Wikimania 2026: komunitate eta desafio digitalen nazioarteko topagune
Euskal wikilariak Wikipediaren 25. urteurrenean
Aurten, Wikimania uztailaren 21etik 25era egin da Parisen. Wikimania Wikimedia mugimenduaren urteroko topagunea da eta bertara biltzen dira mila parte-hartzaile inguru, asko boluntarioak, gehienak Wikimedia Fundazioak affiliate edo kidetzat onartzen dituen elkarteak eta haietako kideak. Mundu osoko wikilariek Wikimedia mugimenduari egiten dioten ekarpena ospatzea da gakoa. 185 elkarte daude mundu osoan bertako kide gisa onartuak, hiru kategoriatan: kapituluak (estatuen araberakoak), talde tematikoak eta gehienak, erabiltzaile taldeak: Euskal Wikilarien Kultura Elkartea bera (Basque Wikimedians User Group). Elkarteak egokiera hartu du Parisera ordezkaritza oparo bat igortzeko, 10 kide, eta haietako batzuk aurkezle ere aritu dira.
Aurtengo Wikimania berezia zen, dudarik gabe: Wikipedia sortzearen 25 urteurrena bete eta ospatu da. Euskal Wikipediak ere hilabete gutxiren buruan egingo ditu urteak. Hitzordurako gunea, berriz, La Villeteko Cité des sciences et de l’industrie, Pariseko 19. Barrutian. Lehenik, arreta deitzen dute eraikinaren eta ingurumari osoaren handiak eta konfigurazio bihurriak, batera zein bestera doazen bidez eta zuzenez betea. Nola ez, Paris da! Frantziaren proiekzio zientifiko eta teknologikoaren gune nagusi bat da, eta asmatu dutela esango nuke, kontzeptuari begiratzen bazaio.
Adimen Artifiziala, Google eta teknologia disruptiboa
Kontzeptualki, egoitza ikerkuntzaren eta dibulgazioaren artean kokatzen da, Wikipedia bera bezala. Wikipedia ikerkuntza bat da, iturrien ikerkuntza, mundura proiektatua eta saretua. Continuum horretan kokatu behar da. Gogoratu Adimen Artifizialak horixe egiten duela, ala hobe? Horixe izan da aurtengo Wikimaniaren gai izarretako bat: AA (AI edo IA, nola adierazi nahi den…). Tarte handiegia bete ote du AAk kongresuan? Gure artean, era horretako komentarioak entzun ditugu.
Nolanahi ere, bada zeri erreparatu. AA lehen Wikipediak zuen tokia betetzen hasi da, eta Wikipedia proiektuetako trafikoak beheranzko joera hartu du iaz: % 8. Izan ere, ez doa oharkabean: Google bilatzailea da Wikimediako proiektuetarako trafikoaren sorburu nagusia, baina aspaldion bada eragozpen bat. Googleren Adimen Artifizialak (Gemini) berehala, ti-ta, eskaintzen digu galdetu dugunaren erantzuna, Google Zero deitu izan dena: zero klik, beharrik ez, eta hortxe (Googleren AAren) erantzuna. Denboraren lasterrak eta edukia aurkezteko forma dotoreak liluratu egin gaitu, AAren ikerketak nahikoetsi egiten ditugu.
Horrek beste paradigma batera ekarri gaitu, oso desafio handia dirudi. Eta hor Interneteko konpainia handiek ez ote duten 31 eskutik. Kezka dabil. Google da Wikipediako trafikoaren iturri behinena, alde handiaz ere. Aldi berean, ordea, Googlek Wikipediako edukia integratzen du, baina Gemini Googleren AAk nahi bezala aurkezten du edukia eta, aldi berean, corpus gehiago sortzen.
Sortutako testu mataza horrek gero eta eduki organiko gutxiago du, eta bai sintetikoa, erabiltzaileari proposatzen zaizkion erantzunak giza iturritik gero eta urrunago daude. Hartara, batez besteko eduki bat sortzen da (average content), erliebe gutxiko eduki bat, informazio emari handiaren ispilu. Lagungarria eta osagarria zaigu, bai, kritikoki irakurriz gero, eta ez literalki. Emari horren gehiena ingelesez dator jatorriz. Wikipedian bertan, Ingelesezko proiektua da gehien ikusi eta editatutakoa, alde handiaz (ikus grafikoa). Atzetik datoz beste hizkuntza hegemonikoak, hala nola espainiera, alemana, eta frantsesa. Euskara Interneteko eduki osoaren % 0,1etik behera dago, beste ehunka hizkuntzarekin batera.

Konpainia handien oldarra eta ezagutza hegemonikoaren ibai handia
Neutraltasuna da Wikipediaren printzipio nagusi bat (NPOV). Neutraltzat hartu behar dira Interneteko datuen emari handi horretako eduki eta iturriak (eta sintesiak)? Kultura batean neutrala dena ez da bestean. Euskal Herria adibide paregabe dugu baieztapen hori egiaztatzeko. Berdin Wikipediako hizkuntza proiektuez ari garela. Mendebaldeko unibertsitate iturriak eta eliteko hedabide baimenduak al dira guztiaren neurria eta erreferentziazko estandar bakarra? Wikipedia eta Internet bera gainditzen duen galdera da. Ikerkuntzari eta dibulgazioari dagokio. Bi mundu aurrez aurre eta dialektika bat, oreka zailean: mundu homogeneoa vs mundu poliedrikoa.
Irekiera ekitaldian (besteak beste, Bernadette Meehan Wikimedia Fundazioko zuzendari eta diplomazialariak) eta eztabaida saioetan gogora ekarri zen bezala, iturria eta atribuzioa dira Wikipediaren indargune eta ezaugarria, pertsonek sortutako edukia. Hori gogoratzea ez da alferrikako gaia: ezagutza ez dator ezerezetik, iturriak ditu, eta aitortu behar dira. Eta hor dator baimenen gaia: Wikipedia Creative Commons lizentzietan oinarritzen da, libre erabil daitezke, baina baldintza batzuen arabera. Interneteko konpainia handiek, ordea, CC-BY-SA praktikatzen ez dutelakoan. Irudipen eta estuasun hori zebilen Wikimaniako partehartzaile askoren artean. Non gelditzen da burujabetza digitala? Nori berea emateko presioa egin behar ote da Bruselan?
Wikimediaren posizioa. Balioak, ezagutza partekatua eta hizkuntza dibertsitatea
Wikimania 2026n hainbat eztabaida izan dira. Wikimania topaketen etorkizuna ere bihurtu da eztabaidagai. Heldu den urtekoa, 2027, Santiago de Chilen izango da, Wikimedia proiektuen erdigune geografikoetatik aski urrun, ipar hemisferioan eta, zehazki, Mendebaldean. Jendea bazter horretara desplazatu behar. Espainierak pisu nabarmena izango du, hizkuntza dibertsitatearen gaiaren erdian. Egun, gaztelania eta frantsesa ingelesaren aurrean aldarrikatzea aniztasuna bilakatu da, hara. Hori ikusteko ere jaio gara. Eta euskara bezalako hizkuntza? Hor gu tartean, muskulua erakutsi dugu, eta entzun-ikusi da. Bestalde, ez da txikia izan Wikimediaren berregituraketari buruzko harrabotsa. Alegia, Wikimedia eta Wikimedia Fundazioa osatzen dute elkarte kideen pisua eta finantzaketa sistema. Prozesu bihurri bat dago irekita.
Nolanahi ere, AAren eta konpainia pribatu handien aurrean, Wikipediak ikuspegi organikoa eskaintzen du, giza faktorea, ezagutza partekatua, balioetan oinarritua, bere arantza guztiekin, gardentasuna banderatzat hartuta. Liberté, equité, fiabilité, aurtengo goiburua, frantses lelo historikoaren egokitzapena. Kontrako aldean legoke ezagutzaren “kontsumoa”, irakurketa kritikorik gabea, teknologiko hutsa, iturriez gabetua. Horixe nabarmendu du Unescoko ordezkari Mariya Gabrielek. Komunitateekiko dialektikan eraikitzen den mugimendua, mugimendu digitala, interes erraldoien eta ahalmen teknologikoen mataza handian. Posible ote da?

0 comments