Tabakalerak beste pauso bat eman du ezagutza irekiaren eta datu irekien aldeko apustuan, Medialab katalogoa Wikidatarekin lotuz. Ekimen honek aukera ematen du katalogoan dauden edukiak ikusgarriagoak eta eskuragarriagoak izateko, Wikipedia bezalako proiektuak elikatzen dituen datu-base libre eta kolaboratiboarekin konektatuta.

Lotura honi esker, Medialab katalogoan dauden autore, sortzaile eta eragileen informazioa aberastu egiten da, eta testuinguru zabalago batean kokatzen da. Erabiltzaileek, gainera, fitxa bakoitzean informazio osatuagoa eskuratu dezakete: datu biografikoak, irudiak, beste iturri batzuetarako estekak edo Wikipediako artikuluetarako sarbideak.

WikiInfo tresna

Proiektu hau WikiInfo tresnaren bidez gauzatu da. Tresna horrek aukera ematen du katalogoko erregistroak automatikoki Wikidatarekin lotzeko eta informazioa modu dinamikoan eguneratzeko. Horrela, Wikidatan egindako hobekuntzak  (datu berriak edo zuzenketak) zuzenean islatzen dira katalogoan, eta sistema itxi bat izan zitekeena ingurune irekia eta kolaboratiboa bihurtzen da.

Gaur egun…

Gaur egun, Medialab Tabakaleraren katalogoak dituen 86.362 autoritate-erregistroetatik, 25.867  dagoeneko Wikidatarekin lotuta daude, eta horrek nabarmen handitzen du eduki horien irismena maila globalean.

Ekimen honek erakusten du nola uztartu daitezkeen tokiko katalogoak eta datu irekien nazioarteko ekosistema, eta nola bihur daitekeen informazio-sistema bat eguneroko erabilerarako tresna bizi eta aberatsago. Era berean, urrats garrantzitsua da kulturaren arloko eraldaketa digitalean, gardentasuna, berrikuntza eta lankidetza sustatuz.

Prozesu honetan, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak ere parte hartu dugu, lankidetza estuan, datu irekien eta ezagutza librearen aldeko apustu bateratuan.

https://katalogoa.tabakalera.eus

0 comments

XHTML: You can use these tags: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>