Otsailaren 25ean “Digitalizazio librea euskal hezkuntza askatzeko” jardunaldia egin genuen Errenteriako Torrekuan, Talaios Kooperatiba eta Badalabekin elkarlanean. Hezkuntza eragileak eta irakasleak bildu ginen.

Goiza Wikikasi proiektuaren “Erronka Digitalak” ikas-egoeraren aurkezpenarekin abiatu genuen, Badalab eta Talaiosen eskutik. Bertaratu zirenei azaldu zitzaien zer den ikas-egoera hau, zein diren bere helburu pedagogikoak eta zergatik sortu den. Proposamenak ingurune digitala bere osotasunean ulertzea eta ikuspegi kritikotik lantzea du xede, eta gaur egungo paradigma digitalak dituen eraginen aurrean hausnarketa sustatzea. Ikas-egoeraren egitura ere xehetasunez aurkeztu zen: nola dagoen antolatuta, zein atal dituen, zer baliabide eta material eskaintzen dituen eta nola aplikatu daitekeen ikasgelan. Halaber, erabilera praktikorako gidalerroak eta irakasleentzako laguntza-materialak partekatu ziren.

Goiza borobiltzeko, Nora Salbotxen hitzaldia izan genuen: “Wikikas-egoerak: elkarrentzako egiten jakin”. Galdera nagusi bati erantzun zion: zergatik ikas-egoerak bai? Marko teoriko sendo eta interesgarria plazaratu zuen, trebetasunak, jakintza eta ezagutzak ekintza bihurtzen dituen hezkuntza-eredu baten alde eginez. Wikipediatik abiatutako ikas-egoerek edukiak sentitzera, pentsatzera eta egitera gonbidatzen gaituztela azpimarratu zuen.

Jardunaldia galdera-erantzunen tartearekin eta solasaldi aberasgarriarekin amaitu zen. Parte-hartzaileen ekarpenek eta interesak agerian utzi zuten digitalizazio librea eta ikuspegi kritikoa hezkuntzan lantzeko beharra eta gogoa badirela.

Eskerrik asko etorri zineten guztioi. Lanean jarraituko dugu, hezkuntza askatzeko bidean, Wikimedia eta ezagutza librea bidelagun.

Laburpen bideoa: https://youtu.be/PKkCjcniLc0