Ikasturte honen hasieran Igeldoko Herri Eskolarekin izan gara lanean, Txikipedian Igeldo herriari buruzko informazio gehiago sartzeko. Hiri baten auzoa izan arren, pertsonalitate propioa du, eta herri eskola txikia da, bertako ikasleen topaleku.

“Surflariak” gelarekin proiektua abiatu genuen Igeldo Txikipediara eramateko, handienetik (Unibertsoa) txikienera (Igeldo) doan sekuentzia baten barnean. Proiektua “Gure Mundua Ezagutzen” deitzen da, euren blogean azaltzen duten bezala.

Ikasleek, gainera, “Gaur Igeldon” bideoa egin dute, ikasturte osoan egiten dituzten gauzak aipatzeko. Elkarrizketa bat egin zidaten, Txikipediari buruz ikertzen atera ziren dudekin: nork egiten du lan Txikipedian? Nola lortzen da informazioa? Ezabatu daiteke zerbait?

Bideoa ikus dezakezu informazio gehiagorako:

Gehiago irakurri

Hezkuntzako langileentzat mezu bat da hau. 2020-2021 ikasturtea hastear da, inoiz baino ziurgabetasun gehiagorekin. Horregatik, guk…

Lagundu nahi dugu

Lau urte dira jada Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak bere Hezkuntza Programa hasi zuela. Tarte honetan 3.000 ikasle baino gehiagok 4 milioi hitz baino gehiago gehitu dituzte Euskarazko Wikipedian. 1.500 artikulu inguru sortu dituzte, 3.000 artikulu inguru hobetu dituzte eta 9.000 erreferentzia bibliografiko gehitu dizkiote euskarazko Wikipediari.

Gehiago irakurri

Bukatu da 2019-2020ko neguko Txikipediaren lehiaketa, Txikipedian orain arte antolatutako lehena, eta aurrea ere hartu genion Covid-19ari, Durangoko Azokan abian jarritako lehiaketari martxoaren erdialdera amaiera emanez. Zailagoa izan zaigu, ordea, alarma egoerak eragindako muga batzuk gainditzea, baina hor ere moldatu egin gara. Aurtengo Txikipedia lehiaketaren emaitzak eta saridunak Txikipediaren azaleko orrian daude ikusgai.

Gure lehen aldi honetan, bi ikastetxetako 48 ikaslek parte hartu dute, batzuek bakarka eta beste batzuek, berriz, binaka. Artikulu guztiak DBH 3 eta 4 eta Batxilergoko ikasleek egin dituzte, eta epaimahaiak erabaki du lehen eta bigarren postuak saritzea.

IKASLEAK

Lehen saridunak Zumaiako Institutuaren DBH4ko Izaro Sasiain eta Malen Garcia izan dira, Alai Arantzamendi irakasle arduradun zutela, Istingor arrunta artikulua ontzen hartutako lanarengatik. Bigarren saria, berriz, Berako Toki Ona Ikastetxearen DBH 3Fko Naroa Otamendi eta Ihintza Udaeta ikasleek eraman dute, Medusa artikuluarengatik, Aintzane Galardi irakasle arduradun zutela.

Digitalki eta tokian bertan haiekin mintzatu gara, sarien epelean. Zumaiako Izarok eta Malenek ez zuten Istingorra Zumaian ezagutzen, baina irakasleek proposatutako zerrenda batetik hautatu zuten. Berako Ihintza eta Naroak, berriz, azaldu digute kultura klasikoa lantzen ari zirela klasean, eta lehiaketaren berri entzutean, jainko-jainkosen inguruko artikuluak egitea erabaki zutela: “Medusa jainkosa aukeratu genuen, bi partaideei haren historia izugarria iruditzen zaigulako”.

Toki Ona ikastetxeko Ihintza eta Naroa saridunak, Beran

Izarok eta Malenek aitortu digute Wikipediatik zer-edo-zer eta gehiago edan dutela, “zailena beharbada informazio hori haurrek ulertzeko moduan idaztea” izan dela diote, eta “gustukoena txorien soinuak aukeratzea”. Wikipedia eta Wikimedia Commonsera jo dute multimedia materialen bila. Haren irudiak ere aurkitu dituzte. Beran, Naroa eta Ihintza oso gustura aritu dira informazioa bilatzen, “anitz dagoelako”: idazkiak, argazkiak, bideoak…, baina informazioa antolatzea ez zen horren erraza, eta “zailena ondoren etorri zen. Informazio askotik, haurrentzako artikulu bat idatzi behar genuen (…), dena sinplifikatzea eta ulergarria izatea”. Horretarako, Berako bikoteak irakasle arduraduna izan dute lagun, Aintzane Galardik, eta berak lagundu die idazkera fintzen. 

Alai Arantzamendi eta Mikel Arroiabe, Zumaiako lehiaketaren dinamizatzaileak

Hurrengo lehiaketetan parte hartzen duten ikasleentzat, hagitz garrantzitsua ikusten dute gustuko duten gaiari buruzko artikulua prestatzea, eta gogoratzea testu sinplea eta haurrentzako aproposa egitea. Haien antzera, Izarok eta Malenek hurrengo lehiakideei aholkatzen diete gustuko gaia aukeratzea!

IRAKASLEAK

Mikel Arroiabe wikilariak eta EWKEkideak bere aletxoa eta gehiago jarri du Zumaiako BHIko Txikipedia programa dinamizatzen. Gogoz heldu zion Txikipediari hura hasi zenean. Iaz hasi ziren txoriei buruzko artikuluak sortzen, lehen batxilergoko ikasleekin. DBH1ean txoriak lantzen dituzte, eta erabaki zuten haiek ulertzeko moduko artikuluak egitea, ezin aproposago Txikipediaren bitartez. Alai Arantzamendi irakasleak gidatu du  ikasleen lana.

Kontatu digu ikasleak ohituta daudela ingurune digitalean aritzen eta, ondorioz, Txikipedia berria zutelako bidean oztopoak aurkitu arren, erraz moldatu dira. Hasieran, “artikuluak nola editatu ikasteko azalpen orokorra eman dugu. Gela guztiak batera artikulu bat sortu dugu”, eta gero ikasleek bikoteka lan egin dutela kontatu digu. Beran, Aintzane Galardi irakasleak argitu digu ikasleek ikusi zutela lehiaketarako deialdia eta haiek egin zutela proposamena.

Wiki ingurunean moldatzen ez zaie asko kostatu: “Oso talde langilea eta arduratsua izan da aurtengoa eta primeran moldatu dira”. Gaiari gogotsu heldu diotela azaldu digu (saria irabazteak areago piztu die gogoa!). Alde horretatik, jarraipena eta ebaluatzea erraza egin zaio Galardiri, areago kontuan hartuz 7 ikasle izan dituela talde horretan. Galardik egiten duten eguneroko lana hartu du kontuan ebaluaziorako. Zalantzak agertu ditu 30eko ikasgela bat eduki izan balu gauzak nola joango ziren, baina bere kasuan eroso aritu da.

Zumaiako Alai Arantzamendi bat dator Berako ikasleek agertutako gogoarekin. Bestalde, Alaik eta Mikelek adierazi digute metodologian garrantzizkoa dela “artikulua nola egiten den argitzeko lehen egunean ikasgelako talde osoarekin tailer moduko bat egitea”: bannerrak, soinua, estekak… nola jarri. Bikoteka, Txikipediako proba orrietan egin dute lan lehendabizi, eta gero Txikipediako artikulu gisa argitaratu.

TXIKIPEDIA ESKOLAKO PROGRAMAZIOAN?

Mikel Arroiabek, Txikipediarekin izandako esperientzian oinarrituz, pauso berritzaile bat iragarri digu Zumaiako BHIn hurrengo urterako: DBH2n, Txikipedia tailer gisa sartzea, lau hileko ikasgai bihurtzea, astean bi orduz. “Txikipediaz gain, Wikimediako beste bitartekoak ere lantzeko asmoa dugu, Commons multimedia biltegi birtuala elikatzea, eta abar”. Zalantzarik gabe, ahalegin eder eta ausarta. Onena opa diegu ibilaldi horretan ere! Zorionak Berako eta Zumaiako lehiakideei, eutsi lan onari!

Gehiago irakurri

EHUko Ilustrazio Zientifiko Masterarrekin lanean egon gara azken urteotan, euren ikasleekin Wikipedia ilustratzeko balio dezaketen ilustrazioak lantzen. Iaz Francisca Veas ikaslea izan genuen pentsamendu ebolutiboaren inguruko infografia bat egiten. Urtearen hasierarekin infografia osatua igo zuen Commonsera, eta dagoeneko euskaratu dugu, irakurle guztien esku egon dadin.

Infografia tamaina handian ikusi nahi baduzu: https://eu.wikipedia.org/wiki/Eboluzio

Jatorrizko SVG bertsioa Internet Archiven ere eskuragarri dago: https://archive.org/details/infograficaevolucionsvg3

Gehiago irakurri

Orain hilabete aipatzen genuen Sakanan 2019aren amaieran irekitako bideak fruituak eman zituela Altsasuko Iñigo Aritza ikastolan eta Uharte Arakil zein Urdiaingo herri eskolatan. Joan zen astean beste pauso bat eman genuen proiektu honetan, Urdiainen lau astez lantzen egon diren toponimiari buruzko informazioa Txikipediako artikulura igoz. Berriro ere, inoizko wikilaririk gazteenek, komunal digitala aberastuz asko ikasi daitekeela erakutsi digute.

Toponimia ezagutzen, gal ez dadin

Urdiainek, Euskal Herriko herri askok bezala, toponimia aberatsa du. Urdiaingo udalak argitaratutako mapa honetan ikusten den bezala, izen asko aurkitu daitezke. Aurreko belaunaldientzat oso praktikoa zen hau: “amona Arkutzabarrenan dago, joan eta esaiozu izeba bila etorri dela” esatea nahikoa zen jakiteko nora joan behar ziren, baita nondik ere. Gaur egun, ordea, informazio hau guztia galtzen ari da, eta urdiaindar gazte askorentzat zaila da ulertzen herriko etxeetako mugetatik haratago ere udalerriak jarraitzen duela.

Proiektuaren atal honetan, beraz, Euskarabideatik lortutako mapa toponimiko handi bat lortu eta binaka lau izen aukeratu behar izan dituzte. Irizpidea: euren atentzioa deitzen zien izenak izan behar ziren, eta ezin ziren errepikatu. Horrela hartu dituzte Txozazelaia, Batzarramendi, Buztintza edo Otalde bezalako izenak, eta euren atzean zer dagoen ikertu.

Bi ikasle mapa toponimikoa aztertzen. Marra gorriaren barruan dagoen guztia Urdiain dela izen zen lehen ikasgaia.

Toponimiak esaten diguna

“Zergatik deitzen da leku hau Batzarramendi?”. Ez da galdera inozoa: ezer ere jakin gabe pentsa dezakegu mendi bat dagoela, edo mendiko leku bat dela, eta bertan batzarrak egiten zirela. Duda horiek argitzeko bi bide izan dituzte ikasleek: alde batetik euren aiton-amonei galdetzeko aukera zuten, belaunaldien arteko transmisioaren garrantzia ulertuz; beste aukera Mariano Galartzari galdetzea zen, Urdiaingo toponimia jaso duen aditua. Bigarren hau errazteko, Mariano bera gonbidatu zuten eskolara, eta banaka joan ziren euren toponimoen esanahia aletzen. Ikasleek, fitxa batean apuntatzen zuten adituak esandakoa.

Mariano Galartzarekin batera mapak aztertzen. Eskuetan dituzten orrialde eta koadernoetan eurek aukeratutako toponimoen inguruko datuak apuntatu zituzten.

Asko esaten digu toponimiak: batzuetan geografia ikasteko aukera dugu (Erburua, Bargea, Berroeta); beste batzuetan, ohitura bati dagokio (Txozazelaia); ondareari buruz ere ikasi daiteke (Sanmartinkalde, Kortela); baita historia ere (Batzarramendi). Eta gaur egungo kale izen batzuek behinolako beste ezaugarri bati dagokiola ere ikus daiteke, arreta jarriz gero.

Txikipediara igotzea

Aukeratutako toponimoen informazioa, fitxatan jasoa. Dena prest Txikipediara igotzeko.

Ikasitako guztia komunal digitalera igotzeko unea heldu zenean wikilari baten laguntzarekin Txikipediara igo zuten zituzten fitxa guztien edukia. Banaka, eurek ikasitakoa esan eta garbira pasa genuen, egunean bertan argitaratuz. Emaitza ikusi nahi baduzu, egin klik hemen.

Hurrengo pausoa txango bat izango da, toponimo horietako batzuk aukeratu eta bertaraino joanez argazki batzuk egiteko. Helburu berria, beraz, leku horiek dokumentatu eta Wikimedia Commonsera argazkiak igotzea izango da.

Gehiago irakurri

2017an hasi ginen gure Hezkuntza Programarekin, “Kalitatezko 1.000 artikulu Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat” izenarekin. Lan asko egin dugu hasi ginenetik, adibidez 1.900 artikulu dituen zerrenda bat egin eta horiek hobetzeko bideak aurkitzen. Hiru urte hauetan lortu dugu ikasleek 3 milioi hitz inguru idaztea, Txikipedia sortzea, nazioarteko konferentzia bat egitea Wikimedia eta Hezkuntzaren harremanaren inguruan eta helburu artikuluen edukia bikoiztea.

Urtero gure lana azaltzen duen dokumentua egiten dugu, eta gardentasunaren izenean, hemen jaitsi eta irakurtzeko aukera duzue.

Gehiago irakurri

Sakanako Garapen Agentziarekin hiru saio antolatu genituen 2019aren amaieran Komunal Digitala garatzeko, Altsasun, Uharte Arakilen eta Urdiainen. Azken bi horietan inoizko wikilaririk txikienak izan ditugu, Txikipedian euren herriko edukiak hobetzen. Urdiainen izandako ikasleak dira inoiz eskolan Wikimedian ariketa bat egin duten gazteenak… mundu osoan.

Gehiago irakurri

cc-by-sa-3.0 Theklan

Gaur egun informazio eta komunikazio teknologiak gero eta barneratuagoak ditugu gure egunerokoan. Horregatik, teknologia horiek modu kritiko eta seguruan erabiltzen jakitea gero eta beharrezkoagoa gertatzen zaigu bizitzaren arlo guztietan. Errealitate honi erantzunez, Sakanako Garapen Agentziaren eta Euskal Wikilarien elkartearen laguntzarekin, Uharte Arakilgo eta Urdiaingo ikastetxe publikoek eta Iñigo Aritza ikastolak hezkuntza sisteman Wikipediaren bidez gaitasun digitalak lantzeko ekimen pilotua abian jarri dute.

Gehiago irakurri

Hasi da 2019-2020 ikasturtea eta horrekin batera Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko kideak ere martxan gara berriz ere Hezkuntza Programarekin lanean jarraitzeko. 2017an Eusko Jaurlaritzarekin elkarlan hitzarmena sinatu genuenetik hirugarren ikasturtea da aurtengoa eta nabari da pixkanaka sendotzen ari den proiektua dela.

Esan bezala, 2017an abiatu genuen proiektua eta hasierako ikasturtea lehenengo urratsak eman eta oinarriak finkatzeko oso garrantzitsua izan zen. Ikasturte amaieran emaitzak argitaratu genituen eta urteak emandakoaren balorazioa ere egin genuen. Lehen urtea martxa hartzeko izan bazen, zalantzarik ez dugu pasa den ikasturtea proiektuari bultzada garrantzitsu bat emateko ikasturtea izan zela.

Gehiago irakurri

Apirilaren 5, 6 eta 7an Wikimedia+Hezkuntza nazioarteko lehen konferentzia egingo dugu Donostian. Mundu osoko 50 herrialdetik etorritako 130 pertsonek hartuko dute parte hiru egunez egingo dugun konferentzian, guztira 50 aurkezpen baino gehiagorekin. Wikipediak eta bere inguruan dauden proiektuak eta hezkuntzak duten harremanari buruz eztabaidatu eta ikasteko aukera egongo da.

Gehiago irakurri