Berrikuntza teknologikoa

Wikilasterketa: artikuluetako loturen artean bidea aurkitzeko joko berria

Zenbat pausotan iritsi zaitezke “Mikrouhin” artikulutik “Dinosauro” artikulura? Eta “Charles Baudeleire“tik “Hezur” artikulura? Hori da Wikilasterketa baten funtsa, itxuraz urrun dauden bi artikuluren arteko bidea aurkitzea, bertan agertzen diren loturak baliatuz. Lotura gutxien edo denbora gutxien behar duenak (hori zuk erabaki) irabaziko du lasterketa.

Wikilasterketaren ideia ingelesezko Wikirun edo Wikirace jokoetatik abiatu da, nazioarteko lehiaketak ere badituen jokoa. Ez baduzu sinisten, YouTuben badituzu hainbat bideo, baita youtuber famatuekin ere. Joko horietako gehienek ingelesezko Wikipedia erabiltzen dute batetik bestera salto egiteko, eta horregatik sortu dugu euskarazkoa: https://wikimedia.eus/wikilasterketa/

Lau modu daude jolasteko:

  • Eguneko erronka: jokalari guztientzat berbera da, eta egunero aldatzen da. Modu honetan Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluak, Euskal Herriko artikulu sorta bat eta biografia kopuru handi bat nahasten dira.
  • Ausazkoa: aurrekoa bezala, baina ematen diozun bakoitzean ausazko bi artikulu lotuko ditu. Aukera dago zailtasun maila (artikulu luzeak lotzea errazagoa dela uste da) eta gaia (denetarik, Euskal Herria, biografiak) aukeratzeko.
  • Neuk aukeratu: zuk zeuk zehazten duzu hasierako artikulua eta amaierakoa zein diren. Baliagarria erronka zehatz bat sortu nahi baduzu, adibidez, ikasgelan lantzen ari zaren bi gairen artean.
  • Txikipedia modua: soilik Txikipedian loturak dituzten artikuluak erabiltzen ditu. Gai gutxiago dira, baina ez pentsa errazagoa izango denik batetik bestera salto egitea.

Amaitzerakoan, zure lorpenak partekatzeko testu bat ere eskaintzen dizu, sare sozialetan, nahi baduzu, partekatzeko. Prest al zaude Wikipediako artikuluetako loturen untxizuloan barrena lasterka aritzeko?