Jokoa eta aplikazio mugikorra da Tagzania, CodeSyntax euskal enpresak garatua, eta beste hainbat proiektu bezala, Wikipedia eta Wikimedia Commonseko (Wikipediako irudi biltegiko) edukia berrerabiltzeko aukerari esker dabil martxan. Kasu honetan, 2025eko abendutik. Hau sinatzen duena, EWKEko wikipedista eta CodeSyntaxekoa izanda, harro dago orain komunikatzeko Tagzaniatik bertatik mesedea itzultzen hari garela: jokalariek Tagzaniaren bidez proposatzen dituzten tokien argazkiak Wikipedian kargatu ditugu. Oraingoz 4.000 argazki dira, eta jokoa martxan den bitartean, ekarpenak gehitzen jarraituko dugu.

Abendutik funtzioa gehitu genion aplikazioari jokalariek beraiek tokiak proposatu zitzaten, toki jakin batetik in-situ lau argazki geokokatu igoz egin dezaketena. Hori baimentzeko urratsetan, erabiltzaileek CC-BY-SA 4.0 lizentzia onartzen dute esplizituki, eta baldintzetan zehazten da gainera Wikipediara igoko dela edukia. 

Harrezkero, ekarpen horiek pilatzen egon dira, baina apurka-apurka garapena egin dugu, EWKEren laguntza tarteko, bot bat sortzeko eduki hori Wikimedia Commonsekin partekatzeko. Horra emaitza, une honetan, 4.000 argazki pasatxo. Urtarrila-uztaila tarteko karga batzuk falta dira oraindik, baina hemendik aurrera kopurua igoko da jokoa martxan den bitartean jendearen ekarpenekin. Tokiak proposatzeko aukera pixkat ezkutuan dago aplikazioan, baina 300 erabiltzailek aurkitu eta baliatu dute. Horietarik gehienak, dozena bat kenduta, aldez aurretik Wikipediara ekarpenik egin ez duten euskaldunak direla uste dugu. 

Jokalarien toki proposamen bakoitzarentzat web orri bat sortu da Commonsek eta komunitateak jakin dezan nondik sortu diren irudiak, ez direla xisteratik ateratakoak. Adibidez, erabiltzaile hau Alsaziako herri honetan egon zenekoak, edo Akordako sorta (tartean dela Bizkaiko auzo-ikastola zaharra), artikulu honetan ilustraziorako erabili duguna. Ekarpen bakoitza lau argazkikoa da, jokoaren mekanikak hori eskatzen duelako, argazki/ikuspegi aniztasuna pistak emateko jokalariari tokia mapan kokatzeko. Horixe baita Tagzania, Geoguessr moduko bat euskaraz, egunero dosi txikian jokatzeko, toki bat Euskal Herrikoa eta bestea mundukoa.

Munduko ekarpenen geografia hauxe dugu orain artean, mila ekarpenen artean erdiek edo osatua:

Zoom egiten badugu ikusten da mundu hau oso “gertukoa” da, euskal erabiltzaileen ikuspegitik, baina tira, Ushuaian edo Kyoton ere ibili da jendea.

Euskal Herrikoei dagokienez… 

Toki horien artean daude orain arte Wikipedian agerpenik ez duten gauzak, hala nola Antso III.a Handiari monumentua Hondarribian, Neberondo elurzuloa Durangon, Aginaga eta Hoki auzoak Zumarragan eta Sohütan, Tuterako zezen plaza

Commons-en zerbait falta eta Wikipediako atal horrekin moldatzen ez denarentzat, gonbidapena ere hortxe: jokatu Tagzanian eta aplikaziotik bertatik igo tokiak.

Esploratzeko igotakoak, hemengo barne bilatzailea baliatu dezakezue eta igual agertuko da zuen herria edo…

Euskal Herriko ekarpenen kontzentrazioa akaso beste herrialde batzuekin osa daiteke etorkizun hurbilean, internazionalizazioa baitugu jomugan orain: Tagzania Deutschland, Tagzania Països Catalans, Tagzania USA, batek daki. Puntu honetan, berriz EWKEren laguntza eskertu behar dut, beste wikilari batzuekin Wikimania 2026ra egindako bidaian lagundu zidalako, agian bertsio horiek garatzeko balio dezakeen aurkezpen bat egin ahal izan nuelako panel honetan (bertan aurkezpenaren PDFa ere).




0 comments

XHTML: You can use these tags: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>