WikiMania 2026 topaketak ustekabeko lankidetza baten abiapuntu bihurtu dira Euskal WikiEmakumeokentzat. Parisen egindako nazioarteko jardunaldietan, Euskal Wikilariek Ceryl Evans wikilari eta Eiffel Women proiektuaren sustatzaileetako bat ezagutzeko aukera izan zuten. Haren eskutik ezagutu zuten erronka: Eiffel Dorrean omenaldia jasoko duten 72 emakume zientzialarien presentzia indartzea Wikipedian.
Eiffel Dorrean 72 gizonezko zientzialarien izenak daude grabatuak. Dorreari La Dame de Fer (“Burdinazko Dama”) ezizena jaso arren, ez zen emakume bakar bat ere hautatu, ezta Sophie Germain matematikaria ere; nahiz eta haren ikerketek funtsezko ekarpena egin dorrearen egitura metalikoa diseinatzeko beharrezko kalkuluetan.
Horri buelta emateko, 2025ean Anne Hidalgo Parisko alkateak aditu batzorde bat sortu zuen STEM arloko 72 emakume zientzialariren izenak Eiffel Dorrean gehitzeko proposamena lantzeko. Association Femmes & Sciences elkarteak prestatu zuen zerrenda, eta 2026ko urtarrilean eman zen ezagutzera.
Hala ere, izenak aurkeztu zirenean, emakume haietako askok ez zuten Wikipedian merezi zuten presentziarik. Batzuek ez zuten artikulurik ere, eta beste askoren biografiak osatu gabe zeuden. Horixe izan zen Eiffel Women proiektuaren erronka: emakume zientzialari horien ezagutza hizkuntza askotara zabaltzea eta haien artikuluak hobetzea.

Ceryl Evans eta Izaskun Salazar.
Euskal Wikilariek erronkaren berri 2026ko uztailaren 22an izan zuten, WikiManian egon ziren Euskal Wikilarien bidez. Une hartan, Eiffel dorrean egoteko izendapena jaso zuten emakumeetatik 24ek baino ez zuten euskarazko artikulua. Euskal WikiEmakumeok taldekoek berehala erantzun zioten deialdiari, eta astebete eskasean lanean murgildu ziren.
Emaitza ikusgarria izan da: uztailaren 28rako 72 emakume zientzialariek bazuten euskarazko artikulua. Momentuz zerrendako emakume guztiek hiru hizkuntzatan baino ez dituzte artikuluak osorik: frantsesez, ingelesez eta euskaraz.
Lorpen horrek berriro erakusten du euskarazko Wikipediaren komunitateak nazioarteko ekimenetan duen erantzuteko gaitasuna. Komunitate txikia izan arren, elkarlanak eta boluntarioen konpromisoak ahalbidetzen dute denbora gutxian kalitate handiko ekarpenak egitea.
Eiffel Dorrean emakume hauen izenak grabatzea oraindik erakunde ofizialen onarpenaren zain dago. Baina, bien bitartean, haien biografiak dagoeneko irakur daitezke Wikipedian. Eta horretan, Euskal WikiEmakumeok taldeko kideek ere beren alea jarri dute.
Erronka amaitu da, baina helburua ez: emakume zientzialarien ekarpenak ikusgarri egitea eta ezagutza librean duten lekua bermatzen jarraitzea.
https://w.wiki/Swqd :
