Azken urteotan egindako lanaren emaitza bateratu eta ikusgarri egin dugu: “Wikipediatik ikasgelara” hezkuntza baliabide irekien katalogoa prest dago, eta zabaltzen hasi gara.

Katalogo honek ez du soilik sortutako proiektuen zerrenda eskaintzen; gure hezkuntza-ikuspegia sistematizatzen du. Ikusgela, WikIkasi, Txikipedia, Ikasi Otsorekin eta bestelako egitasmoen bidez, landutako baliabideak egituratuta aurkezten dira, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eta Batxilergorako egokituak eta curriculumarekin koherentziaz lerrokatuak. Dokumentua, hortaz, tresna praktikoa izateaz gain, azken urteotako lan pedagogikoaren isla ere bada.

Gure jardunaren oinarrian ideia bat dago: ezagutza ez da kontsumitzeko objektu hutsa, eraikitzeko prozesua baizik. Hezkuntzak ikaslea subjektu aktibo bihurtu behar du, informazioa bildu, kontrastatu, egituratu eta berridazteko gai izango dena. Horregatik, gure proposamenek Wikimedia proiektuetan dute euskarri nagusia. Ikasgelan sortutako lana espazio publiko eta kolaboratibo batean kokatzen da, eta horrek ikaskuntzari zentzu sozial eta partekatua ematen dio.

Katalogoan jasotako baliabideek askotariko formatuak biltzen dituzte: bideo pedagogikoak, ikas-egoerak, komikiak, artikuluak eta bestelako euskarriak. Proiektu bakoitza elkarlanean garatu da, hezkuntza-eragile, aditu eta sortzaileekin batera, edukiaren zehaztasuna eta egokitasun didaktikoa bermatzeko. Dokumentua, beraz, baliabideen aurkezpena ez ezik, atzean dagoen lan kolektiboaren adierazpena ere bada.

Zabalkunde fase berri bati ekin diogu oraingoan. Katalogoa ikastetxe eta institutuetan aurkezten hasiko gara, bilera eta topaketa zuzenen bidez. Helburua ez da dokumentua hedatzea soilik: elkarrizketa sustatu nahi dugu. Nola erabili baliabide hauek? Nola egokitu ikasgelako errealitatera?

Elkarteko kideek eta hezkuntza-komunitateak zeregin erabakigarria dute prozesu honetan. Ezagutza librearen aldeko apustua kolektiboa da, eta hezkuntza-eremuan sakontzea funtsezkoa zaigu. Katalogo hau ez da helmuga bat, baizik eta beste urrats bat ibilbide partekatu batean.

Katalogoaren zabalkundearekin batera, Wiki Irakasleak izeneko Instagram kontua ere jarri dugu martxan. Irakasleei zuzendutako espazio digitala da, non proiektu hauen eguneraketak, ikasgelan erabiltzeko jarduera-proposamenak eta baliabide praktikoak partekatuko ditugun. Katalogoan jasotakoa osatzeko eta eguneroko jardunean lagungarri izango den komunitate-sare bat eraikitzea da asmoa.

Katalogoa deskargatu nahi baduzu, Commonsen dago eskuragarri: https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Wikipediatik_ikasgelara.pdf

“Wiki irakasleak” instagram kontua: https://www.instagram.com/wikirakasleak?igsh=MWR6Mjl4a3R1aHJkMg%3D%3D&utm_source=qr