Ana Ollok eta Xabier Armendaritz Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko lehendakariak lankidetza hitzarmena sinatu dute “Wikipedia Euskaraz” proiektua Nafarroan garatzeko.

Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, eta Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute Wikipedian euskarazko kultur eduki digitalen sorkuntza, hedapena eta kontsumoa sustatzeko.

Nafarroako herritarrei euskarazko eduki digital eta kulturalaren eskaintza handitzen jarraitzeko asmoz, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Xabier Armendaritz Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko lehendakariak bi erakundeen arteko lankidetza formalizatu dute gaur goizean. Horri esker, 25.000 euroko diru ekarpena duena, kultur elkarteak eta Euskarabideak elkarrekin lan egingo dute aurten Nafarroan “Wikipedia Euskaraz” programa ezartzeko.

Euskarabideak, Euskararen I. Plan Estrategikoan (2016-2019), informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskararen presentzia areagotzea jarri zuen helburutzat, euskararen gizarte erabilera sustatzeko helburu nagusiarekin. Bigarren planak ere bide beretik jarraituko du. Hortaz, Interneten dauden informazio guneetan euskarazko publikazioak eta eskaintza handitzeko ekimenak babestea beharrezkoa suertatzen da.

Bere hitzaldian, Ollok azpimarratu du sinadura horrek “lankidetza instituzional publiko-pribatu horretan aurrera egitea” dakarrela, “kasu honetan bezala, 2016tik edukia eta ezagutza librea eta horiekin lotutako proiektuak euskaraz zabaltzen dituen elkarte batekin”.

“Aro batean bizi gara, non teknologiaren erabilerak aurrera egiten duen egunez egun, lanean eta aisialdian, edo kulturaren kontsumoan. Hori dela eta, une ezin hobean gaude horrelako lan-sinergiak ezartzeko, Nafarroako herritar guztien eskura euskarazko kultur adierazpenak jartzeko eta hainbat jardueraren bidez zabaltzeko”, esan du.

Ollok gogorarazi duenez, Nafarroa Suspertu Planaren barruan, “agerian geratzen da berrikuntza teknologikoaren beharra aurrera egiteko”. Eta esan du, “ Bizi dugun aro digitala are nabarmenago geratu da konfinamenduan, eta prozesu hori aprobetxatu behar dugu euskara eta bere kultura pertsona guztien eskura jartzeko aukerak zabaltzen jarraitzeko”.

Proiektuak Nafarroan

Euskal Wikilarien Kultura Elkartea, 2016an sortu zenetik, Nafarroari lotutako hainbat proiektutan aritu da lanean, gaur goizean sinatutako hitzarmenari esker indartu eta aurrera jarraitu ahal izango dutenak

Tokiko eragile eta erakundeekin elkarlanean, Wikipediaren bidez Nafarroako kultur ondarea zabaltzen lan egin da. Herriko toponimia, euskalkiak, istorioak eta monumentuak dira abian jarritako ekimenen protagonistak. Horrez gain, tokiko hedabideekin lan egiteko ildoak ere ezarri dituzte, Ttipi-Ttapa aldizkariarekin, esaterako. Aldizkariak Wikimediara igo du bere argazki-funtsaren zati bat, mundu guztiarentzat eskuragarri jarriz. Proiektu honi esker, adibidez, 1980 eta 1992 urteetako irudiak ikusi ahal izango dira deskribapen txiki batekin lagunduta.

Horretaz gain, Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak garatzen dituen proiektuen artean ondare kulturala eta geografikoa zabaltzea dago, WikiBizi Euskal Herria ekimenaren barruan euskararen lurralde osoko lehen bidaia-gida irekia online eginez. Besteak beste, Irantzuko lurren inguruko ibilbideak sarera igotzea eta Larraungo mendi ibilbideen zerrenda eguneratzea aurreikusi dute. Oteiza museoarekin elkarlanean ere hasi gara, Jorge Oteizaren obra eta ondarea Wikipedian zabaltzeko asmoz.

Gainera, Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak herritarren parte-hartzea sustatu nahi izan du proiektuan, eta WikiBizi Euskalherriak hiru argazki lehiaketa antolatu ditu udan zehar, ondareari eta naturari buruzko argazkiak biltzeko.

2017an hasi ginen gure Hezkuntza Programarekin, “Kalitatezko 1.000 artikulu Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat” izenarekin. Lan asko egin dugu hasi ginenetik, adibidez 1.900 artikulu dituen zerrenda bat egin eta horiek hobetzeko bideak aurkitzen. Hiru urte hauetan lortu dugu ikasleek 3 milioi hitz inguru idaztea, Txikipedia sortzea, nazioarteko konferentzia bat egitea Wikimedia eta Hezkuntzaren harremanaren inguruan eta helburu artikuluen edukia bikoiztea.

Urtero gure lana azaltzen duen dokumentua egiten dugu, eta gardentasunaren izenean, hemen jaitsi eta irakurtzeko aukera duzue.

Wikipedia lan kolektibo bat da, askoren artean idatzia, garatua, zuzendua, eraldatua eta eztabaidatua. Artikulu batzuek ehunka pertsonen lana dute atzetik, beste batzuetan pertsona bakar batek edo pare batek hartu dute parte. Wikipedian aritzen diren pertsonek modu boluntarioan idazten dute, eta artikulu baten egiletza begiratzea posible bada ere, ez da izenik agertzen artikuluaren hasieran edo amaieran, beste lan batzuetan ohikoa den bezala.

Orain tresna berri batek aukera ematen digu testu baten zati bat nork idatzi duen begiratzeko, baita wikilari horrek artikuluaren zein ehunekoa idatzi duen begiratzeko ere.

Wikimedia Fundazioak, wikilariek egiten dituzten eskarien ondorioz, “Nork idatzi du hori?” izeneko Firefox eta Chrome luzapena sortu du, artikulu baten egiletza ezagutzeko aukera ematen diguna.

Luzapena instalatu ostean, “Nork idatzi du hori?” jartzen duen botoi bat agertuko da zure Wikipediako menuan, ezkerrean.

Artikulu batean gaudenean nahikoa izango da botoi horri ematea, datuak kargatzeko denbora itxoitea eta artikuluaren gainean klik eginez informazioa eskuratu ahal izango dugu.

Sistema honek “WhoColor” teknologia erabiltzen du, momentuz bost hizkuntzatan baino ez dagoena eskuragarri, tartean euskaraz. Tresna horri buruz hitz egin genizuen WhoColor, talde-lanak ebaluatzeko tresna, euskaraz artikuluan.


Azaroaren bostean, Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) 14/2019 Errege Lege-Dekretua argitaratu zuen, urriaren hogeita hamaikan onartua izan zena, non Estatuko Administrazio Orokorrak salbuespenez eta neurriak hartuz, datuen transmisioa eta interneteko konexioa eteteko eskubidea gordetzen du, ordena publikoaren arrazoiak aldarrikatuz.


IV. Kapituluaren arabera, Telekomunikazio Orokorren 9/2014 Legearen aldaketa, Estatuak, defentsa nazionalaren esparruan segurtasun publikoari eragin diezaiokeen edozein motatako azpiegitura, sare, zerbitzu edo baliabide digitalen erabileraren eskubidea bere gain hartzen du. Web orriak eta bestelako zerbitzuen itxieran berehalako ekimenen ahalmena Espainiako Gobernuak babesten du, Ekonomia eta Negozioen Ministerioaren bidez, eta baita sare guztien kontrola eta funtzionamendua salbuespenez deskribatutako aldi iragankorretan. Ez da beharrezkoa aurretiazko eskakizun judizialik.


Euskal Wikilarien Elkarteak, Amical Wikimedia katalanak ere gai honen inguruan adierazi bezala, dekretu lege berri horrekin gure desadostasun sakona adierazten dugu, bai eta gure gero eta kezka handiagoa ere eskubide digitalen murrizketekin Espainiako lurraldean.


Lehenengo eta behin, lege honen eztabaida falta Parlamentuan, behin-behineko gobernu batek onartua, hauteskunde kanpaina bete betean, eta lege-dekretu formularen bidez, une funtsezkoan informazio askatasunaren atzerakada zorrotza adierazten du. Bigarrenez, zehaztasunik gabe definitutako kontzeptuak, hala nola “segurtasun nazionala”, “ordena publikoa”, “trantsizio-aldia” edo “ohiz kanpoko egoera”, motibazio politikoan eta disidentzia ideologikoaren errepresioan oinarritutako bereizkeriarik gabeko ekintzak ahalbideratzen dute. Hirugarrenez, kezkatuta gaude legearen hitzaurreak testuinguruan jarri eta justifikatu egiten dituela Espainiako lurralde desberdinetan egiten diren etengabeko mobilizazio sozio-politikoen aurrean hartutako neurriak.


Zentzu horretan, Euskal Wikilarien Elkarteak aldez aurretik adierazi du Euskal Herriko oinarrizko eskubide zibilak eta adierazpen askatasunaren eta haren aldeko ekintzen alde dagoela. Goian aipatutako dekretuak larriki bortxatzen du informazio-askatasuna, Wikipedia eta berari lotutako proiektuetan bezala, jendeari zabalik eta eskuragarri egon beharko liratekeelako. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 19. Artikuluak defendatzen duenez, “denek dute eskubidea iritzi eta adierazpen askatasuna izateko: eskubideak, interferentziarik gabe iritziak emateko askatasuna barne hartzen du, eta informazioa eta ideiak bilatu, jaso eta helarazteko edozein euskarritan, eta mugak kontutan hartu gabe.”


Badira zentsura digitalaren azken aldiko aurrekariak, oso giza eragin larria izan dutenak. 2014ko otsailean, Turkiako parlamentuak 5651 Zb. Legea onartu zuen, estatuko telekomunikazio autoritateei botere berriak ematen Internetaren erregulazioari buruz. Urte gutxiren ondoren, 2017ko apirilean, eta lege hori erabiliz, Wikipediaren hizkuntza guztietako bertsioen sarrera blokeatu egin ziren, Turkiako Gobernuaren erreklamazioa Ingeles Wikipediaren estatuaren terrorismoaren artikuluan oinarrituta.


Arrazoi horiengatik guztiengatik, Euskal Wikilarien Elkarteak lege-dekretu honi bere gaitzespena berresten dio, eta berehala erretiratzea eskatzen du. Gure erakundea, zalantzarik gabe, askatasun digitalaren eta giza eskubideen adierazpenaren, batzar baketsuen eta informazioaren sarbidearen alde dago.


2019ko azaroaren 21a

Argazkia: cc-by-sa-3.0 Calvinius

Dokumentuen digitalizazio masiboarekin, sare sozialen eztandarekin eta hizkuntz teknologien hedapenarekin arloen arteko lankidetza abiadura biziz garatzen ari da. Esparru bien artean eremu berriak ere ireki dira ikerketari eta berrikuntzari begira. Pasa den ekainaren 26an UEUk antolatu zuen “Humanitate digitalak: aukerak, erakundeen rol berriak eta elkarlana jardunaldia izan zen deialdi hau antolatzeko motibazioa. Bertan giza- eta gizarte-zientziak ikertzeko hainbat bide berri proposatu ziren, horietako asko gainera, Wikipedia edota Wikidatarekin lotuta daude. Bi plataforma horietan humanitatetei buruz datu andana (big data) lizentzia libreekin jaso edota modu grafikoan erakutsi baitaitezke. Jardunaldiko aurkezpenen bideoak lagungarri izan daitezke lantzeko bide berriak aurkitzeko.

Horregatik, EWKEk eta UEUk ikerketa egiteko laguntza ematea adostu dugu. 5.000 euroko bi poltsa eskainiko dira, 8 hilabetez ikerketa egin ahal izateko. Ikerketaren oinarria eta hainbat adibide irakur ditzakezu UEUren webgunean.

Hezkuntza Programa garrantzitsua egiten ari gara euskal wikilariok, mundu osoan zehar egiten diren programetan aitzindaria: ikasleek ikasleentzat idazten dute, irakasle eta unibertsitateekin egiten dugun lankidetzari esker. 2019ko apirilean aurrerapauso berria emango dugu: mundu osoko hezkuntza programei buruz entzuteko aukera izango dugu, Donostian, asteburu batez.

Gehiago irakurri

Azaroaren 6an eta 7an, Iruñeko Baluarte Batzar Jauregia Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia berrien gune garrantzitsua izango da, bertan egingo baitira Nafarroako Gobernuak IKTen eremuan eta kultura digitalean euskararen erabilera sustatzeko xedez Euskarabidearekin antolatu dituen jardunaldiak: Sarean Euskaraz. Aurten, nobedade moduan, Wikipedian artikuluak sortzeko ikastaroa emango da, eta hitzaldi irekiak emango dira, nahi duenarentzat, arratsaldeko ordutegian.

Goizeko saioak DBHko 4. mailako eta D ereduko Batxilergoko 1. mailako ikasleei zuzenduta daude. Ikasleek eurek egindako Wikipedia artikuluak igoko dituzte sarera. Bigarren Hezkuntzako zortzi institutuk hartuko dute parte tailer horietan. Ondoren, azaroaren 6etan eta 7an egingo diren Jardunaldietan, 13 ikastetxetako 1.000 ikaslek hartuko dute parte. Arratsaldeko saioetara edonor bertara daiteke.

Wikilari izateko ikastaroak ikastetxeetan

Urrian, aurretiazko prestakuntza emango zaie Nafarroako DBHko 4. mailako eta D ereduko Batxilergoko 1. mailako ikasleei. Wikipedian Nafarroarekin zerikusia duten euskarazko artikuluak sortzea edo hobetzea lortu nahi da. Ikastaro horietan 8 ikastetxetako 400 ikasle inskribatu dira.

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko kideek emango dute prestakuntza, ikastetxean bertan. Gero, artikulurik onenek saria jasoko dute.

Astronomia gai garrantzitsua da Wikipedian. Ikasturtean zehar milaka aldiz bisitatzen dira Eguzki-sistema, planeta, galaxiak eta izarrei buruzko artikuluak. Euskaraz ondo azalduta egotea helburu nagusia da guretzat, eta horregatik jarri dugu abian urriko lehiaketa: 300 gai euskaraz Wikipedia zein Txikipedian landu ahal izateko.

Gehiago irakurri

Wikipedia munduko bosgarren webgunerik bisitatuena da eta, dagoeneko, Entziklopediarik ezagunena. Era berean, Euskarazko Wikipedia euskarazko webgunerik bisitatuena da. Egunero milaka pertsonek erabiltzen dute ezagutza eskuratu eta gai askoren inguruan ikasteko. Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen (EWKE) helburua euskarazko Wikipedia sustatzea da, munduko ezagutza guztia guztion esku jarriz, auzolanean, instituzio eta elkarte ezberdinen laguntzarekin.

Gehiago irakurri