Ekainaren 13an, Euskal Wikilarien topaketa berezia egin genuen Iruñean, gure elkartean lantzen ari garen “Euskal Herriko historia 100 objektutan” proiektuaren harira. Proiektuaren helburua Euskal Herriko historiaren pasarte, garai eta errealitate esanguratsuak objektuen bidez kontatzea da. Horregatik, objektuak ikusi ez ezik, haien testuingurua bertatik bertara ezagutzea ere garrantzitsua iruditzen zaigu. Kulturaz, historiaz eta elkarren arteko solasaldiez gozatzeko aukera paregabea izan zen.

Goiza Nafarroako Museoan hasi genuen. Bertan, bisita gidatuaren ardatza gure “Euskal Herriko historia 100 objektutan” proiektuan txertatutako sei pieza izan ziren: Soalarreko Iruinarria, Irulegiko Eskua, Barskunes txanpona, Bakoren garaipena, Lergako hilarria eta Leireko kutxatila. Objektu horien bidez, gure historiako garai eta errealitate oso desberdinetara hurbiltzeko aukera izan genuen. Horrez gain, museoko beste hainbat pieza eta bildumaren inguruko azalpen interesgarriak ere eskaini zizkigun Oier gidariak. Bere profesionaltasuna, jakintza eta azalpenak emateko gaitasuna nabarmendu nahi ditugu, bisita benetan aberasgarria bihurtu baitzuen.

Nafarroako Museoko bisita amaitu ondoren, egitarauan atsedenaldia eta kafea hartzeko tartea aurreikusita bagenuen ere, denbora ohartu gabe joan zitzaigun eta ez genuen horretarako astirik izan. Beraz, atsedenaldia alde batera utzi eta zuzenean Iruñeko Katedralera abiatu ginen, eguneko bigarren bisita gidatuari ekiteko.

Iruñeko Katedraleko bisita antolatzeko arrazoia gure proiektuan jasota dagoen Iruñeko Lignum Crucis pieza izan zen. Horrela, objektua bere kokaleku naturalean ezagutzeko eta haren historia, esanahia eta testuingurua sakonago ulertzeko aukera izan genuen. Bisita Xabier gidariaren eskutik egin genuen, eta haren profesionaltasuna, ezagutza eta azalpenen kalitatea bikainak izan ziren. Gainera, egun horietan ikusgai zegoen Valentino diseinatzailearen erakusketa bisitatzeko aukera ere izan genuen, jardunaldiari beste interesgune bat gehituz.

Bisitatutako objektuek denbora-lerro zabala osatzen dute: historiaurreko aztarnetatik hasi, erromatarren garaian barrena igaro, Erdi Arora heldu eta ondare erlijiosoaren adibideetara arte. Hala ere, bisitek askoz ere harago eraman gintuzten. Bai Nafarroako Museoan eta bai Iruñeko Katedralean ere, gure ondarearen eta historiaren inguruko beste hainbat pieza, espazio, pasadizo eta xehetasun ezagutzeko aukera izan genuen, gida bikainek eskainitako azalpenen bidez.

Jardunaldian 12 lagunek parte hartu genuen bisita gidatuetan. Talde txikia izan arren, giro aparta izan genuen. Bisitetan zehar galderak, iritziak eta azalpen osagarriak etengabe sortu ziren, eta horrek jardunaldia are aberasgarriago bihurtu zuen. Goiza amaitzeko, 7 lagun elkartu ginen bazkari baten inguruan, ikusitakoak komentatzeko, ideiak trukatzeko eta etorkizuneko ekimenez hitz egiteko.

Horrelako topaketek agerian uzten dute ondarea eta historia ezagutzea ez dela soilik iragana aztertzea: komunitatea sendotzeko, ezagutza partekatzeko eta proiektu kolektiboak elikatzeko aukera ere badira. Eskerrik beroenak parte hartu zenuten guztiei, egun atsegin eta aberasgarri hau posible egiteagatik.

Zazpi objekturen bila abiatu ginen, baina historia, ondarea eta lagunartea aurkitu genituen bidean. Horrelako jardunaldiek gogorarazten digute Wikimedia proiektuetan egiten dugun lana ez dela edukia sortzera mugatzen: ezagutza partekatzeko eta komunitatea eraikitzeko modu bat ere bada. Horregatik, bisitatutako piezak bezain garrantzitsuak izan ziren egun osoan zehar sortutako elkarrizketak, galderak eta topaketak.

Eskerrak eman nahi dizkiegu Nafarroako Museoari eta Iruñeko Katedralari bisitak antolatzeko emandako erraztasunengatik.

Ekaitz Santazilia euskal filologoa eta hizkuntzalaria da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzailea. Gainera, Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren zuzendaria da, eta azken urteetan euskararen ondare historikoa eta dokumentala ezagutarazteko lan handia egin du.

Ekaitz, urte luzez aritu da Euskal Herriko bazterretan euskararen presentziaren aztarnak bilatzen, dokumentatzen eta aztertzen, bai ikerketa akademikoaren bidez, bai dibulgazio-lanaren bitartez.

Konpromiso horren emaitza da Euskargazki proiektua. Euskal Herriko bazter askotan euskarak historian zehar utzitako aztarnen mapa kolektiboa da, gure hizkuntzaren presentziaren lekuko isila. Azken hogei urteotan, euskararen historiari buruzko ehunka lekukotasun grafiko bildu ditu: hilarriak, inskripzioak, plaka zaharrak, eraikinetako idazkunak eta gure hizkuntzaren presentzia erakusten duten beste hainbat aztarna. Ondare hori ezagutzeko eta zabaltzeko helburuarekin, Ekaitzek bildutako materiala antolatu eta gizarteratzeko urrats garrantzitsua eman da orain.

Izan ere, Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen eta Ekaitz Santaziliaren arteko elkarlanari esker, bildumako 700 argazki baino gehiago igo dira Wikimedia Commons plataformara. Lan horretan funtsezkoa izan da Uxue Cárdenasen ekarpena: irudiak sailkatu, geolokalizatu eta lizentzia libreekin argitaratu ditu, ondare hori mundu osoko erabiltzaileen eskura jarriz.

Elkarlan honi esker, euskararen historiaren lekukotasun baliotsu hauek ez dira soilik kontserbatuko; ikertzaile, irakasle, ikasle eta herritar ororen eskura ere egongo dira, berrerabili eta zabaltzeko aukera emanez.

Ekimen honek erakusten du memoria eta teknologia uztartuz posible dela gure hizkuntza-ondarea zaindu eta mundu osora zabaltzea. Euskargazkiren 700 irudi hauek, azken finean, euskararen historiaren leiho txikiak dira, denon eskura daudenak eta etorkizunerako gordeta geratuko direnak.

Hogei urteko ibilbide honetan egindako lana nekez neurtu daiteke zenbakitan. 700 argazki baino gehiago dira, bai, baina batez ere milaka kilometro, ordu asko, begirada zorrotza eta euskararekiko maitasuna daude horien atzean. Horregatik, gure esker ona adierazi nahi diogu Ekaitz Santaziliari. Bere lanari esker, gure historiaren zati txiki baina esanguratsu ugari ez galtzea lortu da. Gaur Wikimedia Commonsen ikus daitekeen ondare hau guztiona da, baina norbaiten ekinari esker iritsi da hona. Eskerrik asko, Ekaitz. Zure lanak etorkizuneko belaunaldientzat ere balio izango du.

Urtero lez, ehunka wikilari elkartzen dituen mundu mailako Wikimania ekimena ospatu da aurten ere. Abuztuaren 7tik 10era bitartean izan da aurtengoa, Poloniako Katowice hirian, orain arteko 19.a hain zuzen ere. Wikimedia Fundazioak sustatutako ezagutza askea oinarri duten proiektuak biltzen dituen urteko biltzarra dugu Wikimania, non hitzaldi, eztabaida, bilera, formakuntza eta tailerrak eskaintzen diren. Mundu osoko wikilariak biltzen dira gai ezberdinak eztabaidatu, proiektu berriak aurkeztu, lankidetzak bilatu edo eta ideiak trukatzeko, eta Euskal Wikilarien Elkartea ere bertan izan da aletxoa jarriz eta gainontzekoengandik ikasten.

Programa

Oso eskaintza zabala izan genuen eta askotan zaila egin da zein hitzaldira joan aukeratzea. Guztira 120tik gora izan dira 4 egunetan zehar antolatuak eta egunero dozena erditik gora disfrutatzeko aukera izan dugu. Formatu eta iraupen ezberdinekoak gaika antolatuak: ikerketari buruzkoak, hezkuntzaren ingurukoak, juridikoak, estrategien ingurukoak, komunitatearentzat lagungarriak izan daitezkeenak, teknologien ingurukoak, lankidetzak sustatzekoak, e.a.

WikiWomen topaketa

Lehenengo egunean, egun osoko iraupena zuen WikiWomen Topaketa izan genuen. Bertan, mundu osoko wikilari emakumeak bildu ginen, non genero arrakalari aurre egitea ardatz harturik, bakoitzaren bakarkako lanetik haratago, elkarlana eta elkar zaintza, bidea bilatu nahian agertu ziren.

Lurraldetasunari begira eta sozialki dugun egoerari begira oso ezberdina da munduko leku ezberdinetako wikilarientzat wikimediako proiektuetan ekarpenak egiterako orduan gerta daitezkeen arazoei aurre egin ahal izatea. Topaketa honetan, egun dauden arazo ezberdinak mahai-gainean jarri ziren; arazoaren jatorria eta unean emandako irtenbidea aztertu. Etorkizunera begira eman beharreko pausuak zeintzuk izan daitezkeen ere hitzegiteko aukera izan genuen. Izan ere, WikiWomen Topaketa, ezberdinen artean estrategiak partekatzeko espazio segurua da; eztabaida sustatzeko, elkarlanerako eta gure hazkuntza kolektiborako funtsezko gaitasunak garatu ahal izateko. Wikimedia mugimenduan ematen diren ekimenak, sarritan sarean gertatzen dira eta horrelako topaketetan pertsonalki elkartzeko eta harremanak sortzeko aukera izatea oso garrantzitsua da trebetasunen garapena indartzeko. Bide honi ekinez, Wikimedia mugimenduan bai indibidualki eta baita kolektiboki ere aurrera egingo dugu.

Euskal Wikilarien Elkartetik ekarpena

Wikimanian aukera handia izan dugu gauza ezberdinak entzun eta motxila ikaspen berriekin betetzeko. Baina aurrerago aipatu bezala, Euskal Wikilarien Elkartetik gure aletxoa eskaintzeko aukera ere izan dugu.

Galder Gonzalezek bi hitzaldi eskaini zituen lehenengo egunean: “Abstract Wikipedia and the dream of a Universal Language” eta “The history of X in 100 objects”. Azken hau eskuartean dugun eta garatzen gabiltzan proiektua dugu (Euskal Herriko historia 100 objekturen bidez) baina gainontzeko herrietan egingarri izan daitekeelakoan, proiektua bera aurkeztu nahi izan dugu. Bigarren egunean Koldo Bigurik “Alumnos de secundaria, autores de 1.000 artículos en Txikipedia” hitzaldia eskaini zuen, batez ere Zumaia Ikastetxeak egindako ekimena izan da hitzaldiaren oinarri, wikilari gaztetxoak eta heurek egindako ekarpena erdigunean jarriz.

Hizkuntza ezberdinak.

Aurtengo Wikimania Topaketan aurrerapausua eman da hizkuntzen erabilerari dagokionez. Batetik, nahiz eta hizkuntza orokorra ingelesa izan, beste hizkuntza zehatz batzuk erabiltzeko aukera eskaini da aurkezpenak egiterako orduan eta bestetik,

itzulpen zerbitzua eskaini dute.  Zenbait areto (ez guztiak) itzulpen zerbitzua zuten; ingelesez eskaintzen ziren hitzaldiak hainbat hizkuntzatan entzuteko aukera zegoen. Hori bai, ingelesa ez zen beste hizkuntza batean baldin bazen aurkezpena, honen itzulpena ingelesekoa izaten zen. Nire kasuan, gaztelerako itzulpen zerbitzua erabili dut gehienetan eta itzulpen zerbitzurik onena izan ez bada ere edukiak jarraitzeko aukera izatea oso garrantzitsua izan da. Beraz, horrelako ekimenetan parte hartu ahal izateko aukerak geroz eta handiagoak izanik, denok irabazten dugu. Lehenengo urtea izan da eta datorrenean, kontu guzti hauek hobeto kudeatuko direlakoan nago.