Euskal Herria ezagutzeko ataria Txikipedian

Txikipediak Euskal Herriari eskainitako ataria du, gure lurraldearen geografia, historia, hizkuntzak eta kultura modu erraz eta erakargarrian ezagutzeko. Informazioa hainbat ataletan antolatuta dago, eta irakurleek aukera dute interesatzen zaizkien gaietan sakontzeko, irudiak arakatzeko eta jolasean ikasteko.
Atariak zortzi arlo nagusi biltzen ditu: geografia fisikoa, geografia politikoa, biztanleria, historia, politika, ekonomia, hizkuntzak eta kultura. Horrez gain, Euskal Herriko zazpi lurraldeei buruzko informazioa eskaintzen du, baita euskal diasporari buruzkoa ere.
Atariak Euskal Herriko historia 100 objektutan proiekturako sarbidea ere badu. Objektuen bidez, gure historiako hainbat garai eta gertakari ezagutzeko aukera eskaintzen du, museo birtualarekin batera.
Ezagutza, jakin-mina eta jolasa
Informazioaz gain, atariak bestelako edukiak ere eskaintzen ditu. Non nago? jokoan, esaterako, Euskal Herriko lekuak asmatu behar dira argazkien eta pisten laguntzaz. Ba al dakizu? atalak datu bitxiak biltzen ditu, eta Asteko lekua eta Euskal kultura atalek gure herriko txokoak, ohiturak eta kultur adierazpenak ezagutzeko aukera ematen dute.
Horiez gain, Argazki nabarmena atalean Euskal Herriko irudiak aurki daitezke, eta Hartu neurria atalak, besteak beste, mendien altuerak alderatzeko aukera eskaintzen du.
Euskal Herria ikasgelatik esploratzeko
Ataria baliabide interesgarria da irakasle eta ikasleentzat. Gure ingurunea ezagutzeko, informazioa bilatzeko, lurraldeen arteko alderaketak egiteko eta historiari nahiz kulturari buruzko galderak lantzeko abiapuntua izan daiteke.


