetako bat da.

Lan orokorrak

Webgunearen prestaketa

Egin beharreko lehen lana Wikipedian lan hau guztia argitaratzeko lekua prestatzea izan zen. Horretarako Atari:Hezkuntza izeneko gunea prestatu genuen. Gune dinamikoa da, oraindik ere aukera asko eskaintzen dituena.

Hezkuntza Atariaren azaletik hainbat garapen egin ditugu: 1.000 artikuluen zerrendarako sarbide erraza, lehiaketen jarraipenerako bannerra, irakasle-gela (laguntza berezia ematen diena irakasleei), ikasleentzat baliabideak eta egiten ari diren proiektuen jarraipen loturak.

Hezkuntza Ataria sortu zenetik 7.000 bisitatik gora izan ditu, eta etorkizunean garrantzia areagotzea da helburua, bere azpi-orrialdeak ere indartuz.

Arbelaren prestaketa

Ikasleek egiten duten lana jarraitzeko tresna da Arbela. Gure lehenengo lanen artean Arbela itzultzea eta erabiltzeko baldintzak sortzea izan ziren. Arazo asko izan genituen itzulpen lanekin: orain arte ingelesez bakarrik zegoen software bat itzultzeko prestatu behar izan zen, eta gauza asko ezin izan dira oraindik konpondu.

Hala ere, bide interesgarria izan da. Erabilera handia eman diogu eta garatzaileek ere gure ikuspuntuaren inguruko interesa izan dute. Arbelari zuku guztia ateratzetik urrun gaude, baina tresna gehiago ditugunean aukera paregabea izango dugu estatistikak eta jarraipena egiten jarraitzeko.

Itzulpen lanak

Jarri genuen beste helburu bat tutorial eta esku-orriak itzultzea zen. Nahi baino denbora gehiago behar izan genuen lan hau amaitu, inprentan sartu eta liburuxkak izateko. Horren ondorioz, ia ikastaro gehienak liburuxkarik gabe egin ditugu. Tutorialak ere denboran luzatzen ari dira, eta oraindik ez ditugu guztiak.

Ikasturtea amaitzerako guztiak eduki nahiko genituzke, hurrengo ikasturtean gure lana erraztu eta ikasleei material egokia emateko. Bestetik, erronka dugu egindako material guzti hau errazago jartzeko eskuragarri.

Laguntza orrialdeak berritzea

Laguntza orrialdeak gaurkotu gabe genituen eta zaila zen bertatik Wikipedian editatzen ikastea, asko eta asko lehen erabiltzen ziren sistemetarako prestatuta baitzeuden. Egindako lanetako bat laguntza orrialdeak sinplifikatzea, berritzea eta, behar izanez gero, atal berri bereziak sortzea izan da. Oraindik badaude hainbat orrialde lehenengo sistemara egokituta daudenak, baina lan honen ondorioz Wikipediara gerturatu nahi duen orok aukera berriak ditu.

Unibertsitateak

Atal honetan unibertsitate bakoitzean, Campus bakoitzean edo Fakultate bakoitzean egindakoa azter genezake, baina dokumentu honetan datu orokorrak ematea hobetsi dugu. Hala ere, komenigarria da esatea, lan gehienak (%94) UPV/EHUrekin batera egin direla. Programa honen baitan 46 ikastaro eman ditugu ikasturte honetan unibertsitateetan, eta lerro hauek idazten ari garenean milioi bat hitz gainditu dituzte ikasleek. Hona hemen datu orokor batzuk:


Datu orokor hauetaz gain, aukera izan dugu edukietan sakontzeko. Argi dago irakasleek erabilitako metodologien arabera emaitzak ezberdinak direla, nahiz eta ez dugun datu estatistiko nahikorik metodologia zehatz baten alde egiteko. Ikasleen jarrera, ikasgelaren tamaina, irakasleak eskatutako lanak zuen balorazioa edo eskatutako gaiari nola erantzun dioten asko aldatu du amaierako artikuluaren emaitza.

Orokorrean, bai ikusi dugu arazo nahiko izan dituztela ikasleek erreferentziak eta bibliografiak eratzeko eta, agian, azken kurtsoetako ikasleek izan dute emaitzarik onena eremu honetan. Irudien copyrighta, edo bideoen jatorriaren inguruan ere hutsune larriak daude, oro har. XXI. mendeko konpetentzia digitalak diren iturrien behaketa eta azterketa, ikuspuntu kritikoa edo egiletza eskubideen inguruan ezjakintasuna nagusi dela ikusi dugu, eta ez dagokigu bakarrik guri arazo hori aldatzea, noski.

Ikasleek landutako arloei erreparatuz gero, ikusten dugu aurrerapen handiak egin ditugula fisika, kimika eta matematikan, baita ingeniaritza eta teknologiei lotutako eremuetan, baina ez dugula lortu emaitza esanguratsurik historia eta, oro har, letra klasikoen atalean. UPV/EHUko Filosofiako ikasleekin izandako esperientzia bikainean ere, zientziaren historia izan da landutako gaia. Ez dugu lortu programarik garatzea Psikologian, Historian, Magisteritza eta Ekonomiaren eremuan, nahiz eta azken honetan euskara eta komunikazioaren eremuan artikulu multzo eder bat landu dugun.

Bereziki UPV/EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa sailarekin lanean izan dugu emaitzarik interesgarrienetako bat. Irakasle hauekin aukera polita dugu lana egonkortzeko, izan ere guztiz bat dator gure planteamendua eta eurek ikasgelan lantzen dutena. Irekitako programatako asko, ikasgai honetan izan dira. Jasotako artikuluek ere kalitate oso altua izan dute.

Aipamen berezia egin nahi diogu hemen izandako praktika esperientziei. Hiru abiatu ditugu, eremu ezberdinetan: alde batetik Master bat patrozinatu dugu UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean, ilustrazio zientifikoak Wikipedian indartzeko; bigarrenik, bi ikasle izan ditugu praktiketan Gradu Amaierako Lan bat egiten Mondragon Unibertsitatean, Wikipedian bideoak duen garrantziari eta formatu posibleei buruz; azkenik, bi ikaslek ORES teknologia garatzeko saiakera egin dute UPV/EHUko Informatika Fakultatean. Esperientziak oso ezberdinak izan dira. Baita emaitzak ere.

Ilustrazio Zientifikoarekin arazoak izan ditugu helburuak ulertarazteko, eduki libreak igotzea nahi genuela adierazi eta praktikaldia txukuna izateko. Irailean aurkeztuko du ikasleak lana, baina oraindik ez dago definituta helburua. Aldi berean, ez dugu lortu irudi libre bat ere Wikipediarako, eta ez genuen izan eurei ikastaro bat emateko aukerarik. Hurrengo urtean konpondu beharreko auzia.

GrALari dagokionez, ikasleek ikerketa sakona egin dute bideo formatuei dagokionez, baina aurkeztu dituzten bideoak ez zuten Wikipediarako balio, ez tonuan, ez eta eduki libreei dagokionez. Libre izatearen kontzeptua albo batera utzi dute eta, beraz, bideoak ezingo ditugu, dauden bezala, Wikipediara igo.

Azkenik, ORESen praktikak egin dituzte bi ikasleek aukera polita izan dute Wikipedia barrutik ezagutzeko, baina ez dugu lortu aurrerapen handirik euren bidetik. Ardura, ordea, WMFren bide luzeetan dago, eurek lan eskerga eta oso txukuna egin baitute.

UPV/EHUren Letren Fakultatean eskaini genituen praktiketara ez zuen inork izenik eman. Hurrengo urtean berriro eskainiko ote ditugun eztabaidagarria da.

Gaizki ateratakoetatik ikasi, eta bikain ateratakoak bultzatu. Badugu hurrengo ikasturtean aurrera egiteko materiala.

Bigarren Hezkuntza

Bigarren Hezkuntza gure erronkaren ardatza da. Azken finean, artikuluak 12-16 urteko ikasleentzat ari gara hobetzen. Hori dela eta, hainbat bide ireki ditugu irakasleen parte-hartzea handitzeko, eta ikasleek Wikipedia hobeto ezagutu eta erabiltzeko.

Ildo hau ez da joan nahi genuen abiaduran, eta traba handiak topatu ditugu Berritzeguneen bidez ikastetxeetara iritsi edo proiektua bera garatzeko. Ikasturtearen azken txanpan bide hau berrireki eta bi ikastaro eman dizkiegu Bigarren eta Lehen Hezkuntzako irakasleei.

Aldi berean, elkarlana bultzatu dugu Euskal Herriko Ikastolekin, unitate didaktiko bat sortzeko helburuarekin. Unitate hori ikasturte honetan amaitzea zen erronka, eta dagoeneko prest dago aurkezteko. Gure hurrengo erronka irakasleengana iristea izango da eta ikastolaz ikastola hitzaldiak eskaintzea, eskariaren arabera.

Lau ikastetxetan hitzaldiak eskaini ditugu, Wikipediako artikuluak egiteko helburuarekin. Emaitzak oso ezberdinak izan dira, ikastetxearen izaeraren arabera. 16 urteko ikasleekin lan egiteko moduak ezberdinak dira, klasearen iraupena ere laburra da, eta helburu neurgarriak jartzea zailagoa. Hurrengo ikasturterako erronka hainbat proiektu garatu eta neurtzea izango da, beraz.

Lehen Hezkuntza

Proiektu honen helburuetako bat Vikidia bultzatzea zen. Vikidia 8-13 urtekoentzako Entziklopedia bat zen, Frantzian sortua, eta Wikimedia Fundaziotik aparte. Irakasle Eskoletan hainbat azalpen eman eta gero, ikusi genuen ez zela batere ezaguna, eta zaila izango zela Unibertsitateko ikasleak bertan idaztera bultzatzea.

Aldi berean, albisteak jaso genituen Vikidiaren jarraikortasunari buruz: antza arazoak egon zitezkeen etorkizunean zerbitzariak mantentzen jarraitzeko.

Hirugarren faktore bat ere bazegoen Vikidian lan egitea zailtzen zuena: ezagutza teknikoa duten lankide falta, txantiloiak, kategoriak edo Wikidatarekin loturak abiatzeko.

Hiru faktore horiek ikusita, proiektua bera berplanteatu eta euskaraz bakarrik dugun berrikuntza bat sartu genuen: Txikipedia. Txikipedian Vikidiako eduki guztia dago, baina hazkuntza nabarmena izan du sortu zenetik. 1.000 artikulutik gora ditu, eta oraindik ez da Entziklopedia funtzional bat, baina Wikipedia eta Txikipediaren arteko lotura askoz interesgarriagoa da.

Txikipediaren funtzionamendua Wikipediarena bezalakoa da, tresna berdinak eta baliabide berberak erabiltzeko aukera dago. Gainera, artikuluak zuzenean lotzen dira fitxa sistema batekin, Wikipedia guztietan aitzindaria. Sistema hau garatzeko Norvegiako wikilarien laguntza izan genuen, eta sortutako interesa oso handia izan da. Ikastaroak eman ditugu jada, prentsan oihartzuna izan du eta bisiten emaitzak ere oso onak dira.

Bestelako elkarlanak

Elhuyar Fundazioa

Elhuyar Fundazioarekin hainbat proiektu eraman ditugu aurrera. Alde batetik Wikidatara Zientzia eta Teknologia Hiztegiko (ZTH) deskribapenak eta definizioak igo ditugu. Momentuz 6.600 definizio izan dira, baina beste 20.000 inguru igotzeko aukera egongo da etorkizunean. Definizio hauei esker, mugikorretik egindako sareko bilaketetan euskarazko azalpen txukuna jasoko dugu lehen begiratu batean. Luzera begira, itzultzaile automatikoei terminologia egokia jasotzen lagunduko diegu, geroz eta gehiago erabiltzen dutelako Wikidata zein Wikipedia terminoak itzultzeko garaian.

Bigarren proiektua Teknopolis saioko bideoak igotzea izan da. EiTBren baimena lortzea, eta bideoetan zegoenaren lizentzia argitzea izan dira buru hausterik handienak. Bideoen lizentziek, eta bertan erabilitako musika eta irudi guztien egiletza zehaztea oso ariketa zaila da, eta aurrera begira ere ondo zehaztu beharko dira horrelako proiektuak. Bideoak txertatzen hasi garenetik, bideoak dituzten orrialdeek 41.819 ikustaldi izan dituzte.

Azken proiektua izan da anbiziosoena, eta oraindik amaitzeko aukerarik ez duena: Wikispeech. AhoLabTTS teknologia baliatuz Wikipediako artikuluak automatikoki entzuteko aukera gehitzea zen erronka, baina sistemaren muga askorekin egin dugu topo. Bartzelonako Hackatoian ere landu dugu gaia, baina oraindik Suedian garatzen ari den beste teknologia baten menpe dago gurearen instalazioa. Espero dugu 2018an zehar instalatzea, baina gurea prest dago bide hori egiteko.

Susa argitaletxea

Susa argitaletxearekin literatura eremua beste modu batez lantzeko aukera aztertu dugu. Proiektu bikoitza lantzen ari gara eurekin, oraindik ere amaitu gabe dagoena. Alde batetik Haur eta Gazte Literatura zein Euskal Literaturan egon behar diren funtsezko artikuluak eta gaiak aztertzeko eskatu diegu, eta dagoeneko lehenengoaren txostena badugu, adituek landuta. Curriculumean agertzen dena baino landuagoa da, eta bide orri bat ematen digu hurrengo urteetan Unibertsitateekin lantzeko, bereziki Haur eta Gazte Literatura lantzen den ikasgaietan, baina ez bakarrik.

Bestetik, Armiarmako datu baseak eta Wikidata koordinatzeko lana abiatu dugu. Horri esker, urte honetan zehar, euskarazko idazleen biografiak hobetu, literaturari buruzko informazioa gaurkotu eta ikerketa interesgarriak egiteko bideak irekiko dira.

Liburuzainak

Donostiako liburuzainekin egiten ari garen proiektua Hezkuntza Programarekin batzeko ahalegina egin dugu. Liburuzainak gure artikuluen zerrendan dagoen “Literatura Unibertsala” eremua lantzen ari dira aurten, eta zerrenda ere eurekin batera osatu dugu. Elkarlan adibide bikaina, gure ustetan.

Ahotsak

Altxorra du Ahotsak.eus ekimenak. Ia 50.000 bideo pasarte, 300 herri baino gehiagotan grabatuak, pertsona anonimo zein ezagunak, herri hizkeran historia eta etnografia egiten. Aurten egin dugun akordioetako bat eurekin landu dugu: 300 herri horietako euskararen lagin bat hartu eta dagokion herriko artikulura igotzea. Gainera, herri horretako euskararen egoera eta berezitasunen inguruko pasartea ere osatuko litzateke. Urte honetan zehar egingo da, eta dagoeneko hasi gara lehenengoak jasotzen.

Berria

Berriak dituen bi proiektuko testuak libre uzteaz gain (GAL 30 urte eta Oroiteria), historia osoan zehar egin dituzten infografiak Wikimedia Commonsera igotzeko lan titanikoari egin diogu. 16.000 infografia baino gehiago, eremu guztietan, etiketatuta eta libre.

Infografia hauen erabilera hurrengo ikasturteko estatistiketan aztertu ahal izango dugu, oraindik igotzeko prozesuan baikaude.

UEU

UEUrekin bi bide ezberdin landu ditugu aurten. Alde batetik Udako Ikastaroetan hiru saiotan hartuko dugu parte. Bestetik, historiako liburuetako hainbat pasarte askatzeko elkarlana abiatu dugu.

Lehenengoari dagokionez, EWKE eta UEUren arteko elkarlan bidea sendotzea da helburua. Wikimedia proiektuetan trebatzeko ikastaroa, komunikabideen datuak aztertzeko ikastaroan eta WikiSenior deitu dugun esperientzia berri batean hartuko dugu parte.

Liburuen askapen prozesua zaila izan da. Liburuetako testuen egokitasuna aztertzeaz gain, Wikisourcera igo ziren azkenean hainbat testu ez oso. Testu hauek ez dira oso baliagarriak etorkizunera begira, baina Wikiteka proiektua sortzeko ezinbestekoak izan dira, eta zentzu horretan oso baliagarri.

Bertsomate

Ekimen txikia baina oso interesgarria izan da honakoa. Jone Uria bertsolariarekin matematikari buruzko hainbat definizio bertsotan emateko erronka abiatu genuen, eta bideo moduan igo ditugu sarera. Bideoek oso harrera ona izan dute, eta dagoeneko txertatuta daude dagozkien artikuluetan.

Helburuko artikuluen hobekuntza

Egindako lanaren erronka nagusia 12-16 urteko ikasleentzat kalitatezko artikuluak eskaintzea da, eta horretarako aurten egindako lan nagusietako bat Heziberri Curriculum dekretuan agertzen diren terminoen erauzketa izan da. Lana ez zen erraza izan, termino asko hala moduz atera behar izan direlako, baina egindako zerrendak aukera handiak eman dizkigu lanean jartzeko. Artikuluen zerrendak izan ditu bere kritikak: alde batetik Unibertsitateetan lana egitea zailtzen zuen, gai asko ezin zirelako modu errazean landu bertako ikasgaietan; bestetik, gaien aukeraketan hutsune nabarmenak zeudela argi zegoen, Curriculumeko erauzketa sistematikoa izan bada ere, barruan zer sartu eta kanpoan zer utzi jakitea zaila delako, batzuetan.

Horregatik, programa honen berezko helburua dena, erronka gisa azaldu behar izan dugu. Helburu nagusia herri honetako ezagutza guztia herritar guztien esku jartzea da, horretarako tresna wikilari gehiago izatea, eta proposatu dugun erronketako bat oinarrizko artikuluak lantzea da, kalitatea hobetuz.

Hasiera batean 1.000 artikulu hobetzeko erronka jarri genuen, baina laster ikusi genuen zenbaki zehatz hori lortzea zaila izango zela, eta arloz arlo joan gara borobiltzen saiatzen. 1.710 artikulu daude zerrendan, eremu guztietan. Gure erronka 1.710 artikulu horiek hobetzea izan da, beraz.

Estatistikak egiterakoan arazo zehatz bati egin behar izan diogu aurre: literatura eremuan egindako aldaketek pixka bat desitxuratzen dituzte emaitza orokorrak, ikasturtearen erdian aldatu baikenituen artikuluak, lehen aipatutako elkarlanen ondorioz. Hala ere, saiatu gara datu horiek ere era egokian aurkezten.

Datu orokorrak

Arloz arlo

Lehiaketak

Aurten martxan jarritako beste ekimen bat hilabeteko lehiaketarena izan da. Sari polit batzuekin gutxi garatutako gaiei heldu diegu, eta wikilari berriak ere lortu ditugu bide honetatik. Hilabetero sortu den lehiarekin ehunka artikulu sortu eta hobetu ditugu, Afrikako historia, elikadura, emakumeen historia edo giza sexualitateari buruz. Hauek dira ekimena laburbiltzen duten estatistikak:

Gehiago irakurri

Arantzazun izan zen zita, Osasungoa Euskalduntzeko Elkartearen urteroko kongresuan. Bertan Angel Bidaurrazaga irakasleak azkeneko hiru kurtsotan fakultateko bere ikasleekin egindako lana aurkeztu zuen, kongresuko komunikazioen barnean. Ikasleek guztira 131 artikulu sortu edo hobetu dituzte, eta artikulu horiek dagoeneko 16.000 irakurtalditik gora izan dituzte. Arratsaldez, osasunari lotutako hainbat profesionalekin Wikipedia editatzeko ikastaroa egin genuen.

Gehiago irakurri

Apirila eta maiatza artean, Antigua-Luberri BHIko ikasle talde bat Luberripedia egitasmoan aritu da, Donostiako Antigua auzoari buruzko edukiak sortuz eta Wikipedian zabalduz.

Egitasmoak helburu bikoitza izan du:

  • Wikipediaren funtzionamendua erakutsi eta ikasleak edizioan trebatzea.
  • Auzoari buruzko informazioarekin Wikipedia aberastea.

Tarte horretan, 7 artikulu berri sortu dituzte eta beste 11 osatu eta eguneratu. Horrela, Jakintza Musika Eskola, Txantxarreka gaztetxea, Txorroskilo musika-taldea edo Aizkorri kaleari buruzko artikulu berriak topatu genitzake orain euskal Wikipedian.

Batxilergoko 22 ikasle aritu dira wikilari gisa, Informatika ikasgaiaren baitan Alain Urizar irakasleak gidatuta. Bi orduko formazio-saioa jaso eta handik aurrerakoak beren kasa landu dituzte: gaia aukeratu, erreferentziak bildu, argazkiak atera eta Commons-era igo, txantiloiak txertatu… denetarik!

Wikiproiektuaren berri zehatza eta landutako artikuluak ondoko estekan topatuko dituzue:

https://eu.wikipedia.org/wiki/Wikiproiektu:Luberripedia

Lehenbiziko urtea izanda, esperientzia positiboa izan da oso eta hurrengo urtean jarraipena izango duela espero dugu.

Etorkizuneko wikilariak hemen dira!

Gehiago irakurri

Bi urte dira Gipuzkoako campusaren eta Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen artean elkarlanean ari garela, eta gaur Liburuaren Eguna dela probestu dugu “Euskarazko libururik handiena” leloarekin laburpena egiteko. Ikasle eta irakasle batzuekin batera, EHU, Eusko Jaurlaritza eta EWKEko kideok proiektu hau bultzatzeko egindako lana laburbildu dugu. Datu gisa: aurten Gipuzkoako campuseko ikasleek egindako Wikipediako artikuluekin 1.500 orrialdeko liburu bat egin daiteke, euskarazko libururik luzeena izango litzatekeena.

Gehiago irakurri

Urtarrilean Afrikako Historia izan genuen gurean; otsailean euskal musikari egin diogu tartea… eta martxoan badator “Emakumea historian eta emakumeen historia” lehiaketa euskarazko Wikipediara. 1.000 artikulutik gora lantzeko aukera egongo da, historian garrantzia izan duten hainbat emakume zein emakumeen historia lantzen dutenak. Lau sari izango dira oraingoan, gaiari lotutako euskarazko entseguak. Parte hartzeko aukera duzu https://eu.wikipedia.org/wiki/Atari:Hezkuntza/Lehiaketak/2018/03 helbidean.

Gehiago irakurri