Orain egun batzuk kontatu zuen @ksarasola wikilariak nola aritu garen uda honetan munduko hainbat denbora-serie estatistiko Wikipedian eskuragarri jartzen. Ez da lan makala EHUko Imanol Egaña eta Shalva Jokhadze ikasleek bertako irakasleekin batera egindakoa, eta egunotan Wikimanian ikusi ahal izan dugunez, punta-puntako galdera bati erantzun diogu: nola gorde eta erakutsi denbora-serie luzeak Wikimedian? Orain arte Wikidata izan da serie batzuk, bereziki biztanleriarena, gordetzeko lekua, baina Wikidatak baditu muga nabarmen batzuk, tartean serie luzeak gordetzeko ez zela diseinatu, eta biztanleriaz gain badirela beste indikadore demografiko, ekonomiko eta kultural ugari modelatzen zailak direnak. Horregatik, munduko herrialdeetako demografia lantzen aritu garen bitartean, beste lan baten lehen oinarriak jarri ditugu egunotan: euskal herrietako datu demografiak erakusteko azpiegitura diseinatzen hastea.

Datu-iturri zatikatuak

Agian ez da sorpresa, baina hortik hastea komeni da: gure herria zatikaturik dagoen bezala, datuak ere zatikaturik daude. Euskal Autonomia Erkidegoko datuak EUSTATek eskaintzen ditu, Nafarroakoak NASTATek. Bienak bilduta, baina desberdin, eskaintzen ditu Espainiako INEk. Ipar Euskal Herriko datuak Frantziako INSEEk ematen ditu, Pirinio Atlantikoetako departamenduaren barruan beti ere. Trebiñuko datuak jaisteko biderik onena INE dela ematen du, Burgosko datuen barruan. Instituzio bakoitzak datu desberdinak eskaintzen ditu: EAEkoetan posible dena zail izan daiteke Nafarroan; Nafarroan existitzen ez den datu bat partzialki lor daiteke INEn; INSEEk ez ditu INEren adin-tarte berberak erabiltzen, eta datuetako batzuetan desadostasunak egongo dira, definizioa bera desberdina delako.

Datu horien guztien nabigatzen aritu da Gaindegia, adierazle-bilduma ederrak argitaratuz. Bere garaian Udalbiltzak eskaintzen zituen datu horietako batzuk, modu nahiko errazean, eta horiek ditugu txertatuta Wikipediako artikuluetako eskumako infotauletan. Datu horiek, hala ere, ez dira aspaldi berritu. Zahartze-tasaren datua, adibidez, 2016ko urtarrilean igo genuen, eta hamar urte pasata datu-berbera dugu. Zahartu zaigu zahartze-tasa. Jarduera-ekonomikoaren datua 2011koa da, bi krisi atzerago.

Eskumako Iruñeko adibideak erakusten digun bezala, datu zaharkitu horiek berritu beharko genituzke, baina horrek eguneratze sistema eraginkor bat eskatzen du, une honetan Wikidatak eskaini ezin dezakeena. Datu-serieekin hasitako bidea esploratzeko unea iritsi da.

Serie batzuk hautatzea

Lan honetan aitzindari garenez, lehen gakoa izan da datu-serie batzuk hautatzea, zer-nola erakutsi erabaki aurretik. Orain dela gutxi Frantziako udalerri guztietako biztanleria datu historikoak Commonsera igotzeko lanean parte hartu nuen, eta horiek erakusteko bidea topatu behar zen lehenengo. Ipar Euskal Herriko udalerrietan biztanleriaren garapena ikustea zen lehen gakoa, beraz. Bi adibide, hazkuntza betean dagoen Angelu, eta jaitsieran dagoen Urepele.

Behin hori posible zela ikusita, biztanleria-piramidea sartzea izan da hurrengo erronka. Esan bezala, INSEEk, Eustatek, Nastatek eta INEk ez dituzte datuak modu berean eskaintzen. Datuen aldakortasuna gutxienekoa izan dadin, INE eta INSEEko udal-datuak jaitsi, probintziaka zatitu, egonkortu eta igotzea izan da egin beharrekoa. Ondoren, Wikipedian txantiloi eta modulu bat sortu ditut, datuak erakutsi ahal izateko. Emaitza, sarreran ikusten den piramidea da, malgua dena INE eta INSEEko datuen desberdintasuna erakutsi ahal izateko. Behin Hego zein Ipar Euskal Herriko udal guztietan sartuta… pixka bat hedatzeko aukera banuen, eta bot bidez Frantziako eta Espainiako udalerri guztietan sartu dut… konplexua izan den prozesua.

Baina datu demografikoak piramide bat baino gehiago dira. Adibidez, Eustatek 1976tik eta Nastatek 2008tik hazkunde begetatiboaren datua eskaintzen du, hau da, herri batean jaiotakoei hildakoak kentzearen emaitza. Eustatek urtero jaiotako gizonezko eta emakumezkoen datuak udalerrika eskaintzen ditu, Nastatek batez besteko adina; Eustatek oso datu interesgarriak ditu herrietako migrazioen inguruan, bertan erroldatutakoen jaiolekuak erakutsiz. Badirudi INEren datuak zehatzagoak direla. INSEEren datuetan ere horrelakorik egongo dira, aztertuz gero. Datu horiek Wikimedia Commonsera igotzea zen gakoa, udal bakoitzaren INE kodearekin, gero grafikoetan erakutsi ahal izateko.

Nola erakutsi

Datuak igotzea gauza bat da, horiek erakustea bestelako ariketa. Wikimediak duen Chart luzapena oso eskasa da, eta mantenua ere horrelakoa du. Lerroak, barrak eta grafiko zirkularrak egin daitezke, eta horiek ere tentuz. Biztanleria-piramideak, adibidez, ezin dira egin. Edo XY korrelazioak. Baina tresna eskasa izateak ez du esan nahi datu batzuk erakutsi ezin daitezkeenik.

Proiektuaren lehen fase honetan, piramideaz gain, beste hiru datu mota igo ditut, bakoitza bere erakusteko estiloarekin:

Aurrera begira

Honakoa kontzeptu-proba bat izan da, eskutik pixka bat joan eta azkenean Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako udalerri guztietan hobekuntzak eragin dituenak (albo-kalte baino, albo-onura). Gakoa beste grafiko hauetan dago, eta zer erakutsi nahi dugun zehaztean. Infotauletako informazioa ere gaurkotzeko bideak aurkitu beharko dira, Commonsera igotako taula horietan bilatuta. Eta ikasturte berriarekin mundu mailako indikadoreekin egingo dugun bezala (irakur Kepa Sarasolaren hasierako testua), euskal udalerrietako datuak igo eta gaurkotutako sistemak ere asmatu beharko ditugu. Posible izateaz gain, garrantzitsua delako.

0 comments

XHTML: You can use these tags: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>