Iturria: Theklan CC-BY-SA

Tokian tokiko kultur joeren erakusgarria da Wikipedia. Esan daiteke Wikipedia proiektu batek darabilen hizkuntzaren arnasa adierazten duela, edo haren zati bat bederen: gogoa, arima. Wikipediako markatzaile kuantitatibo eta kualitatiboak argigarriak dira kultura baten une horretako isuriari buruz. Wikipediako estatistika neurgailuek tresna ederra eman digute haren berri izateko. Ikusi izan dugunez, ezusteko emaitzak aurki daitezke batzuetan.

Tokian tokiko kultur joeren erakusgarria da Wikipedia

Duela gutxi Hezkuntza Proiektuari buruzko azterketan ezagutu genuen eskola eta unibertsitatean baliatzen dela gehien Wikipedia. Beraz, ez dago dudarik gazteak direla Euskal Wikipediaren irakurleak, Internet eta unibertso digitalean murgilduak. Abendua eskola garaia da artean, azterketa garaia, ikasleek Wikipedia ikuskatu eta arakatzeko abagune ezin hobea. Bada, zein dira hilabete honetan haiek eta ikasle ez direnek bilatu dituzten gaiak?

Ez dago dudarik gazteak direla Euskal Wikipediaren irakurle nagusiak

Tools estatistika tresnak erakusten duenez, lehendabizi Itxaro Borda agertzen da, bigarren Azpilkueta (herria), biek ere emaitza guztiak egun banatan bilduta. Horiek positibo faltsuak dira pentsa daitekeenez, ‘makina’ren barruko eragiketa automatizatu, errepikakor bat. Gehien ikusitako 4, 5, 6. artikuluak eta gerokoak, 30.eraino erreparatuta, euskal kulturako gaiak dira gehin-gehienak. “Go!azen” telesaioa nabarmentzen da (4.019 ikustaldi), eta bertsolaritzak aztarna sendoa utzi du estatistikan: Sustrai Kolinak gehien, 3.404 ikustaldirekin. Asmatu zein egunetan? Abenduaren 17an txapelketako final handiaren egunean.

Antzeko ‘jokatu’ dute Maialen Lujanbiok eta Aitor Mendiluzek, hilabete osoan ikusitakoenen estatistikako 7. eta 9. postuan hurrenez hurren. Bertsolaritza txapeldun atera dela esan daiteke Wikipediako ligan. Eguberria bukatzen ari da, eta abenduaren 24an beste artikulu batek gaina jo du, bertsotan ez baizik eta kantuan herri (batzuetako) oroimenean gordetako “Mari Domingi”k. Jakin-min handia piztu du; izan ere, 6. postuan ageri da 3,394 ikustaldirekin hilabete osorako, Olentzerok baino askoz gehiago; azken hau 163 bider abenduaren 24an; Mari Domingi, berriz, 809 bider (hara, “nor-arraio-da-hau” faktorea). Mari Domingiren lorratzean 8. postuan “Euskara” du. Noiz ikusia gehien? Sorpresarik ez: abenduaren 3an, Euskararen Egunean.

Bertsolari txapelketa, Mari Domingi, Go!azen eta August Ames: abenduko gai nagusiak

Inor aspertzeko arriskuan, ez naiz gehiago luzatuko. Badago abenduaren 7an beste gertaera bat, erpin estatistiko bat, Euskal Wikipedian ikusienetan 3.a (5.084 ikustaldi), nor eta “August Ames” delako bat, artikulu labur bat inondik ere, artikulu sorberria. Bere erpin estatistikoaren isatsa abendu osoan luzatzen da. Azterketa luzeagoaren faltan eta nazioarteko distortsio faktorea argitzeke, aurkitu ote du “August Ames”ek, bere burua hil omen duen aktore pornoak, txoko bat abenduko euskal gazteen ariman / gogoan?

Wikimedia mugimendua bere burua antolatzen ari da, handitzen-handitzen, hasi da handitzen. Horretarako helburuak finkatu ditu lehenik eta behin, horretan aritu gara hainbat wikilari, hala nahi izan dutenek bederen. Horretarako, Wikimediaren Estrategia 2030 prozesua jarraitzen ari gara, guztiontzako ezagutza libreaz gain, dibertsitatea balioztatu duena, gero eta gehiago gainera. Apiril hasieran Berlinen egindako Wikimedia Konferentzian dibertsitatearen aldeko apustuan hizkuntza gutxituen pisua sentiarazi genuen, eta euskal wikilariok protagonismo berezia izan genuen.

Gehiago irakurri

Aurten, beste urte batzuetan bezala, Wikimania biltzarra egin da, Quebeceko Montrealen. Aurten beste batzuetan ez bezala, baina, euskal wikilariak izan gara bertan gure (gazta) aleak jartzen. Aurreko nazioarteko biltzarra Alemaniako Wikimediak antolatu zuen (aurten, Berlinen). Euskal Herri barruko ekimenetik abiatuta, parada ederra Wikimedia mugimenduan (Wikipediaren gurasoan), gauzak zertan diren ezagutzeko eta, Euskal Wikilarien Elkartearen bitartez, zerbait ere ikasi, beste zerbait irakatsi, eta euskal wikilarion ahotsa entzunarazteko, hainbat aurkezpen eta ekitaldiren bitartez.

Gehiago irakurri