Urtero ehunka proposamen berri aurkezten dira Durangoko Azokan: diskak, liburuak, aldizkariak, antzerkia… Azoka bat da, baina sortzaileak biltzeko gune bat ere bada. Urtero ehunka sortzailek euren proposamenak aurkezten dituzte Durangon, eta sortzaile horien guztien argazkiak ez ditugu libre, Euskarazko Wikipedian, adibidez, erabili ahal izateko. Azkue Fundazioarekin batera egoera honi buelta emateko soluzio bat eskainiko dugu aurten Durangoko Azokan bertan: Photocall bat. Kulturgileak animatu nahi ditugu bertan argazkia egitera, kultura libreki hedatu ahal izateko.