Artikulu hau Gipuzkoa mila urteko historia. Elena barrena Osorori gorazarre libururako prestatu zen.

Elena Barrena Osoro (Eibar, 1953ko maiatzaren 27), historialaria eta irakaslea, Gipuzkoako lurralde historikoaren erdi aroko historia ikerketan jardun du bereziki. Deustuko Unibertsitatean doktoratu zen Gipuzkoaren sorrera historikoari buruzko tesiarekin.

Artikulu hau idatzi eta amaitu dudan egunean, horrela deskribatzen du Wikipediak Elena Barrena Osoro, deskribapen horretan bi erreferentzia eta bost esteka daude informazioa osatzen duten Wikipediako beste artikuluetara. Argazki bat badago ere infotaula automatiko nahiko hutsean, eta bestelako informazioak erakusten digunez badago Elenari buruzko Wikidata elementua, eta Wikimedia Commons multimedia orrialdea, argazki bakarrarekin. Artikuluaren kalitateari buruz, oraindik xumea da, ondo eraikia dago behar duen egiturarekin, baina edukiz osatu behar da. Artikuluak berak ematen digun kalitate neurketa informazioaren arabera, C-motako artikulua (4,09) da momentu honetan, eta tamainari dagokionez momentuan 4.125 byte ditu. Informazio hau ez da galduko epe motzean, baina espero dut Wikipediara konfirmatzera sartzen zaretenean datuak hobetuak egotea, hori baita Wikipediaren ezaugarrietako bat, kolektiboan etengabe hobetutako informazioa eskuragarri izatea. Etorkizunera begira, momentuko errealitatetik, idazten dizuet testu hau.