Euskal WikiEmakumeon I.Topaketa egin da Beasainen
Euskal WikiEmakumeok I.Topaketa Beasaingo Igartzako jauregian egin zen 2026ko martxoaren 7an. Topaketa Euskal Herriko 25 txokoetatik hurbildutako emakumeen topagune izan zen. Beasainen Aittu! Euskara Elkarteak sortu berri duen Beasainpedia proiektuaren testuinguruan sortu da WikiEmakumeok taldea eta bere lehen pausoak ematen dabil. Hasiera honetan Euskal WikiEmakumeok sarean elkar ezagutzeko eta elkarlana indartzeko topaketarik inoiz egon ez dela ikusita, lehena antolatzea erabakitzen da Durangoaldeko, Oarso-Bidasoako eta Ondarroako WikiEmakumeokekin elkarlanean.
Topaketa goizeko hamarretan hasi zen Leire Artola Ugalde Beasaingo alkatearen hitzekin. Ainhoa Arrese Arratibel berdintasun zinegotziarekin bertaratu zen Igartzako jauregira. WikiEmakumeok proiektuaren garrantzia azpimarratu zuen, Igartzako jauregian bertan bizi izan diren emakumeen historia eredutzat hartuz, ezkutuan geratu diren garai ezberdinetako emakumeen historia berreskuratzearen zailtasuna eta beharra aipatu zituen.
Euskal WikiEmakumeok taldeetatik Durangaldekoak, Oarso-Bidasoakoak, Ondarroakoak eta Beasaingoak izan zuten ordezkaritza topaketan eta beste hainbat emakume ere hurbildu ziren proiektua ezagutzeko asmoz. Nafarroa, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko emakumeen artean Tere Irastortza Garmendia zaldibitar idazlea ere bertaratu zen proiektua gertutik ezagutzera.
WikiEmakumeok ibilbidea
Marisa Barrena Larruzea (@Wikimaribarre ) hasi zen WikiEmakumeok proiektuaren lan dinamika eta lortutako helburuak azaltzen. Wikipedian, beste hainbat esparrutan bezala, genero arrakalari aurre egin behar zaio aro digitalean. 2017an Euskarazko Wikipedian %13koa zen emakumeen presentzia, 2026an, ordea, %35etik gorakoa izatea lortu da. 2026ko martxoaren 8an 13.000 emakumeen biografia berri gehitu ziren WikiEmakumeok taldeei esker. Euskal Wikiemakumeok sarean koordinatuta dihardute: Oarso-Bidasoa, Ondarroa, Lekeitio, Arratia, Sestao, Beasain eta Durangaldeak.
Durangaldeko WikiEmakumeok ibilbidea
Jarraian Durangaldeko gainerako wikilariek haien ibilbidea eta ilusioak partekatu zituzten. Ostiralero biltzen dira Durangoko Andragunean. Maripa Garaizabal Aizpurua, Isabel Iraurgi Bilbao (@Isabeliraurgi) eta Josi Sierra Orrantia (@Josi) bertaratu ziren topaketara. Durangaldeko wikilariak 11.750 biografia izatea iritsi dira, tartean 1200etik gora sortuak. Durangaldea osatzen duten 14 herrietako genero arrakala murrizten ari dira, emakumeen presentzia %48 da. Zornotza, Bilbo, Eskoriatza, Iruñea eta Beasainen WikiEmakumeok proiektua aurkezteaz gain, haien laguntza eskaini dute proiektua Euskal Herrian zehar beste eskualde eta herrietan loratu dadin. Durango eta Bilbo Best Bizkaiko emakume sortzaileen topaketan parte hartu dute eta Durangoko institutuan hainbat ilustratzaileren laguntzaz irudirik gabeko emakumeen biografiak osatzeko proiektua dute abian. Arratia, Sestao eta Lekeitioko WikiEmakumeei laguntza eskaintzen jarraituko dute, tailerrak antolatzen eta aurkezpenak egiten. 2026an momentuz Iruñea, Durango eta Hondarribian hitzartuta dituzte aurkezpen eta tailerrak.

Oarso-Bidasoaldeko WikiEmakumeok ibilbidea
Oarso-Bidasoaldeko WikiEmakumeoketik Izaskun Madariaga Iragorrik (@Wikimadari) hartu zuen hitza ondoren. Bere taldekideak diren Agustina Pontesa Garmendia, Jaione Ugaldebere Sarasua eta Ana Erasun Ariztegirekin batera eskualdeko WikiEmakumeok taldearen ibilbidea azaldu zuten. 2021ean sortu zen taldea. Oiartzunen hilean behin biltzen den taldea bost kidek osatzen dute. Udaletik berdintasun teknikariaren laguntza jaso zuten. Durangoko WikiEmakumeok taldean jaso zuten formakuntza eta ondoko herrietara zabalkundea egiten ari dira. Eskualdeko elkarteekin harremanak bideratu dituzte, hala nola Errenteriako Emakumeen etxea, Hondarribiko Emeki eta Urruñako Iparraldeko etxea. Sortutako biografiak 138 dira eta egindako itzulpenak 472. Honekin Emakumeen presentzia %20,8 izatetik %57,80 izatera iritsi dira Oiartzunen, gizonezkoen presentziaren (%42,20) gainetik jarrita. Oiartzungo Wikiemakumeak 2024an Feministen Asanbladako aitortza publikoa jaso zuten, baita Ttur-Ttur elkartetik ere, 2024ko Korrikako lekukoa eramateko ohorea eurei eskainita. Aipatzekoa da “Andriak plazara” irratsaioa aireratu dutela Oiartzungo irratian, non emakumeen biografiak zabaldu dituzten hilero, 2025an urte osoan zehar. Martxoaren 13an Bortzirietako Arantzan dute hurrengo hitzordua, Oarso-Bidasoaldeko proiektua aurkezteko.
Ondarroako WikiEmakumeok ibilbidea
Yolanda Ibarloza Arrizabalaga (@Saroiy) eta Estibalitz Artetxe Jaio (@Eajaio) wikilariek azaldu zuten talde honen ibilbidea eta Maite Zarate Alvarez (@Maizara) koordinazio lanetan ibili zen. Ondarroako WikiEmakumeok 2024an sortu zen Durangoko Wikiemakumeok taldearen laguntzaz. Ondarroako Emakumeen Udal Berdintasun Kontseiluan aurkeztu zuten proiektua eta Etxelilan lekua eskaini zitzaion. Bost kidek osatzen dute taldea, astero elkartzen dira Etxelilan eta etxetik ere jarduten dute. Urte eta erdian 30 artikulu sortu dituzte, 266 artikulu itzuli eta 62 artikulu eguneratu. Ondarroako biografien genero arrakala gainditzea lortu dute. 2026ko martxoan, emakumezkoen biografiak %53,8 izan dira eta gizonezkoenak %46,2. Etxelilak lantzen duen Jabekuntza Eskolaren programazioan, 2025-2026 ikasturtean, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, hala nola: Remigia Exarren Aranguren funanbulistari buruzko antzerkia, Victoria Zarate Zurita II. Errepublikako maistraren bizitzari buruzko hitzaldia, Amorebieta-Etxanoko emakumeen kartzelaz diharduen Ikusezinak dokumentala, herriko emakumeen historia berreskuratu eta ikusarazteko Wikipedian sortutako artikuluaren harira, Emakumeak 36ko gerran Ondarroan izeneko mahai ingurua eta Ondarroako Euskal WikiEmakumeok taldearen lana aurkezteko hitzaldia. Ondarroako emakumeen udal berdintasun kontseiluko kide dira eta euren lana ezagutzera ematen dute Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzan. Helburutzat hartuak dituzten eginkizunetan jarraitzen dute lanean, hau da, Ondarroako emakumeen eta pertsona ez binarioen historia, ekarpenak, ezagutzak eta antolakundeak bistaratzen, munduko emakumeen eta pertsona ez binarioen biografiak euskarara ekartzen eta horiek gizarteratzeko jarduerak antolatzen.
Beasaingo WikiEmakumeok ibilbidea
2025eko azaroan eman ziren lehen pausoak taldea sortzeko Aittu! Euskara Elkarteko Beasainpedia proiektuaren barruan. Udalaren berdintasun sailetik Jabetze eskolan Wikiemakumeok proiektuari zabalkundea eman zaio eta Euskal Wikiemakumeok I.Topaketa antolatzeko babesa jaso da. Astean bitan Aranealde etxean espazio bat egokitu du Udalak WikiEmakumeok topagune parte hartu nahi dutenek formakuntza eta laguntza jaso dezaten. Helburua, elkar lanean arituko den taldea sortu eta sendotzea da. Udal Euskaltegiko irakaslegoak ere formakuntza jasotzeko gogoa adierazi du eta beste artikulu batzuen artean ikasleekin emakumeen biografiak sortzeko erronka abian jartzeko asmoa adierazi du.
Momentuz 11 artikulu sortu dira Igartzako jauregiko langile, Andramendi ikastolako DBHko ikasle eta Beasainpediaren parte hartzearekin. Orain arte Wikiemakumeok Beasainen artikulu gutxi dituen arren, proiektu ezberdinak jartzen ari dira martxan, bereziki hezkuntzan. Hasiak dira ikastetxeetan lanean. Emakumeen lau biografia sortu dira M8 erronkaren barruan Wikipedian zein Txikipedian, kale izendegiaren erronkarekin hasteko asmoa ere badago kale izendegian emakumearen absentziari arreta berezia jarriz.

Hezkuntza
Beasaingo Edurne Santamaria Etxeberria (@EdurneSE) Andramendi Beasaingo ikastolako gizarteko irakaslea, Onintze Garrido Marcos (@Ogarrido12) gizarte antropologoa eta Izaskun Salazar Apaolaza (@Izasala) Beasainpediako koordinatzaileak elkarlanean hezkuntzan Wikipedia eta Txikipedia proiektuak bideratzeko lanean dabiltza gizarte antropologia ikuspegitik. Hasteko M8 erronkaren barruan, DBH 2.mailako seikote batek bost emakumeren biografiak sortu ditu Wikipedian eta Txikipedian Beasainpedia proiektuaren barruan.
Irungo Carmen Fernandez de Juanak Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailean lan egiten du eta ikastetxeetan egiten ari diren proiektuek bere interesa piztu zuten.
Tafallako Leire Lison Nicuesak Humanitate digitaletan graduatua eta Filosofiako masterra du. BadaLab, Hizkuntza Berrikuntza Partzuergoan lan egiten du eta Talaios kooperatibarekin batera Euskarazko Wikipediarekin elkar lanean Erronka digitala ikas egoera sortzeaz arduratu da. Wikikasi proiektuan Emakumeak Wikipediara ekartzen ikas egoera sortua dago hezkuntzako DBHko ikasleekin erabiltzeko. WikiEmakumeok proiektuarekin lotura asko ikusten dizkio bere lanari.
Beasaingo La Salle ikastetxetik Informatikan lizentziatutako irakaslea eta zuzendari ohia Sonia Redondo Maesok ikastetxean emakumearen berdintasunaren lanketa sakona egiten dutela adierazi zuen. Arreta berezia jartzen diete emakume zientzialariei Elhuyarrekin elkarlanean. Lan hori Wikipedia eta WikiEmakumeok proiektuekin bateratzea interesgarria zela adierazi zuen, bestalde, La Sallen kale-izendegiaren proiektua aurreikusia dago, proiektu horretan esparru horretako emakumeen absentzia landuko da.
Itxaro Perez Urzelai (@Wikiurzepei) biokimikaria eta EHUko Medikuntza eta Erizaintza fakultateko irakasleak ORCID zer den adierazi zigun. Zientzilariek haien lanak erregistratzeko erabiltzen dute. Zientzialarien biografietan, identifikatzaile hau sortua duten kasuetan, Wikidata taulan jarri daiteke. ORCID iD (Open Researcher and Contributor ID ingelesez) jabetzarik gabeko kode alfanumeriko bat da, argitalpen zientifikoen egileak identifikatzeko erabiltzen dena. Egile baten ekoizpen osoa biltzeko agiria da.
Beasaingo Udal Euskaltegiko irakaslea eta Aittu! Euskara Elkarteko kidea den Marian Toledo Kortabarriak hezkuntzan Wikipedia eta WikiEmakumeok lantzearen garrantzia azpimarratu zuen. Euskaltegiko irakaslegoak ikasleekin biografiak landu eta sortzeko helburu du.
Gasteiztik Euskaraz Wikipedian editatzeko taldea topatu duen Mari Karmen Garrido Regidor etorri zen. Euskara hutsean lan egiten duen WikiEmakumeok taldea Gasteizen faltan botatzen duela adierazi zuen.
Karmele Arraiza eta Ainhoa Alfajeme Maeso Beasaindarrak, editatzen hasi gabe dauden arren, proiektuarekiko atxikimendua dute eta beharrezko erreferentzia edo informazio bilaketaren bidez laguntzen dute. Alazne Martinez Rodriguez eta Aharoa Zuloaga Mintegi (@Igartza Monumentu Multzoa) Igartzako langileak ere lanean zebiltzan arren, WikiEmakumeok kideak dira eta Igartzako emakumeen biografiak sortu dituzte.
Hitza parte hartzaile guztiek izan zuten eta amaieran Patxi Saez Belokik Aittu! Euskara elkarteko lehendakariak, Beasaingo WikiEmakumeok Beasaingo Udalaren babesarekin Beasainpedia proiektutik sortu dela esan zuen. Euskarazko digitalizazioan eragiteko proiektuak 2025eko apirilaren amaieratik Aittu Euskara Elkarteak langile bat du lanaldi osoan proiektuaren koordinazioa burutzeko.
Androzentrismoa aro digitalean (Gizakari)
Onintze Garrido Marcos eta bera ahizpa Garazik Gizakari proiektua sortu zuten 2025eko martxoan antropologia gizarteratzeko eta sare bat eraikitzeko asmoz. Antropologiaren ezagutza zabaltzea eta hezkuntzan begirada antropologikoa txertatzea dute helburu. Gizakari: “giza” (gizakia) + “kari” (arrazoia). Androzentrismoaren gaia aro digitalera ekarri zuen Onintzek topaketara.
Antropologia feministan, feminismoaren ikuspegia antropologian aplikatzean emakumeen eta gizonen arteko botere-harremanak aztertzen dira. Androzentrismoa gizona gizartearen eta kulturen zentro edo erreferentziatzat hartzen den ikuskera eta pentsaera da, gizakiaren eta pertsonaren eredutzat gizona hartuz eta emakumea eta horren ekarpenak ikusezin bilakatuz.
Galdera nagusia honakoa da: Desagertu al da androzentrismoa aro digitalean, ala forma berriak hartu ditu teknologia digitalen bidez? Teknologia ez da neutroa. Donna Haraway-ren arabera, ezagutza kokatua da (situated knowledge). Algoritmoak eta adimen artifiziala testuinguru sozial eta kulturaletik sortzen dira.
Algoritmoen adibide bat
Amazon-ek 2018an baztertu zuen kontratazio algoritmo bat. Arrazoia: gizonezko hautagaiak lehenesten zituen, iraganeko datu maskulinizatuekin entrenatua baitzegoen.
Ikerketak eta kritikak
Safiya Umoja Noble-k, Algorithms of Oppression lanean, azaltzen du bilatzaileek estereotipo sexistak indartu ditzaketela. Caroline Criado Perez-ek, Invisible Women lanean, datu-arrakala eta haren ondorio sozialak aztertzen ditu.
Ondorioa
Aro digitalean androzentrismoa ez da desagertu; askotan algoritmoetan, datuetan eta teknologia-diseinuan agertzen da.
Horregatik beharrezkoa da:
- Datuen aniztasuna bermatzea.
- Algoritmoen gardentasuna eta ikuskaritza etikoa.
- Genero-ikuspegia integratzea diseinu teknologikoan.
- Hezkuntza kritikoa sustatzea, teknologia ez dadin botere-egitura zaharren tresna bihurtu.
Emakumeen presentzia Igartzan bisita gidatua
Bazkal aurretik topaketa amaitzeko, Emakumeen presentzia Igartzan bisita gidatua izan genuen Aharoa Zuloaga Mintegiren (@Igartza Monumentu Multzoa) esku. Maria Lopitz Igartzako, Isabel Lobiano, Igartzako Maria eta Martina Irizar Wikipedian jasotako Igartzako emakumeen historia kontatu zigun Igartzako txokoak erakutsi eta bertako historia pasarteak kontatzen zizkigun bitartean. Igartzako gune monumentalean dagoen errota bisitatu ondoren, Belengo ermitan amaitu zen topaketa.
