200 milioi hitz euskarazko Wikipedian
2026ko urtarrilean euskarazko Wikipediako artikuluek 100 milioi hitzen muga gainditu zuten. Ez zen edonolako marka: 2024-2027 egitasmoan ezartzen genuen 2027 amaitu aurretik 500.000 artikulu nahi genituena, 200 hitz batezbesteko artikuluko. Hau da, gure erronka zen hurrengo urtea amaitu aurretik milioi erdi artikulu eta ehun milioi hitz edukitzea. Bada! Gaur bertan euskarazko Wikipediak 200.000.000 hitzen langa gainditu du, nabarmen iturri estatistiko ofizialetako datuak ustiatzen egiten ari garen lanari esker.
Euskarazko Wikipedia milioi erdi artikulu izatetik gertu dago (496.000 pasa lerro hauek idazterakoan), baina horietatik kopuru handi bat artikulu geografikoak dira. Euskal Herriko udalerri guztiak ditugu, bai, baina horrekin batera Frantzia, Espainia, Italia, Alemania edo Mexikoko udalerri ia guztiak ere baditugu. Frantzian ia 35.000 udalerri daude; Ameriketako Estatu Batuetako 30.000 lekutik gora ditugu; 7.900 udalerri daude Italian. Wikipedian ia milioi erdi artikulu daude, baina informazio geografikoak koxka handi bat hartzen du bertan.
Artikulu horietatik gehienak laburrak izan ohi ziren, mekanikoki sortutakoak. X udalerri Y probintzian dago, Z herrialdean, biztanle hauek ditu, eta azalera hauxe. Beste hauekin egiten du muga. Baina estatistika institutuetako datuak hartu, Wikimedia Commonsera igo eta modulu eta txantiloi sistema baten bidez artikuluetan erakusteko aukera dagoenetik panorama asko aldatu da. Orain jakin dezakezu Dios le Guarde udalerriko biztanleen hezkuntza-maila zein den; Truth or Consequences hirian errenta banaketa nolakoa den; Tzintzuntzanen zenbatek hitz egiten duten purepetxa; edo Condomen zenbat gazte bizi diren euren bikotearekin. Aldaketa horrek euskarazko Wikipedian genuen corpusa bikoiztu du hilabete pare baten bueltan, gure entziklopedia nabarmen aberastuz, artikulu geografikoak askoz konplexuagoak eta aberatsagoak eginez. Teorian, horrek denbora emango die wikilariei soilik eskuz egin daitezkeen beste gauza batzuk idazteko, eta mekanikoki soluzionatu ezin daitezkeen eremuetan ekarpenak egiteko. Teorian, noski… wikilarien bideak ezin sumaezinak direlako.