MUSEOTIK plataformarekin lankidetza berria “Euskal Herriko historia 100 objektutan” proiektuaren baitan
Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak eta MUSEOTIK plataformak lankidetza berri bati ekin diogu, “Euskal Herriko historia 100 objektutan” proiektuaren baitan. Helburua argia da: ondare materiala ikuspegi zabalago batetik kontatzea, formatu anitzak uztartzea eta publiko handiago batengana iristea.
Aurrerantzean, hilean behin, hileko hirugarren astean, aukeratutako objektuak presentzia berezia izango du: objektu horren inguruko bideoa publikatuko da Ikusgelan. Eta aste horretan landutako objektua izango da, aldi berean, MUSEOTIK plataformaren astekoa.
Ikusgelako bideoa
Esan bezala, lankidetza honen urrats garrantzitsua da objektu bakoitzaren inguruko bideo bat sortzea, Ikusgelaren “Zortziko Txikian” sailean argitaratuko dena. Eduki hori ere MUSEOTIK plataforman egongo da eskuragarri.
Objektu bera, plataforma desberdinetan
“100 objektu” proiektuaren barruan, objektu bakoitza hainbat formatutan lantzen da, jada: Wikipedia artikuluak, testu literarioa, podcasta eta komikia.
Lankidetza honen bidez, eduki horiek guztiak MUSEOTIK plataforman bateratuko dira, erabiltzaileentzat beste sarbide bat eta esperientzia osatuagoa eskaintzeko.
https://museotik.euskadi.eus/hasiera
Laboratoriumeko erakusketa
Lankidetza hau aurkezteko aukeratutakoa wolframa izan da. Testuinguru horretan, bat egiten du Laboratorium Museoan martxan dagoen W74: Boterea, arrazoia eta etorkizuna erakusketarekin.
Wolframa, Euskal Herrian isolatu den elementu kimiko bakarra, Bergaran aurkitu zuten 1783an Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiek, Ilustrazio garaiko Errege Seminarioan egindako ikerketen baitan. Aurkikuntza honek zientziaren historian mugarri bat ezarri zuen, eta Bergara nazioarteko mapa zientifikoan kokatu zuen.
Gaur egun, ondare hori Laboratorium Museoan ezagutu daiteke, bertako erakusketa iraunkorrean zein une honetan ikusgai dagoen “W74: arrazoia, boterea eta etorkizuna” aldi baterako erakusketan. Azken honek wolframaren historia modu murgiltzaile eta garaikidean aurkezten du, XVIII. mendeko aurkikuntzatik abiatuta gaur egungo erabileretaraino, zientzia, industria eta gizartearen arteko loturak agerian jarriz.
https://laboratorium.eus/erakusketak/w74-boterea-arrazoia-eta-etorkizuna
