Hezkuntza

Giza gorputza ezagutzeko ataria, Txikipedian

Txikipediako atari tematikoen aurkezpenekin jarraituko dugu. Aste honetan, Giza gorputza. Atariak gure organismoaren egitura eta funtzionamendua azaltzen ditu, haur eta gazteei egokitutako hizkera argia erabilita.

Atariak gorputzeko sistema nagusiei buruzko edukiak biltzen ditu: mugimendua, zirkulazioa, arnasketa, digestioa, nerbio-sistema, iraizketa, ugalketa eta immunitatea. Giza gorputzaren atlasak, berriz, hezurdura, muskuluak, organoak eta azala ezagutzeko aukera ematen du.

Osasunarekin lotutako kontzeptuek ere badute lekua. Pediatria-hiztegiak hainbat termino azaltzen ditu, eta azalpen batzuk entzuteko aukera eskaintzen du. Eduki horiek Diximed proiektuaren parte dira.

Atariak eguneroko gorputz-erreakzioen inguruko azalpenak eta datu interesgarriak ere eskaintzen ditu. Besteak beste, lo gaudela zergatik esnatzen garen bat-batean eroriko bagina bezala edo begi-niniek argiaren arabera nola erantzuten duten azaltzen du.

Giza gorputzaren funtzionamendua ulertzeko eta osasunari buruzko oinarrizko hiztegia lantzeko baliabide erabilgarria da, bai ikasgelan, bai etxean.

Ezagutu Giza gorputza ataria:

https://eu.wikipedia.org/wiki/Txikipedia:Azala/Giza_gorputza