20 urte igaro dira 2021eko abenduan Euskarazko Wikipedian lehendabiziko edizioa egin zenetik. Harrezkero bide luzea egin du, eta ez dira gutxi boluntarioen lanaz eta Hezkuntza Programaren bitartez EUWPk izan duen hazkundea urte hauetan guztietan. Munduko hizkuntza komunitate guztietatik 283 hizkuntzak dituzte 100 artikulu baino gehiagoko Wikipediak, ia hizkuntza digitalak dauden beste. Eta nolakoa osasun digitala du euskarak? Nola eragiten dio Wikipediari?

Artikulu honetan saiatuko naiz euskararen erabilera Wikipedian nolakoa den aztertzen. Zein hizkuntzatan irakurtzen dute euskaldunek Wikipedia? Ehunekoak? Ehuneko horien zergatia?

EKIMEN HANDIKOA, TXIKITASUNEAN

Sortutako artikuluen kopuruetan, EUWP munduko 33. dago Wikipediako hizkuntza guztien zerrendan, eta martxan dira Wikipedia guztiek eduki beharreko artikuluak sortu eta lantzeko deialdiak. Emakumeen biografia artikuluak sortu eta handitzen EUWP bereziki aktiboa izan da, generoen arteko presentzia orekatzeari begira. Haurrentzako bertsioa ere badugu, Txikipedia, bizi-bizi. 2016an sortu zen Euskal Wikilarien Elkartea, elkarren berri izan, EUWP dinamizatu eta sinergiak josteko. Izan ere, datuek erakutsi dute EUWPko komunitatea munduko guztien artean bigarren aktiboena dela Estonierazko Wikipediaren atzetik, hiztun kopuruaren aldean (2018ko datuak). Pozteko moduko datuak dira, dudarik gabe.

Garrantzitsua da hori gogoan izatea, baina ez da EUWPren errealitateari begiratzeko faktore bakarra. Interneteko bilatzaileetan askotariko kontzeptuak bilatzean, batzuetan Wikipediako emaitzak eskuratzen dira eta, are seguruago, wikipedia hitza sartuz gero, jakina. EUWP euskarazko webgune bisitatuenetako bat da. Euskal Herrian diren herritar digitalizatuek Wikipedia bisitatzen dute, bai, baina hainbat hizkuntza aukera dituzte, eta edozein produktutan, merkatu jakin bateko kontsumoa da funtsezko faktorea.

WIKIPEDIEN ARTEKO DANTZA. NON DAGO EUWP?

Bada, Euskal Herrian Internet nabigatzen duten pertsonek ez dute beti Euskarazko Wikipedia bilatzen, beste Wikipedia aukera batzuk ere baitituzte. Horraino ondo. Wikipedia horiek bisitatuagoak dira Euskarazko Wikipedia baino, askoz ere. Euskararen Adierazle Sistemak eman ditu duela gutxi Wikipedien gaineko hizkuntzen araberako datu orokorrak, lehen aldiz sistema horretan ingurune digitala kontuan hartzen (2020). EUWPk 72.000 bisita ditu Frantziako estatu osorako 2021eko urrian (1.000.000 Espainian). Europako estatukako estatistika horrek agerian uzten du Ipar Euskal Herritik ez direla asko EUWPrako bisitak; Alemaniatik bisita gehiago ditu, kasu baterako, Frantzia osotik baino. Jakina, ez dago faktore bakarra horretarako: egoera soziolinguistikoa, euskarazko hezkuntzaren hedadura mugatua, Hego Euskal Herriko estandarretik urruntzen den mintzatu eta idazteko manera edo, are, beste Wikipediek informazio gehiago ekartzea, Nabarralden Eneko Bidegainek aipatu bezala, hobea ere ez gutxitan, umiltasunez esateko, artikuluaren arabera.

Hego Euskal Herrirako datuak zehatzagoak dira. Konparazioan, baina, Euskarazko Wikipedia hirugarren Wikipedia bisitatuena da Hego Euskal Herrian, Espainierazko Wikipediaren eta Ingelesezko Wikipediaren atzetik, eta aldea ez da txikia. EUWPk 2.800.000 bisita izan zituen 2021eko azaro arte, Wikimediako proiektuen bisita guztietako % 5,08; Ingelesezko Wikipediak 8.100.000 bisita, % 14,70; bukatzeko, Espainierazko Wikipediak 41.100.000 bisita, % 74,41. Beste erdaretan, % 6 (iturria: Wikimedia Fundazioa).

Hemen ere faktore askok eragiten dute bisitetan. Bistan da lehena egoera soziolinguistikoa dela. Ingelesezko Wikipediari erreparatuz, ingelesa ez da jende askoren ohiko hizkuntza, baina bai nazioarteko hizkuntza nagusia eta munduko lehendabiziko Wikipedia. Euskaldunek (elebidunak edo hirueledunak) beste Wikipedia batzuk ere kontsultatzen dituzte, eta horretarako arrazoi bat bada formaz zein edukiz beste Wikipedia horiek aberatsagoak edo fidagarriagoak edo irakurterrazagoak direla sinestea.

Hala ere, hezkuntzako eta soziolinguistikako datuetatik arrunt urruntzen da. Argi dago badagoela beste faktore bat. “Euskal Rock Erradikala” dokumentalak ematen digu pista bat. Azaroaren 25ean ETB1en eman zuten; bada, 23an, pertsona batek bisitatu zuen izen bereko artikulua EUWPn, 24an bik, eta 25ean 13raino igo zen “Euskal Rock Erradikala” artikuluko bisitarien kopurua. Azaroaren 26an, biharamunean, gutxiago ziren jada bisitariak, 10, baina ohikoa baino nahikoa gorago. ESWPko estatistikari erreparatuz gero, berriz, ohartzen gara ETB1en programa eman eta hurrengo egunean, 26an, ia bikoiztu egin zela azaroaren 25eko bisitari kopurua (48) “Rock Radical Vasco” artikuluan, 93raino helduz. Euskaldunek espainierazko artikulua bisitatzen dute, barra-barra. Egungo euskaldunek joera handiagoa dute erdaraz irakurtzera euskaraz baino, baina badago besterik ere.

Hego Euskal Herrian heren bat baino gutxiago omen da euskaldun aktibo eta bost biztanletik bat euskaldun pasibo. Behintzat, 2021ko estatistiken arabera, ikasle gehienak, % 64, D ereduan matrikulatu ziren, eta % 17 B ereduan. Erdiak baino gehiago, euskaraz. Bada, wikilariok baditugu datuak pentsatzeko euskarazko Wikipediara egiten diren bisita asko ikastetxeetatik, eskola orduetan, egiten direla. Eskolako oporraldietan eta asteburuetan bisita kopurua zeharo jaisten da. Nondik dator, bada, halako aldea Wikipedietako bisitetan?

WEB POSIZIONAMENDUA

Ezaguna zaigu: nolako hizkuntza konfigurazioak gailuan halako emaitzak Interneten. Algoritmoak agintzen du: guk (gure nabigatzaileak, bederen) ziberespaziora zer datu bidali, hori eskainiko zaigu itzuleran, eta hizkuntza konfigurazioak badu hor zeresana. Gailu asko (mugikor, eramangarri, tableta eta mahaigaineko ordenagailu) erdaraz konfiguratuta erosten ditugu, eta maiz ez dute euskarazko aukerarik ematen interfazean gure hizkuntza ezartzeko, baina nabigatzailea euskaraz jar dezakegu, bederen. Zorionez, gailu batzuek badute sistema eragilearen euskarazko aukera konfigurazioan, baina erabiltzaileek ez dakite askotan euskaraz jar dezaketela ere, edo ez daude motibatuta euskaraz jartzeko. Ipar Euskal Herrirako daturik ez dugu une honetan, baina ez gara oso baikorrak. Hasteko, euskarazko konfiguraziorako hautuetan, euskara Espainiari loturik agertzen da ez gutxitan (hizkuntza autonomiko hori). Gailuek, mugaz bi aldeetan, nabigatzailea gaztelaniaz/frantsesez/ingelesez ekartzen dute, eta bide beretik dator lehenetsita bilatzailea.

Gure ikerketa txiki batek agerian utzi du funtsezkoa dela bilatzailearen interfazea euskaraz ezartzea bilaketa emaitzek euskara lehenesteko. Ez dugu pribatutasunaren lagun batere, baina Google da, zalantzarik gabe, bilatzaile erabiliena gure artean, eta aukera ematen du interfazea euskaraz jartzeko. Konpainia horren laiotzean, hauxe da kezkagarria: Chromek ez du euskarazko konfiguraziorik ordenagailuetan, Firefoxek eta beste nabigatzaile batzuek ez bezala. Ez du, bada, euskaldunaren esperientzia digitala bermatzen; erdaren morroi agertzen da, mugikorretan behintzat eskaintzen duen arren. Hargatik, gabezi horrek ez die bilaketen azken emaitzei asko eragiten, baldin eta bilatzailea euskaraz konfiguratzen bada. Hona atera ditugun datu batzuk “wikipedia Donostia” bilaketarako, emaitzen zerrendan lortzen duen postuaren arabera (goitik hasi eta beherantz):

Alde handiak daude emaitzetan, nabigatzailearen arabera. Gogoan izan behar da, bestalde, emaitzen zerrenda orriak 5 eta 10 artekoak izan ohi direla, eta gero bigarren orria hasten dela. Duckduckgo bilatzaileak, pribatutasuna gehien babesten duenak, ez du emaitza oso onik ingelesezkoak ez diren bilaketetarako, eta ez da gure artean asko erabiltzen. Oro har, emaitzak okerragoak izan zitezkeen, baldin eta nabigatzailearen erabiltzaileak beti erdarazko bilaketak egin ohi baditu, esaterako, edo geolokalizazioaren arabera (Interneti buruz zein kokapen geografikotan agertzen zaren; Googleren azalpena ingelesez): ez dago kasuistika bakarra.

Hala ere, taula argigarria da: modu proaktiboan jokatu ezean, erdarazko gure hautua igortzen dugu beti Internetera, nahi eta nahi ez, gure IP helbideak berretsia (estatuaren identifikazioa: Espainia, Frantzia). Trukean, Internetek (cookiek, bilatzaileek) gure hizkuntza hautua eta estatuaren kokapena itzuliko digu, gure euskarazko bilaketen kalterako. Dudarik gabe, galtzailea euskarazko aukera, bitarteko eta plataformen web posizionamendua da. Euskarazko emaitzak itzalean geratzen dira, eta itxi egiten da euskarazko produktuen Interneteko desabantaila edo/eta bazterketaren zirkulua. Kontzientzia handieneko erabiltzaileek ahalegina egingo dugu bilaketako emaitzen zerrendan behera euskarazko emaitzen bila irristatzeko. Erabiltzaile arruntek? Baietz errazenera eta lasterrenera joan.

Kementsua eta ekimenera lerratua da Euskarazko Wikipedia, baina erabiltzaileetan Euskarazko Wikipedia dugu hizkuntza konfigurazioaren gabezia horren biktimetako bat. Bisita urriak ditu, euskaldun aktiboen eta hezkuntzako euskarazko matrikulazioen ehunekoetatik oso behera. Nahitaezkoa dirudi eremu digitalaren erronkei aurrez aurre heltzea, lan eginez hardware eta nabigazio/bilaketa konpainiek gailuetan euskarazko interfazea eskain dezaten eta sendo apustu eginez euskarazko konfigurazioaren alde, norbanakoen zein erakunde publikoen (zein pribatuen) gailu digitaletan. Alegia, zeharkako planteamendu proaktiboa eta estrategikoa. Bien bitartean, euskaldunok Interneteko erdarazko produktuen eta eskaintzaren web posizionamendua elikatzen jarraituko dugu.

Kontsultatutako informazio iturri batzuk:

Eskerrik asko Gorka Azkarateri bere ekarpenengatik eta grafikoetan emandako laguntzagatik!