Euskaraldiaren ospakizunekin bat eginez Idazlezainak egitasmoak ekitaldi berezi bat prestatu du azaroak 26an, 18:30ean Victoria Eugenia Cluben. Donostiako liburuzainek osatutako Literatura unibertsaleko 54 autore liburua aurkeztuko da bertan eta jarraian William Shakespeareren Zeru horren infernuak liburuan oinarritutako errezitaldi musikatua eskainiko dute Joxan Goikoetxea, Olatz Prat eta Iosune Marínek. Errezitatzaile gonbidatu gisa parte hartuko dute baita Juan Garzia, Arantza Urkia eta Aritz Brantonek. Ekitaldia irekia izango eta gonbidapenak antzokiko leihatilan eskuratu ahal izango dira 26an bertan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.
Donostiako Literaktum jaialdiaren baitan eta hirugarren urtez jarraian, Wikipedia lantegia egingo dugu aurten ere: jaialdian parte hartzen ari diren sortzaileei eta hauen obrei buruzko artikuluak sortzeko, hobetzeko eta gaurkotzeko. Azaroak 21ean izango da, asteazkena, 17:30-19:30 artean, Donostiako Alde Zaharreko Haur Liburutegian.
Lantegiari buruzko informazio zehatza Wikiproiektuan bertan topatuko duzue. Aurrez izena ematea ez da beharrezkoa baina bai komenigarria (Wikiproiektuan bertan edo kulturekintza@donostia.eus helbidera idatzita). Norbere ordenagailua eramatea komeni da baita.
Literatur zalea baldin bazara eta Wikipedian editatzen baldin badakizu edo ikasteko gogoz bazaude, apuntatu ondo hitzordua!
Wikidatak 6 urte bete ditu gaur eta data hau ospatzeko opari eder bat egin diogu Euskal Wikilarien Kultur Elkartetik: Armiarma literaturaren zubitegiaren datubase osoa igo dugu, eta dagoeneko jolasteko prest dago. Ia 4.600 liburu eta 960 idazle baino gehiago jasotzen dira Armiarman, eta orain Wikipediarekin integratu eta elkarlotu dugu altxor hau. Has gaitezen jolasean.
Astronomia gai garrantzitsua da Wikipedian. Ikasturtean zehar milaka aldiz bisitatzen dira Eguzki-sistema, planeta, galaxiak eta izarrei buruzko artikuluak. Euskaraz ondo azalduta egotea helburu nagusia da guretzat, eta horregatik jarri dugu abian urriko lehiaketa: 300 gai euskaraz Wikipedia zein Txikipedian landu ahal izateko.
Wikipedia munduko bosgarren webgunerik bisitatuena da eta, dagoeneko, Entziklopediarik ezagunena. Era berean, Euskarazko Wikipedia euskarazko webgunerik bisitatuena da. Egunero milaka pertsonek erabiltzen dute ezagutza eskuratu eta gai askoren inguruan ikasteko. Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen (EWKE) helburua euskarazko Wikipedia sustatzea da, munduko ezagutza guztia guztion esku jarriz, auzolanean, instituzio eta elkarte ezberdinen laguntzarekin.
Gure familiako proiekturik ezagunena Wikisource da, egunero bisitatzen dugun Entziklopedia Askea. Baina baditugu ere bestelako proiektuak: Wikimedia Commons da munduko irudi libreen biltegirik handiena; edo Wikidata, datubase erraldoia; baita Wikhiztegia, hiztegi libre eleanitza sortzeko proiektua. Ezezagunagoa den Wikisource azaltzeko unea da: izan ere euskarazko domeinua eta izena jaso du, Wikiteka jaio da liburuaren egunarekin bat.
Wikisource jatorrizko lanak igo eta transkribatzeko Wikimedia fundazioaren proiektua da. Liburutegi libre bat da, Wikipedian egon daitezkeen artikuluen osagarri, baina aukera asko zabaltzen dituena. Euskaraz ez dugu oraindik proiektu hau martxan, nahiz eta badiren “Wikisource eleanitza” deiturikoan euskarazko testu asko. Duen potentziala aztertu eta egin daitekeena ikasteko aukera izango dugu urtarrilaren 26an Donostiako Tabakaleran antolatu dugun ikastaroan.
Hasi gara, dagoeneko, Gabonetako zorion-agurrak jasotzen, eta baita 2018rako gure asmoak berritzen ere. 2018ari ekiteko gogotsu gaudenez geu ere, datorren urteko lanaz (EHUko Irakasle Eskolarekin batera egingo dugun lanari buruz) arituko natzaizue gaurkoan. Euskal Haur eta Gazte Literatura wikiproiektua 2016an abiatutako egitasmoa da, eta Donostiako Irakasle Eskolako ikasleak dira wikiproiektu honen motorra. Triangelu forma duen motorra da, dena den. Batetik, esan bezala, Irakasle Eskolako ikasleak daude, Ibon Egaña irakaslea buru dutela. Bestetik, Donostiako Haur Liburutegia eta bertan lan egiten duten liburuzainak daude, eta triangeluaren hirugarren erpinean, Euskal Wikilarien Kultura Elkartea (EWKE) legoke. Baina zer funtzio betetzen du horietako bakoitzak?
Urtero ehunka proposamen berri aurkezten dira Durangoko Azokan: diskak, liburuak, aldizkariak, antzerkia… Azoka bat da, baina sortzaileak biltzeko gune bat ere bada. Urtero ehunka sortzailek euren proposamenak aurkezten dituzte Durangon, eta sortzaile horien guztien argazkiak ez ditugu libre, Euskarazko Wikipedian, adibidez, erabili ahal izateko. Azkue Fundazioarekin batera egoera honi buelta emateko soluzio bat eskainiko dugu aurten Durangoko Azokan bertan: Photocall bat. Kulturgileak animatu nahi ditugu bertan argazkia egitera, kultura libreki hedatu ahal izateko.
Euskararen Egunaren ospakizunekin bat eginez, Idazlezainak egitasmoa jendaurrean erakusteko ekitaldi berezi bat egingo da abenduaren 4an 19:00etan Donostian, Victoria Eugenia Club aretoan. Ana Malagon eta Iban Zaldua idazleek hitzaldi solasaldi bat egingo dute literatura, bibliotekak eta Internet gaien inguruan. Wikiliburutegiak proiektuaren erakusketa interaktiboa ere aurkeztuko da. Erakusketa ibiltari hau Durangoko azokan egongo da datorren abenduaren 8an Kabi@ gunean eta 2018an kultur etxeetan eta liburutegietan ibiliko da. Azkenik, Donostiako liburuzainek egindako lanaren ekarpena azalduko dute. Ekitaldi irekia izango da, baina Victoria Eugeniako leihatilan jaso behar dira gonbidapenak egunean bertan arratsaldeko 17:00etatik aurrera.
Idazlezain taldea asteroko lansaioari ekin aurretik
Euskal idazleei buruzko artikuluak sortzea, gaurkotzea, hobetzea eta ahalik eta hizkuntza gehienetara itzultzea da Idazlezainak proiektuaren xedea. Liburutegiek, zerbitzu publiko gisa, tokiko egileak (idazleak, ilustratzaileak, artistak…) babesteko eta sustatzeko bokazioa dute, haiek baitira gertaera literarioen muina eta iturburua. Egitasmo honetan, liburuzainek, liburuak zaintzeaz gain, idazleak ere zaintzen dituzte Wikipedian, haien artikuluak sortuz, gaurkotuta mantenduz eta ahalik eta hizkuntza gehienetan eskainiz.