Txikipediak mugarri garrantzitsu bat lortu du: 10.000 artikuluen langa gainditu du. Euskarazko haurrentzako entziklopedia libreak hazten jarraitzen du, eta lorpen hori ospatzeko hainbat berrikuntza aurkeztu ditugu, proiektua erakargarriagoa eta hezitzaileagoa izan dadin.
Azken urteotan milaka artikulu sortu dira Txikipedian, haurrei eta gazteei egokitutako euskarazko edukia eskaintzeko. Baina artikulu kopurua handitzea ez da helburu bakarra. Horregatik, 10.000 artikuluen mugarri hau aprobetxatu dugu etxeko txikien esperientzia hobetzeko eta edukien antolaketan urrats berri bat emateko.
Azal berritua, nabigazio errazagoa
Txikipediaren azala berrantolatu dugu, atal desberdinen arteko oreka hobea lortzeko. Eduki dinamikoek protagonismo handiagoa hartu dute, hala nola ausazko artikuluek, IKUSGELAko “Zortziko Txikian” bideoek edo “Ba al dakizu?” atal ezagunak. Era berean, “Euskal Herriko historia 100 objektutan” proiektuko edukiak ere ikusgarritasun handiagoa izango du hemendik aurrera.
Helburua argia da: gaztetxoak esploratzera gonbidatzea, jakin-mina piztea eta ezagutza modu atseginagoan aurkeztea.

Atari tematiko berriak
Berrikuntza nagusietako bat atari tematikoen sorrera izan da. Historia, Astronomia, Euskal Herria, Bizia eta beste hainbat jakintza-arlo modu egituratuan aurkezteko guneak sortu ditugu.
Atari horiek ez dira bilatzailearen ordezko gisa pentsatu. Ikasleek, irakasleek eta familiek gai baten inguruko edukia modu antolatuan aurkitzeko tresna dira. Artikulu solteak irakurtzetik harago, jakintza-arlo oso batean murgiltzeko aukera eskaintzen dute, edukien arteko loturak agerian jarriz.

Informaziotik ulermenera
Adimen artifizialak informazioa eskuratzeko moduak aldatzen ari diren honetan, Txikipediak bere balio bereizgarria indartu nahi du: testuinguruan kokatutako ezagutza eskaintzea.
Helburua ez da soilik artikulu kopurua handitzea, baizik eta edukien arteko loturak eraikitzea, irakurketa-ibilbide esanguratsuak proposatzea eta gai baten ikuspegi zabalagoa eskaintzea. Azken finean, informazioa emateaz gain, ulermena sustatzea.
10.000 artikuluen langa gainditzeak agerian uzten du euskarazko ezagutza librearen komunitatearen indarra. Txikipediak hazten jarraituko du, haur eta gazteei euskarazko ezagutza librea eskaintzeko eta ikaskuntzarako tresna erabilgarri eta erakargarri izateko.
Txikipedia bisitatzeko, joan txikipedia.eus helbidera edo sartu euskarazko Wikipediaren bitartez. Proiektuaren berritasunen berri izan nahi baduzu, jarraitu Txikipediaren Mastodon kontua ere.










