Matematika ikastea zaila izaten bada, testu hutsez egitea are eta zailagoa da. Wikipedian irudien laguntza dugu, baina orain arte ezinezkoa izan da, muga teknikoak direla eta, ukitu daitezkeen tresnak bertan jartzea. Azken urtean garatu den Template gadgets sistemari esker, euskarako Wikipedia lehenengo hizkuntza da matematikari lotutako Hiruwiki teknologiarekin, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak sortutako sistema.

Amets bat

Oliver Byrneren “The Elements of Euclid” lanaren irudi bat, 1847.

Wikipedian munduko ezagutza guztia bildu eta antolatu nahi dugu, libre eta euskaraz. Gehien bat, testu bidez egiten da ariketa hori, baina badira testu bidez azaltzen zailak direnak, eta matematika zein geografia halakoak dira. Ikusgela proiektua abiatu genuenean euskaraz eduki libre gehiago sortzeko grina genuen, eta berehala etorri zitzaigun proposamena: matematika, kimika eta fisikako problemen inguruko bideoak egitea. Zorionez, badago euskaraz horretan aritzen den Jakindun taldea, bideo libre ugari dituena, eta bi aldiz egin baino, euren edukiak baliatzeko akordioa egin genuen. Bideoak artikulu ugari aberastu dituzte, baina sarean maiz ikusten ditugu matematika ukituz ikasteko tresnak. Ingelesez, ugari; gaztelaniaz eta frantsesez, nahikoa; euskaraz, oso gutxi, berriki sortu den mate.eus baliabidea kasu.

Hizkuntza hegemonikoetan ikasteko material ugari dago sarean, eta horregatik bertakoek zailtasun gehiago dituzte beharra ikusteko. Nolabait, euren beharra asetzen da ugariak diren webgune, hezkuntza baliabide ireki, bideo, podcast eta abarrekin. Euskaraz nahi baditugu, guk sortu behar ditugu. Eta behar ditugu, noski.

Muga tekniko bat

Baina bazen muga tekniko nabarmen bat. Beno, egia esan, bat baino gehiago. Lehenengo muga teknikoa da horrelako tresnek JavaScript erabiltzen dutela, eta Wikipedian JavaScript tresnak egiteko muga ugari zeudela: kanpo baliabideak ezin dira kargatu segurtasun arrazoiengatik, eta tresna bat garatuz gero, erabiltzaileak berak piztu behar du bere hobespenetan, ez bada erabakitzen tresna hori mundu guztiarentzat baliagarria dela. Edozein kasutan, horrek tresna kargatzen du erabiltzaile guztientzat, orrialde guztietan, karga handia eraginez artikulu guztietan.

Iaz Template gadgets izeneko sistema garatu zen. Sistema interesgarria da: baliabide gehigarri horiek kargatzen dira, soilik baldintza batzuk betetzen badira, adibidez, txantiloi zehatz bat duten orrietan, kategoria zehatz batean daudenetan edo, euskarazko Wikipediaren kasu zehatz batean Txikipediako orrialde direnetan. Kodea ez da kargatuko gainontzeko orrialde guztietan, eta horrek asko arintzen du karga-sistema, tresna gehiago sortzeko aukera baliatuz.

Bigarren muga tekniko bat bazegoen: JavaScript bidez funtzionatzen duten bisualizazio horiek egiteko kodeak konplexuak dira. Azken urtean LLM bidez kodeak sortu, garatu edo hedatzeko sistemak ere ugaritu dira. Badaude horren inguruko kezka sozial eta etikoak, baina gero eta ohikoagoak bilakatu dira kodea sortu eta garatzen dutenen artean ere.

Bi muga teknikoak gainditzeko prest ginenez, egingarria ote zen galdetu behar genion gure buruari. Eta hortxe iritsi da Europa Ipar-mendebaldeko Hackatoia.

Europa Ipar-mendebaldeko Hackatoia

Herbehereetako Wikimediak antolatu zuen joan zen asteburuan Europa Ipar-mendebaldeko Hackatoia, Arnhemen, Wikimedia Fundazioaren eta Wikimedia Alemaniaren laguntzarekin. Bertan Europa Iparralde eta Mendebaldeko 70 bat wikilari batu ginen, martxoaren 13 eta 14an zehar ahal ziren gauza gehien elkarrekin konpontzeko. Leku egokia zen hipotesia frogatzeko: posible al da teknikoki halako zerbait egitea?

Lehenengo kezka segurtasunarena zen: LLMk ematen duten kodea segurua al da? Horrelako hurbilpen batek arriskuak al ditu? Lehenengo galderari erantzuna “ez” izan zen. Jasotako kodeak hutsune batzuk zituen, JavaScript bidez kanpo kodea txertatzea ahalbidetzen zuena. Beraz, bertan zeuden segurtasun adituekin batera kodea zurrunago egiteko bideak bilatu genituen lehenengo, sistema osoa sortzeko arkitektura hobe baten bila. Bigarren galderari, ea arriskuak al dituen, erantzun ziur bakarra dugu: inoiz ezingo gara ehuneko ehunean ziur egon, baina egindako aldaketek itxura ona zutela ikusi genuen bertan.

Arazo hori gaindituta, lanean hasteko unea zen: softwarea garatu eta bisualizazioak egiteko asteburu oso bat genuen aurretik.

cc-by-sa: Andre Koopal

Hiruwiki

Ametsari errealitate bilakatzeko bide horretan, lehenengo gauza orrialde nagusi bat sortzea izan zen, proiektua garatu ahala bertan egindakoa dokumentatu ahal izateko. Teknikoki Phabricatorren egin zen, baina Wikipedian beste bide bat behar genuen, eta horretarako izen bat. Hirukiekin (barka, triangeluekin) egin iren lehen probak, eta hortik izena: Hiruwiki.

Tranpa pixka bat bazegoen, hala ere: hackatoira etxeko lanak eginda eramatea, eta aurreko astean kodean aurrerapen handia egitea. Horrela, behin orrialde nagusia eta arkitektura sortuta, posible zen azkarrago moduluak sortzen hastea: triangeluen bisualizazioak, lauki edo pentagonoen barne angeluen batura, probabilitatea puxtarriekin, sinu eta kosinuaren bisualizazioa, angeluen jolas txiki bat, Txikipedian koordenatuak azaltzeko modulu bat… muga nagusia zer erakutsi nahi den pentsatzea da. Aurkezpena baino ordu bat lehenago, azken modulua: martxoaren 14an pi eguna zela probestua (3/14), Monte Carlo metodoa erabilita Pi-ra hurbiltzeko bisualizazio bat.

Badira oraindik doitu beharrekoak, adibidez ziurtatzea mugikorretan ondo ikusi eta ukitu daitezkeela, nazioartekotzea errazteko bideak (oraindik euskaraz baino ez dagoen softwarea da), eta modulu gehiago sortzea. Azken horretarako, hala ere, matematikan didaktikan adituak direnen laguntza beharko dugu. Bitartean, hemen orain arte egindako modulu guztiak: https://eu.wikipedia.org/wiki/Wikipedia:Hiruwiki.