Berrikuntza teknologikoa Hezkuntza
Azpimarra: Wikipedian ere markatzaile horia

Azterketa garaian ikasle baten mahaira begiratuz gero, ia beti aurkituko duzu markatzaile hori bat. Testua azpimarratzea eta ertzean oharrak idaztea ikasteko modurik zaharrenetakoa da. Gero eta gehiago, ordea, pantailan ikasten dugu, eta euskaraz testuliburu askoren lekua Wikipediak betetzen du. Euskarazko Wikipediako bisiten gorabeherei begiratu besterik ez dago: eskola egunetan igotzen dira. Horregatik sortu dugu Azpimarra, Euskarazko Wikipediako artikuluetan pasarteak azpimarratzeko eta oharrak hartzeko tresna.
Nola dabil?
Artikulu guztietan, goiko menuan, markatzaile baten ikonoa agertzen da. Sakatu eta panel bat irekiko da artikuluaren ondoan. Hautatu testu zati bat, aukeratu lau koloreetako bat (horia, berdea, urdina edo arrosa), eta pasartea azpimarratuta geratuko da. Nahi izanez gero, ohar bat gehi diezaiokezu. Nahi adina pasarte azpimarra daitezke, artikuluko edozein lekutan. Azpimarra guztiak orri bakarrean biltzen dira, koaderno moduan. Han bilatu, kolorez iragazi eta Markdown formatuan deskargatu daitezke, edo inprimatu ikasteko ohar gisa.

Eta artikulua aldatzen bada?
Hau da Wikipediaren berezitasuna: artikuluak bizirik daude, eta etengabe aldatzen dira. Paperezko liburu batean azpimarratutakoa beti leku berean dago, baina Wikipedian esaldi bat lekuz alda daiteke, berridatz daiteke edo desager daiteke. Azpimarrak testua bera eta inguruko testua gordetzen ditu, eta artikulua berriro irekitzean pasartea bilatzen du, lekuz aldatu bada ere. Testua aldatu bada, abisatu egiten du. Desagertu bada, zure aipua eta oharra ez dira galtzen, eta azpimarratu zenuen bertsiora itzul zaitezke.
Proba ezazu
Azpimarra saioa hasita dutenek bakarrik erabil dezakete. Kontua sortzea doakoa da eta ez du posta elektronikorik behar. Kontuan izan zure azpimarrak publikoak direla: zure erabiltzaile-orriaren azpiorri batean gordetzen dira. Ez idatzi oharretan publikoa izatea nahi ez duzun ezer.
Tresna proba-fasean dago, eta zure iritzia behar dugu. Azalpen guztiak eta iruzkinetarako lekua Wikipedia:Azpimarra orrian dituzu. Ireki artikulu bat, hartu markatzailea, eta hasi azpimarratzen.
