Euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da.
Horixe da Euskaraldia, eta Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko kideok erronka bat proposatu nahi dugu edizio honetarako. Informazioa bilatu eta lantzerakoan ere hizkuntza ohiturek pisu handia dute eta, horregatik, Euskarazko Wikipedia jendearengana hurbiltzea da gure asmoa.
Sareko komunikazioa inoiz baino presenteago dagoen momentu honetan, Euskarazko Wikipedian editatzeko proposamena egin nahi dizuegu eta horretarako azaroaren 23tik 29ra iraungo duen Euskaraldiko Wikierronka sortu dugu.
Euskaraldiko Wikierronkak egun bakoitzerako zeregin txiki bat proposatzen du, Euskaraldiaren aitzakian Euskarazko Wikipedian pixka bat murgiltzea da helburua.
Hauxe da erronkaren egutegia:
Astelehena, azaroak 23: Wikipedian murgiltzeko eguna
Wikipediako erabiltzaile kontua sortu eta pixka bat kuxkuxeatu (Laguntza orria begiratu, Proba orrian proba batzuk egin…).
Asteartea, azaroak 24: Kuriositatez betetako txokoa
“Ba al zenekien…” atalean agertzen den kuriositatea irakurri eta zure inguruko norbaiti kontatu.
Asteazkena, azaroak 25: Zure ingurua hobeto ezagutu
Zure herri edo eskualdeko pertsona ezagun baten artikuluan parrafotxo bat gehitu. Izan daiteke idazlea, kirolaria, politikaria…
Osteguna, azaroak 26: Argazki eta irudien garrantzia
Argazki bat gehitu artikulu bati. Jadanik existitzen det argazki bat gehitzea izan daiteke, edo zuk zeuk argazki bat atera, Commonsera igo eta txertatzea.
Ostirala, azaroak 27: Zer dakizu honi buruz?
“Ausazko orria” botoia sakatu eta agertzen zaizun artikuluari informazioa gehitu. Lehenengo saiakeran ateratzen zaizun artikulua zailegia bada, saiatu berriz. Gogoratu, gehitu duzun informazioa zein iturritatik atera duzun jarri behar duzu.
Larunbata, azaroak 28: Emakumeak Wikipediara
Gizarteko beste sektore askotan bezala, Wikipedian genero-arrakala gauza nabaria da. Euskarazko Wikipedian dauden biografia guztien artean %17 baino gutxiago dira emakumeen biografiak. Beraz, gaurko erronka, emakume bati buruzko artikulu berri bat sortzea da.
Igandea, azaroak 29: Txikipedia, txikitasunean handi
Txikipediaren berri eman zure ustez interesatuta egon daitekeen norbaiti: irakasle bat, guraso den norbait… Eta, astea amaitzeko, idatzi zerbait Txikipedian: artikulu berri bat sortu edo existitzen den batean zerbait gehitu