Nondik nora, migrazioa hobeto ulertzeko Ikusgelako sail berria
Gaur, Elkarrizketarako eta Garapenerako Aniztasun Kulturalaren Mundu Egunean, Ikusgelako sail berria aurkeztu dugu: Nondik nora. Zehar-Errefuxiatuekin elkartearekin elkarlanean sortutako sail honetan, aurreiritzi arrazistak, pertsona arrazializatuen estereotipoak eta pertsona zurien pribilegioak lantzen dituzten bideo laburrak argitaratuko ditugu sei astetan zehar, ostegunero.
Leo Bueriberi musikari eta aurkezle gasteiztarra izango da sail honetako aurpegia eta bere gidaritzapean saiatuko gara pertsona arrazializatuen inguruko estereotipoak zalantzan jartzen, pertsona txurien pribilegioetaz ohartzen eta migrazioaren, desplazamenduaren eta arrazismoaren inguruko aurreiritzietan sakontzen. Sail hau osatzeko, Lucía Mbomío kazetaria aholkulari izan da eta Hiru Damatxo ekoiztetxea bidelagun.
Pribilegioa zalantzan jarri, gizarte justuago bat eraikitzeko
Sailaren kapitulu bakoitzak estereotipo zabalduenen inguruko gai bat jorratzen du, eta, era berean, egungo gai eta mugimenduei buruzko azalpenak eta informazioa ere ematen ditu. Helburua kontzientzia sortzea da, batez ere gazteenen artean: hausnarketa kolektiborako gune bat irekitzea, gure gizarteek kanpotik datozen pertsonei bereziki eragiten dieten egiturazko desberdintasunak nola erreproduzitzen dituzten aztertzeko.
Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak bultzatutako Sareginak proposamenaren barnean, istorio isilduen ikusgarritasuna sustatzeko eta kontzeptuek zein errealitatea izendatzeko moduek gizarte‑markoak eta egiturak eraldatzeko duten garrantzia agerian jartzeko duen konpromisoa berresten du, elkarrizketa, lankidetza eta ezagutza irekiko espazioak sortuz, herritar guztien eskura egongo diren guneak eraikitzeko helburuarekin.
Esan bezala, gaur bertan argitaratu da lehen bideoa “Zer da migratzea?” izenburupean, eta hauek izango dira datozen asteetakoak: 2) You too, 3) Pribilegio Zuria, 4) Kultura antiarrazista, 5) Migrazio krisia? Ze krisi eta 6) Harrera.